EGUNA: 2012/07/16
DISTANTZIA: 17 km
DENBORA TOTALA: 10 ordu eta 4 minutu.
DENBORA ERREALA: 7 ordu eta 22 minutu.
DENBORA PARTZIALAK:
- Refugi de Colomers - Montardo: 3 ordu eta 5 minutu.
- Montardo - Refugi dera Restanca: 1 ordu eta 45 minutu.
- Refugi dera Restanca - Refugi Ventosa i Calvell: 2 ordu eta 28 minutu.
DESNIBELA: + 1482 m , - 1400 m.
DESKRIBAPENA:
Carros de Foc zeharkaldiko bigarren etapa. Berez egun honetan Colomersetik atera eta montardo mendia igota, Restancako aterpera heltzea zen gure eginbeharra. Bertan erreserba eta guzti egina genuen. Hala ere, lehenengo egunean ezagututako jendeak eta aterpeetako zaindariek, hirugarren etaparako Restancatik Estany Llongeraino joatea etapa gogor xamarra zela erran ziguten. Horrela, Ventosa i Calvell aterperaino iristea erabaki genuen, noski aurretik deituta lekua ziurtatzeko. Horretarako, Restancako urtegian mugikorraren estaldura zegoela erran ziguten.
8:10 : Refugi de Colomers (2135m).
Gau nahiko ona eta gosari sinple xamarra eta gero, gauzak prestatuta atera ginen aterpetik. Eguna, bigarrenez jarraian bikaina zetorren. Hodeirik ez zeruan eta bero gehiegirik ere ez. Printzipioz etapa hasiko genuen eta aldaketen ondorioz Ventosaraino joan behar genuenez seguruenik, bidean erabakiko genuen Montardo mendia igo edo ez. Izan ere, bortz egunetarako indarrak gorde beharra zegoen. Argazkian, Colomerseko aterpe zaharra egunsentian.
Aterpea gibelean utzi eta lehen bidegurutzean ezker hartu genuen seinale batek lagunduta, Restancarako bidean.
Une oro marka zurigorriak segituz lehenengo lepoaren azken maldan plantatu ginen ti-ta batean. Bidea errez egiten zen erreka bazterretik.
Port de Caldesera ailegatzen.
9:34 : Port de Caldes (2560m).
Lepora iristean ikuspegi paregabeak eman zigun ongi etorria, Besiberriko eta Anetoko mazizoekin. Ikuspegirik ederrenetakoa duen lepoa da Caldeskoa. Lepoa pasa eta segidan, bidegurutze bat dago, bere seinalearekin. Ezker hartuz gero, Ventosa i Calvell aterpera helduko ginateke zuzenean. Eskuin berriz, Restancako aterpera, Oelhacrestadako lepoan barrena. Guk bigarren bide hau hartuko genuen.
Montardo mendia Caldesetik.
Eta parean Oelhacrestadako lepoaren aintzinetik igo beharko genuen sasilepoa. Egiazkoa pixkat aurrerago dago.
Azken argazkia lepo politean, aintzina segitu aurretik.
Metro batzuk galdu genituen malda tentean barrena. Besiberri mendien ikuspegia une oro paregabea zen.
Estany del Port de Caldes lakua eskuinetara utzi eta bertze malda tente batetik sasi lepora igo ginen.
Sasilepotik hurbil, metro batzuk beherago dago Oelhacrestadako benetako lepoa. Hala ere, gu bertara ailegatu aintzinetik eskuin biratuko ginen Montardo mendira igotzeko.
Honela, indarrak gorde gabe, Montardo mendian igotze erbaki genuen. Gero gerokoak! Argazkian gailurrera ailegatzen.
11:15 : Montardo (2833m).
Egin beharreko esfortzu gehigarriak merezi izan zuen, gailurreko bistak ikusgarriak baitziren. Diotenez, parkeko onenetarikoak omen dira. Argazkian Besiberri Nordetik Anetora, azpian Lac de Mar lakuarekin.
Artieseko bailara eta herria iparraldean.
Besiberri mendiak eta Comaloformo, hego mendebaldean.
Maladeta-Aneto mazizoa mendebaldean.
Punta Alta, Contraix eta parkeko bertze mendi batzuk hego ekialdean.
Pica d'Estatseko mazizoa ipar ekialdean, bertzeak bertze.
Mauberme eta Baqueira-Bereteko eski pistak.
Bistetaz gozatu genuen eta patxadan egon ginen gailurrean.
Jaisten hasi baino lehen, jende guztiaren iritziz Carros de Foc zeharkaldiko gogorrena den lepoari argazkia atera genion. Biharamunean pasatzekoak ginen hortik. Contraix lepoa da, mendi altuenaren (Contraix mendia) ezkerretan ageri den bretxa.
Eta jaisteari ekin genion, oraindik etapa luzea baikenuen aintzinetik.
12:29 : Coret d'Oelhacrestada (2470m).
Ti-ta batean motxilak utzi genituen tokira jaitsi, zerbait jan eta edan eta lepotik barrena Restancara abiatu ginen.
Oelhacrestadako lepotik jaitsiera tentea dago Restancako aterpera, baina bazkari goxoa esperoan genuela errez egin genuen bidea. Gorakoa bertze zerbait izango zen. Argazkian, jaitsieraren hasiera Lac deth cap de Port lakuarekin.
13:09 : Lac deth Cap de Port (2225m).
Jaitsieraren erdibidean, lakua gure ezkerretara utzi eta bere presarekin gainetik pasa ginen. Atzean, Oelhacrestadako lepoa ikusten da.
13:25 : Refugi dera Restanca (2008m).
Bertze malda tente bat jaitsi eta Restancako aterpea eta urtegia bistaratu genituen. Bertan bazkaldu eta Ventosako aterpera deitzeko aprobetxatuko genuen. Aterpe handia da Restancakoa eta itxura ona dauka. 80 pertsonarentzat du lekua.
Eginbeharrekoak egiten ordu eta erdi eman eta gero, berriz lehen jaitsitako bidetik gora abiatu ginen Oelhacrestadako leporuntz. Eguzkiak gogor jotzen zuen, baina bazkariak indarberrituta utzi gintuen eta erraz igo ginen.
Lepora ailegatzen atzera begirada.
15:57 : Coret d'Oelhacrestada (2470m).
Berriz ere lepoan eguneko zailtasunik handienak bukatuta zeuden. Hegoaldera biratu eta marka horidun estakak segituz, Ventosako aterpera eramango gintuen alfonbra berdea jaistea bertzerik ez zen gelditzen.
Baina aurretik geldialditxoa egin genuen Estany des Monges lakuaren ertzean, atseden hartzeko.
Bidea une oro oso polita da tarte honetan eta zenbait kauren artetik pasatzen da paisaia politak sortuz. Irudian, Estany Clot.
Eta beherago Estany de Travessani, Besiberriak zaindari dituela.
Aterpea baino lehen aurkitu genuen azken lakutxoan geldialdi bat egin genuen, bainu bat hartzeko eta arropa garbitzeko.
18:14 : Refugi Ventosa i Calvell (2173m).
Bainuak berria bezala utzi gintuen eta azken metroak gustura egin genituen. Behin aterpean, erreserba baieztatu eta afaltzeko ordu iritsi arte zain egon ginen. Aterpe polita da Ventosakoa. Txikia eta goi mendian kokatua. 70 lagunentzako du lekua bigarren pisuan dagoen gela handian, baina beteta dagoenean jantokian ere koltxoiak jartzen dituzte. Guri hor lo egitea tokatu zitzaigun. Afaria ere primerakoa zegoen. Honenbertzez, etapa bikainari amaiera eman genion.