2021/11/24

Pic de la Dona (2702m)

 EGUNA: 2021/11/22

 

ABIAPUNTUA: Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)

 

ZAILTASUNA: S2

 

DENBORAK:

  • Igoera: Bi ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu

 

NOLA AILEGATU:

 Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian. Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera biratu eta Ripoll ere gibelean utzita Camprodon herrirako norabidea hartuko dugu. Camprodonetik Vallter 2000 eski estaziora igan behar da.


ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Bezperan Bastiments mendian eskiatu ondotik eta arratsalde horretarako bertarako iragarrita zegoen elurtea ikusita, inguruan gelditzea erabaki genuen Pirinioetako elur oasi ttipi honetan bertze zerbait egiteko. Kasu honetan estazioaren hegoaldean kokatuta dagoen Clot de Xemeneia inguruan aritu ginen goiti eta beheiti, Pic de la Dona mendiaren magaletako elurrak dastatzen.

10:17 : Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)

Uste baino eguraldi hobea aurkitu genuen estaziora igatean. Hegoaldeko hodei beltz mehatxatiak ez ziren bertaraino ailegatzen eta zeruan urdingune zabalak genituen. Gauean iragarritakoa baino elur gutiago bota zuen, zentimetro inguruko geruzatxoa eskiatzaileen joan-etorriek zaildatutako elur zaharra doi-doi goxatzeko. Pla de Morens pistatik hasi goiti hasi genuen eguna iparraldeko norabidea hartuz.



Pistetatik zati bat igota, Pla de Morens deitzen den lautadatxora ailegatu ginen.


Hortik goiti teleaulki eta abarrak gibelean utzi eta eskuinetara biratuko ginen poliki-poliki Dona mendi aldera.


Mendiaren mendebaldeko maldatik eginen genuen igoera. Harri batzuk bistan izan arren, egoera onean harrapatu genuen ingurua eta arazorik gabe eskiatu ahal izanen genuen. 


Zeruari begira egin genuen igoera, baina zorionez iragarpenek zioten baino egun argiagoa izan genuen. Eguzkia tarte aunitzez ikusi ahal izan genuen, harat eta honat zebiltzan lainoen artetik kirikaka. Haizerik ez eta jenderik ere ez... Lasaitasuna erabatekoa zen.


Metroak irabazi ahala bezperan igandako Bastiments mendia bistaratu genuen. Gure eguneko gailurra hurbil genuen jada, 600 metrora ailegatzen ez den igoera motza baita.


11:31 : Pic de la Dona (2702m)
Erritmo konstantean ordu eta laurden inguruan goitian ginen. Ailegatzearekin batera lainoek inguratu gintuzten eta elur pixka bat ere hasi zuen, baina pixka bat itxaron ondotik berriz ere argiuneak ireki ziren zeruan eta lehen jaitsiera on bat egin ahal izan genuen.


Ederki gozatu genuen lehen jaitsiera horretan eta inguruan goiti-beheiti batzuk egiteko baliatu genuen goiza.


Pic de la Donaren magalean bertze igoera eta jaitsiera bat egin ondotik, hirugarren aritu aldia Puig d'Ombriaga menditxo aldera egin genuen. Ongi elurtutako malda honetan eskiatuko genuen.


Puig d'Ombriaga eta Dona mendien arteko lepora atera ginen, Bastiments eta Bacivers mendiak parez parez genituela.


Azken jaitsierarako prestatzen...


13:59 : Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)
Horraino Gironako Pirinioetako eski estazio honetan egindakoak. Azaroan hiru aldiz eskiatu ahal izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula bizi garen garai honetan... 

BIDEOA:

2021/11/23

Bastiments (2881m)

EGUNA: 2021/11/21

 

ABIAPUNTUA: Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)

 

ZAILTASUNA: S3 (hegoaldeko maldatik S2)

 

DENBORAK:

  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu

 

NOLA AILEGATU:

 Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera biratu eta Ripoll ere gibelean utzita Camprodon herrirako norabidea hartuko dugu. Camprodonetik Vallter 2000 eski estaziora igan behar da.

 

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc

 

KRONIKA:

Azaroa eskiak zorroztu eta lehen elurteekin ametsetan hasteko hilabetea izaten da normalean. Noizbehinka, elurteren bat bota eta behar baino lehenago abiatzen gara malda zurietan lerratzeko gosea pixka bat mantsotzera. Aurten ere nekez paratzen ahal dira eskiak oraindik, baina momentu jakin batzuetan leku zehatzean egoteak bere abantailak ditu. Gironako egonalditxoari zuku ezin hobea atera diogu...

9:53 : Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)

Estazioa irekita zegoela iduri zuen Vallterrera ailegatu ginelarik. Auto andana bide bazterrean eta jende ausarki... Elur goseak ez digu guri bakarrik erasaten. Pirinioetan eskiak paratzen ahal diren leku apurretako bat izateak ere laguntzen du, bistan da. Gauzak prestatu eta ongi elurtuak zeuden eski pistetatik goiti ekin genion igoerari, gibelean iganen genuen gailurra ikusten genuelarik.


Barquins izeneko pista urdinetik eginen genuen lehendabiziko zatia. Estazioa hetsita egonik, pista osoa genuen guretako. Ibilbide hau arras deberdina izanen da behin estazioa irekita.


2400 metro inguruan maldak tentetasuna galtzen du eta Gra de Fajol mendiaren azpian Marranako lepoa bistaratu genuen.


Puntu horretan utzi behar dira eski pistak eta aipatu lepora zuzendu Ulldeterreko zirkuan barneratuz. Gra de Fajol eta Bastiments mendien artean lautadatxo zabala dago...


10:51 : Coll de la Marrana (2529m)

Lautadatxoa zeharkatuta malda tenteago baina erraz batetik Marranako lepora atera ginen. Goxo zegoen eguzkitzan, eta normalean arras haizetsua izaten den inguru honetan brisa pixka bat bertzerik ez zebilen. Eskuinetara biratu eta elurrez justu samar zegoen Bastiments mendiaren hegoaldeko malda igateari ekinen genion.


Sasiordeka batek azken malda tentearen azpian utziko gintuen. Hortik goiti kutxilak paratu eta arazo handirik gabe eginen genuen gailurrerainokoa, aitzineko egunetako eskiatzaileek ongi marraztutako arrastotik.


Azken metroak Gironako mendi ezagun honetara ailegatzeko...


11:46 : Bastiments (2881m)

Aparkalekutik atera eta bi ordu eskasean kaskoan ginen. Argazki batzuk eta jaitsierarako prestatuko ginen...


Egonalditxoaren ondotik beheiti abiatu ginen. Jaitsiera igandako bide beretik igo ordez, goitirakoan fitxatu genuen ekialdeko maldatik eginen genuen. Hegoaldekoan baino elur gehiago zuen malda honek, nahiz eta tarteka arroka mehatxatiak izan inguruan.


Irudiko malda tentetik beheiti sartu ginen estazioaren goitiko partera. 2500 metro inguruan hartuko genituen pistak...


12:46 : Estacio d'Esqui Vallter 2000 (2160m)

Vallter inguruko lehen ateraldia balekoa izan zen eta biharamunean ere goiza aprobetxagarria izanen zenez, inguruan gelditzea erabaki genuen.


 BIDEOA:

 

2021/11/08

Arlas (2044m)

EGUNA: 202!/11/06

ABIAPUNTUA: Arette-La Pierre Saint Martin eski estazioa (1656m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Arette - Telesiege Le Panoramique : Ordu eta erdi
  • Telesiege le Panoramique - Cabanes de Pescamou : 20 minutu
  • Cabanes de Pescamou - Arlas : 40 minutu
  • Arlas - Arette : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan Izpegiko lepoa zeharkatu eta Behe Nafarroa eta Zuberoan barrena egiten dugun Aretteko eski estaziorainokoa. Garazitik Larzabalerako bidea hartu eta hemendik Atharratze aldera doan bidea hartuko dugu. Atharratze gurutzatu eta eskuinetara Santa Grazira doan bideari segituko diogu. Santa Grazitik goiti Soudeteko lepotik ailegatuko gara Arette-La Pierre Saint Martingo eski estaziora.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Deja vu bat izan dut. Eski denboraldi hasmenta goiztiarra Aretteko eski estazioan. Iaz bezala, aurten ere ipar-mendebaldetik sartutako denboraldiko lehen elurte serioak bertarako bidean paratu gaitu eta bete-betean asmatu dugu. Negu giroko egun haizetsu eta hotzean berriz urre zuriaren gainean irristatzeko sentsazioa bizi ahal izan dugu. Ea orain ez den sobera luzatzen hurrengoa...

8:17 : Arette - La Pierre Saint Martin (1656m)
Goizean goiz abiatu gara herritik, baina gustuko lekuan ez omen da maldarik. Eski estazioan gauzak prestatu eta lehendabizikoa izan gara goiti abiatzen.


Elurte ederra bota du, egia erran uste baino handiagoa. Dena zuri-zuri eta geruza lodiarekin. Hala ere, lehena izanda, eski pisten zoru leunak aprobetxatzea hobe.


Eski estazioko Boulevard des Pyrenees pista luzea igo dugu lehendabizi Arlas mendia gure eskuinetara utziz. Geroxeago egin genion bisita.


Bezperan ibilitakoen arrastoak arratseko elurtetxoak tapatu ditu eta goitirako bidean arrastoa irekitzearen zortea izan dugu.


Soum Couy mendi aldera abiatu gara. Iaz bertara igoz estreinatu nuen denboraldia, baina oraingoan gailurrari uko egin diogu haize gogorra zela eta.


Arre de Soum Couy deitzen den parajetik igotzen da pista, elurrak apaindutako izei ttipien artetik... Gezurra iduri zuen eski pistetan ibilki ginenik ere...


Ipar-ekialdeko haize gogor eta hotzak parez pare jotzen gintuen. Sentsazio termikoa zeropetik gradu aunitzekoa izan da. Soum Couy eta Auñamendi inguruko zaindariak momentu oro begibistan iza ditugu inguru honetatik...


Azken zatian eguzki izpiek zertxobait epelduko zituzten gure aurpegi hotzak, baina ia igoera guzia itzaletan egin dugu.


9:33 : Telesiege le Panoramique (2153m)
Bertze latitude batzuetako itxurarekin hartu gaitu pistaren goitiko aldeko teleaulkiaren geltokiak. Erabat izoztuta zegoen guzia. 


Eraikin ttipiaren gibelean egin dugu transizioa, haize zitaletik babestu nahian. Foka-larruak kendu eta lehen jaitsiera igotako bidetik.


10:26 : Cabanes de Pescamou (1815m)
Zati bat jaitsita estaziora jaisten den pista utzi eta zuzen segitu dugu Arlas mendiaren azpian dauden etxola hauetaraino. Berriz ere fokak paratu eta goiti...


10:50 : Col de Pescamou (1918m)
Eguzkitan baina goxotasun handirik gabe ailegatu gara lepora minutu guttian.


Haizeak gogor jotzen segitzen zuen baina Arlaseko gailurrera igotzen saiatzea erabaki dugu. metro batzuk gehiago eskiz eta kranpoietara pasatuko ginen azken zati tenteena igateko.


Hego-ekialdeko ertzean ere elur dezente harrapatu dugu eta arrastoa irekitzeak lanak eman dizkigu. Zorionez metro gutti batzuk bertzerik ez dira... Ordurako iparraldetik laino ari zen sartzen ziztu bizian...


11:18 : Arlas (2044m)
Bigarren aldia niretako gailur xume baina polit honetan. Giroa ez zegoen aunitz egoteko ordea eta segidan abiatu gara beheiti.


Jaitsiera iparraldera egin dugu, Arettera bueltan ermanen gintuzten pisten bila. Lehen metro tenteenak oinez egin ditugu berehala eskiak paratzeko...



Gypaete pistatik egin dugu estaziorainoko bigarren jaitsiera. Elur ona harrapatu dugu, nahiz eta ordurako jende dezente pasatua izan bertatik.

11:58 : Arette - La Pierre Saint Martin (1656m)
Horraino denboraldiko lehen eski egunak emandakoa. Orain bertze elurteren baten zain egon behar...


BIDEOA:

2021/11/02

Urkulu (1423m)

EGUNA: 2021/11/01

 

ABIAPUNTUA: Organbideko lepoa (988m)

 

ZAILTASUNA: Erraza

 

DENBORAK:

  • Organbide - Urkulu : Ordu eta erdi
  • Urkulu - Azpegi - Harpea : Bi ordu
  • Harpea - Organbide : Ordu bat

 

NOLA AILEGATU: 

Gure kasuan Erratzutik abiatuta Izpegiko mendatea gurutzatu eta Baigorritik Donibane Garazira jo genuen. Hemendik Ezterenzubira hartu genuen eta hegoalderantz segitu  Arnostegi eta Organbideko lepoetara igotzen den errepidetik. Goitiko partean Orbaizetara eramanen gaituen bidea hartu behar da Organbideko zelairaino. Hegoaldetik etorriz gero, Aezkoako Orbaizeta herritik Olan barrena igotzen den zementuzko bidea hartu behar dugu Azpegiraino, hemendik Organbidera jaisteko.


ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Eguraldi txarreko edo ez hain oneko egunei zukua ateraz gero, gelditzen den sentsazioa arras  gozoa izaten da. Erran batek dio "etxean gelditzen bazara zuretako txarra egin du"-ela eta egia borobila da. Atzo iragarpen eskasarekin jo genuen etxetik hurbil ditugun Urkulu mendia eta Harpeako kobazulo ezaguna lotuz ibilbide bat burutzera eta euripean hasitako eguna bikain akitu genuen.


10:06 : Organbideko lepoa (988m)

Bertarainokoan nahiko ateri bazegoen ere, lepora ailegatuta euri zaparrada batek harrapatu gintuen eta autoan egondali bat egin genuen atertzeko zain. Euria guttitzearekin batera lepotik mendebaldera ateratzen den pista honetatik abiatu ginen. Pareko lepoa genuen helburu gero ezker biratzeko gailur aldera...


Belarrezko alfonbratik egin genituen lehen metroak gibelean argiuneak utzi eta laino tartera sartuz.


Larre zabalak utzi eta udazken koloreko basotxo batean sartu ginen.


Gurutzatu genuen pagadia arras harritsua da eta momenturen batean bidea galdu ere egin genuen. Goroldioz estalitako harkaitz handien artean ibili ginen tarte batez...


Berriz bidea harrapatuta basotik atera eta mendiaren iparraldeko magal zabaletik segitu genuen.


Lainopean, euritan eta ipar haize zitalaren ufadekin egin genuen gailurrerako azken zatia. Neguan eskiatzeko aproposak iduritu zitzaizkigun paraje hauek.


11:07 : Urkulu (1423m)

Ordu eskasean kaskoan ginen. Ez zen girorik bertan eta erromatar garaiko dorrea utzi eta beheiti abiatu ginen segidan.


Beheitirakoa hego magaletik eginen genuen, marka horiei segituz. Goitirakoa ez bezala, bide hau arras ibilia dela ikusten zen. Lehen zatia harritsua da eta irristakor samar harrapatu genuen euria zela eta.


Marka horiei segika lepo honetara ailegatu eta ezkerretara biratuko ginen, kasu honetan GR11aren bidetik.


11:45 : Azpegi (1056m)

GR11a bailaran barneratzen da eta guk hura utzita Azpegiko leporako bidea hartu genuen.


Bertatik Organbideko lepora doan errepideari segituko genion tarte batean.


...hau ere fite utzi eta eskuinetara marka zuri eta berdeak hartzeko.


Metro batzuren buruan pista honetara ailegatuko ginen. Momentu honetatik aitzin zeruko hodeiak pixka bat arintzen hasi ziren eta mendebaldetik ostarteak irekitzen...


GPSari segituz pista belardi honetan utzi genuen eta bide jakinik gabe segitu. Tarte honetatik aitzin lekua ezagutzen ez bada behintzat, zaila da bide zuzena segitzea GPSrik gabe. Ordura arte lainopean egon zen Urkuluko kaskoa ikusgai genuen jadanik...


Bizkar batera igo eta parez pare Errozate dotorea bistaratu genuen. Bizkar honetatik ibiliko ginen.


Harpeara ailegatzeko ez da bizkarra gainez gain segitu behar hondarreraino. Pixkanaka bere ipar-ekialdeko magalean sartu ginen.


Errozate ingurua une oro begibistan...


Aipatutako magaletik zeharkaldi luzea egin genuen. Intuizioz sumatzen da gure ezkerretara genuen bailaratxoaren goitiko sakonean egon behar dela Harpea eta hala egin genuen bidea, intuizioari segituz. Argazkian ikusten den lepotxo berdera zuzendu ginen.


Gure ezkerretara baina aise beheitiago berez Harpeara joaten den bidea dago, etxola horietatik pasatzen dena.


Gu ordea lepotxo berdetik pasatu eta zuzen jaitsiko ginen bertara. Hemendik aitzin txoko hau zoragarria iruditu zitzaigun...


Errekatxo sigi-sagatsua, udazken kolore zuhaitzak han-hemenka, kobazulo berezi bat...


Ipuin bateko paisaia da Harpeakoa...


Edo Brave Heart pelikulako eskoziako antzinako paisaia bat... Baina hementxe dugu, Euskal Herrian berean, etxetik arras hurbil gure kasuan.



Denboran iltzatuta gelditu dela ematen du. Historiaurretik erabili izan omen da aterpe modura leku hau eta ez naiz harritzen. Mendi eta lautada zabalen artean, ezkutatuta, babesean dago.


12:59 : Harpea (883m)

Beheti jaitsi eta kobazuloa bisitatu genuen.


Geroago leku megiko hau utzi eta bertara ailegatzeko erabiltzen den bide arruntenetik ekin genion itzulerari.


Metro batzuk eginda Elhursaroko etxoletatik Organbideko lepora eramanen gintuen errepidea hartu genuen.


13:44 : Organbideko lepoa (988m)

Errepidetxo horretatik 3 kilometro egin eta gero itzuli ginen autora. Azkenean, goiza aski ongi aprobetxatua gure geografiako bi leku ezagun eta polit ezagututa.