Orriak

Soralar (827m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Soralar (827m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/01/28

Auza (1306m) eta Soralar (827m)

EGUNA: 2025/01/19

ABIAPUNTUA: Erratzu (280m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK (oinez):
  • Erratzu - Soralar : Ordu eta erdi
  • Soralar - Basagar : Ordu bat
  • Basagar - Auza : Bi ordu eta erdi
  • Auza - Erratzu : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Ateraldi honen abiapuntua Erratzu herrian berean dago. Herri sarrerako pisuetan ibilgailua uzteko lekua egoten da.

ARRASTOA:
Laster egonen da.

KRONIKA:
Auza Erratzuko erregina da eta Baztango mendirik politenetakoa, politena ez bada. Niretako haren magalean sortuta, mendi berezia izan da betidanik. Urteko lehen bisita egin diogu urtarril honetan, Soralar eta Basagarretik pasatuta mendiaren hegoaldeko zirkua osorik zeharkatuz.

9:52 : Erratzu (285m)
Goiz garbi eta hotzean herriko karrikak zeharkatuz abiatu ginen. Azken etxeak gibelean utzi eta Gorostapolo auzora igaten den errepidea hartu genuen.



Eguneko helburua herritik...


Gorostapoloko errepidetik 500 bat metro eginda, ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea hartu eta bertatik segituko genuen akitu arte. Akitzean zementuzko bidea pista bilakatzen da eta bertatik hegoalderantz iganen ginen.


Lehen maldak gaindituta, iratzeleku batetik eskuinetara igan eta goitiagoko pista batera pasatuko ginen.


Pista honetatik Soralarko kaskoa ikusten da. Haren azpiko pisten bidegurutzera ailegatu, ezkerreko pista hartu eta hau segidan utziko genuen gailurrera doan bidexenda hartzeko.


Bidexka hau bi belairen artetik igaten da.


10:46 : Soralar (827m)
Pinu multzotxo batez osatutako tontor kuriosoa herritik ordu eskasean harrapatu genuen.


Gelditu gabe hegoalderantz segitzen duen bidexkatik jaisten hasi ginen. Bidexka parean ikusten den Burga mendiaren oinera ailegatzen da. Guk mendi hau ezkerreko aldetik (ipar-ekialdetik) inguratuko genuen pista batetik.


Pagadi ederrak Burga mendiaren azpian...


11:02 : Basagar (684m)
Lasterka pixka bat eginda, ordu laurdenean Soralartik Basagarko lepora ailegatu ginen. Hemendik hasmentan Berderiz aldera doan GRa hartuko genuen.


Laster ordea GRa utzi behar da eta ekialderantz egiten duten marka zuri eta horiak segitu.


Basoak eta iratzelekuak tartekatzen dira bizkarez bizkar ekialderantz egiten duen bidetik.


Puntu honetan argazkian ikusten den harri-mukuruak Urruska mendia iparraldetik inguratzen duen bidea erakusten digu.


Segidan GR10 eta GR11 bideak lotzen dituen GRaren bidera ailegatuko ginen, Argañeta eta Urruska mendien arteko lepoan. Hemendik aitzin iparraldera eramanen gintuzten marka hauek segituko genituen Auzako mendiaren azpiko alderaino.


Urruska mendia gibelean...


...eta Auza aitzinean, gero eta hurbilago.


Gehienean pago artetik pasatzen da bidea...


...Ixtauzko lepo inguruan larre garbietara ailegatu arte.


Antxola mendia inguratzen du orduan GRak...


...eta bizkarrez bizkar Auza aldera segitzen du.


Kaskora ailegatu baino lehen GRa eskuinetara biratu eta Harrigorriko lepora joaten da. Puntu horretan guk zuzen segituko genuen goiti kaskora ailegatzeko.


12:28 : Auza (1306m)
Bertze behin ere hainbertze aldiz igandako mendi polit honen kaskoan ginen.


Urrunean Pirinioak elurtuta...


Orhin eta Aspen bizia galdu zuten hiru baztandarren omenezko oroigarriak...


Jaitsiera Izpegi aldera doan bidetik hasi genuen. Mendiaren ekialdean dagoen Harrigorriko lepo aldera jaitsi eta berriz lehenxeago utzitako GRa hartuko genuen.


Paraje ederra da Harrigorri ingurukoa...


12:58 : Elhorrietako lepoa (831m)
GRa behin betiko Elhorrietako lepoan utzi genuen. Hortik bidexka bat segituz Barrenetxeko bordaren ondotik pasatu, eta Elhorrietako lepora Erratzutik igaten den pistara aterako ginen.


Pistaz pista Kuarteleko kasko aldera jaitsi ginen...


...eta handik Larretatik Iñarbilera doan pistara lasterbide bat hartu genuen


Pista eta bidexka tartekatzen dira Larreta eta Iñarbil auzoen artean...


Darteko Zelaia zeharkatu eta Iñarbilera ailegatuko ginen.


13:45 : Erratzu (285m)
Eta Iñarbildik Erratzura jaitsita akitu genuen eguna. Guzira 21 kilometro eta 1200 metroko desnibela eginda, itzuli polita egin genuen.

 

2022/12/29

Soralar (827m), Zarkindegi (862m), Hargibel (991m), Albako Harria (1074m)

EGUNA: 2022/12/24

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA: Erraza

ARRASTOA:


KRONIKA:
Erratzu eta Elizondo mendiz lotzeko hainbat aukera daude, baina politenetakoa Albako Harrira doan bizkar luzea gainez gain pasatzen duena da. Berez bizkar hori bera Erdiz eta Saioa aldera luzatzen da eta mendi garbi eta ederrean ibiltzeko aukera ematen du, bidenabar hainbat gailur zapalduz.

9:28 : Erratzu (285m)
Kafe bana hartu eta Gorostapoloko errepidea segituz utzi genuen herria. Errepidetik 500 bat metro eginda eskuinetara ateratzen den zementuzko bidea hartuko genuen.


Zementuzko bidea behitegi baten ondoan akitzen da eta pista bati uzten dio lekua. Soralar aldera igaten den pista horretatik iganen ginen tarte batean.


Pista hainbat belagiren artetik pasatzen da. Belagiak akitzen direlarik eskuinetara iratze-leku batetik doan bidexka hartuko genuen.


Buztanzelai inguruak bidetik...


Gure gibelean Gorostapolo eta Erratzu, Gorramendiren oinean...


Iratze-lekutik barrena bertze pista bat zeharkatu eta Otxaskoren ipar bizkarrera aterako ginen irudiko arbola bakartiaren ondotik. Bizkarretik beretik doan bidexendatik argazkiaren ezkerretara ageri den Otxaskoko gailurrera aterako ginen.


10:12 : Otxasko (719m)
Gailur honetatik parez pare ikusten da Soralarkoa. Bien arteko lepora jaitsi eta Soralarko luberriaren ezkerretik doan bidexkak utziko gintuen kaskoan.


10:25 : Soralar (827m)
Azken metroak bi belagiren arteko bide berezitik egiten dira.


Gailurrean haizeak bizi jotzen zuen, beraz luze gabe Burga eta Soralar azpiko leporantz zuzendu ginen.


Pagadi ederrak Burga inguruan...


10:46 : Basagar (684m)
Burgatik ez ginen pasatuko ordea. Horren ordez iparraldetik inguratzen duen pistati Basagarko lepora agertuko ginen. Lepoan Beartzun eta Iñarbegi lotzen dituen pista zeharkatu eta eskuinetara GRaren marka zurigorriak segituko genituen. 


Markak segituz lepo zabal batera atera eta GRa utzita, ezkerrerago doan bertze xenda bat hartuko genuen. Berderizeko Lepora eramanen gintuen bide honek.


Urruxka baserriaren gaineko aldetik pasatuz...


Berderizeko Lepora ailegatzen...


11:17 : Berderizeko lepoa (688m)
Basagar eta Berderiz artean ez altuerarik irabazten distantzia egin arren. Bidegurutze garrantzitsua den lepo honetatik Argibelera markatutako bidea hartuko genuen.


Bizkarrez bizkar doa Argibelera bidea, paraje garbi eta ederretatik...


11:34 : Zarkindegi (862m)
Malda pare bat igan eta Zarkindegiko kaskotik pasatu ginen.


11:47 : Belaungo lepoa (759m)
Pagadi arteko jaitsiera laburra eta Belaungo lepotik pasatu ginen.


Paraje ederrak pago eta larre arteko hauek. Neguan bereziki garbi-garbi egoten dira.


Eihartzeko gain polita inguratu eta izen bereko lepotik malda tentetu egiten da.


Argibelgo haitzak ez genituen urrun...


12:15 : Argibel (991m)
Marka horiei segika mendiaren ekialdeko harresiaren puntu ahula bilatu eta gailurrera atera ginen. Haize gutxiago ibilki zenez, zerbait jateko geldialdi egin genuen tontorrean. Azken gailurra hurbil genuen jadanik.


Bizkar zabal batetik egiten da Argibel eta Albaren arteko bidea.


12:49 : Albako Harria (1074m)
Herritik atera eta hiru ordu pasatan eguneko azken kaskoan ginen. Elizondorako jaitsiera gelditzen zitzaigun ibilbidea akitzeko.


Mendiaren iparraldera jaitsi eta Urballoko lepoan GR11aren bidea hartuko genuen Elizondorako.


14:09 : Elizondo (195m)
Abenduaren 24a izanda ere, bero ederra "lagun" ailegatu ginen Elizondora. Ondoko egunetako otorduak irabazita...