2023/08/31

Mendieder (1077m), Ekaitza (1046m), Ibintza (1035m), Zipuru (724m)

EGUNA: 2023/08/19
 
ABIAPUNTUA: Arantza (271m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:

  • Arantza - Mendieder : 3 ordu
  • Mendieder - Ekaitza : Ordubete
  • Ekaitza - Ibintza : Ordubete
  • Ibintza - Arantza : 2 ordu

NOLA AILEGATU:

Arantza Nafarroa iparraldean dagoen herria da. Bertara Irun eta Iurñea lotzen dituen N121A errepidetik ailegatuko gara. Herritik beretik abiatzen da ibilaldi hau.

ARRASTOA: 

Powered by Wikiloc

KRONIKA:

Arantzako herria iparraldera irekita dagoen mendiz inguratutako zirku baten sakonean kokatua dago. Inguratzen duten gailurren zeharkaldia segur aski Bortzirietan egiten ahal dugun mendi ibilaldirik ederrena izanen da. Hona hemen bide horri buruzko kronika.

 9:02 : Arantza (271m)

Herritik beretik abiatu nintzen eta hilerrirako bidea hartu nuen.



Herriaren goitiko partean bidegurutze honetara ailegatu nintzen. Nik ezker hartuko nuen, baina eskuineko bidetik ere Mendiederrera igaten ahal da.


Zementuzko bide batetik igan nintzen zati batean...


Igantzi eta Larrun mendia bidetik...


Zementuzko bidea GRaren marka zuri-gorriei segitzeko utziko nuen. Marka horiei segituko nien tarte batean...


Pago eder honetan utzi nituen marka zuri-gorriak eta arbola lerroaren kontratik doan bidexka politari segitu nion. Egun beroa zetorren eta pagoen itzala eskertu egiten zen.


9:28 : Bulatxikiko lepoa (568m)
Itzalpeak ez zuen luze iraun. Pagoak utzi eta lepoa honetara aterako nintzen. Puntu honetan hasiko nuen zirkuko gainen zeharkaldia. Askan ura hartu eta aitzinera...


Lepotik aitzin zirkuko gainak akitu arte galbiderik ez du bideak, beti gainez gain segitu behar baita. Puntu honetatik Mendieder bistaratu nuen. Bere ezkerrean Mendaur ezaguna ere ageri zen, nahiz eta bertara ez nintzen iganen.


Arantza beheitian...


9:41 : Zipuru (724m)
Bizkarrez bizkar luze gabe ailegatu nintzen zirkuko lehen kaskora.


9:44 : Azkiko lepoa (695m)
Lasterkaldi labur baten ondotik lepo honetara jaitsi nintzen. Hona ailegatzen da Arantzatik marka zuri-gorriak segituz Mendaurrera doan bidea. Berez egiten ari nintzena baino motzagoa da hemendik igatea.


Lepoa utzi eta auto hori dagoen lekuan bizkar apal hauek zeharkatzen dituen pista utziko nuen.


Hasmenta batean Mendaurrera doan bidexka hartu nuen.


Baina bidexka horrek Mendieder inguratu egiten du, beraz utzi eta bizkarrera atera nintzen berriz azken metroak egiteko.


10:12 : Mendieder edo Ilurdi (1077m)
Ordubete eta hamar minutuan Arantzako mendirik altuena denean nintzen. Argazki pare bat eta aitzinera...


Lasterka egin nituen ondoko metroak Mendieder eta Ekaitza lotzen dituen bizkar leunetik.


Ekaitzaren azpian kokatuta igoera motz bat bertzerik ez nuen egin behar kaskora ailegatzeko.


Hantxe gelditu zen Mendieder...


10:32 : Ekaitza (1046m)
Eguneko hirugarren kaskoan...


Gailurra utzi eta gandorretik segitu nuen. Bidea pixka bat aldatu egiten da puntu honetatik aitzin. Basoa bizkarreraino bereraino ailegatzen da eta bidexka zakarragoa da. Argazkian ikusten den Aranburuko gaina eskuinetik inguratzen duen bidexka hartu nuen baso artetik.



·Eta enegarrenez bizkarrera atera nintzen. Parean nuen eguneko azken tontorra: Ibintza edo Komizko Gaina-


Berriz ere korrika pixka bat egiteko baliatu nuen bidexka leuna, azken maldaren oinera behintzat hala joanen nintzen.


10:53 : Ibintza edo Komizko Gaina (1035m)
Malda tente eta motzean hortzak estutu eta azken kaskoan nintzen. Argazkian zeharkatu berriz nituen gailurrak ageri dira: ezkerrean Mendieder eta eskuinean Ekaitza.


Honenbertze goiti egin beharrekoak (gehienak behintzat bai!) eginak nituen. Gailurretik iparraldera segitzen duen bizkar nagusia hartu nuen, baina metro batzuk egin eta gero eskuinetara bertze bizkar apalago batera jaitsiko nintzen.


Magal hori jaitsiko nuen horretarako. Argazkian ikusten den bezala, bizkar nagusiak eskuinetara (iparraldera) segitzen du.


Bizkar berria Negusoroko gainetik pasatzen da eta iparralderantz jaisten da jarraian. Hortik segituko nuen...


Igineko bordaren ondoko zementuzko bidea gurutzatu eta bizkarretik segituko nuen.


Inguru honetan bizkarra berriz ere arbolaz josia dago. Metro batzuk gehiago jaitsi eta Ollargaratako lepora ailegatuko nintzen.


Zati politak basoan...


11:10 : Ollargaratako lepoa (657m)
Bulatxikin gainez gain hasitako bidea lepo honetan akituko nuen. Iturri freskoan ur tragoxka bat eta eskuinetara ateratzen den bidetik jaisten hasiko nintzen.


Bidexkatik zeharkaldi bat eginda oihana ustiatzeko pista batera ailegatu eta bertatik jaitsiko nintzen Aientsa auzoa zeharkatzen duen bertze pista batera.


Puntu horretatik aitzin bidea azaltzea (eta aurkitzea) ez da erraza, bidegurutze aunitz baititu. Pista zatiak bidexkekin eta errepidearekin tartekatzen dira oro har ipar-ekialdeko norabidea segituz. Dena den, Arantzara ailegatzeko aukera aunitz daude.


Azken zatian PRaren marka zuri-horiei segituz Latsako erreka zeharkatzen duen zubi honetaraino ailegatu nintzen. Hortik herrira galtzada zahar batetik egiten den igoera gogorra bertzerik ez da gelditzen.


11:53 : Arantza (271m)
Hala akitu nuen abuztuko egun beroan Arantzako gain ezagunenak zeharkatzen dituen ibilbide ederra.

2023/08/29

Maupas (3109m), Navarro (3039m), Rabada (3036m), Tusse de Remuñe (3038m), Aiguille Jean Garnier (3025m), Crabioules Oriental (3116m), Crabioules Occidental (3106m), Lezat (3107m)

EGUNA: 2023/08/07-09

ABIAPUNTUA: Vallee du Lys (1130m)

ZAILTASUNA: 
Ertaina (AD). Zailtasunik handienak Maupas eta Crabioules arteko gandorrean kokatzen dira:
  • Maupasen mendebaldeko ertza: Jaitsieran harrapatzen den II. graduko pasabide estu bat zeharkatu behar da. Ikusgarria zaila baino. Hortik aparte ere esposizio handia duten pausuak egin behar dira behin eta berriz.
  • Crabioulesen ekialdeko ertza: Jean Garnier orratzaren aitzinetik eta gibeletik harrapatuko ditugun III. graduko bi zati dira teknikoenak.
DENBORAK:
  • Vallee du Lys - Refuge du Maupas : Hiru ordu eta erdi
  • Refuge du Maupas - Pic de Maupas : Bi ordu
  • Pic de Maupas - Col des Crabioules : Bi ordu
  • Col des Crabioules - Crabioules Oriental : Bi ordu
  • Crabioules Oriental - Crabioules Occidental : Ordu laurden
  • Crabioules Occidental - Refuge de Portillon : Bi ordu
  • Refuge de Portillon - Lezat : Bi ordu
  • Lezat - Vallee du Lys : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu 17. irteeran atera eta Bagneres de Luchongo norabidea hartu arte. Luchonera ailegatuta, Superbagneres eski estaziora igaten den errepidea hartu behar da. Kilometro batzuk bertatik eginda, bihurgune hetsi batean Lyseko zirkura sartzen den errepidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ez da berehalakoan ailegatu Crabiouleseko zirkua gainez gain zeharkatzeko plana. Aspalditik buruan genuen ibilbidea zen, baina gauza bat eta bertzea tarteko gibeleratu behar izan genuen. Itxaronaldiak merezi izan du. Pirinioetan 3000 metrotik goitiko mendien artean egiten ahal den gandor ikusgarrienen artean sartzen da aktibitate hau dudarik gabe.

2023/08/07
14:22 : Vallee du Lys (1130m)
Goizean egin genuen Erratzutik Luchonerainokoa, eta aparkalekuan itzala bilatuta eramandako ogitartekoak bazkaldu ondotik abiatu ginen goiti. Erreka zeharkatu eta pista zabaletik egin genituen lehen metroak. Segidan utziko genuen pista hau ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartzeko. Seinaleek hortik aterperainoko bidea erakutsiko ziguten.


Cascade d'Enfer (Infernuko Ur-Jauzia) eskuinetara utzi genuen. Inguru hartatik jaitsiko ginen bi egun beranduago.


Bidexka pagadi batean sartzen da eta ezker-eskuin biratuz altuera irabazten hasten da.


Pre de l'Artigue izeneko irudiko zelaitxoan eguzkitara aterako ginen. Zelai honetatik Enferreko arroilera joateko bidexka ateratzen da. Guk zuzen segituko genuen.


Bigarren bidegurutzea honakoa izan zen. Kasu honetan zuzen Pinatako lepora igaten den bidea utzi eta eskuinetara biratuko ginen aterpe aldera.


Altuera irabazi ahala pagoek pinuei uzten diete lekua...


Gibelera begirada Pinatako lepo aldera...


Gu mendebalderantz gindoazen bidexka eroso eta etzanetik...


Azpian autoa utzia genuen ingurua...


Zati lauagotik pasatuta, berriz ere goiti egiten du bideak.


Bizkar honetara atera ginen eta aterperaino ailegatzeko gainditu beharko genuen azken malda parean genuen. Bidea maldaren erditik igaten da zigzag aunitz eginez.


Urrunean 3000 metrotik goitiko menditzarrak ikusten hasi ginen; argazkiko Grand Quayrat, erraterako.


Prat Longeko etxola eskuinetara utzi genuen.


Eta mantso-mantso aterperainoko azken 500 metroko malda igateari ekin genion. Argazkian ageri diren mendiak Estauas eta Sacroux dira. Azken honetan eskiatzen ibili ginen joan den neguan.


Inguruaren edertasuna nolabait hautsi egiten dute zentral elektrikoaren poste eta hodiek. 


Maldaren goitiko partean markei segituz hodiaren azpitik pasatuko ginen. Aterpea hurbil genuen jadanik...


Errekaren bertze aldeko magaletik jaitsiko ginen handik bi egunera. Han kokatua dago Sarneseko etxola.


Aterpera ailegatzen...


17:18 : Refuge du Maupas (2430m)
Maupas menditik jaisten den magal luzeko balkoitxo pribilegiatuan kokatua dago aterpea. 30 lagunendako lekua du ttipia izan arren, eta xarma berezia du. Tratua eta janaria ere bikainak izan ziren.

Afalordura arte eguzkitan egon ginen gustura eta afalondoan lotara, biharamunean egun handia baikenuen zain.


Superbagneres aterpetik...


2023/08/08
7:43 : Refuge du Maupas (2430m)
Eguna bikain argitu zen biharamunean. 40 km/h-ko haizea iragarrita zegoen, baina zorionez iragarpenek ez zuten asmatu.


Aterpearen gibeletik mugarriei segituz abiatu ginen. Eguneko lehen helburua Maupaseko kaskora ailegatzea izanen zen, bertatik gandorraren zeharkaldia hasteko.  Bideak ez du misterio handirik, hasmentatik beretik gailurra ikusten baita.


Harkaitzen artetik bidea eginez...


Geldialdia hats pixka bat hartzeko...


Momentu batzuetan mugarriak galtzen genituen, baina hegoaldeko norbaideari eusten genion gailur aldera.


Ezkerreko aldean Boum mendia utzi genuen, sektoreko bertze 3000ko bat.


Maupasen iparraldean kokatua dagoen Tusse de Maupaseko gailurra inguratu genuen eta bi kaskoen arteko lepora zuzendu ginen.


Puntu horretan mendiaren izena ematen dion pasabidea gainditu behar da: Mal Pas edo pausu gaiztoa. Ezkerretik eskuinera egiten den eskaladatxo erraza da.


Behin pausua gaindituta, mendiaren ipar-mendebaldeko magal harritsuan sartu ginen eta granito blokeen artetik egin genuen bidea ertzera atera arte.


9:27 : Pic de Maupas (3109m)
Ertzetik metro guti batzuk egin eta eguneko lehen kaskoan ginen. 


Gailurreko argazkia atera eta alpinistaz mozorrotzeari ekin genion, hortik aitzin kontuak serio jarriko baitziren. 


Behin prest ginela, gailurra utzi eta mendebalderantz jo genuen gandorrari ekiteko. Lehen metroak errazak dira, baina segidan ertza estutzen hasten da; eta soka erabiliko genuen lehen pasabidera ailegatu baino lehen ere esposizio handiko zatiren bat pasatu genun.


Minutu gutitan ailegatu ginen Maupaseko ertzaren pasabiderik ikusgarrienera. Bi aldeetara erorketa handia duen ertz zati estua da, II. gradua edo izanen duena. Zailegia ez da, baina akatsik ez da onartzen; eta beraz, sokarekin pausua aseguratzea erabaki genuen. Berez punturik zailena pasabidera berera jaistea iruditu zitzaidan. Ertzetik eginez gero, III. gradua ere izanen du jaitsiera horrek; baina iparraldeko paretatik inguratzen ahal da. Behin hori eginda, gainerakoa aise zeharkatzen da.


11:20 : Pico Navarro (3039m)
Pausua gainditu ondotik soka mantentzea erabaki genuen eta ensanble moduan segitu genuen. Metro batzuk igan eta bigarren gailurrera ailegatu ginen.


Kasik gelditu gabe aitzinera segitu genuen. Sokarekin denbora dezente "galdu" genuen eta lan handiak genituen oraindik Crabioules mendira ailegatu arte. Navarro mendia utzita panorama hau genuen aitzinetik. Ertz estutik jaisten segituko genuen Rabada eta Navarro mendien arteko leporaino.


Kasu emanez pasatu beharreko zatiak ditu, esposizio dezentea dutenak.
 
 
Behin Rabada eta Navarro mendien lepoan gaindituta, lehen gandor zatiaren zatirik estu eta ikusgarrienak pasatuak genituen. Rabadako igoeran ertza pixka bat zabaldu egiten da eta erraz iganen ginen goiti.


11:59 : Pico Rabada (3036m)
Hala ailegatu ginen eguneko hirugarren gailurrera eta puntu horretan erraten ahal da Maupas mendiaren mendebaldeko ertz akitzen dela, behintzat bai zatirik ikusgarriena. Puntu honetan soka askatu eta bildu genuen.
 
 
Gailurra gibelean utzi eta ondoan dagoen Remuñe mendira zuzendu ginen gandor errazetik.


12:06 : Tusse de Remuñe (3038m)
Laugarren kaskoan ez ginen gelditu ere egin. Zerbait jateko geldialdia aitzinerago eginen genuela adostu genuen. Hortik bizkar zabal batetik Crabiouleseko lepora jaitsiko ginen.


12:14 : Col des Crabioules (3012m)
Behin lepoan ertz uzteko aukera dago, bai hegoaldera, bai iparraldera. Guk, ordea, puntu honetan ekinen genion Crabiouleseko zatiari, bi zatietan tekniko eta zailenari.
 
 
Lliterolako lakua eta Perdiguero mendia lepotik...
 
 
Lehen metroak errazak eta esposizio gutikoak dira Crabiouleseko ekialdeko ertzean. Erlaitz zabal batean zerbait jateko aprobetxatu genuen aitzin segitu baino lehen.


Ertzari berriz ekinda, laster ailegatu bigarren zati honen lehen puntu konfliktibora. Argazkiko paretak bidea mozten zigun, beraz berriz soka ateratzeko momentua ailegatu zen. Paretatxoaren azpian bilgunea muntatu eta III. graduko eskalada pausua eginez ezkerretik gaindituko genuen.


13:09 : Aiguille Jean Garnier (3025m)
Ezkerreko paretara ateratzea zirraragarria da, erorketa handia baikenuen zangopean. Hala ere, teknikoki aise egiten da. Iltze zahar batek babesten du pausua. Behin pausua gaindituta hamar bat metrora Jean Garnier orratz estuaren gailurra dago.


Orratza gibelean utzi eta granitozko blokeen artetik arrakala batera jaitsi ginen (erraza). Bertatik argazkiko panorama genuen begien aitzinean. Bi luze gehiago eginen genituen zati honetan: lehena, III. graduko ezproi ttipia igateko...


...eta bigarrena hego isurialdeko tximinia bertikala (III) gainditzeko.


Behin tximinia gaindituta ertza bertikaltasuna galtzen hasten da eta zailtasunak akitzen dira. Estuagoa ere bada azken metroetan.


14:20 : Pic de Crabioules Oriental (3116m)
Kontent ailegatu ginen Crabiouleseko ekialdeko puntara, eguneko punturik altuena izanen zenera. Hainbertze desiratutako gandorra kasik akitua genuela bagenekien.
 
 
Iparraldean bezperan abiatutako aparkalekua arras beheitian ikusten zen...
 
 
Oraindik ezin ginen guziz erlaxatu halere. Crabiouleseko bertze kaskora joan behar genuen eta gero handik beheiti jaitsi.
 
 
Crabiouleseko bi gailurren arteko gandorra ere arras ikusgarria da. Bi aldeetara amildegi sakonak ditu eta estua da. Dena den, zailtasunen aldetik ez II- gradutik pasatzen.


14:43 : Pic de Crabioules Occidental (3106m)
Aterpetik abiatu eta zazpi ordura eguneko zazpigarren eta azken tontorrean ginen. 
 
 
Mendebaldera Portillongo lakua begien bistan genuen, baita aterpea ere. Hara jaitsi beharko genuen.
 
 
Ekialdera berriz igandako kasko guziak: Maupas, Navarro, Rabada, Remuñe eta Crabioules.
 
 
Hala bada, gailurra utzi eta harri-mukuruei segika mendebalderantz jaisten hasi ginen. II. gradua duten pausuak jaitsi behar izan genituen Mamy arrakalarako bidean. Rapel bat ere topatu genuen zati batean, nahiz eta guk ez erabili.
 
 
Zailegia ez izan arren, zazpi ordu eta gero oraindik arreta mantentzekoa izan zen jaitsiera.
 
 
15:33 : Breche Mamy (3039m)
Izen bereko punta ikusgarriaren azpiko arrakalara ailegatzean ezkerretara biratu ginen azken eskaladatxo zatiak jaitsi eta "lur-zorura" ailegatzeko.


Harri solte aunitzeko azken zatia jaitsita, paretaren azpian kokatu ginen eta orduan bai erran genezakeen Maupas eta Crabioules arteko gandorra egina genuela. Soka era gainerako trasteak altxatu eta beheiti abiatu ginen.


Harrizko blokez osatutako unibertsoan barneratu ginen honela. Hala ere, erraten ahal da aterpera bitarteko zatia nahiko erosoa dela mugarriei segitzen badiegu.
 
 
16:35 : Refuge de Portillon (2568m)
Lakura jaitsi, hau inguratu eta urtegiko pareta zeharkatuta ailegatuko ginen. 
 
Hirugarren aldia zen niretako aterpe honetan: lehena, 2012an; bigarrena, iaz eta aurtengoa. Pirinioetako gordetako bigarren aterperik altuena da eta instalazio berri eta erosoak ditu. Bere kokapenari esker Luchongo 3000 metrotik goitiko mendiak aunitz igateko oinarrizko kanpaleku perfektua da.
 
 
2023/08/09
7:39 : Refuge de Portillon (2568m)
Hirugarren eta azken eguna Crabiouleseko zirkuko gailurren zeharkaldian, eta eguneko plana autora jaistea zen. Maupas-Crabioules gandorra akituta, lo egiteko aterperik hurbilena Portillongoa da eta Lyseko bailarara bueltatzeko aukerarik zuzenena Lezat mendiaren gainetik egitea da. Horrela gainera, bertze kasko bat zapaltzeko aukera ere izanen genuen.
 
 
Berriz urtegiko pareta zeharkatu eta bezperan jaitsitako bidetik goiti abiatu ginen Lliterolako lepo aldera.
 
 
Lakua gure eskuinetara utzi eta mugarriz markatuta bidexkatik goiti...
 
 
Erran bezala, lehen zatia bezperan jaitsi genuen bide beretik egiten da.
 
 
Baina 2750 metro inguruan dagoen zelaitxoan, Lliterolako bidea utzi eta ezkerretara biratuko ginen mugarri bakanei segika.
 
 
Lliterolako lepoa eta Crabioulesen mendebaldeko tontorra eskuinetara gelditzen dira.
 
 
Lezatera igateko bide normaleko tximiniara ailegatzeko, lehenik harresi bertikalez inguratutako goitiko "solairu" batera pasatu behar da. Bertara ailegatzeko malda tente bat igan eta eskaladatxo erraz batzuk egin behar dira harkaitz zurixka batzuetatik.
 
 
Ondoren harresiaren puntu ahula bilatu behar da. Argazkian harkaitz zurixka duen tximinia motza da puntu hori.
 
 
 
Behin tximinia erraza iganda goitiko solairuko harkaitz-blokeetan ginen. Lezateko ertzera igateko tximinia kuadrilla bat ikusten da puntu honetatik. Guk igan beharko genuen eskuinetara dagoen etzanenetako bat da. Mugarriei segituz ailegatuko ginen bertara.
 
 
Behin tximinia egokia harrapatuta, beheititik goitiraino igatea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. II. graduko pausuren bat edo bertze du tximiniak.
 
 
Azken zatian tximinia bi zatitan banatzen da eta ezkerrekoa hartu behar da ertzeko puntu errazenera ateratzeko.
 
 
Ertzera aterata ikuskizuna hasten da: bezperan igandako mendiak, Perdiguero inguruak...
 
 
9:06 : Lezat (3107m)
Zailtasunik gabeko metro batzuk eta gailurrean ginen.
 
 
Hiretako Kax!
 
 
Tarte luzea eman genuen Lezaten egonean. Egote goxoa zegoen eta bakarrik ginen gailur eder horretan.
 
 
Portillongo urtegia eta aterpea gailurretik...
 
 
Gourgs Blancs inguruak, eta urrunean Bachimala...
 
 
Perdiguero, sektoreko altuena. Oraindik izan gabea naiz bertan...
 
 
Neouvielleko sektorea urrunean; hurbilago, berriz, iaz igan genuen Hourgade ederra.
 
 
Iparraldera Grand Quayrat, eta Espingoko lakuak eta aterpea... Grand Quayrat hurbil ikusten da Lezatetik, baina bertara ailegatzeko gandor estu eta hautsia zeharkatu behar da.
 
 
Egonaldi goxoaren ondotik, jaitsiera luzeari ekin genion. Izan ere, kasik 2000 metro jaitsi beharko genituen. Gailurreko plataforman ipar-ekialdeko norabidea hartu genuen inguratzen duten harresien puntu ahularen bila.
 
 
Maupas eta Crabioules, bezperako oroitzapenak...
 
 
Plataforma izkinaraino joan eta bihotz formako marka urdinak bilatu behar dira bide egokia hartzeko.
 
 
Eskalada pausu erraz batzuk eginda belarrezko ezproi zabal batera ailegatuko ginen bertatik.
 
 
Ezkerretara Grand Quayrat mendia utziz...
 
 
Belarrezko ezproia amildegi batean akitzen da, baina mugarri eta markek ezkerretara ateratzen den terraza gisako batera eramanen gintuzten eta bertatik jaitsiko ginen harresiaren azpiko partera. Argazkia azpitik aterata dago. Gainekoa jaitsi genuen ezproia eta itzalean dagoen paretan ezkerretik eskuinera jaisten den terrazatxoa ikusten ahal da.
 
 
Paretak gibelean utzita, harrizko blokez osatutako antzinako glaziarraren morrena zeharkatu behar izan genuen.
 
 
Zati deserosoak argazkiko harrizko plaka zabaletan akitzen dira. Hortik beheiti plaka eta belardi zati erosoak tartekatzen dira.
 
 
Ipar-ekialderantz jaitsiko ginen Grand Quayrat mendiaren ekialdeko ertza azpitik inguratzeko. Ondoren ardi-bideetatik beheiti segitu genuen.
 
 
Beheiti egin ahala erreferentzia gisa baliatuko genuen Sarneseko etxola bistaratu genuen. Harat zuzenduko ginen Lysera jaisteko bidearen bila.
 
 
Segidan Maupaseko aterpea eta Sarneseko etxola lotzen dituen bidexka markatura aterako ginen eta bertatik eginen genuen etxolarainokoa.
 
 
Etxolara ailegatzen...
 
 
11:24 : Cabane de Sarnes / Prat Lastoue (2240m)
Etxolak zati bat mendizaleendako irekia du, arras egoera onean dagoena. Mahai eta aulkiak, eta ohatzeak ditu. Eta onena leku pribilegiatuan kokatua dago, Crabiouleseko zirkuaren parean dagoen magalean.
 
 
Etxolatik beheiti belar artean kamuflatzen den bidexka bihurria sartzen da Enferreko arroilaraino.
 
 
Bidean Crabiouleseko abandonatutako meategien eraikin erorien ondotik pasatuko ginen.
 
 
Crabiouleseko zirkuan barneratuz...
 
 
Aparkalekua oraindik arras beheitian...
 
 
Bezperan igandako mendietara joaten zitzaigun begirada jaitsi ahala.
 
 
Haraino ailegatu beharko genuen...
 
 
Azpiko partean zuhaitz artera sartu ginen eta eskertu genuen, egun beroa baikenuen. Bidexka ttipia Ru d'Enferreko ur-jauzira doan bide handiagora ateratzen da eta handik segituko genuen autora ailegatu arte.
 
 
Zati honetan Enferreko arroila ikusgarriaz gozatzeko aukera izan genuen.
 
 
Erreka polit eta freskagarriak...
 
 
13:32 : Centrale Electrique du Portillon (1153m)
Arbola artean zigzag ugari eginda, bidexka zentral elektrikoaren inguruan akitzen da. Zentral honek Portillongo urtegitik hartzen du ura, lurpetik Lezat mendia zeharkatu, Crabiouleseko zirkuaren goitiko parteko kanaletik segitu eta Maupaseko aterpetik beheiti jaisten diren hodi erraldoietatik ailegatzen da bertaraino. 
 
 
13:37 : Vallee du Lys (1130m)
Pista zabal batetik egin genituen aparkalekura ailegatzeko falta ziren metroak eta hala akitu genuen luzaroan amestutako aktibitate eder hau.