EGUNA: 2023/08/07-09
ABIAPUNTUA: Vallee du Lys (1130m)
ZAILTASUNA:
Ertaina (AD). Zailtasunik handienak Maupas eta Crabioules arteko gandorrean kokatzen dira:
- Maupasen mendebaldeko ertza: Jaitsieran harrapatzen den II. graduko pasabide estu bat zeharkatu behar da. Ikusgarria zaila baino. Hortik aparte ere esposizio handia duten pausuak egin behar dira behin eta berriz.
- Crabioulesen ekialdeko ertza: Jean Garnier orratzaren aitzinetik eta gibeletik harrapatuko ditugun III. graduko bi zati dira teknikoenak.
DENBORAK:
- Vallee du Lys - Refuge du Maupas : Hiru ordu eta erdi
- Refuge du Maupas - Pic de Maupas : Bi ordu
- Pic de Maupas - Col des Crabioules : Bi ordu
- Col des Crabioules - Crabioules Oriental : Bi ordu
- Crabioules Oriental - Crabioules Occidental : Ordu laurden
- Crabioules Occidental - Refuge de Portillon : Bi ordu
- Refuge de Portillon - Lezat : Bi ordu
- Lezat - Vallee du Lys : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu 17. irteeran atera eta Bagneres de Luchongo norabidea hartu arte. Luchonera ailegatuta, Superbagneres eski estaziora igaten den errepidea hartu behar da. Kilometro batzuk bertatik eginda, bihurgune hetsi batean Lyseko zirkura sartzen den errepidea hartuko dugu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Ez da berehalakoan ailegatu Crabiouleseko zirkua gainez gain zeharkatzeko plana. Aspalditik buruan genuen ibilbidea zen, baina gauza bat eta bertzea tarteko gibeleratu behar izan genuen. Itxaronaldiak merezi izan du. Pirinioetan 3000 metrotik goitiko mendien artean egiten ahal den gandor ikusgarrienen artean sartzen da aktibitate hau dudarik gabe.
2023/08/07
14:22 : Vallee du Lys (1130m)
Goizean egin genuen Erratzutik Luchonerainokoa, eta aparkalekuan itzala bilatuta eramandako ogitartekoak bazkaldu ondotik abiatu ginen goiti. Erreka zeharkatu eta pista zabaletik egin genituen lehen metroak. Segidan utziko genuen pista hau ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartzeko. Seinaleek hortik aterperainoko bidea erakutsiko ziguten.
Maupas menditik jaisten den magal luzeko balkoitxo pribilegiatuan kokatua dago aterpea. 30 lagunendako lekua du ttipia izan arren, eta xarma berezia du. Tratua eta janaria ere bikainak izan ziren.
Afalordura arte eguzkitan egon ginen gustura eta afalondoan lotara, biharamunean egun handia baikenuen zain.
Superbagneres aterpetik...
2023/08/08
7:43 : Refuge du Maupas (2430m)
Eguna bikain argitu zen biharamunean. 40 km/h-ko haizea iragarrita zegoen, baina zorionez iragarpenek ez zuten asmatu.
Aterpearen gibeletik mugarriei segituz abiatu ginen. Eguneko lehen helburua Maupaseko kaskora ailegatzea izanen zen, bertatik gandorraren zeharkaldia hasteko. Bideak ez du misterio handirik, hasmentatik beretik gailurra ikusten baita.
Harkaitzen artetik bidea eginez...
Geldialdia hats pixka bat hartzeko...
Momentu batzuetan mugarriak galtzen genituen, baina hegoaldeko norbaideari eusten genion gailur aldera.
Ezkerreko aldean Boum mendia utzi genuen, sektoreko bertze 3000ko bat.
Maupasen iparraldean kokatua dagoen Tusse de Maupaseko gailurra inguratu genuen eta bi kaskoen arteko lepora zuzendu ginen.
Behin pausua gaindituta, mendiaren ipar-mendebaldeko magal harritsuan sartu ginen eta granito blokeen artetik egin genuen bidea ertzera atera arte.
9:27 : Pic de Maupas (3109m)
Puntu horretan mendiaren izena ematen dion pasabidea gainditu behar da: Mal Pas edo pausu gaiztoa. Ezkerretik eskuinera egiten den eskaladatxo erraza da.
Ertzetik metro guti batzuk egin eta eguneko lehen kaskoan ginen.
Gailurreko argazkia atera eta alpinistaz mozorrotzeari ekin genion, hortik aitzin kontuak serio jarriko baitziren.
Kasik gelditu gabe aitzinera segitu genuen. Sokarekin denbora dezente "galdu" genuen eta lan handiak genituen oraindik Crabioules mendira ailegatu arte. Navarro mendia utzita panorama hau genuen aitzinetik. Ertz estutik jaisten segituko genuen Rabada eta Navarro mendien arteko leporaino.
Behin prest ginela, gailurra utzi eta mendebalderantz jo genuen gandorrari ekiteko. Lehen metroak errazak dira, baina segidan ertza estutzen hasten da; eta soka erabiliko genuen lehen pasabidera ailegatu baino lehen ere esposizio handiko zatiren bat pasatu genun.
Minutu gutitan ailegatu ginen Maupaseko ertzaren pasabiderik ikusgarrienera. Bi aldeetara erorketa handia duen ertz zati estua da, II. gradua edo izanen duena. Zailegia ez da, baina akatsik ez da onartzen; eta beraz, sokarekin pausua aseguratzea erabaki genuen. Berez punturik zailena pasabidera berera jaistea iruditu zitzaidan. Ertzetik eginez gero, III. gradua ere izanen du jaitsiera horrek; baina iparraldeko paretatik inguratzen ahal da. Behin hori eginda, gainerakoa aise zeharkatzen da.
11:20 : Pico Navarro (3039m)
Pausua gainditu ondotik soka mantentzea erabaki genuen eta ensanble moduan segitu genuen. Metro batzuk igan eta bigarren gailurrera ailegatu ginen.Kasu emanez pasatu beharreko zatiak ditu, esposizio dezentea dutenak.
Behin Rabada eta Navarro mendien lepoan gaindituta, lehen gandor zatiaren zatirik estu eta ikusgarrienak pasatuak genituen. Rabadako igoeran ertza pixka bat zabaldu egiten da eta erraz iganen ginen goiti.
Hala ailegatu ginen eguneko hirugarren gailurrera eta puntu horretan erraten ahal da Maupas mendiaren mendebaldeko ertz akitzen dela, behintzat bai zatirik ikusgarriena. Puntu honetan soka askatu eta bildu genuen.
Gailurra gibelean utzi eta ondoan dagoen Remuñe mendira zuzendu ginen gandor errazetik.
12:06 : Tusse de Remuñe (3038m)
Laugarren kaskoan ez ginen gelditu ere egin. Zerbait jateko geldialdia aitzinerago eginen genuela adostu genuen. Hortik bizkar zabal batetik Crabiouleseko lepora jaitsiko ginen.
12:14 : Col des Crabioules (3012m)
Behin lepoan ertz uzteko aukera dago, bai hegoaldera, bai iparraldera. Guk, ordea, puntu honetan ekinen genion Crabiouleseko zatiari, bi zatietan tekniko eta zailenari.
Lehen metroak errazak eta esposizio gutikoak dira Crabiouleseko ekialdeko ertzean. Erlaitz zabal batean zerbait jateko aprobetxatu genuen aitzin segitu baino lehen.
Ertzari berriz ekinda, laster ailegatu bigarren zati honen lehen puntu konfliktibora. Argazkiko paretak bidea mozten zigun, beraz berriz soka ateratzeko momentua ailegatu zen. Paretatxoaren azpian bilgunea muntatu eta III. graduko eskalada pausua eginez ezkerretik gaindituko genuen.
13:09 : Aiguille Jean Garnier (3025m)
Ezkerreko paretara ateratzea zirraragarria da, erorketa handia baikenuen zangopean. Hala ere, teknikoki aise egiten da. Iltze zahar batek babesten du pausua. Behin pausua gaindituta hamar bat metrora Jean Garnier orratz estuaren gailurra dago.
Orratza gibelean utzi eta granitozko blokeen artetik arrakala batera jaitsi ginen (erraza). Bertatik argazkiko panorama genuen begien aitzinean. Bi luze gehiago eginen genituen zati honetan: lehena, III. graduko ezproi ttipia igateko...
...eta bigarrena hego isurialdeko tximinia bertikala (III) gainditzeko.
Behin tximinia gaindituta ertza bertikaltasuna galtzen hasten da eta zailtasunak akitzen dira. Estuagoa ere bada azken metroetan.
Kontent ailegatu ginen Crabiouleseko ekialdeko puntara, eguneko punturik altuena izanen zenera. Hainbertze desiratutako gandorra kasik akitua genuela bagenekien.
Oraindik ezin ginen guziz erlaxatu halere. Crabiouleseko bertze kaskora joan behar genuen eta gero handik beheiti jaitsi.
Crabiouleseko bi gailurren arteko gandorra ere arras ikusgarria da. Bi aldeetara amildegi sakonak ditu eta estua da. Dena den, zailtasunen aldetik ez II- gradutik pasatzen.
14:43 : Pic de Crabioules Occidental (3106m)
Hala bada, gailurra utzi eta harri-mukuruei segika mendebalderantz jaisten hasi ginen. II. gradua duten pausuak jaitsi behar izan genituen Mamy arrakalarako bidean. Rapel bat ere topatu genuen zati batean, nahiz eta guk ez erabili.
15:33 : Breche Mamy (3039m)
Izen bereko punta ikusgarriaren azpiko arrakalara ailegatzean ezkerretara biratu ginen azken eskaladatxo zatiak jaitsi eta "lur-zorura" ailegatzeko.
Harri solte aunitzeko azken zatia jaitsita, paretaren azpian kokatu ginen eta orduan bai erran genezakeen Maupas eta Crabioules arteko gandorra egina genuela. Soka era gainerako trasteak altxatu eta beheiti abiatu ginen.
Harrizko blokez osatutako unibertsoan barneratu ginen honela. Hala ere, erraten ahal da aterpera bitarteko zatia nahiko erosoa dela mugarriei segitzen badiegu.
16:35 : Refuge de Portillon (2568m)
Lakura jaitsi, hau inguratu eta urtegiko pareta zeharkatuta ailegatuko ginen.
Hirugarren aldia zen niretako aterpe honetan: lehena, 2012an; bigarrena, iaz eta aurtengoa. Pirinioetako gordetako bigarren aterperik altuena da eta instalazio berri eta erosoak ditu. Bere kokapenari esker Luchongo 3000 metrotik goitiko mendiak aunitz igateko oinarrizko kanpaleku perfektua da.
2023/08/09
7:39 : Refuge de Portillon (2568m)
Hirugarren eta azken eguna Crabiouleseko zirkuko gailurren zeharkaldian, eta eguneko plana autora jaistea zen. Maupas-Crabioules gandorra akituta, lo egiteko aterperik hurbilena Portillongoa da eta Lyseko bailarara bueltatzeko aukerarik zuzenena Lezat mendiaren gainetik egitea da. Horrela gainera, bertze kasko bat zapaltzeko aukera ere izanen genuen.
Berriz urtegiko pareta zeharkatu eta bezperan jaitsitako bidetik goiti abiatu ginen Lliterolako lepo aldera.
Baina 2750 metro inguruan dagoen zelaitxoan, Lliterolako bidea utzi eta ezkerretara biratuko ginen mugarri bakanei segika.
Lezatera igateko bide normaleko tximiniara ailegatzeko, lehenik harresi bertikalez inguratutako goitiko "solairu" batera pasatu behar da. Bertara ailegatzeko malda tente bat igan eta eskaladatxo erraz batzuk egin behar dira harkaitz zurixka batzuetatik.
Ondoren harresiaren puntu ahula bilatu behar da. Argazkian harkaitz zurixka duen tximinia motza da puntu hori.
Behin tximinia erraza iganda goitiko solairuko harkaitz-blokeetan ginen. Lezateko ertzera igateko tximinia kuadrilla bat ikusten da puntu honetatik. Guk igan beharko genuen eskuinetara dagoen etzanenetako bat da. Mugarriei segituz ailegatuko ginen bertara.
Behin tximinia egokia harrapatuta, beheititik goitiraino igatea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. II. graduko pausuren bat edo bertze du tximiniak.
Azken zatian tximinia bi zatitan banatzen da eta ezkerrekoa hartu behar da ertzeko puntu errazenera ateratzeko.
9:06 : Lezat (3107m)
Tarte luzea eman genuen Lezaten egonean. Egote goxoa zegoen eta bakarrik ginen gailur eder horretan.
Iparraldera Grand Quayrat, eta Espingoko lakuak eta aterpea... Grand Quayrat hurbil ikusten da Lezatetik, baina bertara ailegatzeko gandor estu eta hautsia zeharkatu behar da.
Egonaldi goxoaren ondotik, jaitsiera luzeari ekin genion. Izan ere, kasik 2000 metro jaitsi beharko genituen. Gailurreko plataforman ipar-ekialdeko norabidea hartu genuen inguratzen duten harresien puntu ahularen bila.
Plataforma izkinaraino joan eta bihotz formako marka urdinak bilatu behar dira bide egokia hartzeko.
Belarrezko ezproia amildegi batean akitzen da, baina mugarri eta markek ezkerretara ateratzen den terraza gisako batera eramanen gintuzten eta bertatik jaitsiko ginen harresiaren azpiko partera. Argazkia azpitik aterata dago. Gainekoa jaitsi genuen ezproia eta itzalean dagoen paretan ezkerretik eskuinera jaisten den terrazatxoa ikusten ahal da.
Paretak gibelean utzita, harrizko blokez osatutako antzinako glaziarraren morrena zeharkatu behar izan genuen.
Zati deserosoak argazkiko harrizko plaka zabaletan akitzen dira. Hortik beheiti plaka eta belardi zati erosoak tartekatzen dira.
Ipar-ekialderantz jaitsiko ginen Grand Quayrat mendiaren ekialdeko ertza azpitik inguratzeko. Ondoren ardi-bideetatik beheiti segitu genuen.
Beheiti egin ahala erreferentzia gisa baliatuko genuen Sarneseko etxola bistaratu genuen. Harat zuzenduko ginen Lysera jaisteko bidearen bila.
Segidan Maupaseko aterpea eta Sarneseko etxola lotzen dituen bidexka markatura aterako ginen eta bertatik eginen genuen etxolarainokoa.
11:24 : Cabane de Sarnes / Prat Lastoue (2240m)
Etxolak zati bat mendizaleendako irekia du, arras egoera onean dagoena. Mahai eta aulkiak, eta ohatzeak ditu. Eta onena leku pribilegiatuan kokatua dago, Crabiouleseko zirkuaren parean dagoen magalean.
Azpiko partean zuhaitz artera sartu ginen eta eskertu genuen, egun beroa baikenuen. Bidexka ttipia Ru d'Enferreko ur-jauzira doan bide handiagora ateratzen da eta handik segituko genuen autora ailegatu arte.
13:32 : Centrale Electrique du Portillon (1153m)
Arbola artean zigzag ugari eginda, bidexka zentral elektrikoaren inguruan akitzen da. Zentral honek Portillongo urtegitik hartzen du ura, lurpetik Lezat mendia zeharkatu, Crabiouleseko zirkuaren goitiko parteko kanaletik segitu eta Maupaseko aterpetik beheiti jaisten diren hodi erraldoietatik ailegatzen da bertaraino.
13:37 : Vallee du Lys (1130m)
Pista zabal batetik egin genituen aparkalekura ailegatzeko falta ziren metroak eta hala akitu genuen luzaroan amestutako aktibitate eder hau.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina