EGUNA: 2019/07/30-31
ABIAPUNTUA: Embalse de la Sarra (1420m)
ZAILTASUNA:
Nahiko zaila (AD). Ibilbidearen zailtasuna bi puntu nagusitara mugatzen da.
- Brecha Latour: Igoera pasatu dugun pausua da. Bi zatitan banatzen ahal dugu: tximinia eta orratzerako igoera. Tximinian kokatuta dago igoera guziko punturik zailena. Beheko zatian blokatuta dagoen harkaitz bat da eta III+ pausua du, IVa ere batzuen ustez. Hankendako helduleku eskasak ditu eta blokean eskuak jarri eta bi aldeetako paretetan hankekin itsaskortasun pausua eginez gainditzen da. Zorionez pausu honek ez dauka erorketa handia eta ongi pasatzen da. Hortaz aparte, tximiniak bertze eskaladatxo batzuk ditu, baina errazagoak (II). Bigarren zatian, tximinia utzi eta orratz aldera eskaladatxoa egiten da. Zati honetan punturik zailena tximinia uzten denekoa da (II+), baina iltze batzuk daude pausua errazago egiteko. Pausuak erorketa handi samarra du eskuinetara. Hortik goiti errazago egiten da.
- Gran Diagonal: Guk jaitsierarao erabili dugun zatia da. Teknikoki ez dauka zailtasun handirik (II), baina kontuz ibili beharreko zatiak ditu, gehienbat eror daitezkeen harriengatik.
DENBORAK:
- Embalse de la Sarra - Refugio de Respomuso : 2 ordu eta erdi
- Refugio de Respomuso - Balaitous (Brecha de Latourretik) : 3 ordu
- Balaitous - Emblase de la Sarra (Gran Diagonaletik) : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena Jacara joan behar da eta hemendik Sabiñanigo aldera hartuta, Biescasen goiti Tenako ibarrean sartuko gara. Pourtaleten goiti igotzen den bidetik Sallent de Gallego herrira joanen gara eta hemendik La Sarrako urtegira.
KRONIKA:
Azkenean egin diot bisita Pirinioetako gailur handi honi. Igotzeko bide errazik ez duen klasiko hau ibilbide zirkularra eginez deskubritu dugu, Brecha de Latour eta Gran Diagonal bide ezagunak konbinatuz. Dudarik gabe duen fama ongi irabazia du! Bortz izarreko mendi puska.
2019/07/30
17:53 : Embalse de la Sarra (1420m)
Urtagiaren akabailan autoa utzi eta jadanik erdi prestatuta genituen gauzak hartuta bideari ekin diogu.
Sarratik Respomusora GR11 bide erraz eta luze samarra segitzea bertzerik ez da egin behar.
Ur-jauzia bidetik, Aguas Limpias izena duen amildegian.
Berandu samar atera ginenez, igoera erritmo bizian egin dugu afalordurako ailegatu nahi baikenuen.
Hasi eta ordubete pasatxoan Respomusoko urtegia bistan genuen jadanik.
Niretako bigarren aldia izan da inguru honetan. Aitzinekoa elurrarekin izan zen eta elurrik gabe ere zinez leku ederra da Piedrafitako zirkua izenez ezagutzen dena. Piramide itxurako mendi dotoreek inguratzen dituzte belardi berde eta laku urdinak. Ikusgarrienak Gran Facha, Llena de Cantal eta Tebarray dira.
19:39 : Refugio de Respomuso (2140m)
Ordu eta hiru laurden inguru pasatu ditugu aterpetxera ailegatzeko. Erritmo bizian erran bezala. Erreserba baieztatu, garagardo bat hartu eta afaltzera.
Afalondoan inguru zoragarriaz gozatzen...
Azken eguzki izpiak Piedrafitako zirkuan...
2019/07/31
8:02 : Refugio de Respomuso (2140m)
Goizean gosaldu ondotik, aterpearen gibeletik atera gara eta kanale zabal batetik iparralderantz segitu dugu panel horien bidea markatzen zigutela.
Bideak altuera azkar irabazten du eta lehen malda gaindituta Cresta del Diablo izenez ezagutzen den gandor zorrotza bistan genuen jadanik.
Hortik aitzin ibilbidea leku basati eta ikusgarrian barneratzen da. Gibelean Llena de Cantal, Picos del Infierno, Tebarray eta enparauak...
...eta aitzinean Costerillou eta Diablo gandorrek hesten duten zirku ikusgarria. Bakartia gu pasatu garelarik, basatia...
Brecha Latour pasabiderainokoa harkaitz bloke eta bidexka txikietatik egiten da.
Frondella mendietatik erortzen diren ertzak inguratu eta zirkuaren sakonean Latourreko pasabide ezaguna agertu zaigu. Azpitik ikusgarria da arras eta bertara sartuta baita ere. Argazkiaren erdian ikusten den orratzera igotzean datza pasabidea. Lehenik ezkerretara ikusten den tximiniatik, III+ duen harkaitz bloke batek duelarik zailtasunik handiena; eta geri paretatik zuzenean orratzera segituz, II+ inguruko pausu erraz baina ikusgarriak eginez.
Kaskoak jantzi eta tximinian barneratu gara, eskaladatxo errazak eginez.
Tximinia akitu baino lehen utzi eta paretatik zuzenean orratzera igo gara gero, eskalada erraz baina ikusgarritik.
Behin orratzaren gainean, bertze aldera metro batzuk jaitsi eta gailurrerako malda erraza igotzea bertzerik ez zen gelditzen.
Jadanik zailtasunik gabeko ibilbidea da azken hau, elurrik ez dagoelarik bahintzat.
Azken metroak gailur zabalera...
10:22 : Balaitous (3144m)
...eta gailur ezagun honen puntan ginen azkenean.
Haize hotza lagun izan arren inguruaz gozatzen egon gara lasai ederrean. Ikuspegi bikaina dago gailur honetatik!
Midi d'Ossau, Lurien eta Palas...
Midi de Bigorre, Neouvielle, Pic Long eta enparauak...
Neous neguan egiten den korridorearen irteera eta izen bereko glaziarra. Mendi-eski klasiko handi bat!
Gailurraz gozatu ondotik jaitsierari ekin diogu. Horretarako metro batzuk iparraldera egin eta harri-mukuruei segika Gran Diagonal deitzen den pasabide aldera abiatu gara.
Hasteko tximinia batzuk jaitsi behar dira. Ez dira zailak, baina kasu eman behar da harriak bota gabe eta zatiren batzuetan baita erori gabe ere.
Jaitsitako lehen zatia gibelean...
Destrepe anitz egin behar dira lehen zatian eta harri-mukuruek leku batetik baino gehiagotik eramaten gaituzte Gran Diagonal aldera.
Jaitsitako pareta. Nahiko bertikala da, eta nahiz eta zaila ez izan kasu eman beharreko lekua.
Tximiniak akituta, Gran Diagonal bezala ezagutzen den pasabidean sartu gara. Pareta bertikalean, diagonalean jaisten den balkoitxo bat da. Teknikoki erraza, baina ikusgarria eta harri solte anitz duena. Kaskoa beharrezkoa da nire ustez.
Ikusgarria iruditu zaigu ingurua. Argazkian jadanik Diagonalaren azken metroetan.
Diagonala akitu eta metro batzuk jaitsita, 2700 metro inguruan, vivac ezagun hau bisitatu dugu. Harkaitz handi baten barruan dagoen kobazuloa da, Andre Michaud izenez ezagutua.
Hortik aitzin zailtasun eta bertikaltasun handienak akituta, Gorg Helado lakutxoa erreferentzia bezala genuela jaisten segitu dugu inguru harriz harri saltoka.
12:23 : Gorg Helado (2404m)
Laku bazterrean geldialdia egin dugu zerbait jan eta inguruaz gozatzeko. Eguneko zailtasunak akituta zeuden, baina oraindik jaitsiera luzea genuen autoraino.
Balaitous handia lakutik. Ezkerretik eskuinetara jaisten den Gran Diagonal pasabidea ikusten da argi eta garbi.
Gorg Helado utzi eta jaisten segitu dugu Arrieleko laku politetarantz.
Palas mendia Arriel lakuen ingurutik... Bertze mendi puska bat!
Eta inguruko bertze handi batzuk, Frondella mendiak...
Zoragarria da lakuen inguru hau. Eguna pasatzeko leku polita eta zer erranik ez inguruko menditzar hauetako baten bat egiteko.
Azken lakua inguratu eta ziztu bizian jaitsi gara Aguas Limpias amildegirantz.
Bertan berriz bezperan ibilitako GR11 bidea hartu eta Sarrara itzultzeko.
14:25 : Embalse de la Sarra (1420m)
Eta hala akitu da mendi bikain honetara egindako ibilbide zirkular ikusgarria.
BIDEOA: