Orriak

Punta Ruego (2589m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Punta Ruego (2589m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/12/31

Punta Ruego (2589m), Liena (2604m)

EGUNA: 2022/12/31

ABIAPUNTUA: Petramula (1920m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Petramula - Punta Ruego : 2 ordu
  • Punta Ruego - Liena : 45 minutu
  • Liena - Petramula : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Aurten bezala elurra eskasten hasten delarik goiti joan behar izaten da haren bila eta Lienako mendizerrak ederki altxatzen du ber magal eztietan. Petramulako aparkalekutik abiatuta pistari segituz malda zabal hauetara fite ailegatzen da eta udan belardi leunak direnak, eskialeku paregabea bilakatzen dira. Duela hiru urte deskubritu nuen paraje hau eskiz eta oraingo elur baldintzek bertara bulkatu gintuzten Benasquetik bueltan. 

10:14 : Petramula (1920m)
Gaua Borda Brunedeko aparkalekuan pasatu genuen eta goizean igan genuen Petramularako zati traketsa. Kasik udako aparkalekua deneraino ailegatu ahal izan ginen. Materiala prestatu eta autotik berttatik eski gainean abiatu ahal izan ginen.



Bihurgune hetsi bat egin eta pista eskuinetara biratzen da. Hego orientaziodun malda batzuk zeharkatzen ditu aldez alde, baina pistan berean elurrak gehiago irauten du. Bi zati txikitan bertzerik ez genituen kendu behar izan.


Inguru honetan izan ginen aitzineko aldian bezala, Barbietoseko etxola ingurutik goiti pistatik kanpo zatiak ere zuri ageri ziren. Hego-mendebaldeko malda etzanak dira honakoak eta negu eguzki apalak nekez urtzen du elurra bertan.


Horrez gain, zorua ez da batere harritsua eta elur guti izanda ere eskiagarria da.


Hori guzia guti balitz, ingurua zoragarria da, Monte Perdido eta Muniako mendiguneetara ikuspegi bikainarekin.


Magal zabaletan ezkerren gelditzen den Punta Ruego mendira zuzendu ginen lehendabizi. 


Espluca Ruego eta Robiñera mendiak eskuinetara utziz...


Lienako elur dunak gibelean, eski paradisua.


11:50 : Punta Ruego (2589m)
Lehen igoera Barrosako bailararen gainean altxatzen den Ruego gailurrean akitu genuen.


Lehen jaitsiera Punta Ruegotik hegoalderantz zuzen egin genuen, udaberriko elur goxoa bilatuz. Irudian ikusten den Ruegoko etxola ingururaino ailegatu ginen.


Berriz ere larruak paratu eta bigarren igoerari ekin genion. Kasu honetan Ruegoren eskuinetara gelditzen den Liena mendia genuen jomugan, sektoreari izena ematen diona.


13:16 : Liena (2604m)
Bigarren tontorrera ailegatu orduko haizea bizitzen hasia zen. Luzatu gabe transizioa burutu eta Lienaren hego-mendebaldeko orientaziodun maldatik 100 bat metyro galdu genituen. Segidan mendebalderantz zeharkaldi bat egin eta berriz Ruego mendiaren azpian kokatzeko.


Aitzineko aldian bigarren jaitsiera autoraino egin genuen, baina hobe da oraingoan egin genuen bezala egitea. Ruegoren azpira eskiatu, berriz fokak paratu (hirugarrenez) eta gailurrera itzuli. Bertatik aparkalekura eski malda zuzenagoak daude.


13:50 : Punta Ruego (2589m)
Bigarren aldiz itzuli ginen Ruegoren gainera eta bertatik egin genuen azken jaitsiera. Aitzinekoak bezala udaberriko elur ona harrapatuko genuen nahiko mantso izanda ere.

 

14:34 : Petramula (1920m)
Autoraino eskiatuz aldez aldeko irribarrearekin akitu genuen urtea! Elur gordeleku ederra da Lienakoa!

2020/02/26

Punta Ruego (2589m), Liena (2604m)

EGUNA: 2020/02/22

ABIAPUNTUA: Petramula (1920m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Petramula - Punta Ruego : 2 ordu
  • Punta Ruego - Liena : 45 minutu
  • Liena - Petramula : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Asteetako idortearen ondotik, Pirnioetan elur arras gutxi dugu. Hala, otsailean egonda ere, apirilean eginen liratekeen planak egin behar dira. Apirilean ez bezala ordea, ipar aurpegiek ez dute eguzki handirik ikusten eta elur ona harrapatzeko hego magalak bilatu behar dira. Gauzak honela, Sobrarbe inguruan izan gara bertako pistak altuera handira igotzen baitira. Lehen bidea udatik ezaguna dugun Petramulatik egin dugu, Liena eta Punta Ruego inguruko malda zabaletan.

9:22 : Petramula (1920m)
Gauez ailegatu ginen bertara eta lo Borda Brunedeko lautadatxoan pasatu ondotik, goizeko argitan Petramula ondoraino autoz ailegatu ahal izan ginen. Aparkatu, gauzak prestatu eta eskiak bizkarrean Lienara igotzen den pistan goiti abiatu ginen.


Jende gehiena Peña Blanca aldera igotzen zen bitartean, gu bakar.bakarrik gindoazen gure helburuaren bila. Hasierako metroetan ikusten genuen panoramak eskiatuko ote genuen zalantzak izatera eraman gintuen.


Refugio de los Barbietos inguruan, 2050 bat metrotko altueran, eskiak jantzi ahal izan genituen.


Eta handik goiti elur baldintza onak harrapatuko genituen. Metroak irabazi ahala, inguruaren edertasunaz gozatzeko aukera ere izan genuen Monte Perdido, Añisclo, Cilindro eta enparauak begibistan izanez.


Eremu zabal honetan eski estazio bat egiteko proiektu bat egon zen mende hasieran. Leku bikaina da egia erran eta pena izanen litzateke horrelako proiektu bat gauzatzea.


Malda zabaletan goiti Monte Perdido inguruak, Chinipro, Robiñera, Sobreesplucas eta Espluca Ruego mendien begiradapean.


Zerua, elurra eta gu...


Las Tres Marias izeneko mendiak gure gibelean...


Lehen gailurrera ailegatzen.


11:15 : Punta Ruego (2589m)
Bi ordu eskasean ailegatu ginen gailurrera, erritmo lasaian igoz elurrari guritzen uzteko. Gailurretik Barrosa mendiaren hego malda ia elurrik gabe ikusten zen...


Tarte zabala eman genuen tontorrean eta hegoaldera lehendabiziko jaitsiera egin genuen 2440 metro ingurura dagoen lautadatxora. Bertan berriz foka larruak jarri eta Liena aldera abiatu ginen.


12:44 : Liena (2604m)
Bertze igoeratxo batek eguneko bigarren kaskoan utzi gintuen, pixka bat lehenago igotako tontorra eta Monte Perdido eta Muniako 3000ko gailurrak parez pare genituela.


14:17 : Petramula (1920m)
Udaberriko elur bikainean egindako jaitsiera ederrak berriz ere azpiko pistan utzi gintuen eta bertatik eskiak bizkarrera eramanda autorainokoa egin genuen.


BIDEOA: