EGUNA: 2026/03/10
ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)
ZAILTASUNA: S3
IRAUPENA:
- Ref. Lizara - Bernera : Hiru ordu
- Bernera - Foya de Aragües : Ordu laurden
- Foya de Aragües - Ruabe del Bozo : Ordu bat
- Ruabe del Bozo - Valle de los Sarrios : Ordu erdi
- Valle de los Sarrios - Puerto de Bernera : Ordu erdi
- Puerto de Bernera - Ref. Lizara : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jakarako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Echo aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Lizaratik beretik elurra dagoela aprobetxatuta, itzuli eder eta original hau egiteko aprobetxatu dugu. Aspalditik nuen buruan Ruabe del Bozo menditik iparralderantz jaisten den malda polita eskiatzea; eta berez Sansaneteko aparkalekutik hurbilago gelditzen bada ere, Lizaratik altuera handiagoan hasteko aukera ematen du. Horri Bernera mendian eta Sarrios bailaran ibiltzeko aukera gehitzen badiogu, bortz izarreko mendi eski bidaia geldituko zaigu.
8:02 : Refugio de Lizara (1540m)
Lizarara etortzen garen guzietan bezala, Aragües del Puertoko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta goizean igan ginen goiti. Intentzioa aterpean kafea hartu eta abiatzea zen, baina hetsia zegoen eta beraz segidan paratu ginen martxan.

Aterpetik beretik eskiak zangoetan genituela atera ginen. Bisaurin aldera igaten den bide ezagunetik hasi ginen.
Baina seinale honetan bide hori utzi eta Estaneseko lakurantz doan bidea hartuko genuen. Zatitxo batean elur gutixeago zuen baso zatia zeharkatu genuen.
Eta basotik aitzin, elurra ausarki izanen genuen egun osoan zehar. Ordelcako aterpe librearen ondotik pasatu eta Bisaurin eta Bernera artean gelditzen den amildegian barneratuko ginen.
Elur denboraldi ona ari da izaten eta amildegia elur ausarkirekin harrapatu genuen. Bizkar honetatik metro batzuk galduko genituen amildegiaren azpiko alderaino eta gero goiti igaten hasiko ginen.
Elurra gogor zegoen azpiko alde honetan, baina kutxilarik gabe ibiltzeko moduan.
Azpiko zokotik ateratzen...
Lehen malda iganda, gure ezkerretara duela pare bat urte eskalatutako Balellazako orratzak ikusten hasi ginen.
Amildegiaren sakonetik iparralderantz eginen genuen...
...eta 1900 metrotik goiti aitzineko egunetan botatako elur hauts pixka bat harrapatzen hasiko ginen. Horrek egun osoan eski baldintza bikainak izatea ekarriko zigun, inolako materialik erabiltzeko beharrik gabe.
Foya de Bernerara ailegatu baino lehen, 1930 metro inguruan, amildegia utzi eta eskuimetara biratuko ginen argazkiko kanaltxoa igateko. Kanaltxo horretatik Bernera mendiaren mendebaldeko maldetara pasatuko ginen.
100 bat metroko desnibela gainditzen duen kanala tentetuz joaten da igan ahala eta ohikoa da kranpoiak paratu behar izatea hura gainditzeko. Egun horretan genituen elur baldintzetan kutxilarik paratu ere egin gabe igan ahal izan ginen.
Erran bezala, kanala Berneraren mendebaldeko magaletarako sarrera baten gisakoa da. Kanalaren gaineko aldetik eskuinetara aterata zeharkaldi horizontala eginen genuen.
Eta hortik aitzin ekialderantz eginez, malda zabal eta errazak igaten hasiko ginen.
Gure gibelean Bisaurin eta Puntal de Secus inguruak uzten ari ginen, hauek ere elur baldintza bikainetan.
Bernera kaskora hurbildu ahala, maldak etzanez joaten dira. Bernerako lepoa parean utzi eta guk zertxobait eskuinetara eginen genuen gailurraren bila.
10:53 : Bernera (2432m)Kalitate oneko elur hauts maldak iganez ailegatu ginen gailur zabalera. Kaskoan zalantza pixka bat egin genuen, aitzinetik pentsatutako ibilbidearekin segitu edo malda eder haiek gibelerat eskiatu. Azkenean hasmentako planari eustea erabaki genuen, eta ez ginen urrikituko.
Foka-larruak kendu eta iparraldera hautsetan Bernerako leporantz jaitsi ginen hasmentan, handik eskuinetara biratu eta eguzkitan zeuden malda tenteagoetatik segitzeko.
Foya de Aragües deitzen den bailaratxoraino jaitsiko ginen ekialderantz. Argazkian behean ikusten den bailaratxoa da, eta handik goitian ikusten den Ruabe del Bozo mendira iganen ginen.
11:24 : Foya de Aragües (2148m)Berriz fokak paratu eta iparralderantz bailaratxo errazetik goiti igaten hasiko ginen. Goizak aitzinera egin ahala, zeruan hodeiak ugaritzen hasiak ziren eta kezka eragiten zigun ondoko jaitsierarako bisibilitatea behar baikenuen.
Malda etzan eta errazetatik egin genuen goiti irudian ikusten den Ruabe del Bozo aldera.
Gibelean Pico d'o Ibon ikusgarria utzi genuen, hegoaldera malda tente eta ederra duena. Haren ezkerretara Berneratik beheiti Foya de Aragües aldera jaisteko eskiatu genuen malda ikusten da.
Azken metroak pixka bat tentetzen dira Llena de la Garganta eta Llena del Bozo ikusgarrien begiradapean.
Ertz zabalera atera, eskuinetara biratu eta azken metroei ekinen genien. Valle de los Sarrios alderako jaitsierako malda hartzeko bizkar hau gibelera ibili beharko genuen argazkian ikusten den tontor harritsuaren (Lie Labata mendia) ezkerreko gaineraino.
12:01 : Ruabe del Bozo (2419m)Eskiak zangoetan zailtasunik gabe aharrapatu genuen eguneko bigarren kaskoa ere. Aspe, Llena de la Garganta eta Llena del Bozo trilogiaren ikuspegi bikaina eskaintzen du mendi honek.
Sobera luzatu gabe eta fokak eskietan mantenduz, igan berri genuen bizkarretik jaitsieraren bila abiatuko ginen Lie Labata mendiaren ondoraino. Argazkian ezkerretara ikusten den punta zuria da Ruabe del Boz eta handik heldu ginen.
Inguru basati eta eder hartatik ere zangopean genuen Candanchuko eski estazioko musika aditzen zen. Harrigarria da jendeak zer behar duen mendian ere hiriko sentsazioak izateko.
Puntu honetan hartuko genuen Estanes lakurantz jaisten den Lie Labata mendiaren iparraldeko malda ederra. Hain justu ere, puntaren ezkerreko maldatik jaitsiko ginen. Erran behar da, puntu hau zela maldara erraztasunez sartzeko bakarra, gainerako zati guzietan kornisa handiak baitzeuden.
Jaitsiera zoragarria izan zen. Elur hauts bikaina izan genuen, hasmenta nahiko tentea duen maldan beheiti. Aipatu behar da, malda hau jaisteko elur baldintza egonkorrak bilatu behar direla.
Lehen malda jaitsita, geldialdia eskiatu berri genuen zatiari begiratua botatzeko.
Eta hortik beheiti Cantal izeneko parajean eskiatzen segitu genuen. Malda etzan eta zabalago hauetan ezkerretarantz eginen genuen Valle de los Sarrioserako sarreraren bila.
Sarrios bailarara sartzeko pareten arteko arrakala natural bat bilatu behar da, nahiz eta beheitiago eskiatuta ere sartzen ahal den. Bertatik bertze maldatto bat eskiatu eta Sarrios bailararen sakonera ailegatuko ginen.
Leku magiko honetan eguneko azken igoera laburrari ekinen genion.
Bailara osoa zeharkatu eta muturrean irekitzen den Bernerako lepoaren bila iganen ginen.
Azken zatian eskuinetara biratu eta segidan ailegatuko ginen bertara.
13:10 : Puerto de Bernera (2115m)Lepo zabalean azken aldiz fokak kendu eta jaisteko prestatu ginen. Foya de Bernerara jaitsiera etzana eginen genuen lehendabizi, gero handik ezkerretara biratu eta Bernerako amildegian sartzeko.
Bernerako amildegian udaberriko elur errazetik azpiko parteraino eskiatu genuen.
Eskiak eskutan Ordelcako bizkarrera igan eta handik azken jaitsiera Lizararaino bereraino eginen genuen.
Aterpe librearen ondotik pasatuz...
14:03 : Refugio de Lizara (1540m)Sei orduko itzuli ederraren ondotik, aterpean egindako bazkari goxoarekin indarrak berritu eta etxerako bidea hartuko genuen. Egun zoragarria!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina