2017/06/18

Casterau (2227m)

EGUNA: 2017/06/18

IRTEERA: Lac de Bious-Artigues (1422m)

ZAILTASUNA:
Erraza (F). Ez dauka inolako zailtasunik. Zerbait aipatzeagatik, Casterau mendira igotzen den azken malda belar bustiarekin edo izotzarekin arriskutsua izan daitekeela, arras tentea da eta.

DENBORAK:
  • Ayouseko lakuen itzulia (gailurrik gabe): 5 ordu
  • Ayouseko lakuen itzulia (gailurrarekin): 6 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta hemendik jarraitu Gabas herriraino. Herri honen irteeran, eskuinetara, bidegurutze bat hartuko dugu Bious Artigueseko urtegira igotzen dena. Hemen utzi behar da autoa. 

KRONIKA:
Bezperan Sabiñanigon Quebrantahuesos txirrindula proba ezagunean parte hartu ondotik, asteburua hobeki aprobetxatzeko inguruan gelditu eta igandean mendia egitea erabaki nuen. Inoiz ez nintzen Pirinioetako mendi batean bakarrik egona eta hortaz, leku ezagun bat hautatu nuen: Ayouseko lakuen itzulia. 2011an egina nuen itzuli hau eta orduko hartan Moines edo Monjes mendia gehitu genion itzuliari. Honakoan, itzuliko ibilbidetik hurbil gelditzen den Casterau ikusgarria igotzea nuen xede. Ibilaldiak bi baldintzak betetzen zituen, jendea ibiltzea inguruan eta bezperako proba gogorraren ondotik gogorregia ez izatea.

7:48 : Lac de Bious-Artigues (1422m)
Larunbat arratsean egin nuen Sabiñanigotik Bious-Artigueserakoa. Berez ezin da bertako aparkalekuan lo egin, ez autoan, ezta kanpin-dendan ere. Nik ordea, zerbait erran arte han geldituko nintzela erabaki nuen. Gainera nitaz aparte bertze auto batzuk ere bazeuden lotarako prest. Hortaz, afari legea egin eta hamarrak pastuxean lo egitera, egun gogorreko esfortzuak ahalik eta hobekin errekuperatzeko.

Sei eta erdietarako erne nengoen, argitzen hasia baitzuen jadanik, beraz altxatu, gosaldu eta martxan jarri nintzen zortziak baino lehentxeago.


Aparkalekutik bertatik abiatzen den pìsta zabala segitu behar da hasieran lakua inguratuz.


Inguratu ondotik, malda tentetu eta segidan hasten da altuera irabazten.


8:23 : Pont de Bious (1538m)
Tenperatura goxoarekin eta erritmo lasaiean laster ailegatu nintzen bidegurutze nagusira. Ayouseko lakuen itzulia egiteko alde batetik joan eta bertzetik itzultzen da.  Nik igoerarako eskuineko bidea hautatu nuen eta uste dut hobea dela. Alde batetik, baso bat zeharkatzen da eta beraz igoeraren zati bat itzaletan egiten da. Bertzetik, igoera lakuen zonaldetik pasatzen denez, ez da hain tentea.


Bitan pentsatu gabe beraz goiti segitu nuen. Parean, igotzea helburu nuen Casterau mendi ikusgarria ikusten hasi nintzen jadanik.


Arestian erran bezala, zati bat baso batetik egiten da. Eskertu nuen hori, goiz izan arren ederki berotzen baitzuen.


Basotik ateratzen zelaitxo polit honetara iristi nintzen. Eskuinetara, Col Long d'Ayouseko etxolak uzten dira, horietako bat neguan behinik behin irekia egoten dena. Ez nintzen hurbildu ea udan ere hala dagoen begiratzera.


Ikuspegia bikaina da hemendik aitzin, Belardi zabalak nonahi irekitzen dira gure inguruan.


Eta hortxe hasten da lakuen besta.

Lehenengoa, Roumassot.


Ederra benetan.



Bigarrena, Miey.


Roumassot jadanik beheitiago.


9:26 : Lac de Gentau (1947m)
Hirugarrena, bazterrean aterpea duela. Laku honen bazterrean ere jende anitzek pasatua zuen gaua. Nik aterpean geldialdia egin nuen ura hartzeko eta bide batez, zerbait jateko.


Geldialdiaren ondotik aitzinera. Gibelean utzi nituen Ayouseko aterpea eta Gentau lakua.


Lakuen artean lakutxo polit batzuk ere badira.


Eta hona hemen laugarren lakua, Bersau.


Bersau zeharkatuta izenik gabeko lepotxo batera ailegatzen da bidea. Ayouseko lakuen itzuliaren punturik altuena da hau, 2085 metrotako altueran.


Nik ordea, lepotxotik parez pare ikusten den Casterau mendia igoko nuen. itxura ikusgarria du lepotik tontorreko azken zatiak. ez da zaila dena den, bidexkak trabarik handienak ongi saihesten baititu. Zatiren batean eskuen laguntza behar da baina bertze munduko ezer ez.


Igoeratik Bersau lakua eder ikusten da, gibelean Larryko mendiak ageri direlarik: Hourquette, Tres pundettes, Larry...


10:33 : Pic Casterau (2227m)
Poz ikaragarria hartu nuen gailur xume hau igotzean, bakarrik igotzen nuen lehena baitzen.


Xumea izanagatik ere, ikuspegi ederra zegoen gailurretik. Monjes mendia eta urrunago Aspe.


Hegoaldean Anayet, Vertice Collarada, Pala de Ip...


Baina inguru hauetako jaun eta jabea hau da...


Igoerako zatia ere arras ongi ikusten zen. Gentau eta Roumassot lakuak eta behean Biouseko lautada.


Gustura egon nintzen gailurrean denbora tarte batean, baina jaisteko ordua ailegatu zen. Jaitsiera, Casterau mendiaren izen bera duen lakutik eginen nuen.


11:28 : Lac Casterau (1943m)
Eguneko bortzgarren eta azken laku honetan bainu bat hartzeko geldialdia egin nuen. Uraren tenperatura bikaina zen ia 2000 metrotan egonagatik ere...


Bainu indarberritzailearen ondotik beheiti. Argazkian, Casterau lakua eta gibelean Monjes mendia.


Bidexka aldapatsutik ziztu bizian jaitsi nintzen Hosseko etxola dagoen ingurura. Honaino ailegatzen da Bious-Artiguesen abiatzen den pista. GR ibilbideak hala ere, pista saihesteko aukera ematen du Biouseko lautadaraino.


Bidexka zoragarria da errekaren ondotik, benetako paradisua...


Cap de Pounteko etxola eskuinetara utzi nuen. Negurako fitxatua dago aspalditik, ea noiz hurbiltzen naizen hona...


Eta di-da lautada zabalera ailegatu nintzen. udan betean aberez betea egoten den zelaia oraindik hutsik dago. Laster izanen dira hemen behi, ardi eta behorrak...


12:41 : Pont de Bious (1538m)
Puntu honetan ixten da Ayouseko lakuen ibilbide zirkularra. Hemendik beheiti, ordu batzuk lehenago igotako pista jaistea bertzerik ez zen gelditzen.


12:49 : Lac de Bious-Artigues (1422m)
Malenkoniatsu akitu nuen eski denboraldia duela hilabete inguru, denboraldi ona izan arren gehiago egin ez izanaren penatxoarekin. Udako lehen ibilaldi honek ordea, sasoi hau ere zenbat maite dudan gogorarazi dit eta ondoko hilabeteetarako planei ateak ireki dizkie. Ongi etorri uda!

BIDEOA
: