2023/08/31

Mendieder (1077m), Ekaitza (1046m), Ibintza (1035m), Zipuru (724m)

EGUNA: 2023/08/19
 
ABIAPUNTUA: Arantza (271m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:

  • Arantza - Mendieder : 3 ordu
  • Mendieder - Ekaitza : Ordubete
  • Ekaitza - Ibintza : Ordubete
  • Ibintza - Arantza : 2 ordu

NOLA AILEGATU:

Arantza Nafarroa iparraldean dagoen herria da. Bertara Irun eta Iurñea lotzen dituen N121A errepidetik ailegatuko gara. Herritik beretik abiatzen da ibilaldi hau.

ARRASTOA: 

Powered by Wikiloc

KRONIKA:

Arantzako herria iparraldera irekita dagoen mendiz inguratutako zirku baten sakonean kokatua dago. Inguratzen duten gailurren zeharkaldia segur aski Bortzirietan egiten ahal dugun mendi ibilaldirik ederrena izanen da. Hona hemen bide horri buruzko kronika.

 9:02 : Arantza (271m)

Herritik beretik abiatu nintzen eta hilerrirako bidea hartu nuen.



Herriaren goitiko partean bidegurutze honetara ailegatu nintzen. Nik ezker hartuko nuen, baina eskuineko bidetik ere Mendiederrera igaten ahal da.


Zementuzko bide batetik igan nintzen zati batean...


Igantzi eta Larrun mendia bidetik...


Zementuzko bidea GRaren marka zuri-gorriei segitzeko utziko nuen. Marka horiei segituko nien tarte batean...


Pago eder honetan utzi nituen marka zuri-gorriak eta arbola lerroaren kontratik doan bidexka politari segitu nion. Egun beroa zetorren eta pagoen itzala eskertu egiten zen.


9:28 : Bulatxikiko lepoa (568m)
Itzalpeak ez zuen luze iraun. Pagoak utzi eta lepoa honetara aterako nintzen. Puntu honetan hasiko nuen zirkuko gainen zeharkaldia. Askan ura hartu eta aitzinera...


Lepotik aitzin zirkuko gainak akitu arte galbiderik ez du bideak, beti gainez gain segitu behar baita. Puntu honetatik Mendieder bistaratu nuen. Bere ezkerrean Mendaur ezaguna ere ageri zen, nahiz eta bertara ez nintzen iganen.


Arantza beheitian...


9:41 : Zipuru (724m)
Bizkarrez bizkar luze gabe ailegatu nintzen zirkuko lehen kaskora.


9:44 : Azkiko lepoa (695m)
Lasterkaldi labur baten ondotik lepo honetara jaitsi nintzen. Hona ailegatzen da Arantzatik marka zuri-gorriak segituz Mendaurrera doan bidea. Berez egiten ari nintzena baino motzagoa da hemendik igatea.


Lepoa utzi eta auto hori dagoen lekuan bizkar apal hauek zeharkatzen dituen pista utziko nuen.


Hasmenta batean Mendaurrera doan bidexka hartu nuen.


Baina bidexka horrek Mendieder inguratu egiten du, beraz utzi eta bizkarrera atera nintzen berriz azken metroak egiteko.


10:12 : Mendieder edo Ilurdi (1077m)
Ordubete eta hamar minutuan Arantzako mendirik altuena denean nintzen. Argazki pare bat eta aitzinera...


Lasterka egin nituen ondoko metroak Mendieder eta Ekaitza lotzen dituen bizkar leunetik.


Ekaitzaren azpian kokatuta igoera motz bat bertzerik ez nuen egin behar kaskora ailegatzeko.


Hantxe gelditu zen Mendieder...


10:32 : Ekaitza (1046m)
Eguneko hirugarren kaskoan...


Gailurra utzi eta gandorretik segitu nuen. Bidea pixka bat aldatu egiten da puntu honetatik aitzin. Basoa bizkarreraino bereraino ailegatzen da eta bidexka zakarragoa da. Argazkian ikusten den Aranburuko gaina eskuinetik inguratzen duen bidexka hartu nuen baso artetik.



·Eta enegarrenez bizkarrera atera nintzen. Parean nuen eguneko azken tontorra: Ibintza edo Komizko Gaina-


Berriz ere korrika pixka bat egiteko baliatu nuen bidexka leuna, azken maldaren oinera behintzat hala joanen nintzen.


10:53 : Ibintza edo Komizko Gaina (1035m)
Malda tente eta motzean hortzak estutu eta azken kaskoan nintzen. Argazkian zeharkatu berriz nituen gailurrak ageri dira: ezkerrean Mendieder eta eskuinean Ekaitza.


Honenbertze goiti egin beharrekoak (gehienak behintzat bai!) eginak nituen. Gailurretik iparraldera segitzen duen bizkar nagusia hartu nuen, baina metro batzuk egin eta gero eskuinetara bertze bizkar apalago batera jaitsiko nintzen.


Magal hori jaitsiko nuen horretarako. Argazkian ikusten den bezala, bizkar nagusiak eskuinetara (iparraldera) segitzen du.


Bizkar berria Negusoroko gainetik pasatzen da eta iparralderantz jaisten da jarraian. Hortik segituko nuen...


Igineko bordaren ondoko zementuzko bidea gurutzatu eta bizkarretik segituko nuen.


Inguru honetan bizkarra berriz ere arbolaz josia dago. Metro batzuk gehiago jaitsi eta Ollargaratako lepora ailegatuko nintzen.


Zati politak basoan...


11:10 : Ollargaratako lepoa (657m)
Bulatxikin gainez gain hasitako bidea lepo honetan akituko nuen. Iturri freskoan ur tragoxka bat eta eskuinetara ateratzen den bidetik jaisten hasiko nintzen.


Bidexkatik zeharkaldi bat eginda oihana ustiatzeko pista batera ailegatu eta bertatik jaitsiko nintzen Aientsa auzoa zeharkatzen duen bertze pista batera.


Puntu horretatik aitzin bidea azaltzea (eta aurkitzea) ez da erraza, bidegurutze aunitz baititu. Pista zatiak bidexkekin eta errepidearekin tartekatzen dira oro har ipar-ekialdeko norabidea segituz. Dena den, Arantzara ailegatzeko aukera aunitz daude.


Azken zatian PRaren marka zuri-horiei segituz Latsako erreka zeharkatzen duen zubi honetaraino ailegatu nintzen. Hortik herrira galtzada zahar batetik egiten den igoera gogorra bertzerik ez da gelditzen.


11:53 : Arantza (271m)
Hala akitu nuen abuztuko egun beroan Arantzako gain ezagunenak zeharkatzen dituen ibilbide ederra.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina