EGUNA: 2022/12/31
ABIAPUNTUA: Petramula (1920m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Petramula - Punta Ruego : 2 ordu
- Punta Ruego - Liena : 45 minutu
- Liena - Petramula : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Aurten bezala elurra eskasten hasten delarik goiti joan behar izaten da haren bila eta Lienako mendizerrak ederki altxatzen du ber magal eztietan. Petramulako aparkalekutik abiatuta pistari segituz malda zabal hauetara fite ailegatzen da eta udan belardi leunak direnak, eskialeku paregabea bilakatzen dira. Duela hiru urte deskubritu nuen paraje hau eskiz eta oraingo elur baldintzek bertara bulkatu gintuzten Benasquetik bueltan.
10:14 : Petramula (1920m)
Gaua Borda Brunedeko aparkalekuan pasatu genuen eta goizean igan genuen Petramularako zati traketsa. Kasik udako aparkalekua deneraino ailegatu ahal izan ginen. Materiala prestatu eta autotik berttatik eski gainean abiatu ahal izan ginen.
Lehen igoera Barrosako bailararen gainean altxatzen den Ruego gailurrean akitu genuen.
Berriz ere larruak paratu eta bigarren igoerari ekin genion. Kasu honetan Ruegoren eskuinetara gelditzen den Liena mendia genuen jomugan, sektoreari izena ematen diona.
13:16 : Liena (2604m)
Lehen jaitsiera Punta Ruegotik hegoalderantz zuzen egin genuen, udaberriko elur goxoa bilatuz. Irudian ikusten den Ruegoko etxola ingururaino ailegatu ginen.
Bigarren tontorrera ailegatu orduko haizea bizitzen hasia zen. Luzatu gabe transizioa burutu eta Lienaren hego-mendebaldeko orientaziodun maldatik 100 bat metyro galdu genituen. Segidan mendebalderantz zeharkaldi bat egin eta berriz Ruego mendiaren azpian kokatzeko.
Aitzineko aldian bigarren jaitsiera autoraino egin genuen, baina hobe da oraingoan egin genuen bezala egitea. Ruegoren azpira eskiatu, berriz fokak paratu (hirugarrenez) eta gailurrera itzuli. Bertatik aparkalekura eski malda zuzenagoak daude.
13:50 : Punta Ruego (2589m)
Bigarren aldiz itzuli ginen Ruegoren gainera eta bertatik egin genuen azken jaitsiera. Aitzinekoak bezala udaberriko elur ona harrapatuko genuen nahiko mantso izanda ere.
14:34 : Petramula (1920m)
Autoraino eskiatuz aldez aldeko irribarrearekin akitu genuen urtea! Elur gordeleku ederra da Lienakoa!