Orriak

Saioa (1418m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Saioa (1418m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/02/12

Saioa (1418m)

EGUNA: 2023/02/10

ABIAPUNTUA: Artesiagako lepoa (984m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: Ordubete
  • Jaitsiera: 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Abiapuntura ailegatzeko Iruritatik Eugi doan NA-1740 errepidea hartu behar da. Bertatik ailegatuko gara Artesiagako lepora.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Euskal Herriko mendi eski "eskolarik" onenetarikoa izanen da Saioa, onena ez bada. Baztango gainik altuena den honek eskiatzeko magal bikainak ditu elurrak zuritzen duelarik eta inguru mendietan baino gehiago mantentzen du altxor zuria  bere maldetan. Dena ez da arrosa kolorekoa, doike! Artesiaga inguruan jendeketa biltzen da elurrak ailegatu orduko, zaila da lasaitasuna bilatzea beraz. Gainera, ipar haizea delarik gehienetan lainotuta eta haizetsu egoten da tontorra, inguru mendiak baino lainotuago. Ortziral honetan eguraldi eta baldintza arras onak izan genituen Iruritako "kolosoan".

11:17 : Artesiagako lepoa (984m)
Goizean lan egin eta gero, eta berriz ere lanean sartu baino lehen, Baztandik hain disdiratsu ageri zen gailurrera joan-etorri bat egitea erabaki genuen. Urtarrileko elurtetik hilabete joan da jadanik, baina ongi elurtua dago oraindik Saioa eta pistatik eskiak paratuta aboatuta ginen.


Pista hegoaldera biratzen delarik, seinale honen ondoan, kaskora zuzenean egiteko aukera dago. Guk ortziralean zirkularra eginen genuen, Sagardegiko lepo ingurutik iganez eta iparralderantz zuzenean jaitsiz.


Pistaz pista hegoalderantza egin genuen basotxo irekia zeharkatuz...


...eta pista altuera galtzen hasten den puntuan, hau utzi eta eskuinetara jo genuen pago artetik mendiaren ekialdeko magal ederretara ateraz.


Sagardegiko lepora atera gabe, Saioaren hego-ekialdeko maldak gainditzen hasi ginen. Errazak dira eta ordu horretarako elur transformatua zegoen.


Hegoaldeko bizkarrera atera ginen azken metroak bertatik egiteko...


12:12 : Saioa (1418m)
Ordubete eskasean kaskoan ginen. Arraroa bada ere, kasik ez zebilen haizerik, beraz transzioa lasai egin ahal izan genuen.


Jaitsiera ipar-ekialdeko magaletik egin genuen, elur kalitate ona lagun.


12:38 : Artesiagako lepoa (984m)

Pistatik di-da batean lepora itzuli, gauzak bildu eta berriz lanera! 

2021/05/21

Saioa (1418m), Okolin (1360m)

EGUNA: 2021/05/20

ABIAPUNTUA: Berroeta (376m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK (oinez):
  • Berroeta - Saioa : 3 ordu
  • Saioa - Okolin : Ordu erdi
  • Okolin - Berroeta : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Ateraldi honen abiapuntua Berroetako herrian berean dago. Irun eta Iruñea lotzen dituen N121A errepidetik hurbil dago, Belateko tunelen iparraldeko isurialdean. Herriko plazan aparkaleku txiki bat dago.

KRONIKA:
Zoragarria. Hitz bakar batean Berroeta-Saioa mendi lasterketak egiten duen ibilbidea definitu beharko banu hori izanen litzateke egokiena. Oinez zein lasterka egiteko ibilbide ederra da, Baztango mendirik altueneraino igotzeko bertze modu bat. Aise luzeagoa, baina Abartan eta Saioa lotzen dituen gandorrean bizkarrez bizkar egiten den bideak merezi du. Horrez gain, Okolindik beheiti pasatzen diren pagadi ederrek eta kanalaren gaineko ibilbideak ederki biribiltzen dute ateraldia.

15:46 : Berroeta (376m)
Arratsaldeko ordurik beroeneko eguzki sargoritan utzi nuen herria hegoalderantz abiatzen den zementuzko pistatik.


Pista lasterbideren batekin moztuta bidegurutze honetara ailegatu nintzen. Ezkerretik segituko nuen goiti eta beheitirakoa eskuinetik eginen nuen.


Metro batzuk gehiago eginen nituen pistatik, baina irudian ikusten den ezkerretarako bihurgunean definitiboki utzi eta zuzen segituko nuen. Parean irudika daitekeen leporantz segitzen du ibilbideak.


Hasierako metroak ez dira lauak, baina behin pista utzita bideak atsedenik gabe egiten du goiti Elortegiko bizkar ingururaino. Herria laster gelditzen da arras beheitian.


Momentu oro Abartan ezaguna gure ezkerretara utziko dugu. Igo ordez inguratu egiten da mendi hau hegoalderantz Saioarekin lotzen duen bizkar luzearen bila.


Puntu honetatik lehen aldiz ikusten da Saioa, eskuinetara urrun oraindik. Ezkerrean erran bezala Abartan borobildua uzten da eta bidea erdian ikusten den Elortegiko bizkarraren ondotik pasatzen da. Nik GPSari segituz Elortegi eskuinetik inguratu nuen, baina lasterketa muinoaren gainetik pasatzen omen da orain.


Abartan eta Saioan arteko bizkarrera hurbildu ahala malda tentetasuna galduz joaten da. Hemendik goiti zati aunitz daude lasterka eroso egiten ahal direnak eta oinez inguruaz gozatuz igotzeko ere bai, bistan da.


Abartan gibelean utzi nuen eta hegoaldeko norabidea hartu.


Saioarako (gibelean ikusten da) bidean Katiliko Harria, Gorospil eta Ekaitza mendiak inguratzen ditu ibilbideak, batean ezkerretara bertzean eskuinetara. Kaskoz kasko egitea ere aukera ona izaten ahal da gozatzeko lekua baita.


Ekaitza ekialdetik inguratzen da eta tarte batean larre berdeek pagadi politari uzten diote lekua.


Garai honetan altuerako pagadiak zoragarri egoten dira. Nire ustez urteko garai politena bazter hauetan ibiltzeko...


Ekaitzeko Lepora ailegatuta Saioako kaskorainoko azken malda gelditzen da. Alfonbra berdearen gainetik egiten da goitirainokoa, malda tentea delarik.


Saioaren iparraldeko sasigailurrera ateratzeko izerdiak bota behar dira. 200 bat metroko malda da, baina tentea eta ibilbidearen puntu honetan kosta egiten da. Gailur nagusira ailegatzeko paseotxo bat bertzerik ez zitzaidan gelditzen.


17:21 : Saioa (1418m)
Arraro eta guzi sentitzen nintzen Saioan elurrik gabe egotean. Uste dut txikitatik egotekoa nintzela eskiak oinetan izan gabe. 


Kaskotik mendebalderantz biratu eta irudian ikusten den Okolinera abiatuko nintzen.


100 bat metroko igoera dago bi mendien arteko lepotik Okolinera, baina Saioako ipar-malda baino etzanagoa da eta aise igotzen da.


17:36 : Okolin (1360m)
Okolinen akitzen dira goitirakoak. Hemendik bukaeraraino malda beheiti edo zelaia da, baina bide luzea gelditzen da.


Gartzaga aldera jaisten da bidea, segidan mendi hau eskuineko aldetik inguratzeko. Lasterka egiteko leku zoragarria da, ia harririk ez duen larre berde leuna.


Gartzagaren ekialdeko maldetan beheiti jaitsiera tentea burututa puntu honetan utziko nituen altuerako larre ederrak. Hemendik Berroetaraino itzala nagusi da eta egia erran eskertuko nuen, denbora dezente baineraman urik gabe.


Pagadiaaren hasierako zatia zoragarria zegoen, intentsitate handiko berdez margotuta.


Atsedenik gabeko jaitsiera bertikala egin nuen kanaleraino ailegatu arte. Puntu honetan lasterketaren bideak kanalea utzi eta beheitiagotik segitzen du, baina ni despistatu eta kanalearen gainetik zelakoan aitzinera joan nintzen.


Egia erran leku hau ezagutzeak merezi du eta bertze bidea nolakoa den jakin gabe, hemendik joatea aholkatzen dut. Ibilbide luzeagoa ateratzen da 6 kilometro inguru egiten baitira kanalearen gainetik, baina ibiltzeko edo lasterka egiteko leku zoragarria da.


Zatiren batean bidea kanalearen gainetik urruntzen da harkaitzezko harresi ikusgarriak gainditzeko.


Eta azken zatian kanalearen paretaren gainetik ibili behar da.



19:16 : Berroeta (376m)
Kanalearen gaineko ibilbidea zentral batean akitzen da eta hortik herrira pista batetik eta laburbideetatik jaitsi nintzen. Azkenean 24,5 kilometroko bidea atera zitzaidan, lasterketarena baino 3 kilometro inguru luzeagoa, baina lehen erran bezala erabat gomendagarria inguruko altxor txiki hauek ezagutzeko. 



 

2010/12/04

Saioa (1418m)

EGUNA: 2010/12/04

IRTEERA: Artesiagako lepoa (996m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Eguzkitsua eta haizetsua

DENBORA: 1 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI: Baztango haranean Irurita herriraino joan behar da, hemendik Eugiko errepidea hartuz Artesiagako leporaino. Iruñea aldetik joanez gero, Zubiri eta Eugi herrietatik pasa behar da, ezkerretara bidegurutze bat hartu eta Artesiagara.

SARRERA:
Baztan haraneko mendirik altuena, mendi eskiko klasiko bat da jadanik. Errepidetik hain hurbil egoteak eta bere malda eztiek, mendizale asko eramaten dute bertara.
Hau nire lehen igoera izan zen Saioara eskiekin, aurretik pare bat aldiz izana banintzen ere. Geroztik, hainbatean izan gara bertan.

DESKRIBAPENA:
Abendu hasierako elurteak zuri utzi zigun harana eta herria eta larunbata izanik eguraldi ona aprobetxatzera hurbildu ginen Saioara. Niretzat lehen aldia zen eskiekin igotzen nuena, eta bigarrena mendi eskia probatzen nuena. Geroztik, nire eski ikasketa prozesu luzean aunitzetan egon naiz bertan.
Goizean ez sobera goiz ere, Artesiagako lepora igo ginen, elurra kentzeko makinaren atzetik. Aparkaleku txiki bat dago lepoan bertan, eta elurra egiten duenean beti beteta egoten da.

0h 00min: Artesiagako lepoa (996m)
Haize hotza lagun, prestatu eta goraka abiatu ginen denborarik galdu gabe. Aparkalekutik Saioako kaskoa ez da urrunegi ikusten.


Lepotik ateratzen den pista hartu eta bertatik igo ginen.


Ezkerretara biratzen den bihurgune baten ondoan utzi genuen pista, eskuineantz biratu eta ondoko lepo batera igotzeko. Pistatik aurrerago ere segitu daiteke eta bertze hainbat bidetatik igo. Gu hala ere, bide motzenetik igoko ginen, Ipar magaletik. irudian pistako azken metroetatik Jon eta ni.


Behin pista utzita malda tentetzen da.


 Lepoa gure eskuinetara utzi genuen eta zuzen segitu malda zabaletan gora.


 Haizea lagun...



Saioako ipar magalean gora. Gure atzean, behean, lepoa ikusten da.


Azken malda igota, aldapa leuntzen da gailurrera bidean.




 1h 00min: Saioa (1418m)
Azken metroak gailurrera bidean. Gailurrean ez genuen argazki bat ere atera, haizea zela eta ez baitzegoen egote handirik. Gainera, ez zen lehen ez eta azken aldia bertan geundela, beraz...


Saioako ipar magal zabaletik jaisten agertzen garen bideo ttiki bat. Elur ona omen zegoen, nahiz eta gu ikusita ez dirudien. Pixkat hobetu dugu ordutik...


Jon beheraka...


Bertze batean Saioa gehiago!!!