2018/08/22

Mendaur (1131m)

EGUNA: 2014/08/21-22

IRTEERA: Arantza (271m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORA: 
  • Arantza - Mendaur : 2 ordu eta erdi
  • Mendieder - Arantza : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Arantza Nafarroa iparraldean kokatua dagoen herritxoa da, zehazki, Bortziriak eskualdean. Bertara ailegatzeko Irun eta Iruñea elkartzen dituen N-121A errepidea hartu behar da eta bertatik bidegurutzeraino joan.

KRONIKA:
Eskualdeko mendi ezagun honetara egiten dudan bigarren aldia izan da, lehendabizikoan bezala Arantzan irakasle modura egindako barnetegiaren harira. Kasu honetan ordea, berez interesgarria den igoerari, bertze puntu bat eman diogu gailurrean kokatua dagoen Trinitate ermitan gau zoragarria pasatuta.

2018/08/21
16:22 : Arantza (271m)
Berez Arantzako barnetegian urtero egiten den mendi ateraldia goizean ateratzekoa zen, egun pasa egiteko helburuz. 16 laguneko taldetxo batek ordea, iaz egin zuten gisara, bezperako arratsaldean hartu genuen bertarainoko bidea.


Egonaldia pasatzen ari ginen Aratzako Aterpea utzi eta herriaren zati bat zeharkatuz ekin genion bideari.


Herritik ateratzean, hilerriaren ondoko bidetxo bat hartuko genuen. Bero handia eta hezea izan genuen lagun (edo etsai) ibilbidearen lehendabiziko maldetan.


Galtzerik ez duen bidea da eta ongi seinaleztatua dago marka zuri-gorrien laguntzaz.


Azkar irabaztan da altuera, lehen zatia nahikoa aldapatsua baita. Arantzako herria arras beheitian utzi ginuen segidan.


Bizkarrak ongi kargatuak gaua pasatzeko beharrezkoak eta ez hain beharrezkoak ziren gauzekin. 


17:30 : Bulatxiki (578m)
Lepotxo honetara ailegatuta, zatirik maldatsuena akitua zegoen. Eskuinetara biratu (mendebaldeko norabidean) eta Mendieder mendira doan ertz-lerro zabalari helduko genion.


Ez ginen Mendiederra igo ordea. Bidexka batek bere hego-ekialdeko malda zeharkatzen ditu eta horri segitu genion Bustitzleporaino.


18:17 : Bustitzlepo (921m)
Toki honetan taldea elkartu (gehienak behintzat) eta ur-botilak bete genituen ondoko iturritxoan. Goitiago ez dago ura betetzeko aukerarik.


Eta horrela ekin genion gailurrerako azken maldari, Mendieder erdi lainopean gibelean utzita.


Dena den, arratsaldearen zatirik handienean inguratuta izan gintuzten lainoak saretzen hasi ziren azken zati honetan. Gailurrean primerako eguraldia izanen genuen.


Gaua pasatuko genuen ermita agertu zen laino artean. Gutxi falta zen jadanik gailurra zapaltzeko...


Azken eskailerak gailurrera ailegatzeko...


19:07 : Mendaur (1131m)
Erritmo arras lasaian igota ere, hiru orduz azpitik kaskoan ginen, Malerreka guzia gure oinetan genuela.


Eta arestian erran bezala, primerako eguraldiarekin! Aupa talde!


Gailur inguruak eguneko azken eguzki izpitan...


Edari erreserbak prestatzen...

Hortik aitzinera, ilunabar eta gau zoragarriaz gozatzeko aukera izan genuen, nekez ahanzten diren horietakoa. 


2018/08/22
Gaua nahikoa luzatu zen gitarra eta patxaranaren laguntzaz, egiteko egiteko asmoa nuen gaueko argazkiak egin gabe gelditu ziren. Goizeko eguzkiaren ateratzera ere pixka bat berandu ailegatu ginen, baina egunsenti ikaragarria bizi izan genuen hala ere.


12:53 : Mendaur (1131m)
Goiz pasa luzearen ondotik, egunean bertan igo ziren ikaskideen zai egon eta denek elkarrekin ekin genion jaitsierari.


13:14 : Bustitzlepo (921m)
Berriz ere azpiko lepoan ur deposituak bete eta igoerako bidetik jaitsi ordez, mendebalderantz jota Mendieder inguratu eta Ekaitza aldera segitu genuen.


Ekaitza mendira ailegatu aitzineko lepoan, eskuinetara biratu eta Arantza aldera jaisten hasiko ginen. Horren aitzinetik, azken begiratua Mendaur eta Mendieder mendiei.


19:00 : Arantza (271m)
Arratsalde apalean ailegatu ginen hasmentako puntura, baina aldez aitzinetik ehiza etxola batean bazkari ederra eta Putzubeltz putzuan bainu freskagarria hartuta. Ateraldi ederra, konpainia bikainean, ezin gehiago eskatu!

2018/08/05

Peña Ubiña (2411m)

EGUNA: 2018/08/05

IRTEERA: Tuiza Riba (1200m)

ZAILTASUNA:
  • Nahiko erraza (F+). Bai igoeran eta baita jaitsieran ere, eskaladatxo errazak egin beharko ditugu.
DENBORAK:
  • Tuiza Riba - Peña Ubiña (Terreros lepotik) : 3 ordu eta erdi
  • Peña Ubiña - Tuiza Riba (Ronzon lepotik) : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan joateko biderik hurbilena Burgos eta Leondik barrena pasatuz da. Leon inguruan Oviedorantz jotzen duen autobidea hartu behar da Campomanes herrian atera arte. Hemendik ongi seinaleztatua dagoen Ubiña-Mesa parke naturalerako bideari segituko diogu, Tuiza Riba herriraino.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren eguna Kantauriar mendikatean. Pena pixka batekin anitz gustatu zitzaigun Babia eskualdea agurtu eta Ubiñako parke naturalera zuzendu ginen. Asturias aldetik igoko genuen mendi ezagun hau.

7:42 : Tuiza Riba (1200m)
Bezperako arratsean Tuizako tabernan afalondoan entzundako otso eta hartzen istorioek zirrara handia sortua ziguten. Leku hark bazuen zerbait berezia, majikoa. Are gehiago, goizeko lehen argiek Ubiña inguruak argiztatu zituztenean. Goizean goiz jaiki eta goiti abiatu ginen eguneko beroari ihes egin nahian.


Herria beheititik goiti zeharkatu eta bide zabal eta erosoan barneratu ginen Meicin aterpe aldera.


Gibelean Mesa mendi inguruak. Ubiñaz gain parkeari izena ematen dion bertze mendia da Mesa.


Eta denen artean tenteen eta ederren Peña Ubiña.


Bezperan Albo mendietan solasean egon ginen Asturiaseko mendizale batek aipatua zigun Ubiña anitz gustatuko zitzaigula, arras alpinoa omen zela, Alpeetako Dolomiten antzerakoa, desberdintasunak desberdintasun. Eta gu han ez gara ibiliak, baina ikusgarria iruditu zitzaigun lekua hasmenta-hasmentatik.


8:19 : Refugio del Meicin (1545m)
Inguruaz eta goiz ederraz disfrutatuz, uste baino lehenago ailegatu ginen Meicineko aterpe berrira. Ubiña eta inguru mendiek osatzen duen zirku ederrean kokatua, lasai-lasaia da. Gau horretan, larunbata eta abuztua izanda ere, pertsona bakarrak pasa omen zuen gaua bertan. Aipatu, udan zein neguan egoten dela irekia, neguan ere leku hau ezaguna baita Ubiñaren ipar aurpegian dauden eskaladako bideengatik.



Aterpe inguruan geldialdi bat egin ondotik, malda tenteagoetatik Terreroseko lepo aldera jo genuen.


9:31 : Alto Terreros (1933m)
Behin lepoan argazkiaren eskuineko aldean ikusten den ekialdeko ertzera joateko bidea bilatzen denbora pixka bat galdu ondotik, bide normaletik igotzea erabaki genuen. Argazkian ikusten den hesiaren eskuinetik igotzen den bide maldatsua hartu behar da horretarako. Azken zatian berriz, eskaladatxo erraz batzuk egin behar dira ertzera ailegatzeko.


Erran bezala lehen zatia maldatsua da. 500 metroko desnibela gainditu behar da Terrerosetik Ubiñara eta denbora arras laburrean egiten da, bide argirik gabe bizkarrari segituz.


Tuiza Riba herria arras beheitian gelditzen zen jadanik.


Azken zatian trepada batzuk gainditu behar dira. Errazak dira, baina harri aske anitz dago eta kanal estu batzuk pasatu behar direnez kaskoa eramatea gomendagarria izaten ahal da.


Trepadak gaindituta ertzera ailegatzeko azken metroak errazagoak dira.


11:20 : Peña Ubiña (2411m)
Ertz zabaletik metro batzuk eta gailurra harrapatu genuen.


Tuiza Riba, Meicin aterpea eta igotako bailara gailurretik. Baita ekialdeko ertzaren akabaila ere.


Igandea eta abuztua izanda ere, ia bakarrik egon ginen gailurrean eta denbora tarte zabala hartu genuen egote ederra baitzegoen.


Bezperan ibilitako Torrestio inguruak gailurretik...


...baita Torrebarrio herria eta Babia eskualdea ere. Anitz gustatu zitzaigun.


Kaskoan ordubete inguru pasatuta beheitirakoari ekin genion.


Aldatzeko, igotako bidetik jaitsi ordez, Torrebarriotik igotzen den bide normaletik jaitsi ginen, hegoaldeko ertzetik.


Hemen ere hainbat destrepe egin behar dira, baina errazak dira. Irudian, beheitian, jaitsiko ginen Ronzoneko lepoa eta bere gainean Ubiña Pequeña mendia.


13:17 : Collado el Ronzon (1937m)
Lasai eta disfrutatuz jaitsi genuen hegoaldeko ertza, eta behin belardietara ailegatuta ezkerretara ikusten den Terreroseko lepora abiatu ginen, bide argirik gabe baina ibiltzeko leku erosotik. Argazkiko mendiak, Peña Cerreos (ezkerrean) eta Peña Ubiña Pequeña (eskuinean) dira. Hauen artean eta gibelean larre berde zoragarri eta amaitezinak.


Terreroseko lepoa begibistan.


13:37 : Alto Terreros (1933m)
Lepoan itxi genuen ibilbide zirkularra eta hemendik beheiti igotako bideari segitzea bertzerik ez zen.


Jaitsi aitzinetik azken begiratua igotako bizkar eta kanalari...


...eta belardi erosotik ziztu bizian sartu ginen Meicineko zirkura.


Zirku ikusgarria, Peña Ubiña, Cuetu les Cabres, Portillines, Canalon Oscuro eta enparauekin.


Meicineko aterpean freskagarri bana hartu eta egonaldi zabala egin ondotik, beheitirakoari segitu genion.


Braña Chuenga zeharkatuz...


Eta goizean pasatako bide zabaletik herrira jaitsiz, Ubiña ikusteko behin eta berriz biratzen ginela.


Mendi ikusgarriekin...


15:30 : Tuiza Riba (1200m)
...eta hartz eta otsoen istorio harrigarriekin.


Herriko tabernan arratsalde pasa luzea egin genuen hangoekin solasean eta merezitako garagardoak edanez. Penaz utzi genuen zonaldea, itzultzeko gogoz, magia berezia baitario lau haizeetara.


BIDEOA: