Orriak

Montagnon d'Iseye (2173m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Montagnon d'Iseye (2173m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/10/31

Montagnon d'Iseye (2173m) eta Montagnon de Besse (1797m)

EGUNA: 2025/10/19

ABIAPUNTUA: Goust (850m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta Eaux Chaudes herria pasatuta eskuinetara errepidetxo bat hartuko dugu Goust auzora ailegatzeko.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken urteetan ezaguna bilakatu den mendia da Montagnon d'Iseye. Duela zenbait urte jende gutik ezagutzen zuen, baina sare sozialek eragin handia dute guregan eta Montagnoneko lakura kaskotik dagoen ikuspegia argazki famatua da gaur egun. Lehen aldiz 2014 izan nintzen bertan, Besseko etxolan gaua pasatuta udazken goiz ederrean. Orduan ez genuen inor ere ikusi. Orduko bide bera egin dugu oraingoan ere, berez gailurrera ailegatzeko ohiko bidea ez dena, baina nire ustez politagoa dena.

9:18 : Goust (850m)
Bide bazterrean leku bakan batzuk bertzerik ez daude autoa uzteko, baina zorionez bide hau ez da hain ezaguna eta lekua harrapatu genuen. Bi belairen arteko pistatik hasi ginen ibiltzen, Ossau bailararen itzulia egiten duen bideari segituz.


Pista zati batek bidexkari uzten dio lekukoa fite. Lehen zatia arras tentea da eta Goust auzoa kokatua dagoen zelaitxoa fite gelditzen da beheitian.


Atsedenik gabe egiten du bideak goiti...


Lusqueko zelaitxoan dago lehen zati honetan harrapatuko dugun atsedengune bakarra. Metro lauago batzuk eta bidexka berriz ere tentetzen da.


Lusqueko zelaitxotik goiti pagopean barneratzen da bidea. Ordura arte gurutzatutako mendizale bakarrak honako hauek izan ziren. Bide arruntarekin elkartu arte bizpahiru pertsona bertzerik ez genituen ikusiko.


Altuera irabazi ahala pagoen koloreak gero eta ederragoak ziren. Urriaren 20 ingurua gorriz markatua izaten dugu egutegian udazken koloreez disfrutatzeko ateraldia egiteko Pirinioetan, eta aurtengoan ere ez digu hutsik egin egutegiak.


Lusqueko lepoa basoaren erdian dagoen lepo zabala da. Hortik aitzin beheranzko joera hartzen du bideak.


Besseko zirkuan barneratuko ginen eta basoak larreei lekua uzten hasiko ziren.


Inguru honetatik Escala mendia (eskuinean) ikusten da. Haren ezkerretik beheiti zuzenean eginen genuen jaitsiera ordu batzuk geroago.


10:36 : Cabane de Besse (1572m)
Zirkuan bihurgune zabal bat marraztuta norabidez aldatzen da bidea eta Besseko etxolaren ondotik pasatzen da. Bertan pasatu genuen gaua duela 11 urte Enekok eta biok. Orduan bezala, orain ere egoera onean dago: bi ohatze, lurreko sua, mahai bat...


Leku zinez ederra da, eta lasaia!


Etxolatik goiti bertze baso zati bat zeharkatu genuen.


Zoragarri zegoen hau ere!


Basotik aterata fite Besseko lepoan izanen ginen...


Gure gibelean bailarako erregea...


10:58 : Col de Besse (1711m)
Lepoan Ossauko itzulia egiten duen bidearen marka hori eta gorriak utzi eta ezkerretara biratuko ginen. Kaskoz kasko argazkian ikusten den Montagnon d'Iseye aldera eginen genuen.


11:06 : Montagnon de Besse (1797m)
Bizkar gaineko bidea gailurtxo honetatik pasatzen da eta pixka bat beheiti egiten du segidan.


Montagnoneko mendigunea gero eta hurbilago ikusten genuen.


Zati bat jaitsi eta berriz goiti egitean bizkar estua zabaldu egiten da. 


Bideak eskuinetara egiten du puntu honetan, eta Aspe bailaratik Montagnonera igaten den bide arruntarekin elkartzen da.


Behin bide arruntarekin elkartuta, harri xehezko malda tentea gainditu behar da lakura ailegatzeko.


Argazkian ageri den bizkar guzia zeharkatua genuen.


Laku inguruan akitzen da malda tentea.


Sobera gelditu gabe lakua inguratu eta gailurrerantz segitzen duen bide jarraitu genuen.


Azken malda tentea gainditu beharko genuen gandorrera ateratzeko.


Eta Mardas eta Montagnon d'Iseye arteko lepora aterata, eskuinetara biratu eta kaskorako azken metroak egin genituen.


12:01 : Montagnon d'Iseye (2173m)
Kaskoan haizeak eta Montagnon lakurako ikuspegi ezagunak eman ziguten ongi etorria.


Bakarrik ginen momentu horretan eta tartetxo bat hartu genuen ikuspegiaz gozatzeko.


Mendebaldean aspalditik agendan dauden Bergon eta Marere mendiak gelditzen dira.


Goitian haizea zela eta ezin izan ginen aunitz egon eta beheiti abiatu ginen luze gabe. Jaitsiera ez genuen igoerako bide beretik eginen. Lakuraino itzuli eta eskuin biratuta hegoalderantz egin genuen zelai berdeetatik. Argazkian ikusten den lakutxoaren ondoan ezkerretara biratu eta Escala mendiaren oinean dagoen lepotxo gisako batera zuzendu ginen.


Argazki honetan ikusten den lepotxora, hain zuzen ere. Hortik zuzenean Besseko zirkura jaitsiko ginen.


Bide argirik ez dago zati honetan. Goitiko partean puntu urdin batzuz markatutako bidexka gisako zerbait harrapatu genuen. Hari segituz lehen harresi bat jaitsi genuen.


Behin harresia jaitsita, haren azpitik eskuinetara jo genuen. Belar luzez estalitako malda tente deserosoak jaitsi behar izan genituen azken zatian berriz ere puntu urdinak harrapatu arte.


Behin zirkuaren sakonean hegoaldera jotzen duen bidexka batetik paretaren azpiko zeharkaldia egin...


...eta belardi leunetara ailegatuta zuzen jaitsiko ginen igoerako bidea harrapatu arte.


Hortik beheitiraino ordu batzuk lehenago ibilitako bidea jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


14:07 : Goust (850m)
Udazken egun haizetsu eta goibela ederki aprobetxatu izanaren sentsazioarekin ailegatu ginen autora. Montagnonera igaten den bide honek duena izena baino izan handiagoa duela erakutsi zigun. Zoragarria!

 

2022/11/09

Table de Ponce (2159m), Mardas (2188m), Montagnon d'Iseye (2173m)

EGUNA: 2022/11/05

ABIAPUNTUA: Gorges de Bitet (930m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Bitet - Table de Ponce : 3 ordu
  • Table de Ponce - Montagnon d'Iseye : 45 minutu
  • Montagnon d'Iseye - Bitet : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Eaux Chaudes herrixka zeharkatu eta kilometro pare bat goitiago eskuinetara Biteteko bailararan sartzen den bidea hartu behar da. Egoera onean dago bidea. Bi kilometro inguru iganen gara zubi baten ondoko aparkaleku ttipian ibilgailua utzi arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ossau bailaran bertze behin ere, eta badira batzuk azken urte eta erdian. Oraingoan Biteteko bailara ezagutzen izan gara, inguru honetan oraindik ezagutzen ez nuen parajea. Udazkeneko lehen elurtetxoak bazterrak zuriz apaindu ditu eta eskiak paratzeko aski ez bada ere, mendi egun zoragarri baterako aitzakia paregabea da.

8:35 : Gorges de Bitet (930m)
Zubia baino metro batzuk lehenago igaten den pista batetik eman genituen lehen pausoak. Marka horiek gidatuko gintuzten egunaren parterik handienean.


Pistak bidexka bati uzten dio lekua zentral hidroelektrikoa hornitzen duten hodi erraldoien ondoan eta errekaren eskuinetik segituko dugu zati batean. 1137 metrora bidexka pista nagusira ateratzen da eta hau zeharkatuta berriz ere basoan barneratzen da.


Azaroa izanik basoko hosto koloretsuak lurrean ziren jadanik, baina udazken usaina nabaria zen.


Basotik zelai berde batera ateratzen da bidea Cujalateko etxola inguruan.


...eta Tenebre mendi ikusgarria bistaratu genuen. Zuhaitz marroixkek, belardi berdeek eta elur zuriak kotraste ederrak irudikatzen zituzten. Zoragarro zegoen mendia!


Etxolaren goitiko aldetik pasatu ginen, mendebalderanzko norantzan, parean Marere mendia genuela.


Zer parajea!


Zelaitxoa gurutzatuta berriz ere zuhaitz artera, bertze baso zati bat gurutzatuko genuen.


1400 metrotik goiti lurra elurtua aurkituko genuen. Bezperako elurra nahiko beheiti jaitsia zen, baina ez zegoen kantitate handirik eta oinez ibiltzeko traba guti paratuko zizkigun.


Begiratzen genuen lekura begiratzen genuela postalak genituen ikusgai...


Azken baso zatiak gibelean utzita Laiterineko etxola aldera igaten segituko genuen. Igoera dena den arras etzana da momentu guzian.


Enegarrenez errak zeharkatuko genuen etxolaren inguruan. Gibelean Montaut mendia eder ageri zen elurpean.


Bertze aldean Permayou mendia, eskiatzeko magal aproposa du mendebalean.


10:32 : Cabane de Laiterine (1638m)

Bizkar batetik ailegatu ginen eguneko bigarren etxolara eta geldialdi ttipi bat egin genuen barruko aldea bisitatzeko. Egoera arras onean dago egia erran: mahaia, aulkiak, lurreko sua, koltxoiak goitiko aldean...


Atsedenaldiaren ondotik, etxolaren gibeletik iparraldera biratu eta iganen genuen lehen mendiaren magalean goiti abiatu ginen.


Ezkerretara utzi genuen Marere ikusgarria, bertze aldi baterako...


Altuera irabazi ahala parean genuen Isabe mendiaren iparraldeko malda ederretara ikuspegi hobea genuen. Hori ere neguan sektore interesgarria izaten ahal da.


Table de Ponceko kaskoa begien bistan genuen jadanik. Bizkarrak bilatuz eginen genuen bertarainokoa, haietan baitzegoen elur gutien.


Sesques, Isabe eta Permayou mendiak gibelean utziz...


...baita Marere eta Bergon ikusgarriak ere...


Bizkarretik iparralderako ikuspegia irekitzen da eta Aydius herrixka ikusten da.


11:42 : Table de Ponce (2159m)

Abiatu eta hiru ordu inguruan ailegatu ginen lehen tontorrera. Eguraldi bikaina, elurra gailurrak apaintzen eta inor ez inguruan! Ezin gehiago eskatu!


Sobera luzatu gabe inguruko bi gailurretara abiatu ginen. Lehenik, Mardasera janen ginen eta gero Montagnon d'Iseyera... Kaskoz kasko hurbil gelditzen dira bi puntuok.


Table de Ponce gibelean utzi genuen...


12:12 : Mardas (2188m)

...eta malda bat iganda eguneko bigarrenean plantatu ginen. Table de Ponceren iduriko ikuspegia dago mendi honetatik ere, baina Montagnoneko lakua ikusten ahal da.


Metro batzuk galdu eta gandorretik Montagnon d'Iseyerantz abiatu ginen. Gandor zabala da eta ez du aparteko zailtasunik...


12:34 : Montagnon d'Iseye (2173m)

Niretako bigarren aldia zen gailur honetan. Gailurragatik beragatik baino, Montagnoneko laku politera duen ikuspegiagatik da ezagun mendi-kasko hau. Azken urteetan are ezagunago bilakatu da gainera, sare sozialak tarteko. Gu zorionez bakar-bakarrik ginen...


Laku eta inguruko mendiez gain, Gouretteko sektorea parez pare ikusten da: Gabizos, Ger, Amoulat...


Mardas eta Montagnon d'Iseye arteko lepora itzuli eta haize-babesean geldialdi luzea egin genuen bazkaltzeko. Eskiekin ibiltzen garelarik, elur ona bilatzeko egonaldiak motzagoak izaten dira eta biziki eskertzen da mendian luze egoteko aukera izatea.


Kasik ordubetez jan-edanean egon ondotik, lepoa utzi eta Montagnoneko laku aldera jaitsi ginen.


13:40 : Lac de Montagnon (2003m)

Bihotz formako lakua...


Lakua inguratu eta hegoalderantz jo genuen, Montagnoteko lepo aldera. Lepo horretatik pasatuko ginen hain zuzen ere Mardas eta Table de Ponceren hegoaldeko malda zabaletara.


14:03 : Col de Montagnot (1974m)

Lepoan...


Behin hego magalera pasatuta, eskuinetara zeharkaldi bat egin genuen. Bide arrunta hortik Laiterineko etxolaraino joaten da. Gu, ordea, laburtu nahian zuzen sartu ginen beheitiko erreka aldera.


Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, bidea galdu eta erreka bazterretik beheiti ahal den bezala egin genuen aitzinera.


Berriz ere igoerako bidea harrapatu genuen 1400 metro inguruan... Tenebre arratsaldeko argitan, negua heldu zaigu!


Cujalateko zelaia zeharkatzen...


15:43 : Gorges de Bitet (930m)

Goroldio eta orbelezko baso hezean beheiti akitu genuen egun polit hau, Ossau bailarako leku berriak ezagutuz eta negurako eski sektore bakartiak fitxatuz.