2022/12/29

Sacroux (2676m)

EGUNA: 2022/12/30

ABIAPUNTUA: Llanos del Hospital (1785m)

ZAILTASUNA: S3 (S4 gailurretik eskiatuz gero)

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu behar da Jaca aldera. Jacatik Sabiñanigora jo behar da eta herri hau gibelean utzita Ainsara doan errepidea hartuko dugu. Ainsatik Campora eta hemendik Benasquera. Benasquetik goiti Llanos del Hospitalera igo behar da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Nahi izatea ahal izatea dela dioen erranairua bada, eta batzuetan behintzat hala izaten da. Abendu hondarra izateko elur falta handia dago, baina hara eta hona bila ibilita eski saio pare bat egin ahal izan dugu. Lehena Luchon eta Benasque bereizten dituen mendilerroan izan da, Sacroux mendian hain zuzen ere. Gorguteseko zirku hetsiak elurteak ongi hartu eta gordetzen ditu, eta Llanos del Hospitaletik goiti eskiatzeko malda politak ditu.

10:29 : Llanos del Hospital (1785m)
Hospital de Benasque aldera sartu gabe, errepidea akitzen den lekuraino segitu eta bertatik abiatu ginen goiti. Glerako leporako bidea erakusten duten markei eta seinaleei segituko genien bidexka deserosotik.


Metroak irabazi ahala Llanos del Hospitaleko eski pistetarako ikuspegi polita genuen.


Erran bezala, bidea nahiko zakarra da, harritsua.


2050 metro inguruan paratu ahal izan genituen eskiak, Gorguteseko errekara ailegatuta. Gure gibelean Aneto-Maladeta mendizerra ikusgarri ageri zen. Elur gutiegirekin hori bai.


Iragarpenek eguraldia hobetzen joanen zela errana zuten, baina tarteren batean euri tanta batzuk ere izan genituen. Hala ere, eskiatzeko gogoa eta goiti egiteko borondatea handiak ziren eta aitzinera egin genuen.


Montañeta mendiaren azpiko aldera igan ginen lehen maldak gaindituta eta bertan ezkerretara biratu ginen zati lauagoan barrena. Aitzinean Mall Pintrat eta Estauas mendiak genituen. Horiek baino eskuinerago dago gure helburua zen Sacroux mendia.


Inguru horretan elur aunitz harrapatu genuen, uste baino gehiago.


Haizetik babestutako hodi zabal batetik igan ginen.


Gorguteseko laku aldera pasatzeko bizkar batera aterako ginen...


...eta laku hormatua gure ezkerretara utzi zeharkaldi bat egin genuen Glerako lepo aldera. Metro batzuk galdu behar dira zati honetan.


Glerako lepoa gure eskuinetara utzi eta malda ezti eta politetatik goiti segitu genuen.


Sacroux mendia begien bistan genuen jadanik. Eskuinetara ageri den puntatxoa da. Bertara ailegatzeko argazkiaren erdian ikusten den kanaletik igan behar da, gero eskuinetara biratu eta ertz erraza zeharkatzeko.


Bezperan elur pixka bat bota zuen eta horrek fokeatzeko baldintza onak utzi zizkigun. Kanalaren hasmentara erraz ailegatu ginen.


Handik goiti, malda gehiago tentetzen da eta eskiak motxilan paratu genituen azken metroak igateko. 40 gradu inguruko malda du azken zati honek tarteren batean.


Gailurreko ertzera aterata, eskiak utzi eta azken metro errazak igan genituen.


Ertzaren bertze aldean Bagneres-de-Luchon herria ikusten da, eta inguruko mendiak elurrik gabe.


13:07 : Sacroux (2676m)
Beheititik goitiraino mendia guretako bakarrik izan genuen, eta gailurrean ere ez zebilen inor. Tarte luzea eman genuen inguruaz gozatzen. Boum, Maupas, Lezat eta Grand Quayrat mendiak mendebaldean...


Hegoaldera berriz Maladetako mendizerra ikusgarria. Argazkiaren azpian jaitsiko genituen maldak ere ageri dira, ongi elurtuak...


Mina, Salvaguardia eta urrunean Forcanada, mendi ikusgarriak hirurak. Kaskoan ginela, hezetasunarekin behelainoa igaten hasi zen mantso-mantso.


Eskietara itzuli eta jaitsierari ekin genion. Uste baino elur hobea harrapatu genuen, batik bat mendiaren goitiko aldean. Beheitiago, berriz, lainopean ibili behar izan ginen.


16:00 : Llanos del Hospital (1785m)
Eskiak paratu genituen leku bertsuan kendu behar izan genituen eta ttipi-ttapa egin genituen azken metroak. Kontent, eskiatu paraje ederrak deskubritu eta eskiatu izanagatik.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina