EGUNA: 2026/09/13
ABIAPUNTUA: Candanchu (1560m)
ZAILTASUNA: 6b, 670m
IRAUPENA:
- Hurbiltzea: 2 ordu
- Eskalada: 8 ordu
- Jaitsiera: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jakara ailegatuta
Candanchu eta Astungo eski estazioetara Aragongo bailaran goiti igaten
den bidea hartuko dugu. Somporteko lepora ailegatu baino lehenxeago
ezkerretara dago Candanchuko eski estazioa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Ireki zenetik polemikaren erdian egon den eskalada bidea da Valhalla. Idatzi baten bitartez bertze bideak zapaltzea eta aseguru sobera paratzea leporatu zioten Sueño Vertical izenez ezagutzen den irekitzaileari. Guk polemikak polemika tontor bateraino ailegatzen den bidea izanik, eskalatzeko gogoa genuen eta bertara joatea erabaki genuen.
5:37 : Candanchu (1560m)
Ordu ttipitan eman genituen lehendabiziko pausoak eski estazioko pistetatik. Principe de Asturias I eta II teleskien paraleloan egin genuen lehendabiziko zatia. Hauek akitzean ezkerretara malda piko bat gainditu eta Totiellaseko lepoaren azpiko aldera eramanen gintuen bidexka batetik ibili ginen metro batzuetan. Azkenik izen bereko eski pistatik atera ginen lepora.
6:22 : Collado de Tortiellas (1978m)
Puntu honetan GR11aren bidetik zatitxo bat egin genuen. Eski pista zati bat da, Tuca Blancatik jaisten den.
Pista eskuinetara biratzean, hura utzi eta bizkar batetik Aspera doan bide arruntean goiti egin genuen. Zati honetan Canfranc-Canfranc mendi lasterketaren seinale distiratsuak harrapatu genituen.
Bidea bizkar batera igaten da eta ezkerretara katez ekipatua dagoen harresi bat jaisten du.

Harresia jaitsita, zelai bat gurutzatzen du bide arruntak, gero eskuinetara altuera irabazten segitzeko. Zelai honetan bide nagusia utzi eta ordurako argiak ikusten uzten zigun Aspe mendiaren ekialdeko paretatzarraren azpiko muturrera zuzendu ginen. Bertan hasten da eskalada bidea, pareta horren punturik apalenean.

Malda harritsu bat gaindituta uste baino errazago eta fiteago ailegatu ginen bidearen oinera. Ordu eta erdi eskas bertzerik ez genituen behar izan. Behin lehen parabolta harrapatuta, prestatu eta eskalatzeko prestatu ginen.Eguzkia Asperen paretari ematen hasi orduko hasi ginen eskalatzen. Eskalada bide luzea genuen aitzinetik esperoan:
- 1. luzea (V, 30m): Kolore gorrixka duen harkaitzetik zailtasun handirik gabe diedro batzuk eskalatzen dira. Berotzen hasteko harkaitzera egiteko aproposa.
- 2. luzea (V+, 30m): Aitzinekoaren estiloko luzea da hau ere. Ez zitzaigun graduak ematen duen zailtasuna gehitzen denik iruditu.
- 3. luzea (6a, 50m): Luze honetan bidearen 3. eta 4. luzeak lotu genituen. Bilkurarik atera eta pixka bat ezkerretara gradua ematen dion pausoa zeharkatzen da hasteko. Gero zati errazagotik terraza berdearen azpian dagoen bilgunera ailegatzen da. Guk terraza hau zeharkatu eta ondoko paretaren azpian egin genuen bigunea, baina erran behar da sokek dezente tiratzen zutela.
- 5. luzea (V, 50m): Kanal bat eskalatuz hasten da, baina gero zailtasunak beheiti egin eta bertze terraza belartsu batera ateratzen da. Kasu honetan ere 50 metroko sokak bi luzeak lotzeko aukera eman zigun arazorik gabe.
- 6. luzea (6a, 25m): Bilgunetik ezkerretara eta gero eskuinetara egiten den luze polita da. Pauso polit eta fin batzuk egin behar dira, gorputza ongi kokatzea eskatzen dutenak.
- 7. luzea (V, 50m): Harkaitz eskasa duen luzea da, gradu bereko bertze luzeak baino zailagoa iruditu zitzaigun.
- 8. luzea (6a+, 20m): Makurtutako diedro batzuk eskalatzen dira. Luze ederra da, nahiko fisikoa eta gorputza kokatzekoa. Heldulekuak onak dira hala ere.
- 9. luzea (IV+, 30m): Bilgune erosotik atera eta makurtutako irtengune bat inguratuta Oriongo lepoaren ingurura ateratzen da.
- 10. luzea (II, 40m): Trantsizio luzea da, lehen zatitik bigarrenera pasatzeko. Oinez egiten da, inolako zailtasunik gabe. Atsedenaldi bat hartu genuen Oriongo lepoan zerbait jateko eta iruditu zitzaigun ezkerretara eginez bidea uzteko ihesbidea ere baduela.
- 11. luzea (V, 40m): Plaka etzan eta polita eskalatzen da, goitiko zatian eskuinetara egin eta bilgunera ailegatuta.
- 12. luzea (6b, 25m): Bilkuratik goiti plaka fin bat eskalatu behar da. Hor dago 6b pausoa. Soka batzuk paratuta daude A0 moduan eskalatu nahi izanez gero. Sabai bateraino igan behar da plakatik eta gero ezkerretara egin sabaia inguratzeko. Behin inguratuta, bavariar moduan eskalatzeko tarte bat dago, oraindik fina izaten segitzen duena. Luze arras ederra iruditu zitzaidan.
- 13. luzea (IV+, 50m): Bilkuratik ateratzean bloke-pauso bat egin behar da. Hortik aitzinera aunitz errazten da bilkurara ailegatu arte.
- 14. luzea (V+, 45m): Diedro-tximinia batean sartu eta hondarreraino eskalatzen da. Handik eskuinetara zeharkaldia egin behar da bilkuraraino. Azken pausoa da delikatuena. Erne sokak tiratzeko arriskua baitago.
- 15. luzea (IV+, 40m): Luze erraza da eta eskertu genuen, eskalada orduak goiti baitzihoazen ordurako.
- 16. luzea (IV, 25m): Bertze luze erraz bat. Terraza batetik igan behar da eta bertatik eskuinetara ateratzean dago pausorik zailena.
- 17. luzea (V, 70m): Puntu honetara arte zailtasunik gabe igan ginen, baina hortik aitzin nahasten hasi ginen. Hasteko bidearen 19. luze ofiziala plaka etzan batzuetatik hasten da. Horiek akitzean irtengune bat eskalatu behar da, V. gradua duena. Honen ondotik eskuinetara egin eta bilgunea dago, baina Loreak ez zuen ikusi eta aitzinera segitu zuen. Soka akitu eta ensanblean atera nintzen bera 20. luzeko bilkurara ailegatzeko. Baina bilkura hau desmuntatuta harrapatu genuen, gure ustez bidearen inguruan sortu den polemikagatik. Hala ere, leku onean dago bilgune hau eta Loreak zinta batekin bilkura bat inprobisatu zuen.
- 18. luzea (6a, 50m): Luze honetan ere bi elkartu behar izan genituen (21. eta 22. luzeak). Kasu honetan ere bien bilkurak desmuntatuak zeuden eta zorionez 22.a akitzean Murcielagos ertza egiten ari ziren batzuek friend bat utzi zidaten bilgunea seguru muntatu ahal izateko. Guk gure bidea ekipatua zegoenez ez genituen hartu. Eskaladari dagokionez, helduleku onak dituzten zati bertikalak eskalatzen dira, baina plakatxo polit bat ere.
- 19. luzea (IV, 20m): Zailtasunak akituta, ertzera ateratzeko luzea da. Murcielagos ertzaren azken zatian uzten zaitu eta harkaitz bloke batean egin behar da bilkura, hau ere desmuntatuta baitago.
Eskalada akituta, Murcielagos ertzaren azken zatia gainditzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen tontorrera ailegatzeko.
Azken zatian jaitsi beharreko arrakala da zati honen zatirik teknikoena (III). Rapel bat muntatzeko aukera du, baina iaz egin genuenez ezaguna zitzaigun eta deseskalatuz pasatu ginen bertatik. Bertatik metro erraz batzuk igan eta kaskoan ginen.
15:39 : Aspe (2645m)
Azken zatiko bilkuren ezustekoak pixka bat arraro utzi gintuen. Guretako erronka bat izan zen hain bide luzea eskalatzea, eta ez genuen halako sorpresarik espero. Bilgune horiek kendu dituenak eskalatzaileen bizitza arriskuan paratu dezake egia erran.
Oraindik jaitsiera genuen esperoan, Candanchutik igaten den bide arruntetik eginen genuena.
Hasteko, gailurretik mendebalderantz metro batzuk jaitsiko genituen.
Lehen lepora ailegatu eta handik iparralderantz hartu genuen, malda tente batean goiti. Duela lau urte malda honetan beheiti eskiatu genuen. Ondotik bidexkak eskuinetara egiten du bizkar batera pasatuz, eta bertze lepotxo batetik hau utzi eta ekialderantz.
Eskalada bidearen azpiko aldera itzuli ginen horrela. Goizean ilunpetan genuen pareta osorik ikusteko aukera izan genuen.
...eta katez ekipatutako harresira ailegatu ginen.
Hortik berriz eski pistetara ailegatu ginen, haietatik Tortiellaseko lepoan barrena Candanchu aldera jaisteko.
Arratsaldeko argi politekin eman genituen azken pausoak...
18:12 : Candanchu (1560m)
12 orduko egun luzearen ondotik nekatuta baina kontent ailegatu ginen aparkalekura. Segur aski inoiz eskalatuko dugun biderik luzeenak gure erresistentzia proban paratu zuen. Bideari dagokionez, aunitz gustatu zitzaigun, baina azken zatiko desekipatzeak zapore gazi-gozoa ere utzi zigun. Ez dakit zer etorkizun izanen duen bide honek, baina guk behintzat eskalatzeko aukera izan dugu.

















