Txindoki (1346m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Txindoki (1346m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/08/31

Txindoki (1346m)

EGUNA: 2022/08/20

ABIAPUNTUA: Larraitz (401m)

ZAILTASUNA: 
  • AD. Eskalada erraza izan arren, IV. graduko hainbat pausu gainditu behar dira.
Bidearen krokisa

DENBORAK:
  • Larraitz - Mendebaldeko Ertzaren hasiera : Ordu eta erdi
  • Mendebaldeko Ertzaren eskalada : Bi ordu
  • Txindoki - Larraitz : Ordu eta erdi
MATERIALA:
70 metroko soka (40 metrokoa ere aski izaten ahal da), 10 express, zintak, mosketoiak, errebersoa.

NOLA AILEGATU:
Gizpuzkoaren erraietan dago Larraitz. Gure kasuan Donostia aldera joan eta gero Gasteizera doan A1 autobidea hartu dugu, hortik jarraituz Alegiako irteeraraino. Alegiatik Amezketara segituko dugu eta hemendik, Aralarreko bidea iragartzen dute seinaleek. Abaltzisketa zeharkatu eta laster izanen gara gure irteera puntuan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren aldia niretako Euskal Herriko eskaladaren ertz klasiko honetan; baina aitzinekoan ez bezala, oraingoan nik ireki beharko nuen bidea eta horrek zirrara berezia eragiten zidan. Mendi ezagun honetara igateko modurik ederrenetarikoa dudarik gabe!


8:59 : Larraitz (401m)
Bezperan mantso ailegatu ginen abiapuntura eta egunari presa handiegirik gabe ekin genion. Aparkalekutik beretik ateratzen den pista hartu genuen behelaino artean.


Pistatik metro batzuk ibilita ezkerretara ateratzen den bidexenda zabala hartuko genuen. Ikusten den bezala horiz, gorriz eta zuriz markatua dago. Hau da Txindoki edo Larrunarri mendira joateko bide arruntena.


Urrunean eskuinetara Ausa-Gaztelu mendia ikusgai genuen azpiko parte honetatik...


Beheitiko haranetan, ordea, lainoa ez zuen joan nahi... Eguraldi ederreko egun sanoa genuen, ertza eskalatzeko primerakoa.


Ataka bat zeharkatu eta segidan bide nagusia ezkerretarako ttikiago batetik utziko genuen. 


Hartutako bidea segidan galtzen da belar artean, baina ertza begien bistan dago eta bertaraino segitu bertzerik ez da egin behar. Eskalatzen den ertza gibelekoa da, beraz aitzinetik dagoen arrokazko irtengunea inguratu egin behar da, normalean ezkerretik.


Irtengunea inguratutako benetako ertza parez pare genuen. Planta ederra du mendia alde honetatik ikusita eta harkaitzetara ailegatzeko gogoz ginen jadanik. B0 bilkurara ailegatu baino lehen II graduko pausoak dituen zatia gainditu behar da, azpiko partean ikusten dena.


Behin 0 bilgunean plantatuta presarik gabe prestatu ginen, gure aitzinean zihoan bikoteari tartea uzteko intentzioarekin. Egia erran eskalada osoan zehar orpoz orpo segitu genituen eta horrek pixka bat motelarazi gintuen, baina astia bagenuen beraz... 


Honela zatitu genuen eskalada:
  •  1. luzea (IV): Irudian ikusten den diedroa da. Nahiko erraza eta ongi babestua. Diedrotik ezkerretara atera eta lehen bilera dago.


  • 2.luzea (II+): Luze arras erraza, tartean txaparik ez duena (guk behintzat ez genituen ikusi). Dena den, erraz egiten da. Arrakala batean akitzen da.

  •  3. luzea (III+): Arrakalatik hegoaldeko paretara atera eta tximinia bat igo behar da. Hor dago luzearen pausurik zailena. Hortik aitzinera ertzetik bertatik metro batzuk egiten dira eta akitzeko iparraldera kokatua dagoen III. graduko plaka bat eskalatu behar da.


  • 4. luzea (III+): Lehen metro erraz batzuen ondotik luzeari gradua ematen dion hego-tximinia bat eskalatu behar da. Tximinia gaindituta metro batzuk ertzetik eta bilera hegoaldera orientatutako plaka baten azpiko balkoitxoan dago.
  • 5. luzea (IV): Eskalada bileratik Plaka Polita deitzen dena igoz hasten da. Plaka hau gaindituta ertzetik metro erraz batzuk eta punta ikusgarri batera ailegatzen gara. Puntu jaitsi eta arrakalan dago hurrengo bilera.
Plaka Polita gainetik ikusita


Orratz ezagunaren gainean, 5. bilkurara ailegatzen


  • 6. luzea (IV+): Hau da bideko luzerik zailena, nahiz eta ez zaila izan. Guk berezko 6. eta 7. luzeak elkartu genituen. Lehen metro batzuen ondotik iparraldera orientatutako diedro bat igo behar da. Guk diedroa blai eginda aurkitu genuen eta horrek pixka bat zaildu zuen igoera. Dena den, ongi babestua dago hiru txaparekin. Pausoa gainditu eta balkoi estu batean dago azken aitzineko bilera. Agian bertikalena eta ikusgarriena. Hor txapatu eta goiti segitu nuen ondoko bilkuraraino III- zailtasuna duen luzetik. Belar arteko luze zikina da, pixka bat deserosoa eta heze egoten dena.
4c graduko pausoa gaindituta

Berez 7. luzea dena akitzen


Motz egin zitzaigun eskalada. Berez gure intentzioa luze gehiago elkartzea zen, baina aitzinekoei itxoiten aritu ginenez bakarrean bertzerik ez genituen elkartu. Eta eskerrak, bertzenaz sobera motz eginen baitzitzaigun. Zerbait jan, trasteak bildu eta gailurrerantz abiatu ginen...


Eskalada akitzen den lekutik zati koskorra gelditzen da kaskoraino, II. graduko pausoak dituena. Ez da sokarik erabiltzen, baina entretenigarria da.


Arrakalen artetik bidea bilatzen...


Eskaladatxo errazak egin behar dira...


12:50 : Erlebeltzeko Puntie (1312m)
Harkaitz zatiak gaindituta, gailurrera bidean puntatxo honetatik pasatzen da bidea. Larrunarriren mendebaldeko sasigailurra edo da.


13:01 : Txindoki / Larrunarri (1346m)
Minutu gutian ertzeko bakardadetik gailurreko kalapitara pasatu ginen. Bigarren aldia nuen Txindokin eta bietan ertzetik iganda... Argazki bat eta beheitirakoari ekin genion.


Mendiaren hegoaldera jaisten den bidexka hartu genuen hasteko, baina azpiko lepora ailegatu baino lehen bide nagusia utzi eta ezkerretara biratuko ginen Muitzeko bidetik jaisteko.


Aralarko larreak beti bezala ikusgarri zeuden uda arras idorra izanda ere...


Bide nagusiko jendetza utzi eta ekialdera biratuta kasik inor ibiltzen ez den bidexenda politetik jaitsiko ginen. Hasierako metroak alfonbra berdetik...


Gero poliki-poliki iparraldera biratzen da bidea mendia inguratuz...


Eta ipar aurpegi hezean barneratzen da...


Amezketa aldera ikuspegi ederra eskaintzen du bideak arbola artean galdu baino lehen.


Ondotik malda tentetu eta baso artetik pasatzen da bidexka.


Berriz ere larreetara Larraitz inguruan ateratzen da, autotik hurbil.


14:25 : Larraitz (401m)
Hiru urteren buruan berriz ere Txindokiren ertz polita eskalatuta kontent itzuli ginen autora. Noizean behin bueltatu beharreko lekua, zalantzarik gabe!
 

2018/09/08

Txindoki (1346m)

EGUNA: 2018/09/08

IRTEERA: Larraitz (401m)

ZAILTASUNA:
  • AD. Eskalada erraza izan arren, IV. graduko hainbat pausu gainditu behar dira.
Bidearen krokisa

DENBORAK:
  • Larraitz - Mendebaldeko Ertzaren hasiera : Ordu eta erdi
  • Mendebaldeko Ertzaren eskalada : Bi ordu
  • Txindoki - Larraitz : Ordu eta erdi
MATERIALA:
70 metroko soka (40 metrokoa ere aski izaten ahal da), 10 express, zintak, mosketoiak, errebersoa.

NOLA AILEGATU:
Gizpuzkoaren erraietan dago Larraitz. Gure kasuan Donostia aldera joan eta gero Gasteizera doan A1 autobidea hartu dugu, hortik jarraituz Alegiako irteeraraino. Alegiatik Amezketara segituko dugu eta hemendik, Aralarreko bidea iragartzen dute seinaleek. Abaltzisketa zeharkatu eta laster izanen gara gure irteera puntuan.

KRONIKA:
Ez naiz eskalatzailea, ezta gutxiagorik ere. Arras gutxitan eskalatu dut nire bizitzan eta orain berean bi urte neramatzan batere egin gabe. Dena den, beti erakarri izan nau mendiak eskalada errazeko bideetatik igotzeak, eta justu bide hau aspaldi nuen buruan. Aukera sortu zaidalarik beraz, bitan pentsatu gabe aitzinera!

9:48 : Larraitz (401m)
Goizeko zortzi eta erdietan egin genuen hitzordua Behobian eta Larraitzerako bidea hartu. Gauzak prestatu eta behelainopean goitirakoari ekin genion. 


Hasmentako zatia bide arruntetik egiten da, larunbata eta eguraldi ona izanik, bertze mendizale anitzen konpainian.


Behin ertzaren azpian kokatuta, bide normala utzi eta ertzaren bila abiatu ginen belardi maldatsuetan.

Behelainoa eta Ausa-Gaztelu gure gibelean...

Amitzi-Aiznabar deitzen den tontortxoa bere iparreko aldetik inguratu eta ertza parez pare ikusi genuen lehen aldiz. Sokada pare bat aitzinetik, baina lasai zegoen afera.


Ertzaren lehen zatian II. graduko eskaladatxo batzuk egin behar dira. Horrela ailegatu ginen lehen bilerara.


Berez soka luzea eramanda (gure kasuan bezala), bide osoa lau bat luzetan egin daiteke, luze bat baino gehiago elkartuz. Gure kasuan ordea, haizeak komunikazioa zailtzen zuen eta presarik ez genuenez zazpi luze egin genituen. Ustez denak, nahiz eta leku batzuetan 8 daudela irakurri dudan. Argazki gutxi egin nituen eskalada zatian, kamera ateratzeko zailtasunagatik eta momentua bizi nahi nuelako. Honela zatitu genuen bidea:

  •  1. luzea (IV): Irudian ikusten den diedroa da. Nahiko erraza eta ongi babestua. Diedrotik ezkerretara atera eta lehen bilera dago.

  • 2.luzea (II+): Luze arras erraza, tartean txaparik ez duena (guk behintzat ez genituen ikusi. Dena den, erraz egiten da. Arrakala batean akitzen da.

  •  3. luzea (III+): Arrakalatik hegoaldeko paretara atera eta tximinia bat igo behar da. Hor dago luzearen pausurik zailena. Hortik aitzinera ertzetik bertatik metro batzuk egiten dira eta akitzeko iparraldera kokatua dagoen III. graduko plaka bat eskalatu behar da.

  • 4. luzea (III+): Lehen metro erraz batzuen ondotik luzeari gradua ematen dion hego-tximinia bat eskalatu behar da. Tximinia gaindituta metro batzuk ertzetik eta bilera hegoaldera orientatutako plaka baten azpiko balkoitxoan dago.
  • 5. luzea (IV): Eskalada bileratik Plaka Polita deitzen dena igoz hasten da. Plaka hau gaindituta ertzetik metro erraz batzuk eta punta ikusgarri batera ailegatzen gara. Puntu jaitsi eta arrakalan dago hurrengo bilera.


  • 6. luzea (IV+): Hau da bideko luzerik zailena, nahiz eta ez zaila izan. Lehen metro batzuen ondotik iparraldera orientatutako diedro bat igo behar da. Guk diedroa blai eginda aurkitu genuen eta horrek pixka bat zaildu zuen igoera. Dena den, ongi babestua dago hiru txaparekin. Pausua gainditu eta balkoi estu batean dago azken aitzineko bilera. Agian bertikalena eta ikusgarriena.


  • 7. luzea (III-): Azken luzea erraza da, baina guk arras bustita aurkitu genuen eta nahiko deseroso. Belar zati bat du, ez sobera estetikoa eta erraza izanik bi txapa bertzerik ez ditu.



Behin eskalada akituta, soka bildu eta katu-oinak zapatilengandik aldatu genituen. Hortik gailurrera oraindik zati luzea gelditzen da, baina gradua ez da IItik igotzean eta erraz egiten da.


Azken zatiari ekiten. Erran bezala ertz zati luzea da, polita eta erraza.


13:45 : Erlabeltzeko Puntie (1312m)
Gailurrerako bidean, IIko eskaladak dituen zatia pasatu eta jadanik oinez punta honetara ailegatu ginen. 


Gelditu gabe, aitzinera segitu genuen, gailurra hurbil zegoen jadanik.


13:53 : Txindoki / Larrunarri (1346m)
Eta autotik atera eta lau orduren buruan Euskal Herriko gailur ezagun honetan ginen. Nire kasuan, lehen aldiz! Gibelera begirada, ibilitako azken ertz zatira. Urrunago, Beasain eta Ordizia ere ikusten dira.


Iparraldean, gure oinetan, Abaltzisketa eta Amezketa eta urrunago Tolosa.


Kontent gailurrean, aspaldi egin nahi nuen bide bat baitzen.


Hegoaldean Aralarreko larre berde zabalak...


Tontorrean zerbait jan eta beherakoari ekin genion bide normaletik.


Ziztu bizian jaitsi ginen, igotako ertzari pozik begiratzen geniola.

Bide erraz baina polita da, dudarik gabe, eta gainera Euskal Herriko klasiko batera. Zer gehiago eskatu!


15:36 : Larraitz (401m)
Hasmentako puntutik aurpegi desberdina erakusten du igotako mendiak! Bertze bat arte Txindoki!


BIDEOA: