2011/01/15

La Montagnette (2401m)

EGUNA: 2011/01/15

IRTEERA: Les Especieres eski estazioa (Gavarnie)

ZAILTASUNA: Errexa (F/S1)

EGURALDIA: Eguzkitsua

DENBORA: 1h 45min (Igoera).

NOLA IRITSI: Lourdes hiritik iparraldera Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara. Hemendik, Gavarnieko bidea hartu behar da. Herria zeharkatu ondoren eski estazioko aparkalekuraino igoko gara.

SARRERA: 
La Montagnette mendi ezezaguna da. Gavarnieko 3000 metrotik gorako menditzarren itzalean, iparralderago altuera gutxiagoko mendi multzoaren barruan dago. Altuera baxuagoa izateak eta malda ez tenteegiak izateak mendi eskia praktikatzen ikasteko toki on bihurtzen dute.

DESKRIBAPENA:
Larunbat goizeko 6etan gelditu ginen, asteburu pasa abiatu ginen Luz Saint Sauveur aldera. Bertan geneukan karabana aprobetxatuz, larunbat goizean La Montagnette, Gavarnieko mendia, eginen genuen eta igandean Tourmalet inguruan bertze mendiren bat.
Ezohiko negua ari zen izaten. Elur gutxi eta tenperatura epelak. Horrek elurjausi arriskua oso txikia izatea ekartzen zuen eta mendia jendez lepo zegoen.
Goizeko hamarrak aldera ailegatu ginen Les Especieres eski estaziora eta prestatu eta gero, goraka abiatu ginen.

0h 00min: Les Especieres eski estazioa (1868m)
Aparkalekua atzean utzi eta haurren pisten eskuinaldetik gora abiatu ginen.


Metroak irabazi ahala ikuspegia gero eta hobea zen.


Col de Laryra joateko mendizko harresitxo bat gainditu behar izan genuen. Izan ere, berez Col de Laryra igotzeko bidea errepidean beherago dagoen bihurgune batetik hasten da, baina elur faltak bidea aldatzera behartu gintuen.


Mendien atzekaldean lepo bat ikusten hasi ginen.


Poliki-poliki aurreratuz...


Elurra egoera onean zegoen zati honetan eta horrek aurreratzea segurua izatea ahalbidetzen zuen.


Lepo batera eramanen gintuen malda batera atera ginen. Beranduago hortik jaitsiko ginen.


Col de Lary aurreko lepoa.


Eta lepora ailegatzean hasi zen espektakuloa.


Torre, Casco, Bretxa, Taillon eta Gabietoak ezkerretik eskuinera...


Eta aurrean gure hurrengo helburua, Col de Lary.


1h 00min: Col de Lary (2278m)
Lepoaren bertze aldera pasa eta metro batzuk jaitsi genituen elur-kostra nazkagarrian. Atzean, Col de Lary genuela zerbait jan eta edateko geldialditxoa egin genuen.


Igo beharreko hurrengo maldak aurrean genituen.


Azken maldetatik parean genuen La Montagnette mendira igotzen.


Tarteka arnasa hartzeko geldialditxoak eginez.


Eguzkia parez-pare...


Astazuak eta Marbore azken maldatik.


La Montagnetteraino eskiekin ezingo ginenez igo, pixkat aurrerago zegoen tontortxo batera joan ginen jaitsiera luzeagoa izateko.


1h 45min: La Montagnette (2401m)
Bueno egia erran 18 metro beherago gelditzen zen izenik gabeko tontortxo batera igo ginen.


Ikusmiraz gozatzen eta deskantsatzen.


Izenik gabeko tontortxoan argazkia. Beharbada gu izanen ginen horra igotzen lehenak! Jeje.


Foka-larruak kendu eta jaitsierari ekin genion. Elur-kostra kaxkarretik hasieran eta gero berriro larruak jarrita Col de Laaryra bueltan ginen. Irudian erdian La Montagnette eta ezkerretan gu igo ginen tontortxoa, Col de Larytik.


Handik behera elurra apartekoa zegoen eta gozatu ederra hartu genuen. Autora ailegatzeko autostop egin behar izan genuen, eskiatzen aparkalekua baino beherago jaitsi baikinen. Grange de Holle Gavarnieko aterpean garagardoak zain genituen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina