Orriak

2026/07/27

Pizzo Scalino (3323m)

EGUNA: 2026/07/26

ABIAPUNTUA: Lago Campo Mororako errepidea (1940m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu
  • Jaitsiera: Bi ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Oporraldi honetako deskubrimendurik onenetarikoa Valmalenco bailara izan zen dudarik gabe. Bernina mendia igateko hurbildu ginen bertara, eta mendi hori ez, baina leku eder eta lasaia izagutzeko aukera izan genuen. Lehendabiziko egunean Berninarako altuera pixka bat egiteko asmoz bailara hori hesten duten gailur garrantzitsuenetarikoan izan ginen: Scalino mendian. Zailtasun teknikorik gabea, ikuspegi ederra eskaintzen du kaskotik eta azpiko partea ere zinez ederra da.

7:39 : Lago Campo Mororako errepidea (1940m)
Egoera berezia zen bailaran. Berez nomalki autoz igaten ahal da hainbat ibilaldiren hasmenta den Campo Moroko aparkalekuraino. Bertara igateko errepidean lanak egiten ari ziren, ordea, eta hestia zegoen. Hala ere, lanak egiten ari ziren bidea oinez pasatu eta goitiko partean doako taxi zerbitzua eskaintzen zuten. Hortaz, autoa Lanzada herritik goitixeago utzi, 200 bat metroko desnibela oinez egin, taxia hartu eta Campo Moro baino kilometro bat lehenago dagoen aparkalekuan plantatu ginen. Biharamunean Berninara joateko ere gauza bera egin beharko genuen.


Eta ez dagkigu horregatik zen edo ez, baina bailaran turismo uholderik ez zegoen. Dena lasai, herriak beren bizitza egiten... Aunitz gustatu zitzaigun! Aparkalekutik beretik pista bat igaten hasten da eta bertatik eman genituen eguneko lehen pausoak. Arbolaz inguratutako zatitik aterata, zelaitxo honetan argazkian ikusten den seinaleak Cristina aterperako bidea erakutsiko zigun. Harat joanen ginen.


Bidexka Cristina aterpea kokatua dagoen Alpe Prabello artzain-herrixkarako pista mozten du.


Inguru honetatik jadanik igan beharko genuen Scalino mendia ikusten zen. Inguruko mendirik garrantzitsuenetakoa da eta presentzia ederra du azpitik ikusita.


Bidexka eta pista tartekatuz Alpe Prabelloko etxolak bistaratu genituen nahiko fite.


8:33 : Alpe Prabello (2236m)
Ordu bat baino fiteago ailegatu ginen liluratu gintuen toki honetara. Artzain etxolaz osatutako herrixka bat da, zelai berde polit batean. Inguruko mendietako glaziarren begiradapean denbora gelditu egin dela ematen du bertan. Etxolen ondoan Cristina aterpea dago eta geldialdi bat egin genuen bertan kafe bat hartzeko.


Geldialdiaren ondotik herrixka utzi eta goiti segitu genuen. Bidexkak ekialdera egiten du eta Ometti deitzen den lepotik pasatuko den bidea hartuko genuen laster. Scalino mendia hegotik igaten da bide honetatik, iparraldean duen glaziarra saihestuz.


Zelai zabal bat zeharkatu eta mendiaren mendebaldeko aurpegiaren azpian kokatuko ginen.


Hortik goiti 1000 metroko desnibela gainditu beharko geuen gailurreraino. Bidea ongi markatua dago borobil zuri-gorriz.


Laster uzten da beheitian zeharkatu berri genuen zelai ederra.


Eta goitiago harritza handi batetik igan beharko ginen tarte batean. Zati hau da igoera osoko zatirik deserosoena.


Harritza iganda, bideak hegoalderantz egiten du pixka batean mendiaren hegoaldeko gandorra inguratu eta Omettiko lepoa bilatzeko.


9:55 : Passo degli Ometti (2767m)
Zeharkaldiaren akabailan dago lepoa.


Lepotik norantza erabat aldatu eta iparralderantz egiten da, mendiaren hegoaldeko aurpegian sartzeko.


Inguru honetatik gailurreraino eginen genuen bidea ikusten zen. Hegoaldeko paretaren eskuinetara dagoen kanaleraino eginen genuen handik ertzera ateratzeko.


Hego aurpegia zaintzen duten harresien azpitik zeharkaldia egin...


...eta harri xehezko kanalean goiti abiatu ginen. Kanal hau igateko nahiko deserosoa da eta pazientziarekin hartu behar da.


Kanalaren goitiko partetik ezkerretara ekialdeko ertz erraza igatea bertzerik zen zen gelditzen.


Azken metroak...


11:04 : Pizzo Scalino (3323m)
Gailurrak ikuspegi ederra duela ematen du, baina gu ailegatzean inguruko mendi gehienak lainoz inguratuta zeuden. 


Kaskoko argazkia!


Iparraldeko glaziarretik doan bideak ere ez zuen zailegia ematen, baina doike bertatik igateko material gehiago eraman behar da.


Kaskoan bakar-bakarrik egon eta gero beheitirako bideari ekin genion. Igandako bide beretik jaistiko ginen Alpe Prabelloraino eta gero handik Campo Moro lakurako bidea hartuko genuen taxia hartzeko.


12:15 : Passo degli Ometti (2767m)
Berriz lepoa zeharkatu Monte Disgrazia ikusgarriaren begiradapean...


...eta mendebaldeko maldetan beheiti barneratu ginen.


Berriz ere azpiko zelai zabalera atera eta bertatik Alpe Prabellora itzuliko ginen.


Monte Disgrazia parean genuela... Mendi honek atentzia eman zigun bailaran egon ginen egunetan. Ez du Berninaren izenik, guk ez genuen ezagutu ere egiten, baina ederra eta basa da benetan.


13:08 : Alpe Prabello (2236m)
Artzain herrixka xarmangarrira ailegatu ginen berriz.


Bere ermita eta futbol-zelaia ere baditu...


Arratsaldeko 16:00ak arte taxi zerbitzua martxan paratuko ez zenez, Cristina aterpean bazkaltzea erabaki genuen. Arras ongi jan genuen eta egonaldi luzea egin genuen bertan.


Ondotik herrixka utzi eta beheitirakoari ekin genion. Arestian erran bezala, ez ginen igoera hasitako leklu berera joanen, Campo Moro lakura berera baizik. Hortaz harat igortzen gintuzten seinaleei segitu genien Alpe Prabellotik aitzin.


Pista eta bidexkak tartekatuz...


Scalino mendia gibelean utzi...


...eta Alpe Campagneda artzain-herrixkaraino joanen ginen.


Herrixka honetan kokatua dago Ca' Runcasch aterpea.


Handik pinudi bat zeharkatu eta Zoiako aterpea barrena ailegatuko ginen Campo Morora.


15:15 : Lago Campo Moro (1992m)
Hala akitu genuen bailaran egindako lehen ibilaldia. Biharamunean berriz ere inguru honetara iganen ginen Bernina mendira joaten saiatzeko...

2026/07/24

Pic de l'Etendard (3464m)

EGUNA: 2026/07/24

ABIAPUNTUA: Col de la Croix de Fer (2065m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

IRAUPENA:
  • Igoera: Sei ordu
  • Jaitsiera: Lau ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lagunekin Alpeetan bizikletaz egindako ibilbideetan atentzioa deitu zidaten mendi honek eta bere glaziarrak. Haiek joatean ni inguruan gelditzen nintzela baliatuz, mendia zein zen bilatu eta igateko aukerak aztertzen hasi nintzen. Bakarrik nengoen eta berez glaziarretan hobe da gutienez bi lagun ibiltzea arrakalen arriskuagatik. Hala ere, igoera nahiko segurua zela irakurri eta igatea erabaki nuen.

4:23 : Col de la Croix de Fer (2065m)
Alpeetako mendate ezagun honetatiz pista bat ateratzen da hegoalderantz eta aparkaleku batera ailegatzen da 200-300 metroren buruan. Bertan pasatu nuen gaua eta goizean goizik jaikita hasi nintzen ibiltzen. Aparkaleku horretatik ibilgailuendako debekatua dagoen pista bat Etendard aterpera igaten hasten da. Handik iganen nintzen aterpe aldera, pista bidexketatik laburtuz hainbat momentutan.


Bakardadean egindako igoera zatiaren ondotik, lehen argiak Lac Bramant lakura ailegatzean hasi ziren. Puntu honetan pistak metro batzuk galtzen ditu aterpera ailegatzeko. Bertara jaitsi aitzinetik lakua ekialdetik inguratzen duen bidexka hartuko nuen.


5:28 : Lac Bramant (2445m)
Lakua inguratzen duen bidexka laua da eta zati etzanenak lasterka egin nituen.


Lehen lakua gibelean utzita, Lac Blanc lakura ailegatuko nintzen segituan. Hura ere ekialdetik inguratuko nuen altuera handirik irabazi gabe.


Lehen zati honetan bertze mendizale bakarti bat harrapatu nuen. Hura ere Etendard aldera zihoan, baina pista guzia bizikletaz igan zuen. Aukera ona da, batez ere jaitsierarako.


Lac Blanc lakuaren muturrean Etendard aterpetik igaten den bidearekin elkartzen da ni nindoan bidea. Glaziarra hurbilago ikusten da puntu honetatik...


...baina oraindik aragzkiaren ezkerretara ikusten den bidexka etzana igan beharko nuen.


Aipatu bidexka iganda, azkenean Saint Sorlin glaziarraren oinean sortu den lakura ailegatu nintzen. Bide luzea da bertarainokoa, baina zati etzan aunitz dituenez lasterka fite ailegatu nintzen.


Egunsentiak momentu hunkigarria oparitu zidan puntu honetan. Eskuinean ikusten den Etendard mendia eta ezkerretara dagoen Grand Sauvage urre kolorez margotu zituen eguzkiak. Nik hortik goiti lakuaren eskuineko aldetik eginen nuen, glaziarren mingaina harrapatu eta haren izkinatik ahalik eta altuera gehien irabazteko kranpoiak paratu baino lehen.


Lehen zati etzanetik puntu honetara ailegatu nintzen. Elurra ibiltzeko moduan zegoenez, kranporik gabe segitu nuen argazkiaren erdiko harkaitzetaraino eta gero haietatik igan nintzen ahalik eta gehien. Bakarrik nindoanez, igoeran glaziarra ahalik eta gehien saihesten saiatu nintzen. Bi joanez gero, nire ustez hobe da ezkerreragotik igatea glaziarra baliatuz.


Puntu honetan sartu nintzen glaziarrean. 3050 metro inguruan nengoen, beraz 400 metro bakarrik falta zitzaizkidan kaskoraino. Eskuinean ikusten den harrizko punta da gailurra, eta haren ezkerreko malda tentetik iganen nintzen bertara. 


Momentu horretan nire aitzinetik zihoazen bi taldeak pasatuak nituen. 


Gailurraren hegoaldeko ertzera ateratzeko malda 40 bat gradura tentetzen da, baina zailtasun berezirik gabe gainditu nuen. Glaziara ikusten den bezala leun zegoen, baldintza onean-


Ertzetik eskuinetara biratu eta minutu gutitan kaskoan izanen nintzen.


8:00 : Pic de l'Etendard (3464m)
Goizeko zortzietarako kaskoan nintzen, hiru ordu eta erdiko igoera azkarra egin eta gero. Denak aitzinatuak nituenez, bakarrik egonen nintzen inguruaz gozatzen.


Urrunean Mont Blanc ageri zen...


Hego-ekialdean, berriz, Meijeko mendigune ikusgarria...


Eta nola ez Saint Sorlin bailarako izarrak: Aiguilles d'Arves.


Sobera luzatu gabe, han egon nintzenaren proba bat eta beheitirakoari ekin nion.


Jaitsieraren lehen zatia, igoera ez bezala, glaziarra ahalik eta gehien aprobetxatuz egin nuen. Baldintza onean zegoen eta modu horretan fiteago jaisten da harkaitzetatik baino. Bederatzietarako glaziarraren azpiko partean nintzen, inguru eder hura agurtzen.


Kranpoiak eta botak kendu, eta zapatiletan igoerako bide beretik autorainokoa eginen nuen.


Saint Sorlin glaziarra agurtuz...


Berriz ere aterpea eta Bramant lakua gibelean utzi...


Eta pista eta laburbideak aprobetxatuz ziztu bizian jaisti nintzen.


Biharamunean Frantziako Tourra pasatuko zenez, Croix de Fer lepo inguruak autokarabanaz betetzen hasiak ziren ordurako.


10:51 : Col de la Croix de Fer (2065m)
Nik, berriz, egun osoan kasik bakarrik ibilita kalapita hartatik eskapatzea bertzerik ez nuen buruan. Kontent egindako igoerarekin eta oporraldiaren bigarren partea hasteko gogotsu.