EGUNA: 2011/01/02-2011/01/03
IRTEERA: Imlil (Maroko)
ZAILTASUNA: Errexa (F). Nahiz eta elurra egon ez dauka aparteko zailtasunik.
EGURALDIA: Ostarte zabalak.
DENBORAK (Geldialdiak barne):
- Imlil - Les Mouflons aterpea: 4 ordu.
- Les Mouflons aterpea - Toubkal: 2 ordu eta 15 minutu.
- Toubkal -Imlil: 6 ordu eta 15 minutu.
NOLA IRITSI: Marrakech hiritik hegoaldera atera eta Asni herrira ailegatu behar da, hemendik Imlil herrira ailegatzen den errepidea hartu behar da.
SARRERA:
Atlas mendikateko mendirik altuena izanik, Afrika iparraldeko mendirik altuena ere bada. Hori horrela, eta gertutasun geografikoa kontutan harturik, euskaldun asko joan ohi da bertara
Niretzat, mendi berezia izan da, opor bikain batzuen parte izateaz gain, lehen 4000koa izan delako.
DESKRIBAPENA:
Herriko lagun talde bat Marokora oporretara joan ginen Gabonetako oporraldia aprobetxatuz. Marokon Marrakech eta Essaouira hiriak ezagutzeaz gain, mendi aldera joan eta Atlas mendikateko herrixka eta haranak ezagutu bidenabar, Toubkal mendia igotzen saiatzea zen asmoa.
Abenduaren 30eko gauean autoz Reuseko aireporturako bidea egin eta 31ko goizean hegazkina hartu genuen Marrakecheraino. Hemen lehen gaua pasatzeko hotela hartuta genuen. Eguna Marrakech ezagutzeko baliatu genuen eta baita autoen alokairua lotzeko ere. Marokon gauzek inoiz ez dute hasiera batean jartzen dioten prezioa eta negoziazioak gogorrak izan ohi dira. Urtezahar gaua hoteleko terrazako jaima batean ospatu eta ohera joan ginen, goiz, hurrengo egunean Atlasera hurbiltzeko asmoz.
Biharamunean, motxilak egin, autoak hartu (35 euro edo 375 DH eguneko) eta Imlil herrixkara joan ginen. Asnitik Imlilera autorik izan ezean kamoiek eramaten zaituzte.
Imlil herri polita da. Mendien oinean, jendea oso atsegina izan zen gurekin, nahiz eta Marokoko leku gehienetan bezala, gure atzetik ibili zeozer saldu nahian. Denda nahiko daude herrian eta nabari da turista asko ibiltzen direla urtean zehar. Gu joan ginenean ordea, ia-ia bakarrik geunden eta oso lasai ibili ginen. Aparkaleku batean aparkatu bezain laster, gaua erreserbatuta genuen hoteleko langile bat hurbildu zen gure bila eta bazkaltzera eraman gintuen jatetxe batera.
Bazkalondoan, denda txiki batean mendirako falta zitzaigun material alokatu genuen. Motxilak handiegiak izateko kranpoiak bakarrik eraman genituen, pioletak eta batzuen kranpoiak han alokatuz.
Ondoren hotelera joan ginen. Hotela, mendiko aterpearen erreserba egin genuenean eskeini ziguten, jabe berdinarena baitzen. Zerbitzua oso ona izan zen eta hotela bera ere oso polita. Azkenean bi gau pasa genituen bertan, mendira joan aurrekoa eta jaitsi ondorengoa. Pentsio erdiaren prezioa 22 eurokoa zen eta mandoen motxila porteoa oparitu ziguten. Afaria bikaina egin ondoren, ohera joan ginen goiz.
2011/01/01
0h 00min: Imlil (1700m)
Zazpietan ernatu ginen eta ederki gosaldu ondoren gauzak prestatu eta kanpora atera ginen. Behar ez genituen gauzak hotelean utzi genituen. Eguna nahiko ederra zegoen, nahiz eta hodei kapa mehea egon zeruan. Tenperatura berriz, nahiko hotza, 0 gradu ingurukoa zen.
Hotela kanpokaldetik...
Mandoak hotelaren atean zeuden gure zain mandozainekin batera. Bi mando genituen hamar pertsonaren motxilak garraiatzeko.
Dena listo zegoela baieztatuta, espedizioa martxan jarri zen bide honetatik gora herria atzean utziz.
Herriko azken etxeak atzean utzi genituen.
Eta mendiak ikusten hasi ginen urrunean.
Igoera luzea espero genuen, 4-5 ordukoa. Bidaian geunden hamar lagunetatik lauk, aterperaino joatea zuten helburu eta bertze seiak gailurrera igotzen saiatzekoak ginen biharamunean.
Lehenengo maldak zig-zagean igotzen.
Gutako hiru ogia erostera joan ginen bertzeak abiatzen ziren bitartean. Okindegia, herriko bertze gauza asko bezela, autentikoa!
Imlil herrixka atzean utzi genuen.
Pista zabalago batetik Aremd herriko denda batzuk pasatu genituen. Inguruan jende gutxi zebilen beraz gu ginen beraien helburuak!
0h 20min: Aremd (1900m)
Aremd herrigunea mendixka baten gainaldean...
Ibaiaren sedimentuz eta harriz osatutako lautada zabal bat zeharkatu eta berriro malda gora abiatu ginen, errekaren ezkerretik altuera irabaziz.
Espedizioa bide zabalean gora.
Hori da zeharkatu genuen lautada eta atzean bide bazterreko dendak ikus daitezke.
Porteadoreetako bat bere mando gainean.
Porteadore hau gora zihoan behera jaisteko motxila bila.
Lerro luzea bidean gora...
1h 30min: Sidi Chamarouch (2350m)
Haranaren sakonean tenplu bitxi batera ailegatu ginen, baita bere inguruko dendatxo batzuetara ere. Hemen edozein lekutan dago jendea gauzak saltzen. Bidean gora ere, bertako jende asko zihoan, bakeroak eta zapatilak jantzita. Definitiboki bertze mundu bat da hura!
Tenplua atzean utzita bertze haran batean gora abiatu ginen, errekaren bertze aldetik oraingoan. Toubkaleko gailurra begibistan agertu zitzaigun.
Lehen eguzki izpiek gorputza berotu ziguten goiz freskoan.
Poliki-poliki haranaren gora igo eta elurra gero eta hurbilago genuen.
Mandoak gure motxilak porteatzen.
3000 metro inguruan, laranja zuku naturala egin eta saltzen zuten postu batera iritsi ginen.
Atseden hartzeko geldialdi bat egin genuen bertan, laranja zuku bana hartuz.
Atsenaldia eta gero, gora segitu genuen. Mandoek ordea, elurra hasten zen tokian buelta eman behar izan zuten eta hortik aterpera guk eraman genituen motxilak.
Gutxi gelditzen zen aterpera iristeko, haranaren goialdean geunden jadanik.
Aterpetik hurbil...
Elurra oraindik ez zen jarraia eta kranpoiak jantzi gabe segitu genuen.
Azken esfortzua!
Segidan, aterpea ikusten hasi ginen, baina oraindik denbora pixka bat gelditzen zen bertaraino. Bidean hainbat mendizale euskaldunekin gurutzatu ginen eta igoera baldintza onetan zegoela erran ziguten.
4h 00min: Les Mouflons aterpea (3207m)
Azkenean ordu bata inguruan eta uste baino lehenago ailegatu ginen bi aterpeak dauden eremura. Gurea behekoa zen, Les Mouflons, bertzea berriz CAFena Toubkal izenekoa. Erran behar da, aurretik erreserbatu genuela aterpea eta ez genekiela bien artean diferentziarik zegoenik. Behin han geundela konturatu ginen gurea garestixeagoa zela eta gainera berogailurik ez zuenez hozkailua bezalakoa zen! Horretaz aparte, aterpea nahiko ongi dago. 180 pertsonentzat tokia du, baina erdi hutsik zegoen. Noski bertzean berogailua izanda, bertzea beteta zegoen. Irudian, Les Mouflons behean eta Toubkal goian. Atzean gailurrerako lehen malda.
Aterpeko zaindariak oso jatorrak ziren. Zerbait izan behar zuen! Ongi etorria emateko tea eta gailetak atera zizkiguten. Eguzkiak ere ongi etorria egin zigun eta terrazan bazkari ederra egiteko aukera izan genuen. Arratsaldean, pioletekin eta kranpoiekin praktikak egiten aritu ginen inguruko malda batean, eguraldia lagun.
Baina eguzkia laister sartu zen eta baita gu aterpe izoztuaren barrura ere. Gainera, tximiniaren ingurua mendizale amerikar batzuz okupatuta egon zen arratsalde osoan eta ez ziguten minutu bat ere utzi.
Ongi tapatuta karta partida bat jokatu genuen eta gero afaria. Zazpi eta erdietarako berriz, lo zakuetara horrelako hotzarekin han egonen baikinen hobekien. Geletan ikaragarrizko hezetasuna zegoen, baina hala ere nahiko gau ona pasatu nuen.
2011/01/03
0h 00min: Les Mouflons aterpea (3207m)
Seietan ernatu ginen eta prestatu ondotik, gosaltzera jaitsi ginen. Gora abiatzeko irrikitan geunden.
Kanpokaldean oraindik ilun zegoen. Lasai lasai materiala prestatu genuen...
Oinarrizko gauzak bakarrik hartu genituen bertzeak aterpean utzita. Gailurrerako saiakera seiek eginen genuen eta bertze laurak Imlilera bueltatuko ziren, arratsaldean han elkartuko ginelarik.
Denak prestatuko lehen malda tentean gora abiatu ginen.
Egunsenti polita zegoen, baina laino geruza mehe batek estaltzen zuen zerua.
Lehen malda da igoerako gogorrena eta arriskutsuena. Hala ere, arrasto zabala zegoen elurrean eta erraz igotzen zen. Aterpea behean gelditzen zen.
Lehen eguzki printzek ondoko gailurrak argitzen zituzten.
Aipatutako lehen malda gaindituta, aldapa pixka bat leuntzen da. Hala ere, gailurreraino ez dago atseden hartzeko tarte handirik.
Aurrean genuen hurrengo malda ere...
Poliki-poliki bakoitza bere erritmoa hartzen hasi ginen eta aurretik genituen guztiak aurreratu genituen. Beldur ginen altueran inoiz egon gabe, gorputzak nola erantzunen ote zigun, baina uste baino hobeto gindoazen.
Bertze malda tente batek Tizi n'Toubkal lepra eramanen gintuen.
1h 40min: Tizi n'Toubkal (3890m)
Leporaino ailegatu baino lehen ezkerretara biratu ginen eta Toubkaleko arista zabalean gora abiatu. Zati honetan jadanik harri asko zegoen agerian eta horrek kranpoiekin ibiltzea zailtzen zuen.
Azken zatian pausu aereoagoren bat pasatu genuen.
Gailurrean ginen ia-ia.
Segidan ikusi genuen gailurreko tripode ezaguna. Azken metroetan bidea leuntzen da gailurrera iritsi arte.
2h 15min: Toubkal (4167m)
Gailurra!
Nire lehen 4000koa eta gainera hainbertze denboran bidaia prestatzen egon eta gero! Ezin nuen sinistu!
Gure lagunen zai egon ginen ordu erdi inguruan ekaitz txiki bat sartu zen gailurrean eta hotz ederra pasatu genuen. Haizea ere bizi-bizi zebilen. Ez zen giro!
Azkenean lagunak gailurrera ailegatu ziren. Argazkia egin eta behera izoztuta gelditu baino lehen. Gora gu ta gutarrak!
Argazkiak egin eta gero, ziztu bizian jaitsi genuen arista haize zitaletik ihesean.
Hala ere, eguraldia erabat aldatu zen eta bapatean zerua urdin bilakatu zen.
Elur malda tenteetan azkar jaitsi ginen aterperaino.
Ordubetean berriz aterpea bistan genuen.
Behin aterpera iritsita, bertze te bana atera ziguten eta hamaiketakoa egin genuen terrazan lasai ederrean. Ondoren, gauzak bildu, zorrak kitatu eta gure lagun zaindaria agurtu genuen.
Beherakoari egin genion denborarik galdu gabe, Imlil urruti baitzegoen oraindik eta eguna motza baitzen.
Paraje zoragarri hau atzean utzi genuen, tristura pixkatekin.
Elurra bukatzen zen tokian, gure mando eta mandozainak genituen esperoan. Beraz, behera ere pisurik gabe jaitsiko ginen.
Sidi Chamaroucheko tenpluaren ondoko dendatxoetan, gorakoan hitz eman bezala, zerbait hartzen eta deskantsatzen gelditu ginen.
Eta indarberrituta jaitsieraren azkeneko zatiari ekin genion.
Mendi lehor baina eder hauek atzean utziz.
Aremd herria jaitsierako azken zatian. Hemendik Imlilera oso gutxi gelditzen zen.
Imlileko lehendabiziko etxeak.
9h 00min: Imlil (1700m)
Azkenean arratsaldeko lauretan gure hotel polita ikusi genuen berriz ere. Arratsaldea deskantsatzen pasa genuen hotelean eta herriko tabernaren bateko sutondoan, biharamunean herria utzi eta Essaouira aldera joan aintzinetik. Opor bikainak eta mendiak are gehiago!