- Bitet - Table de Ponce : 3 ordu
- Table de Ponce - Montagnon d'Iseye : 45 minutu
- Montagnon d'Iseye - Bitet : 2 ordu
10:32 : Cabane de Laiterine (1638m)
Bizkar batetik ailegatu ginen eguneko bigarren etxolara eta geldialdi ttipi bat egin genuen barruko aldea bisitatzeko. Egoera arras onean dago egia erran: mahaia, aulkiak, lurreko sua, koltxoiak goitiko aldean...
Atsedenaldiaren ondotik, etxolaren gibeletik iparraldera biratu eta iganen genuen lehen mendiaren magalean goiti abiatu ginen.
Ezkerretara utzi genuen Marere ikusgarria, bertze aldi baterako...
Altuera irabazi ahala parean genuen Isabe mendiaren iparraldeko malda ederretara ikuspegi hobea genuen. Hori ere neguan sektore interesgarria izaten ahal da.
Table de Ponceko kaskoa begien bistan genuen jadanik. Bizkarrak bilatuz eginen genuen bertarainokoa, haietan baitzegoen elur gutien.
Sesques, Isabe eta Permayou mendiak gibelean utziz...
...baita Marere eta Bergon ikusgarriak ere...
Bizkarretik iparralderako ikuspegia irekitzen da eta Aydius herrixka ikusten da.
11:42 : Table de Ponce (2159m)
Abiatu eta hiru ordu inguruan ailegatu ginen lehen tontorrera. Eguraldi bikaina, elurra gailurrak apaintzen eta inor ez inguruan! Ezin gehiago eskatu!
Sobera luzatu gabe inguruko bi gailurretara abiatu ginen. Lehenik, Mardasera janen ginen eta gero Montagnon d'Iseyera... Kaskoz kasko hurbil gelditzen dira bi puntuok.
Table de Ponce gibelean utzi genuen...
12:12 : Mardas (2188m)
...eta malda bat iganda eguneko bigarrenean plantatu ginen. Table de Ponceren iduriko ikuspegia dago mendi honetatik ere, baina Montagnoneko lakua ikusten ahal da.
Metro batzuk galdu eta gandorretik Montagnon d'Iseyerantz abiatu ginen. Gandor zabala da eta ez du aparteko zailtasunik...
12:34 : Montagnon d'Iseye (2173m)
Niretako bigarren aldia zen gailur honetan. Gailurragatik beragatik baino, Montagnoneko laku politera duen ikuspegiagatik da ezagun mendi-kasko hau. Azken urteetan are ezagunago bilakatu da gainera, sare sozialak tarteko. Gu zorionez bakar-bakarrik ginen...
Laku eta inguruko mendiez gain, Gouretteko sektorea parez pare ikusten da: Gabizos, Ger, Amoulat...
Mardas eta Montagnon d'Iseye arteko lepora itzuli eta haize-babesean geldialdi luzea egin genuen bazkaltzeko. Eskiekin ibiltzen garelarik, elur ona bilatzeko egonaldiak motzagoak izaten dira eta biziki eskertzen da mendian luze egoteko aukera izatea.
Kasik ordubetez jan-edanean egon ondotik, lepoa utzi eta Montagnoneko laku aldera jaitsi ginen.
13:40 : Lac de Montagnon (2003m)
Bihotz formako lakua...
Lakua inguratu eta hegoalderantz jo genuen, Montagnoteko lepo aldera. Lepo horretatik pasatuko ginen hain zuzen ere Mardas eta Table de Ponceren hegoaldeko malda zabaletara.
14:03 : Col de Montagnot (1974m)
Lepoan...
Behin hego magalera pasatuta, eskuinetara zeharkaldi bat egin genuen. Bide arrunta hortik Laiterineko etxolaraino joaten da. Gu, ordea, laburtu nahian zuzen sartu ginen beheitiko erreka aldera.
Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, bidea galdu eta erreka bazterretik beheiti ahal den bezala egin genuen aitzinera.
Berriz ere igoerako bidea harrapatu genuen 1400 metro inguruan... Tenebre arratsaldeko argitan, negua heldu zaigu!
Cujalateko zelaia zeharkatzen...
15:43 : Gorges de Bitet (930m)
Goroldio eta orbelezko baso hezean beheiti akitu genuen egun polit hau, Ossau bailarako leku berriak ezagutuz eta negurako eski sektore bakartiak fitxatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina