EGUNA: 2018/09/08
IRTEERA: Larraitz (401m)
ZAILTASUNA:
- AD. Eskalada erraza izan arren, IV. graduko hainbat pausu gainditu behar dira.
Bidearen krokisa |
DENBORAK:
- Larraitz - Mendebaldeko Ertzaren hasiera : Ordu eta erdi
- Mendebaldeko Ertzaren eskalada : Bi ordu
- Txindoki - Larraitz : Ordu eta erdi
70 metroko soka (40 metrokoa ere aski izaten ahal da), 10 express, zintak, mosketoiak, errebersoa.
NOLA AILEGATU:
Gizpuzkoaren erraietan dago Larraitz. Gure kasuan Donostia aldera joan eta gero Gasteizera doan A1 autobidea hartu dugu, hortik jarraituz Alegiako irteeraraino. Alegiatik Amezketara segituko dugu eta hemendik, Aralarreko bidea iragartzen dute seinaleek. Abaltzisketa zeharkatu eta laster izanen gara gure irteera puntuan.
KRONIKA:
Ez naiz eskalatzailea, ezta gutxiagorik ere. Arras gutxitan eskalatu dut nire bizitzan eta orain berean bi urte neramatzan batere egin gabe. Dena den, beti erakarri izan nau mendiak eskalada errazeko bideetatik igotzeak, eta justu bide hau aspaldi nuen buruan. Aukera sortu zaidalarik beraz, bitan pentsatu gabe aitzinera!
9:48 : Larraitz (401m)
Goizeko zortzi eta erdietan egin genuen hitzordua Behobian eta Larraitzerako bidea hartu. Gauzak prestatu eta behelainopean goitirakoari ekin genion.
Hasmentako zatia bide arruntetik egiten da, larunbata eta eguraldi ona izanik, bertze mendizale anitzen konpainian.
Behin ertzaren azpian kokatuta, bide normala utzi eta ertzaren bila abiatu ginen belardi maldatsuetan.
Behelainoa eta Ausa-Gaztelu gure gibelean...
Amitzi-Aiznabar deitzen den tontortxoa bere iparreko aldetik inguratu eta ertza parez pare ikusi genuen lehen aldiz. Sokada pare bat aitzinetik, baina lasai zegoen afera.
Ertzaren lehen zatian II. graduko eskaladatxo batzuk egin behar dira. Horrela ailegatu ginen lehen bilerara.
Berez soka luzea eramanda (gure kasuan bezala), bide osoa lau bat luzetan egin daiteke, luze bat baino gehiago elkartuz. Gure kasuan ordea, haizeak komunikazioa zailtzen zuen eta presarik ez genuenez zazpi luze egin genituen. Ustez denak, nahiz eta leku batzuetan 8 daudela irakurri dudan. Argazki gutxi egin nituen eskalada zatian, kamera ateratzeko zailtasunagatik eta momentua bizi nahi nuelako. Honela zatitu genuen bidea:
- 1. luzea (IV): Irudian ikusten den diedroa da. Nahiko erraza eta ongi babestua. Diedrotik ezkerretara atera eta lehen bilera dago.
- 2.luzea (II+): Luze arras erraza, tartean txaparik ez duena (guk behintzat ez genituen ikusi. Dena den, erraz egiten da. Arrakala batean akitzen da.
- 3. luzea (III+): Arrakalatik hegoaldeko paretara atera eta tximinia bat igo behar da. Hor dago luzearen pausurik zailena. Hortik aitzinera ertzetik bertatik metro batzuk egiten dira eta akitzeko iparraldera kokatua dagoen III. graduko plaka bat eskalatu behar da.
- 4. luzea (III+): Lehen metro erraz batzuen ondotik luzeari gradua ematen dion hego-tximinia bat eskalatu behar da. Tximinia gaindituta metro batzuk ertzetik eta bilera hegoaldera orientatutako plaka baten azpiko balkoitxoan dago.
- 5. luzea (IV): Eskalada bileratik Plaka Polita deitzen dena igoz hasten da. Plaka hau gaindituta ertzetik metro erraz batzuk eta punta ikusgarri batera ailegatzen gara. Puntu jaitsi eta arrakalan dago hurrengo bilera.
- 6. luzea (IV+): Hau da bideko luzerik zailena, nahiz eta ez zaila izan. Lehen metro batzuen ondotik iparraldera orientatutako diedro bat igo behar da. Guk diedroa blai eginda aurkitu genuen eta horrek pixka bat zaildu zuen igoera. Dena den, ongi babestua dago hiru txaparekin. Pausua gainditu eta balkoi estu batean dago azken aitzineko bilera. Agian bertikalena eta ikusgarriena.
- 7. luzea (III-): Azken luzea erraza da, baina guk arras bustita aurkitu genuen eta nahiko deseroso. Belar zati bat du, ez sobera estetikoa eta erraza izanik bi txapa bertzerik ez ditu.
Behin eskalada akituta, soka bildu eta katu-oinak zapatilengandik aldatu genituen. Hortik gailurrera oraindik zati luzea gelditzen da, baina gradua ez da IItik igotzean eta erraz egiten da.
Azken zatiari ekiten. Erran bezala ertz zati luzea da, polita eta erraza.
13:45 : Erlabeltzeko Puntie (1312m)
Gailurrerako bidean, IIko eskaladak dituen zatia pasatu eta jadanik oinez punta honetara ailegatu ginen.
Gelditu gabe, aitzinera segitu genuen, gailurra hurbil zegoen jadanik.
13:53 : Txindoki / Larrunarri (1346m)
Eta autotik atera eta lau orduren buruan Euskal Herriko gailur ezagun honetan ginen. Nire kasuan, lehen aldiz! Gibelera begirada, ibilitako azken ertz zatira. Urrunago, Beasain eta Ordizia ere ikusten dira.
Iparraldean, gure oinetan, Abaltzisketa eta Amezketa eta urrunago Tolosa.
Kontent gailurrean, aspaldi egin nahi nuen bide bat baitzen.
Hegoaldean Aralarreko larre berde zabalak...
Tontorrean zerbait jan eta beherakoari ekin genion bide normaletik.
Ziztu bizian jaitsi ginen, igotako ertzari pozik begiratzen geniola.
Bide erraz baina polita da, dudarik gabe, eta gainera Euskal Herriko klasiko batera. Zer gehiago eskatu!
15:36 : Larraitz (401m)
Hasmentako puntutik aurpegi desberdina erakusten du igotako mendiak! Bertze bat arte Txindoki!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina