Orriak

Montagnon de Besse (1797m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Montagnon de Besse (1797m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/10/31

Montagnon d'Iseye (2173m) eta Montagnon de Besse (1797m)

EGUNA: 2025/10/19

ABIAPUNTUA: Goust (850m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta Eaux Chaudes herria pasatuta eskuinetara errepidetxo bat hartuko dugu Goust auzora ailegatzeko.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken urteetan ezaguna bilakatu den mendia da Montagnon d'Iseye. Duela zenbait urte jende gutik ezagutzen zuen, baina sare sozialek eragin handia dute guregan eta Montagnoneko lakura kaskotik dagoen ikuspegia argazki famatua da gaur egun. Lehen aldiz 2014 izan nintzen bertan, Besseko etxolan gaua pasatuta udazken goiz ederrean. Orduan ez genuen inor ere ikusi. Orduko bide bera egin dugu oraingoan ere, berez gailurrera ailegatzeko ohiko bidea ez dena, baina nire ustez politagoa dena.

9:18 : Goust (850m)
Bide bazterrean leku bakan batzuk bertzerik ez daude autoa uzteko, baina zorionez bide hau ez da hain ezaguna eta lekua harrapatu genuen. Bi belairen arteko pistatik hasi ginen ibiltzen, Ossau bailararen itzulia egiten duen bideari segituz.


Pista zati batek bidexkari uzten dio lekukoa fite. Lehen zatia arras tentea da eta Goust auzoa kokatua dagoen zelaitxoa fite gelditzen da beheitian.


Atsedenik gabe egiten du bideak goiti...


Lusqueko zelaitxoan dago lehen zati honetan harrapatuko dugun atsedengune bakarra. Metro lauago batzuk eta bidexka berriz ere tentetzen da.


Lusqueko zelaitxotik goiti pagopean barneratzen da bidea. Ordura arte gurutzatutako mendizale bakarrak honako hauek izan ziren. Bide arruntarekin elkartu arte bizpahiru pertsona bertzerik ez genituen ikusiko.


Altuera irabazi ahala pagoen koloreak gero eta ederragoak ziren. Urriaren 20 ingurua gorriz markatua izaten dugu egutegian udazken koloreez disfrutatzeko ateraldia egiteko Pirinioetan, eta aurtengoan ere ez digu hutsik egin egutegiak.


Lusqueko lepoa basoaren erdian dagoen lepo zabala da. Hortik aitzin beheranzko joera hartzen du bideak.


Besseko zirkuan barneratuko ginen eta basoak larreei lekua uzten hasiko ziren.


Inguru honetatik Escala mendia (eskuinean) ikusten da. Haren ezkerretik beheiti zuzenean eginen genuen jaitsiera ordu batzuk geroago.


10:36 : Cabane de Besse (1572m)
Zirkuan bihurgune zabal bat marraztuta norabidez aldatzen da bidea eta Besseko etxolaren ondotik pasatzen da. Bertan pasatu genuen gaua duela 11 urte Enekok eta biok. Orduan bezala, orain ere egoera onean dago: bi ohatze, lurreko sua, mahai bat...


Leku zinez ederra da, eta lasaia!


Etxolatik goiti bertze baso zati bat zeharkatu genuen.


Zoragarri zegoen hau ere!


Basotik aterata fite Besseko lepoan izanen ginen...


Gure gibelean bailarako erregea...


10:58 : Col de Besse (1711m)
Lepoan Ossauko itzulia egiten duen bidearen marka hori eta gorriak utzi eta ezkerretara biratuko ginen. Kaskoz kasko argazkian ikusten den Montagnon d'Iseye aldera eginen genuen.


11:06 : Montagnon de Besse (1797m)
Bizkar gaineko bidea gailurtxo honetatik pasatzen da eta pixka bat beheiti egiten du segidan.


Montagnoneko mendigunea gero eta hurbilago ikusten genuen.


Zati bat jaitsi eta berriz goiti egitean bizkar estua zabaldu egiten da. 


Bideak eskuinetara egiten du puntu honetan, eta Aspe bailaratik Montagnonera igaten den bide arruntarekin elkartzen da.


Behin bide arruntarekin elkartuta, harri xehezko malda tentea gainditu behar da lakura ailegatzeko.


Argazkian ageri den bizkar guzia zeharkatua genuen.


Laku inguruan akitzen da malda tentea.


Sobera gelditu gabe lakua inguratu eta gailurrerantz segitzen duen bide jarraitu genuen.


Azken malda tentea gainditu beharko genuen gandorrera ateratzeko.


Eta Mardas eta Montagnon d'Iseye arteko lepora aterata, eskuinetara biratu eta kaskorako azken metroak egin genituen.


12:01 : Montagnon d'Iseye (2173m)
Kaskoan haizeak eta Montagnon lakurako ikuspegi ezagunak eman ziguten ongi etorria.


Bakarrik ginen momentu horretan eta tartetxo bat hartu genuen ikuspegiaz gozatzeko.


Mendebaldean aspalditik agendan dauden Bergon eta Marere mendiak gelditzen dira.


Goitian haizea zela eta ezin izan ginen aunitz egon eta beheiti abiatu ginen luze gabe. Jaitsiera ez genuen igoerako bide beretik eginen. Lakuraino itzuli eta eskuin biratuta hegoalderantz egin genuen zelai berdeetatik. Argazkian ikusten den lakutxoaren ondoan ezkerretara biratu eta Escala mendiaren oinean dagoen lepotxo gisako batera zuzendu ginen.


Argazki honetan ikusten den lepotxora, hain zuzen ere. Hortik zuzenean Besseko zirkura jaitsiko ginen.


Bide argirik ez dago zati honetan. Goitiko partean puntu urdin batzuz markatutako bidexka gisako zerbait harrapatu genuen. Hari segituz lehen harresi bat jaitsi genuen.


Behin harresia jaitsita, haren azpitik eskuinetara jo genuen. Belar luzez estalitako malda tente deserosoak jaitsi behar izan genituen azken zatian berriz ere puntu urdinak harrapatu arte.


Behin zirkuaren sakonean hegoaldera jotzen duen bidexka batetik paretaren azpiko zeharkaldia egin...


...eta belardi leunetara ailegatuta zuzen jaitsiko ginen igoerako bidea harrapatu arte.


Hortik beheitiraino ordu batzuk lehenago ibilitako bidea jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


14:07 : Goust (850m)
Udazken egun haizetsu eta goibela ederki aprobetxatu izanaren sentsazioarekin ailegatu ginen autora. Montagnonera igaten den bide honek duena izena baino izan handiagoa duela erakutsi zigun. Zoragarria!

 

2014/10/18

Mardas (2188m), Montagnon d'Iseye (2173m), L'Escala (2076m), Montagnon de Besse (1797m), Pic de la Gentiane (1713m)

EGUNA: 2014/10/17-18

IRTEERA: Eaux Chaudes (675m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Eaux Chaudes - Cabane de Besse : 3 ordu
  • Cabane de Besse - Montagnon d'Iseye : 2 ordu
  • Montagnon d'Iseye - Mardas : 15 minutu
  • Mardas - L'Escala : 30 minutu
  • L'Escala - Cabane de Besse : Ordu bat eta erdi
  • Cabane de Besse - Eaux Chaudes : Bi ordu
NOLA IRITSI: 
Behe Nafarroan barrena Donapaleu herrirako bidea eginen dugu eta hemendik Salies de Bearn herrira. Azken honetara iritsi aitzinetik Navarrenx aldera doan errepidea hartuko dugu eta beratik segituko dugu Oloron herriraino. Oloronetik Pau aldera goazela, gure eskuinetara bertzeak bertze Gourette edo Artouste eski estazioetara doan errepidea ikusiko dugu. Bertatik jarraituko dugu Laruns gibelean utzi eta Pourtalet mendatean gora doan bidean Eaux Chaudes estazio termaleraino.

DESKRIBAPENA:
Udazken koloreek hartu dituzte Pirinioetako oihanak eta guk paisaia koloretsuez gozatzeko asmoz Ossau bailarara joateko tarte bat hartu dugu. Zehazki, Pirinioen ipar muturrean gelditzen den zonalde bat ezagutu dugu oraingoan, Besse zirkua eta Montagnoneko laku ingurak izan dira gure helburuak.

2014/10/17
10:59 : Eaux Chaudes (675m).
Ortziral goizean egin genuen estazio termal polit honetarainoko bidea. Ossau bailararen bihotzean, XVIII. mendean iltzatuta gelditu den herria dirudi.


Bertan utzi genuen autoa, metalezko zubia gurutzatu eta marka gorri eta horiei jarraituko genien Ossau haraneko itzulia osatzen duen ibilbidean barrena. Gure helburua Cabane de Besse etxola zen. Lehen metroak Goust auzora igotzen den bide zaharretik egin genituen, Atsedenik gabe hasieratik goiti eta goiti. Segidan utzi genuen Eaux Chaudes beheitian.


11:26 : Goust (835m).
Hasierako errepide zahar aldapatsua gaindituta auzo polit honetara iritsi eta asfaltoa utzita pista bat hartu genuen. Berez kotxez honaino igo daiteke.


Besseko bidea hartzen den lekuan, auzoaren goikaldean, falta zaigunaz ohartarazten gaituen kartela ikusiko dugu.


Nekazaritza giroko auzo polita, zelai berdez osatuta dago, Ossau bailarak inguru honetan duen toki lau gutxitako batean.


Lehenik pista batetik eta gero bidexenda batetik, laster irabazten dira metroak. Auzoa arras beheitian ikusten da segidan.


Bidea atsedenerako tarte gutti eskaintzen zizkigun zati honetan.


12:05 : Plateau de Lusque (1240m).
Lehendabiziko maldatzarrak gaindituta bideak  arnasa hartzeko aukera eman zigun zelai polit honetara iristean.


12:35 : Col de Lusque (1458m).
Metro guttiren buruan ordea, berriz oihanean sartu eta gorako bidea hartzen da lepo hau zeharkatu arte.


Hemendik aitzin oihana bere jantzirik onena erakusten hasi zitzaigun.


Udazken koloretan...


Plazer bat horrelako parajeetan ibiltzea.


Oihanetik aterata Besseko zirku ederrean sartu ginen, ez zen gehiegi gelditzen etxolara iristeko.


Hemendik aitzin, belardi zatiak oihan zatiekin tartekatuko ziren.


Errekatxoen laguntzaz paisaia idilkoak marraztuz...


Oihana gibelean utzi genuen.


Alfonbra berdean gustora ibiliz...


...zirkua hegoaldetik iparraldera zeharkatzen joan ginen.


Etxola bistaratu genuen arte.


Argazki eta bideo artean, bi ordu eta erdiz iritsi ginen gure babeslekua izanen zenera.


13:36 : Cabane de Besse (1572m).
Besseko zirku liluragarrian kokatuta, behar dugun guztia eskaintzen digu etxola honek. 4-5 lagunek lo egiteko lekua, bizpahiru koltxoi barne, mahai bat, aulki batzuk eta egurra eta ura inguruan. Lasai-lasai etxolan instalatu eta kanpokaldean bazkaldu genuen.


Arratsaldean, denbora genuela ikusita buelta bat ematea erabaki genuen. Etxola utzi eta marke gorri-horiei jarraitu genien Besseko lepo aldera,


15:26 : Col de Besse (1711m).
Tita batean egin genituen lepo honetarate iristeko metroak. Bertatik mendebaldera, biharamunean igoko genituen mendi eta bidearen iksupegi ona genuen.


Gu ordea, ekialdera biratu eta Gentiane mendiraino eramanen gintuen magal zabalean goiti abiatu ginen.


15:41 : Pic de la Gentiane (1713m).
sasigailurretik metro batzuk galdu eta segidan iritsi ginen tontorrera, Gourette eski estazioa, Aubisque mendate ezaguna eta Ger mendia genituen ekialdera.



Iparraldera berriz Ossauko bailara Midi d'Ossau mendia zaindari duela.


Ger, Lurien, Palas eta Balaitous bertzeak bertze...


Ateraldiko lehen gailurrean...


Apala baina ikuspegi ederrekoa den gailur honetan pixka batean egon ondotik, Besseko lepora itzuli eta oraindik denbora genuenez, Arrioutorteko etxolara jaistea erabaki genuen.


Gure eskuinetara bertze etxola polit hau ere utziko genuen jaitsieran.


Bessekoa bezala, ingurune zoragarrian kokatuta dago Arrioutorteko etxola ere. Gaua pasatzeko leku bikaina!


L'Escala, Mardas eta Montagnon d'Iseye mendiak parean genituen. Horiei biharamunean eginen genien bisita.


16:34 : Cabane d'Arrioutort (1528m).
Nahiko etxola handia da. Zati bat itxita dago artzainarentzat, bertzean berriz gela bat ohe batzukin, egongela bat lurreko suarekin eta goitian egurrezko sabai polita ditu.


Kanpokaldeko iturrian ura hartu, tarte batean atseden hartu eta berriz gure etxolara joateko bidea hartu genuen.


Malda goiti, Besseko lepora itzulera oihan ederra gurutzatzen da.


Koloreen besta...


17:30 : Cabane de Besse (1572m).
Berriz etxolara itzuli eta afaltzeko ordura arte denbora genuenez, etxolaren atarian dagoen eserlekuan eserita inguraz disfrutatzen eman genuen arratsalde epela.




Azken eguzki izpi gorrixkek Cezy eta Ger mendiak argitzen zituzten.


Eguzkia sartuta, merezita parrilada egin genuen lurreko sua piztuta. Afari mundiala izan zen.


Mendian galdutako etxola, lurreko suan egindako urdaiazpiko eta txistorrak, haize hegoak goxatutako gau epela... nik behintzat ez dut gehiago behar zoriontsu izateko. Mila izarreko hotelean bikain eginen genuen lo!


2014/10/18
6:42 : Cabane de Besse (1572m).
Seietan joko zuen iratzargailuak zortzi orduz zakuetan egon eta gero. Gure asmoa eguna argitzen gailurretik ikustea zen, beraz gosaldu eta frontalen argitan gorako bidea hartu genuen.


Gauez ibiltzea ere plazerra da, gehienbat oihan isil eta misteriotsuetan bada...


7:03 : Col de Besse (1711m).
Bezperan ezagututako bidetik lepora iritsi eta mendebaldera biratuko ginen arista luzean barrena ibiliz. Hemendik aurrera erne ibili beharko genuen ilunpetan bidexka nahasgarria jarraitzeko.


7:17 : Montagnon de Besse (1797m).
Arista errazean ibiliz, eguneko lehen gailurtxora ailegatu ginen. Ez ginen ia gelditu ere egin. Eguzkia Gourette eski estazioaren atzetik atera nahiean zebilen.


Montagnon de Besseko aista luzea akituta bidea montagnoneko lakuaren azpian dagoen magal harritsuaren azpira joaten da. Lasneres mendia eguneko lehen argitan.


Magal harritsua gainditu genuen Montagnoneko lakua inguratzen duen zirkuan sartzeko.


8:11 : Lac du Montagnon (2003m).
Eta azkenean hanibertze desiratutako momentua iritsi zen. Montagnoneko lakua genuen begibistan, mendiek inguratutako inguru eder honetan. Parean genituen igoko genituen Montagnon d'Iseye eta Mardas mendiak ere.


Gibelera begirada lakuaren ondotik. Argazkikoa ez da Montagnon lakua, ondoko laku ttiki bat baizik.


Lakua gure eskuinetara utzi eta azken maldari ekin genion.


Bertatik iritsi ginen Mardas eta Montagnon d'Iseye tarteko izenik gabeko lepora. Embarrere eta Bergon mendiak agertu zitzaizkigun bertze aldean.


Lepotxotik gure skuinetara biratu eta Montagnon d'Iseyeko arista erraza igo genuen gibelean Mardas mendia zai genuela.


Gailurrerainoko arista lehen eguzkio izpitan.


8:39 : Montagnon d'Iseye (2173m).
Eguneko bigarren gailurra poltsikora.


Eta gailurretik Pirinioetako iksupegi ederrenetako bat, bihotz formako lakua, Ossau bailara eta mdi handia. Hitzik gabe!



Mendebaldera Montagnon d'Iseyek sortzen zuen itzal luzea eta beheitian Aydius herrixka.


Zerbait jan genuen, baina ez ginen gehiegi ere egon gailurrean haizeak gogor xamar jotzen baitzuen.


Montagnon mendia gibelean utzi eta Mardaserainoko metroak egin genituen.


8:59 : Mardas (2188m).
Eguneko hirugarrena goizeko bederatzietarako, ez dago gaizki! Goiz produktiboa!


Iparraldera Sesques eta Isabe mendiak genituen.


Bigarren gailurrean ere ez ginen gehiegi egon. Igotako bidetik lakura jaitsi ginen.


Forma berezia du benetan laku honek. Aitzinean eskuinetara ondoko tontorra genuen: L'Escala.


Belardi ederrak daude laku inguruan...


9:28 : Lac du Montagnon (2003m).


9:39 : L'Escala (2076m).
Lakutik ekialdera belarrezko maldaerraza igo eta azkeneko gailurra zapaldu genuen. Begiratoki bikaina da, bai Besseko zirkura eta baita Arrioutort ingurura ere.


Aitzinetik igotako bi mendiak eta lakua.


Sasigailurrean...


Besseko zirku zabala L'Escalatik...


Azken argazki bat laku ingurura eta beheiti abiatu ginen. Pena ematen zuen inguru hau uzteak. Itzuli beharrekoa!



Berriz lakuraino jaitsi ginen.


Baina lakuan goizeko malda harritsura joan beharrean, kontrako norabidea hartu eta hegoalderantz abiatu ginen belardietan barrena. Escala mendiaren hegoaldera dagoen lepotxo batetik (IGN mapan 1954 metrotara agertzen den izenik gabeko lepoa) behera sartuko ginen, bide aldapatsu eta nahasgarrian, ia marka eta hitorik gabe.


Bertatik egin genituen Besseko zirkuaren azpiko zatirainoko metroak. Guztira 400 metroko desnibela jaisten da oso gutti markatutako bide batetik. Kontuz ibili behar da bidexka segitzeko, bertzela harresi zailetara iritsiko baikara.


Argazkian gorriz markatu dut jaisteko erabili genuen bidea.


11:00 : Cabane de Besse (1572m).
Etxolara itzulita, gauzak bildu, zerbait jan, garbitu eta beheiti abiatu ginen. Leku eder hau uzteko momentua ailegatu zen.


Besseko zirkuan bezperan egindako bidea desgin genuen, ordu batzuk igotako Escala mendia zaindari genuela.


Paradisu ttiki hau, Pirinioetako bertze bat gehiago...


Bezperako oihanera sartzen...


Oihanean ere ikuskizunak segituko zuen.


Ipuinetako oihan mistriotsu honetan...


Ziztu bizian jaitsi ginen behera, Goust auzoraino.


Auzora iristen, urria izan arren bero kiskalgarripean.


13:05 : Goust (835m).


Auzoa erditik zeharkatuko genuen.


Lasaitasuna arnasten zen bertan...


Berriz ere bezperan abiatu ginen lekua bistan genuen.


13:26 : Eaux Chaudes (675m).
Errepide zaharretik, berriz estazio termalera ailegatu ginen. Pirinioetako inguru eder bat gehiago ezagututa. Dudarik gabe itzuki beharreko lekua.


Akitzeko irteeraren bideoa: