EGUNA: 2024/02/03
ABIAPUNTUA: Piau Engaly (1853m)
ZAILTASUNA: S4
DENBORAK:
- Igoera: Hiru ordu et erdi
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joatea Saint-Lary-Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata, aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segituko dugu. Bidean goazela, eskuinetara Piau Engaly eski estaziora igotzen den bidea hartu beharko dugu. Estazioaren goiko partean dauden aparkalekuetako batean utziko dugu autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jakara doan autobidea hartzea. Jakatik Huescara jarraitzen duen errepidea segituko dugu, baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (6 km) eta Piau Engalyko bidea hartuko dugu.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Elur eskasia handia da. Eskitzen dudanetik ez dut buruan aurtengoa bezain denboraldi tristerik elurrari dagokionez, eta etorkizunean ez du aferak hobera eginen. Eski ateraldiak egiteko buruari buelta batzuk emn behar zaizkio. Iparretan elurra beheitigo hasten da, baina otsaila hasmenta izanik ez dute eguzkirik ikusten eta elurra eskiatzeko gogor dago. Hegoetan, aldiz, elurra urtzen ari da. Gravaris korridoreak eskiatzeko gelditzen diren hego-aurpegiettik aukera onenetarikoa eskaintzen du. Piau Engaly estaziotik altuera hartuta abiatzeko aukera dago eta korridoreak 1000 metroko jaitsiera zuzena du, momentu honetan Pirinioetan dagoen onena segur aski.
8:21 : Piau Engaly (1853m)
Furgonetan ernatu eta leihotik begiratu genuelarik, panorama hau ikusi ahl izan genuen. Azpiko partean elurra justu zegoen, baina Gravaris korridorea eta azpiko maldak elur dezenterekin ikusten ziren. Prestatu eta eski pista batetik metro batzuk galduta, abiatu ginen.
Badet izeneko pista segidan utzi genuen udako bidetik izen bereko erreka zeharkatu eta Moune etxolatik goiti altuera irabazten hasteko. Azpiko zati hau elurrez justu samar zegoen eta behin baino gehiagotan belar zatiak zeharkatu behar izan genituen. Hala ere, beheitirakoan ez ginen leku beretik pasatuko, goitiago dagoen zubi batetik baizik.
Lehen zatia gaindituta Campbieil mendiaren harresi erraldoiaren azpiko maldak elurrez oparoago harrapatu genituen.
Malda eztiak iganez mendebalderantz egin genuen poliki-poliki.
Jaitsierako Gravaris korridorea eta bere azpiko maldak gure eskuinetara utziko genituen. Posible da bertatik zuzenean igatea, baina gure asmoa zirkularra egitea zen Lenquo de Capoko lepotik pasatuta.
Harkaitz erraldoien arteko zati bat gainditu eta goi-bailaratxo batean barneratu ginen. Hau gora segituko genuen Lenquo de Capoko lepo aldera.
Gure gibelean Gela inguruak... Elur baldintzak hobeak direlarik mendi horretara ere igaten ahal da Piautik.
Puntu honetatik Lenquo de Capo eta bere iparraldeko lepoa begien bistan genituen. Berez Piautik egiten den ateraldi ezaguna da Lenquorakoa, erraza eta elurra izaten duena.
Malda etzanak dira zatirik gehienean, zailtasun gutikoak.
Guk, ordea, bertze plan bat genuen. Lenquoko lepoa utzi eta eskuinetara altuera hartzen hasi ginen malda tenteagoetatik argazkian ikusten den kanal elurtura zuzenduz.
Kanalaren barneraino eskiak zangoetan genituela ailegatu ahal izan ginen. Bertan maldak 40 graduraino tentetzen dira, baina hego-ekialdeko orientazioa izanik eguzkiak fite gozatzen du bertako elurra.
Azken zatian eskiak bizkarrera eraman eta Lentilla ertz zabaletik segitu genuen.
11:38 : Arete de Lentilla (2882m)Harkaitz eta elur zatiak oinez gainditu eta aparteko zailtasunik gabe harrapatu genuen Lentilla ertzaren 2882 metrora dagoen puntatxoa. Bertatik sartuko ginen Gravaris korridorera, beraz igan beharrekoak iganak genituen. Hurbil zegoen Campbieil eta bere hego-mendebaldeko korridore ikusgarria, baina bertze baterako gelditu zen.
Urrunxego Badet eta Pic Long ezagun zaharrak...
Gavarnieko 3000koak...
...eta Vignemalekoak...
Jaitsierarako prestatu eta Gravaris korridorean beheiti sartu ginen. Puntualki 40 gradu inguruko malda duen korridore honek Badeteko errekaraino 1000 metroko jaitsiera zuzena eskainiko zigun. Bere orientazioagatik eguzki egunetan aise transformatzen da elurra eta nahikoa zabalera du birak modu erosoan egiteko.
Korridorea eskiatu eta azpiko malda zabalagoetara pasatu ginen. Hauek baldintza arras onetan zeuden, elur goxo-goxoarekin.
Gozatzen...
13:21 : Piau Engaly (1853m)Eskiak zangoetan ailegatu ginen aparkaleku ondoraino (azken metroak malda goiti dira eta oinez egin behar izan genituen). Kontent akitu genuen beraz ateraldia, dauden baldintzak ikusita urrea aurkitu izanaren sentsazioarekin.