2020/02/27

Pico la Parda (2552m)

EGUNA: 2020/02/23

ABIAPUNTUA: La Coda (1800m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • La Coda - Collado de las Pardinas : Ordu eta erdi
  • Collado de Pardinas - Refugio de las Pardinas : 15 minutu
  • Refugio de las Pardinas - Pico la Parda : Ordu eta erdi
  • Pico la Parda - La Coda : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Urrun samar gelditzen da zonalde hau Euskal Herritik. Iruñeatik Jacara joanen gara eta hemendik Sabiñanigora. Sabiñanigo inguratu eta Hueskako norabidea segituko dugu, baina segidan utzi behar da bide hau Fiscalekoa hartzeko. Fiscaletik Ainsara eta hemendik Bielsa aldera joko dugu, eskuinetara Plan herrira doan errepidea hartu arte. Plan eta eta San Juan de Plan gibelean utzi eta bihurgune itxi batean Biadoseko aterpera igotzen den pista hartu behar da. Pista honetatik kilometro batzuk eginda, ezkerretara ateratzen den pista txikiago bat hartu behar da. Ez da arras egoera onean, baina auto altuekin goitiraino igotzen ahal da. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren eguna Sobrarbe aldean eta egun honetarako bailaraz aldatu eta Chistau aldera jo genuen. Bezperan bezala, altu igotzen diren pistak aprobetxatuko genituen elurra zegoen punturaino igotzeko. Kasu honetan autotik 5 minutura paratuko genituen eskiak, harrigarria dauden elur baldintzak ikusita.

9:40 : La Coda (1800m)
Erran bezala autotik abiatu eta bortz minutuan eskien gainean ginen, bezperan 25-30 minutuko bizkarrean eraman behar izan genituelarik.


Eskuinetara Verdemeneko amildegia utziko genuen eta hego-mendebaldeko norabidean malda gozoak igo genituen. Geroago eskuinean ikusten diren elur maldetatik jaitsiko ginen ibilbide zirkularra hetsiz.


Gibelean autoa utzitako larreak elurrik gabe hego aurpegietan. Leku hau arras aproposa da eskiatzeko. Izan ere, pista 1800 metroraino igotzen da hego aurpegitik, eta justu akitzen den puntuan hasten da ipar aurpegia.



Metro batzuk igota, Monzarroko larre zabaletan barneratu ginen.


Bidean Monzarroko etxola bisitatu genuen. Egoera onean dago eta aukera ona izaten ahal da gaua pasatzera etortzeko.


Etxola gibelean utzi eta lautadatik segitu genuen.


Argazkiaren eskuinetara antzematen ahal den lepoa zen gure ondoko jomuga.


Azken metroetan pixka bat malda gehiago izanda ere, erraz ailegatuko ginen bertara.


Lepora ailegatzen Monzarroko lautada eta Posets-Eriste mendizerra gibelean genituela.


11:04 : Collado de Pardinas (2263m)
Lepoan eginen genuen eguneko lehen transizioa. Foka-larruak kendu eta beheiti...


150 bat metroko jaitsiera izan zen lehendabiziko hura, argazkian ikusten den errekatxo horren bazterreko zelaitxora. Hor fokak berriz jarri eta amildegian goiti segituko genuen.


11:31 : Refugio Pardinas (2110m)
Hetsita dagoen aterpe honen ondoan bigarren transizioa egin eta bigarren igoerari ekin genion.


Elur gutxi zegoen txoko honetan eta bortz bat minutuan eskiak bizkarrean eraman genituen.


Pardinaseko amildegia segidan orientazioz aldatzen da ordea eta eskiak jarri ahal izan genituen.


Amildegitik atera eta malda zabal eta tenteagoetatik segituko genuen.


Arrasto markatuan...


Argazkiaren eskuinetara ikusten den lepora aterako ginen.


12:55 : Collado de Verdemene (2513m)
Pardinas eta Verdemeneko isurialdeak bereizten dituen lepo honetatik gailurra metro gutxi batzuetara bertzerik ez dago. Punta Suelzako hego aurpegia gure gibelean utzita malda errazetik eginen genuen gailurrerainokoa.


13:01 : Pico la Parda (2552m)
Bezperan Monte Perdido eta Muniako mendizerretara genuen ikuspegia ederra bazen, mendi honetatik ere 3000ko menditzarrek presentzia handia dute. Irudian Bachimalako ertza, joan den udan egin genuena.


Posetseko mendigunea...


Hegoaldean oraindik guretako ezezaguna den Cotiellako mendigunea.


Eta mendebaldean Monte Perdidokoa...


Gailurrean lasai ederrean egon ondotik udaberriko elur goxodun jaitsiera azkarra egin genuen.


13:57 : La Coda (1800m)
Autotik metro gutxi batzuetara ailegatu ginen eski gainean. Eguraldi bikaineko asteburuari amaiera ederra eman genion Pirinioetako txoko guretako berri honetan ibilbide polita eginez.


BIDEOA:

2020/02/26

Punta Ruego (2589m), Liena (2604m)

EGUNA: 2020/02/22

ABIAPUNTUA: Petramula (1920m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Petramula - Punta Ruego : 2 ordu
  • Punta Ruego - Liena : 45 minutu
  • Liena - Petramula : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Asteetako idortearen ondotik, Pirnioetan elur arras gutxi dugu. Hala, otsailean egonda ere, apirilean eginen liratekeen planak egin behar dira. Apirilean ez bezala ordea, ipar aurpegiek ez dute eguzki handirik ikusten eta elur ona harrapatzeko hego magalak bilatu behar dira. Gauzak honela, Sobrarbe inguruan izan gara bertako pistak altuera handira igotzen baitira. Lehen bidea udatik ezaguna dugun Petramulatik egin dugu, Liena eta Punta Ruego inguruko malda zabaletan.

9:22 : Petramula (1920m)
Gauez ailegatu ginen bertara eta lo Borda Brunedeko lautadatxoan pasatu ondotik, goizeko argitan Petramula ondoraino autoz ailegatu ahal izan ginen. Aparkatu, gauzak prestatu eta eskiak bizkarrean Lienara igotzen den pistan goiti abiatu ginen.


Jende gehiena Peña Blanca aldera igotzen zen bitartean, gu bakar.bakarrik gindoazen gure helburuaren bila. Hasierako metroetan ikusten genuen panoramak eskiatuko ote genuen zalantzak izatera eraman gintuen.


Refugio de los Barbietos inguruan, 2050 bat metrotko altueran, eskiak jantzi ahal izan genituen.


Eta handik goiti elur baldintza onak harrapatuko genituen. Metroak irabazi ahala, inguruaren edertasunaz gozatzeko aukera ere izan genuen Monte Perdido, Añisclo, Cilindro eta enparauak begibistan izanez.


Eremu zabal honetan eski estazio bat egiteko proiektu bat egon zen mende hasieran. Leku bikaina da egia erran eta pena izanen litzateke horrelako proiektu bat gauzatzea.


Malda zabaletan goiti Monte Perdido inguruak, Chinipro, Robiñera, Sobreesplucas eta Espluca Ruego mendien begiradapean.


Zerua, elurra eta gu...


Las Tres Marias izeneko mendiak gure gibelean...


Lehen gailurrera ailegatzen.


11:15 : Punta Ruego (2589m)
Bi ordu eskasean ailegatu ginen gailurrera, erritmo lasaian igoz elurrari guritzen uzteko. Gailurretik Barrosa mendiaren hego malda ia elurrik gabe ikusten zen...


Tarte zabala eman genuen tontorrean eta hegoaldera lehendabiziko jaitsiera egin genuen 2440 metro ingurura dagoen lautadatxora. Bertan berriz foka larruak jarri eta Liena aldera abiatu ginen.


12:44 : Liena (2604m)
Bertze igoeratxo batek eguneko bigarren kaskoan utzi gintuen, pixka bat lehenago igotako tontorra eta Monte Perdido eta Muniako 3000ko gailurrak parez pare genituela.


14:17 : Petramula (1920m)
Udaberriko elur bikainean egindako jaitsiera ederrak berriz ere azpiko pistan utzi gintuen eta bertatik eskiak bizkarrera eramanda autorainokoa egin genuen.


BIDEOA:

2020/02/17

Espelunciecha (2399m)

EGUNA: 2020/02/15

ABIAPUNTUA: Formigal - Parking Anayet (1721m)

ZAILTASUNA: S3 (ekialdeko maldan)

DENBORAK:
  • Igoera: Bi ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Sabiñanigorako bidea segituko dugu. Sabiñanigotik Biescasera eta Tenako bailaran barneratuz Formigalgo eski estazio inguruetara ailegatuko gara. Estazio honen Anayet aparkalekuan utziko dugu ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Negua aitzinera doa eta idortea eta tenperatura epela kezkatzen hasteko modukoak dira. Ez dira garai onenak eskizaleondako, baina Pirinioetan badira lekuak elur dezente dutenak. Formigal eski estazioan izan gara honetakoan, Espelunciecha mendi klasikoan bide polita egiten.

9:42 : Formigal - Parking Anayet (1721m)
Auto lerroen artean egin genuen estaziorainokoa. Jadanik betetzen hasia zen aparkaleluan kotxea utzi eta eski pistetatik ihes egin genuen ahal bezain fite.


Segidan zeharkaldi bat eginen genuen Culibillas mendi dotorea parez pare genuela...


Honela ekialdek orientazioa duen Culibillaseko amildegian barneratu ginen.


Oso-osorik zeharkatu behar da bailaratxoa, inolako zailtasunik gabe.


Anayeteko zelai zabalera atera aitzinetik malda tenteago bat gainditu behar da.


11:17 : Paso de Culibillas (2205m)
Maldak eta amildegia gibelean utzi eta Anayet eta Vertice mendien puntak ikustearekin batera Anayeteko lakuak kokatuta dauden zelai zabalera atera ginen.


Udan ibilia nintzen leku honetan, aipatutako bi mendiak igo genituelarik. Elurrarekin ere zoragarria da paraje hau.


Eskuinetara biratu eta irudian ikusten den Espelunciechako malda etzanak igotzeari ekin genion. Hegoaldeko ertzera aterako ginen eskuineko aldetik.


Igoeran tarteka gelditu eta gibelera begiratzea merezi zuen. Anayeteko lautada zabala Arroyeras (ezkerrean) eta Anayetek (eskuinean) hesten dute.


Ertzera aterata eskiak utzi eta gailurrera oinez segituko genuen zailtasunik gabe ertzetik.


12:00 : Espelunciecha (2399m)
Gailurretik zirkurako ikuspegi ederra dago.


Balaitus ingurua...


Picos del Infierno, Garmo Negro, Algas, Argualas...


Eta nola ez Midi d'Ossau bakartia...


Eskietara bueltan, igoerako bidea hautatu ordez, ekialdeko maldatik zuzenean Glera de Anayet aldera jaistea erabaki genuen. Lehen metroak aldapatsuak dira, baina elur ona harrapatu genuen eta arazorik gabe jaitsi ginen.


Behin Glera de Anayet deitzen den parajetik jaitsitako mendiaren ekialdeko aurpegia...


Gleratik beheiti segitu genuen, jaitsiera erraz eta politean, Culibillas, Arroyeras eta Espelunciecha mendiak begibistan genituela. Toki ederra da honakoa. Lastima Formigalgo pista bat ondotik pasatzen dela...


13:30 : Formigal - Parking Anayet (1721m)
Azken zatia eski pista jendetsutik egin genituen. Argi dago zergatik gustatzen zaigun mendian eskiatzea, eta ez pistetan...


BIDEOA: