Orriak

Escalabor (2054m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Escalabor (2054m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/02/18

Escalabor (2054m), Pene Nere (2058m) eta Tuc des Arribans (2088m)

EGUNA: 2026/02/01

ABIAPUNTUA: Bederet - Luz Ardiden (1680m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA:
Mendi bakoitzaren igoera gehienez ordubete ingurukoa da eta jaitsiera 15 bat minutukoa. Nahi dugun gisan konbinatzeko aukera ematen digu horrek.

NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igotzen den errepidea hartu behar da eta estazioko aparkaleku nagusira ailegatu baino pixka bat lehenago eskuinetara Bedereteko sektorera igotzen den bidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Luz Ardiden eski estazioaren iparraldean gelditzen diren mendittoak komodin gisa erabiltzen ditugu maiz. Altuera handitik abiatzeko aukera ematen du estazioak eta mendi hauen inklinazio eta orografiak elur gutirekin ere eskiatzen uzten du. Hori guti balitz, elur-jausi arriskua dagoen egunetarako toki segurua da. Osagai aunitz ditu beraz kasik urtero bisita bat egiteko.

9:48 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
Bezperako elurteko balizko elur plakak deuseztatzen ari ziren estazioko langileak eta ordubetez ez ziguten abiatzen utzi. Argi berdea eman zigutelarik aparkalekutik goiti abiatzen den pista bakarretik eman genituen lehen pausoak.


Ostatuaren ondotik pasatu eta pixka batean argazkiko pistatik segitu genuen. Pinuen ezkerretara ikusten den malda politetik utzi genituen pistak goitixeago.


Zailtasunik gabeko maldatik Riouko lepora igaten den erraketen pista zeharkatu eta iparralderantz segitu genuen.


Pene de Bassots mendittoaren ingurutik pasatu ginen eta zuzenean iparraldera segituz Escalabor mendira segitu genuen.


Mendiaren hegoaldeko bizkar errazetik ailegatu ginen bertara.


10:36 : Escalabor (2048m)
Bi gailurrez osatutako mendi honen lehen kotara ailegatu ginen. Bertan eguneko lehen jaitsierarako prestatuko ginen.


Lehen jaitsiera mendiaren ipar-ekialdeko malda ederretik egin genuen. Malda zabal eta mantendua da, baina ez da tenteegia eta beraz egun horretan zegoen elur-jausi arriskuarekin eskiatzeko perfektua da.


10:51 : Cabane de Conques (1775m)
Malda ederra argazkiko etxola honetan akitzen da. Egunaren hasmentan elurra hezeegia izanen zela pentsatzen genuen; baina uste baino aise hobea zela ikusita, ondoko mendian eskiatzen segitzea erabaki genuen.


Etxolatik metro guti batzuk beheitiago Lisseko errekatxoan berriz fokak paratu eta igateko prestatu ginen.


Ordurako goiz goibela argitzen hasia zen eta gehiago argituko zuela ematen zuen. Etxolatik iparraldera dagoen Pene Nere mendirantz abiatu ginen gogotsu.


Pene Nereren ekialdeko bizkar zabalera atera ginen, baina bertara ailegatzen oraindik iparralderago genuen Arribans mendiaren maldek atentzioa deitu ziguten eta bertara joatea erabaki genuen. Oraindik ibili gabeak ginen azken honetan.


Conqueseko etxola gibelean uzten Pene Nereren bizkarrean goiti...


Nere eta Arribans mendien artean dagoen Baretseko errekatxoa zeharkatu eta hegoaldeko orientazioa duen malda tenteago bat igaten hasi ginen.


Malda hau gaindituta Arribans mendiaren ekialdeko bizkarrera atera ginen. Kaskoa zuri-zuri gure esperoan zegoen... Atentzioa deitu ziguten mendiaren ipar-ekialdeko mañda tenteagoek ere. Egun hartan ez zegoen han sartzeko baldintzarik, baina bertze baterako fitxatuak gelditu ziren.


Azken maldetatik Luz-Saint-Sauveur inguruko belardiek kontraste politak eskaintzen zituzten. Herritik parez pare ikusten dira malda hauek.


11:48 : Tuc des Arribans (2088m)
Eguneko bigarren kaskotik iparralderago gelditzen den Viscos mendir ikuspegi ederra dago. Berriz ere trantsizioa egin eta mendiaren hego-ekialdeko malda polita eskiatuko genuen.


Baina abiatu aitzinetik kaskoko argazkia biendako berria zen mendi honetan...


12:17 : Ruisseau de Barets (1749m)
Bigarren jaitsiera eguneko onena izan zen. Elurra egoera onean zegoen! Oraindik goiz zenez, Pene Nerera igatea erabaki genuen, eguneko hirugarren jaitsieraren bila.


Escalabor eta Arribans mendien artean gelditzen da Pene Nere eta hiru mendietatik zuhaitzez zipriztindutako malda bakarra eskaintzen du. Bisibilitate gutiago dagoen egunetan ere eskiatzeko aproposa da beraz.


Azken metroak...


12:59 : Pene Nere (2058m)
Tontorrera ailegatu ginenerako zerua berriz ere iluntzen hasia zen. Langar pixka bat hasi zuen erata elurra hezetzen ari zen.


Hala ere, mendiaren gaineko lehen metroetan elurra nahiko ongi zegoen. Azpiko partean, aldiz, pisutzen hasia zen.


13:26 : Cabane de Conques (1775m)
Berriz ere etxolaraino jaitsi ginen eta azken aldiz foka-larruak paratuko genituen. Erran behar da etxolatik erraketen pista beheiti segituz aparkalekura jaisteko aukera dagoela, baina ez da dena jaitsiera eta hortaz hobe da Riouko lepo aldera igan eta handik jaistea.


180 bat metroko igoera bertzerik ez dago Riouko lepora. Pista erosotik eta tarteka hura laburtuz...


Lepoan parez pare...


13:54 : Col de Riou (1949m)
GR10 bidea bertatik pasatzen delako nahiko ezaguna da Riouko lepo zabala. Guk azken aldiz fokak kendu eta estazioko pisten da aldera eskiatuko genuen, gero handik aparkalekura jaisteko.


Laugarren eta azken jaitsiera elur pisutan izanen zen pistak harrapatu arte.

 
14:08 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
Erdipurdiko eguraldiarekin eta elur-jausi arriskuarekin egindako ateraldiari zuku ederra atera izanaren sentsazio gozoarekin akitu genuen ateraldia. Berriz ere Luz Ardiden inguruko mendittoak komodin!

2025/01/31

Escalabor (2054m) eta Pene Nere (2058m)

EGUNA: 2025/01/31

ABIAPUNTUA: Bederet - Luz Ardiden (1680m)

ZAILTASUNA: S2

NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igotzen den errepidea hartu behar da eta estazioko aparkaleku nagusira ailegatu baino pixka bat lehenago eskuinetara Bedereteko sektorera igotzen den bidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Iaz bezala, aurten ere negua kolpeka dator Pirinioetara. Elurteak etortzen direlarik, aprobetxatu behar da, tenperatura igan eta elurra eraman baino lehen. Ateraldi honetan elurra egin eta ondoko egunean baldintza bikainak harrapatu genituen Luz Ardiden estazioaren iparraldean dauden menditxoetan. Duela bortz urte deskubritu nuen sektore hau, aproposa da elur-jausi arrisku handia dagoen egunetan elur freskoaz gozatzeko. Kasik 1700 metrotik abiatzen da eta magalak belarrezkoak izanda elur baserik gabe ere ibiltzen ahal da bertan.

9:57 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
Aparkalekutik beretik ateratzen den eski pista hartu genuen erdi lainopean.



Pistatik metro batzuk irabazi eta eskuineko magaletan barneratu ginen, Riouko lepoaren eta Pene de Bassots mendiaren hegoaldean.


Malda errazetatik Riouko lepora igaten den erraketen pistara ailegatuko ginen.


Pista gurutzatu eta hurbil gelditzen den Pene de Bassots mendirantz jo genuen.


10:44 : Pene de Bassots (2012m)
Hiru ordu laurdenetan lehen mendiaren gainean ginen. Berez ez ginen kaskora ailegatu, metro batzuk beheitiago baizik, iparralderantz pasatzeko lepo gisakora.


Iparralderago bigarren iganen genuen Escalabor mendia ageri zen.


Bertara zuzendu baino lehen lehen jaitsieraz gozatu genuen. Pene de Bassots mendiaren ipar-ekialdeko malda zabala guretako bakarrik izan genuen eta elur bikainarekin.


1895 metro inguru arte jaitsi ginen. Berriz foka-larruak paratu eta Escalabor mendiaren ekialdeko bizkarretik goiti abiatu ginen.


Gure jaitsieraren arrastoa pareko magalean genituela...


...eta gibelean Neouvielle eta Pic Long inguruak!


11:27 : Escalabor (2054m)
Bigarreb igoera Escalabor mendiaren hegoaldeko tontorrean akitu genuen, 2048 metrora. Mendebalderantz Cauterets gaineko mendien ikuspegi polita dago bertatik. Moun Ne-ko malda ederrak gailentzen direla.


Bertze trantsizio bat eta berriz ipar-ekialdeko maldak hautatu genituen jaisteko. Aitzineko mendiko jaitsiera baino tentexeagoa da Escalabor mendiaren isurialde hau.


11:36 : Cabane de Conques (1774m)
Bigarren jaitsiera etxola honetan akitu genuen. Bertara estaziotik ateratzen den pista bat ailegatzen da eta erraketekin ibiltzeko prestatzen dute.


Hirugarrenez foka-larruak paratu eta Pene Nereren ekialdeko bizkarra hartu genuen, aitzinetik genuen eskiatzaile talde baten arrastoari segituz.


Malda errazetatik iganen ginen kaskoraino.


Escalabor mendiaren ipar-ekialdeko magal ederra parean ikusten genuen igoeratik, tartean gure arrastoak ere bai.


Izei batzuen artetik pasatuko ginen...


12:31 : Pene Nere (2058m)
Erritmo onean egin genuen eguneko hirugarren igoera eta kaskoan aunitzik luzatu gabe jaisteko prestatu ginen.


Mendebalderantz begiradatxo bat...


...eta beheiti! Igandako bide beretik jaitsi ginen berriz ere etxolaraino.


13:03 : Cabane de Conques (1774m)
Denbora aitzinera zihoanez, azken igoera estazio aldera eginen genuela erabaki genuen.


Etxolatik pasatzen den pista Riouko leporaino ailegatzen eta bertatik igatea erabaki genuen, gero lepotik estaziorantz azken jaitsiera egiteko.


13:34 : Col de Riou (1949m)
Lainopean ailegatu ginen GR10 bidea pasatzen den Riouko lepora. Azken aldiz foka-larruak kendu eta estazioko pistetarantz jaitsiko ginen. Jaitsiera hau ez zen aitzineko hirurak bezain ona izan, arrastoz betea zegoelako.


13:52 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
Autoaren ateraino ailegatu ginen eskiatzen eta zeruari elur maluta batzuk eskapatzen zitzaizkiola akitu genuen ateraldia. Bezperan botatako 40 bat zentimetroko elur geruzarik harroaldi ederra eman genion!