Orriak

2026/03/31

Auñamendi (2504m)

EGUNA: 2026/03/21

ABIAPUNTUA: Refuge de l'Aberouat (1450m)

ZAILTASUNA: S3, S4 azken zatian

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
L'Aberouateko aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaka eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira ailegatzean, aparkalekura eramanen gaituzten seinaleei segituko diegu.
 
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
 
KRONIKA:
Bigarren eski ateraldia Lescungo zirku zoragarrian. Bezperan Hiru Erregeen Mahaian ibilita, egun honetan zirkuko bertze mendi ezagun batera zuzenduko ginen, punturik altuena den Auñamendira. Hasmentako basoko porteoa gaindituta, kalitatezko maldak eta paraje eder eta anitza eskaintzen duen ateraldia da. Noizean behin errepikatu beharreko horietakoa.

9:02 : Refuge de l'Aberouat (1450m)
Aterpearen ondoko aparkalekuan autoa utzi eta GR10aren bidetik abiatu ginen.


Hasmentatik beretik helburu genuen Auñamendi mendiaren tontorra ikusten da.


Ezkerretara Billare ikusten genuen, erdian bezperan ibilitako Anayeko bailara eta eskuinetara Auñamendiko gailurra zuri-zuri.


Bidea Braca d'Azuns basoan sartzen da eta altuera handirik irabazi gabe zeharkatzen du alderik alde. Zati honetan eskiak bizkarrean eraman behar izaten dira normalean, eta elurra dagoelarik ere ez da sobera eskiagarria, goiti-beheiti batzuk baititu.


Basotik ateratzen eskiak segidan paratuko genituen.


1540 metro inguruan bailarattoaren sarrera dago eta bertan elur jarraia harrapatuko genuen.


Eskiak paratu eta ez genituen kaskora arte kenduko.


Gibelean Midi d'Ossau mendia ageri zen urrunean puntu honetatik.


Guk oraindik GR10aren bidetik eta Soum Couy mendia parean genuela bailaratxoan goiti egin genuen.


GRa Cap de la Baitch etxolaren ondoan utziko genuen. Bideak eskuinetara Pas d'Azun lepo aldera egiten du.


Guk, aldiz, ezkerretara biratu eta errekaren bideari segituko genion.


Malda tenteago eta politetatik hegoalderantz eginen genuen, Countende mendiaren zangoan kokatu arte.


Bertan bailarak bertze 90º-ko bira bat marrazten du eta mendebalderantz egiten du Anieseko lepo aldera. Aitzinean Auñamendiko tontorra hurbilago ikusten hasiko ginen puntu horretatik aitzin.


Gibelean, aldiz, Orgues de Camplong deitzen den mendilerro luze eta berezia genuen.


Anieseko lepora ailegatu gabe ezkerretara malda zabal eta ederretatik altuera hartzen hasiko ginen.


Eskiatzeko paraje ederra da honakoa, batez ere aurten adina elur dagoelarik.


Countende mendia orain gure ezkerretara genuela Auñamendiko azken piramidearen oinera joanen ginen.


Soum Couy mendia gibelean utziz...


Piramidearen azpiko aldean zati zelai bat dago. Bertatik gailurrera ailegatzeko egin beharko genuen bidea ikusten genuen. Kaskoaren ezkerreko maldetatik iganen ginen mendiaren hegoaldeko ertzean dagoen lepotxo batera.


Zelaitxoa zeharkatu eta azken maldari ekinen genion.


Countende mendia begiradapean...


Azken zatia dezente tentetzen da eta beharrezkoa da elur baldintza egonkorrak izatea bertatik igateko. Gure kasuan arrastoa egina zegoen eta zailtasunik gabe aterako ginen kaskoraino.


Zati arras fotogenikoa da honakoa, altuera hartu ahala gero eta ederragoa dena. Inguruko mendirik altuena izateak ikuspegi ederra ematen dio.


Ekialdeko malda tenteagoak iganda, aurpegia hegoalderantz inguratzen da ertzera atera baino lehen. Puntu honetan Anayeko bailararen gainean "zintzilik" dauden maldak gainditzen dira. Malda eguzkitsuak dira eta beraz eguzkiak fite transformatzen ditu, baina elur gogorra edo horma harrapatuz gero esposizio pixka bat izaten ahal dute.


Gure kasuan baldintzak arras onak ziren.


Argazkian ikusten den bizkartxoaren ondoko lepotxotik atera ginen ertzera. Ertzetik goiti iparralderantz egin eta hego-mendebaldeko maldara aterako ginen kaskoraino eskiz ailegatzeko.


12:24 : Auñamendi (2504m)
Hiru ordu eta erdi inguruko igoeraren ondotik gainean ginen. Niretako bortzgarren aldia zen mendi honetan. Hain zuzen ere, blog honetako lehen mendia Auñamendi bera da, 2009ko maiatzean egin genuen ateraldia.


Kasko ezaguna da eta jende dezente ibilki zen. Batzuk eskiekin eta bertzeak oinez. Bezperan igandako Hiru Erregeen Mahaiarako bidea parez pare ikusten genuen tontorretik.


Gailurreko egonaldiaren ondotik jaisteko momentua ailegatu zen. Jaitsiera ez genuen igandako bidetik eginen. San Martingo Harritik igaten den bidearen azken zatia eskiatuko genuen, hego-mendebaldeko malda. Gero iparraldeko paretaren azpitik zeharkaldi luzea egin eta Anieseko lepoaren gaineko aldean berriz ere igoerako bidearekin elkartuko ginen.


Eski ikuspegitik zeharkaldi hori ez da igoerako maldak bezain ona, baina mendiari itzuli osoa emateko aukera ematen du. Behin igoerako bidearekin elkartuta, Cap de la Baitcheko etxola aldera jaisten diren malda ederretatik eskiatzen segituko genuen.


Cap de la Baitch etxola ezkerretara utzi...


...eta Ardineteko etxolaren azpiko alderaino eskiatuko genuen; igoeran eskiak paratu genituen puntu bereraino, alegia.


Oihaneko paseo lasaia gelditzen zitzaigun akitzeko!


14:25 : Refuge de l'Aberouat
Hala akitu genuen ateraldi eder hau. Eski denboraldiak aitzinera egin eta bazter hauetan elurra joan aitzinetik, bi eski saio on eginda agurtu genuen Lescun kuttuna!

 

Hiru Erregeen Mahaia (2444m)

EGUNA: 2026/03/20

ABIAPUNTUA: Plateau de Sanchese (1085m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA:
  • Igoera: Lau ordu
  • Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Plateau de Sanchese Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasatuta, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. 

Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Plateau de Sanchesera gidatuko gaituzten seinaleei segituko diegu. Herria zeharkatu eta lehenik errepidetxo batetik eta gero pista batetik aparkalekura ailegatuko gara. Orain ezin da zelaian berean aparkatu eta pistaren ondoan utzi behar da ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Hiru Erregeen Mahaiak ez du aurkezpen handirik behar euskaldunen artean. Gure herri zaharreko punturik altuena izaki, milaka mendizaleren bisita jasotzen du urtero, horietatik aunitz euskaldunak, doike! Ni neu ere hirutan izan naiz bertan eta honakoa laugarrena izan da. Lehen aldian bezala, eskiz egin ditugu bertarainioko igoera eta jaitsierak. Eskiatzeko biderik hoberenak Lescundik igaten direnak dira: Pedain etxolan barrena igaten dena eta Anayeko bailaratik igaten den hau.

8:54 : Plateau de Sanchese (1085m)
Zelai eder honetara ailegatzeko bi bide daude Lescundik. Gu L'Aberouateko errepidetik joaten denetik hurbildu ginen eta autoa zelaiaren sarrerako belardi batean utzi genuen. Pistatik zelaira jaitsiz egin genituen lehen pausoak.



Pista utzi eta zelaia Brecque mendiaren zangoraino zeharkatzen hasi ginen erreka gurutzatu gabe. Haren azpian harrapatuko dugu GRT13 bidea eta zubia.


Bide hori segituko genuen pagadi batean goiti. Argazkian ikusten den bezala, lehen zati honetan ez zegoen elurraren arrastorik ere. Hala ere, inguru honetan eskiatzean 1300 metro arte eskiatzea zaila izaten da, lehen zatia ez baita sobera eskiagarria.


Pagopetik harkaitzean zizelkatutako bidera pasatu ginen.


Denbora gutian Sancheseko zelaia arras beheitian utziko genuen.


Zatirik tenteena gaindituta berriz pagadi batean sartzen da bidea. Lehen elur arrastoak ikusten hasiko ginen parte honetan, baina pagadia akitu arte ez genituen eskiak paratuko.


1450 metro inguruan paratuko genituen eskiak, Anayeko bailara luzearen sarreran.


Ezkerretara Bilarre mendiak utzi eta bailara osorik igateari ekinen genion.


Udaberriko eskian hain ohikoa den irudia genuen Anayeko bailaran. Hego aurpegiak elurrik gabe eta iparrekoak zuri-zuri.


Altuera irabazi ahala gero eta elur gehiago...


Sources de Marmitou deitzen den parajean akitzen da bailaratxoa. Eskuinetara GRT13 bidea pasatzen den Anayeko lepoa genuen eta ezkerretara Ourtetseko lepoa. Bertara zuzenduko ginen gu.


Pene Blanque dotorea ezkerretara utzi eta inguru eder honetan barneratuko ginen., mantso-mantso hegoalderantz eginez.


Gure gibeleko aldean utzi genuen Auñamendi. Biharamunean iganen ginen bertara.


Eta zirkutik lepora malda tenteagoetatik aterako ginen. Inguru hau delikatua izaten da elur-plakak sortzen direlako maiz, baina gure kasuan udaberriko eski baldintzak genituen.


11:37 : Col de Ourtets (2145m)
Lepotik Nafarroako isurialdera pasatuko ginen eta ezkerretara biratuko ginen gailurraren bila.


Pene Blanque berriz ere gure ezkerretara ageri zen. Lescungo zirkutik igateko falta zaidan gailurretako bat da.


Gure aitzinean Hiru Erregeen Mahaiko punta agertzen hasi zen. Berez hasmentako plana ezkerretara gelditzen den Table mendia igatea zen, baina azkenean bertan akituko genuen. Argazkian ikusten den bezala, malda etzanetatik egiten da mendiaren azpirainoko bidea.


Muinotxo bat gainditu eta parean genituen Hiru Erregeen Mahaia eta Table des Trois Rois. Kuriosoa da baina bi mendiek izen bera dute. Berez frantsesezko izena duen mendia izan beharko litzateke Hiru Erregeen Mahaia, hori baita antzinako hiru erresumen muga eta mahai itxura zapala duena. Eskuinekoa frantsesek Pic des Trois Rois deitzen dute, Hiru Erregeen Mendia alegia. Guk Mahaia erraten dioguna. Toponimiaren kuriositateak.


Bi tontorren arteko lepora igan eta bertan erabaki genuen Hiru Erregeen Mahaira igatea. Table mendia eskiz igaten ahal da, baina Hiru Erregeen Mahaiak gehiago deitzen gintuen eta horregatik hartu genuen erabakia.


Ekialdeko ertzaren azpiko aldean eskiak utzi eta azken metroak oinez eginen genituen. Ertzaren iparraldeko aldetik igaten den malda tente batetik aterako ginen kaskora.


Zatirik tenteena gaindituta, ekialdeko ertzetik egin genituen azken metroak.


12:59 : Hiru Erregeen Mahaia (2444m)
Gailur ezagun honetara elurrarekin igatea eta han goitian bakarrik egotea sari ederra izan ziren. Tarte lasaia hartu genuen gailurraz gozatzeko.


Kaskotik Bisaurin, Castillo d'Acher eta berriki igandako Agüerri aldera joan zitzaigun begirada.


Gailurreko argazkia beheiti jaitsi aitzinetik...


...eta gure arrastotik beheitirakoari ekin genion.


Eskietara itzuli eta ziztu bizian egin genuen igandako bide beretik beheiti. Goitiko partean elurra oraindik ez zegoen erabat gurituta, baina eskiagarri eta bizi zegoen.


Zati etzana ziztu bizian jaitsiko genuen.


Ourtetseko lepoaren azpiko malda, aldiz, ongi transformatuak ziren ordurako eta eski gozagarria eskaini ziguten.


1400 metro ingururaino jaitsi ginen eskiz, 1000 metroko jaitsiera beraz. Hortik beheiti eskiak bizkarrera eta autorako bidea hartu genuen.


14:50 : Plateau de Sanchese (1085m)
Igoera luze politaren ondotik kontent ailegatu ginen beheiti. Hiru Erregeen Mahaia Lescundik igatea beti da plazera, eta zer erranik ez eskiz baldin bada!