Orriak

Canal Roya (2347m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Canal Roya (2347m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/02/26

Canal Roya (2347m)

EGUNA: 2024/02/17

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Canal Roya : 2 ordu
  • Canal Roya - Baigt de Houer : 30 minutu
  • Baigt de Houer - Col d'Aneou : Ordubete
  • Col d'Aneou - Cabane de l'Araille : 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Goiti ailegatu baino kilometro inguru lehenago dago gure abiapuntua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Larunbat eguzkitsu bat elurtetxo baten gibeletik eta Portalet ez dira konbinazio onegia mendian ez badugu jende aunitz harrapatu nahi. Alabaina, aukeratzeko leku sobera ez daudenetan dagoenarekin konformau behar da eta hala inguru honetara hurbildu ginen pasaden asteburuan. Canal Roya eta Peña Blanca mendien ipar magalek eskiatzeko adina elur gordetzen zuten eta Biouseko bailararekin konbinatuz zirkular polita egin ahal izan genuen.

9:10 : Cabane de l'Araille (1725m)
Aparkalekura ailegatu ginelarik bertako jendetzarekin harrituta gelditu ginen. Bagenekien ez ginela bakarrik ibiliko, baina hainbertze jende ere... Gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen laino nagi batzuen azpitik.


Mendebaldeko norabidea hartu genuen arrastorik markatuenetik. Bezperako elurretan bederatzietarako eski pista baten neurriko arrastoa zegoen eginda.


Lainoen gainetik egun zoragarria izanen genuen, eguzkitsua eta haizerik gabe.


Peña Blanca eta Pene de la Glere mendien iparraldeko maldetan goiti eskiatzaile andana zihoan...


...eta harritzekoa bazen ere Canal Roya aldera ez zihoan kasik inor. Mendi ezaguna da, baina mantsoago iganen zen jendea alde honetara. 


Bailararen sakonetik egiten da azken malda tenteagora arteko bidea. Pirinioetan eskiz igateko egonen den gailurrik errazenetarikoa izanen da Canal Roya. Ikusten den bezala, elur dezente zuen ipar magalean.


Peyreget mendiaren hegoaldeko magalak elurrez justuago zeuden. Bertze plan posiblea hara zuzentzea zen hasmentan, baina ikusitakoak ikusita asmatu genuelakoan nago.


Azken zatian gure aitzinetik zihoan eskiatzailea aitzinatu eta arrastoa irekitzea tokatu zitzaigun. Ez genuen horrelakorik espero, ez baikinen goizegi abiatu... Argazkian eskuinetara ageri den Houerreko lepora iganen ginen eta hortik ezkerretara hartuta kaskora.


Gurekin batera behelainoa ere igaten hasi zen momentu batean. Urrunean Midi d'Ossau...


Lepora ailegatu aitzineko metroak pixka bat tenteagoak dira, baina arras errazak...


10:28 : Col de Houer (2285m)
Erran bezala, lepotik ezkerretara biratu behar da gailurrera ailegatzeko.


Azken metroak...


10:40 : Canal Roya (2347m)
Lehenak ailegatu ginen gailurrera eta minutu batzuz bakar-bakarrik egon ginen bertan. Ez da ohikoa hoir mendi honetan. Jendea fite hasi zen ailegatzen eta guk trantsizioa eginda beherakoari ekin genion.


Ingurua ikusita goitirakoan bide beretik itzuliko ginela pentsatzen genuen. Gailurretik Biouseko bailara aldera elur dezente zegoela ikusten zen, ordea; eta probatzea erabaki genuen. Zuzenean Houerreko lepoa gure eskuinetara utzita bailaran beheiti eskiatzen hasi ginen. Elurra zati aunitzetan arras egoeran onean zegoen, uste baino aise hobe egia erran.


Zuzen eskiatu genuen argazkian ikusten den bailararaino.


11:41 : Baigt de Houer (1857m)
Inguru honetan duela urte batzuk ibilia nintzen Astundik abiatuta zirkularra egin genuelarik. Leku arras polita da eta eskiatzeko aukera aunitz ditu. Berriz foka-larruak paratu eta Portaletera Aneouko lepotik itzuliko ginela erabaki genuen.


Erreka gurutzatu eta malda eztietatik argazkian ikusten den leporantz jo genuen. 200 metro inguruko igoera zen eguneko bigarren hau.


Gibelean Larry eta Ayous inguruak utziko genituen, elurtuta zein elurrik gabe paradisu txiki bat!


12:28 : Col de Aneou (2083m)
Hala lepoan azken jaitsierarako prestatu ginen. Bagenekien orientazioagatik jaitsiera honetan elurra justu samar harrapatuko genuela, baina azpian belarra izanik arazo handirik gabe jaitsi ahal izan ginen.


Aneouko lautadara egindako zatia polita izan zen jaisteko; hortik aitzin, berriz, maldatxo bat igan eta Canal Royako bidera aterako ginen arrasto zapatuari autoraino segitzeko.

 

13:30 : Cabane de l'Araille (1725m)
Gustura akitu genuen itzulia, egindakoarekin kontent. Zegoen elurrari zukua atera genion!

2021/03/25

Canal Roya (2347m), Peña Blanca (2365m)

EGUNA: 2021/03/24

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Canal Roya : 2 ordu
  • Canal Roya - Peña Blanca (gandorretik): Ordubete
  • Peña Blanca - Cabane de l'Araille : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Lepora ailegatu baino kilometro bat fiteago utziko dugu ibilgailua, bide bazterreko aparkalekuan.

Soques inguruak Portaleteko errepidetik


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc



KRONIKA:
Badira sektore batzuk mendi eskirako arras klasikoak direnak. Horietako bat da zalantzarik gabe Portalet ingurua. Mendi etzanak, abiapuntu altua, desnibel txikiak... Klasiko bilakatzeko osagai guziak elkartzen dira. Eta hori guzia Midi handiaren bertikaltasunak apaindurik. Klasiko izateak ordea bere ordaina du eta inguru honetan nekez harrapatuko ditugu mendian hainbertze eskertzen diren bakardadea eta lasasitasuna. Astetartez joaten ez bagara behintzat...

Ossau la nuit...


8:35 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eguraldi bikainarekin eman zigun ongi etorria asteazken buruzuriak Aneouko zirkuan. Inguru honetan ohikoa den bezala autotik beretik abiatuko ginen eskiak oinetan genituela.


Metro batzuk galdu, zubia zeharkatu eta zirkuan barneratu ginen lautada zabaletatik.


Lehen zato honetatik Peña Blancatik beheiti jaitsiko genituen malda politak ikusgai genituen. Argazkiaren eskuinean ikusten den Pene de la Glereko orratzaren azpiko maldek goizean goizetik hartzen dituzte eguzki izpiak eta bertako elur goxoa baliatuko genuen ordu batzuk geroxeago.


Igoera ordea Canal Royatik bertara luzatzen gandorretik eginen genuen eta horretarako lehenik Canal Roya igo behar genuen malda etzanetatik.


Plaa de la Gradillereko lautadak zeharkatuta azken metroetan malda tenteago jartzen bada ere, mendi eskirako gailur errazenetariko da Canal Roya.


Gure gainean ezkerretara utziko genuen pixka bat geroago zapalduko genuen Peña Blancako gailurra.


Altuera irabazi ahala gibelean ere ezagun zahar batzuk agertzen hasiak ziren: Palas, Arriel eta Balaitusek osatzen duten hiruki berezia.


10:05 : Col de Houer (2245m)
Malda errazetatik harrapatu genuen Houerreko lepo zabala. Bertatik eguneko lehen tontorra eskura genuen...


100 bat metroko malda etzana gainditu behar da Canal Royara Houerretik. Midi d'Ossau et Peyreget mendiek marko zoragarria osatzen dute iparraldera.


10:20 : Canal Roya (2347m)
Bi ordu azpitik egin genuen mendi ezagun honen gailurrerainokoa eta arraroa baldin bada ere ez genuen inor ikusi bide osoan.


Lecherin, Aspe, Llena de Garganta, Llena del Bozo, Bisaurin eta enparauak Canal Royatik...


Eskiak motxilan paratu eta kranpoi eta pioletaren laguntzarekin utzi genuen tontorra Peña Blancarako gandorra zeharkatzeko.


Argazkiab ikusten den bezala gandor erraza da, zabala eta gehiena eskiz zeharkatzen ahal da. Hala ere pausuren bat edo bertze estuagoak dira eta oinez erosoago eginen genuela erabaki genuen.


Metro gutxi batzuk galdu eta gandorreko kota batzuk gainditu behar dira.


Ibilbide ikusgarria da, ikuspegi zoragarria eskaintzen duena, arras gomendagarria!



Peña Blancaren sasigailurrera ailegatzeko igo behar den azken zatian ertza pixka bat estutzen da. Hori da ibilbideko punturik ikusgarriena.


Sasigailurretik oraindik lepotxo batera jaitsi behar da benetako kaskora ailegatzeko.


Sasigailurra gibelean utzi eta azken metroetan...


Azken metro hauetan ere pixka bat estutzen da ertza, baina arras erraza da.


11:21 : Peña Blanca (2365m)
Gailur estu samarra da Peña Blancakoa eta argazki gutxi batzuk aterata pixka bat jaitsi ginen jaitsierarako prestatzeko.


Eguzkitan tenperatura bikainarekin geldialditxoa egin genuen inguruaz gozatzeko.

Picos del Infierno, Garmo Negro, Algas eta Argualas inguruak gailurretik...


Hegoaldera Canal Royako bailara hetsiz Anayet inguruak...


Jaitsiko genituen maldak eta urrunean Balaitus, Palas, Arriel, Lurien...


Egonaldi luzearen ondotik jaitsieran jadanik transformatuta zegoen elurra harrapatu genuen malda eguzkitsuenak bilatuz. Espero baino elur hobea izan genuen egia erran eta motz samar gelditu zitzaigun beheitirakoa.


12:41 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eski gogoa pixka bat asetzeko balio izan zigun goiz-pasak. Trasteak bildu eta herrira ziztu bizian, arratsaldean lana tokatzen baitzen...

 

BIDEOA:

2012/03/10

Canal Roya (2347m)

EGUNA: 2012/03/10

IRTEERA: Cabane de l'Arailleko aparkalekua (1733m)

ZAILTASUNA: Errexa (F). Ez dauka inongo zailtasunik. Gailur egokia da mendi eskia praktikatzeko nahiz erraketekin buelta bat emateko.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORA: 2 ordu eta erdi (Igoera).

NOLA IRITSI: Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena, Jacara ailegatu behar da eta hemendik Formigal eski estaziora segitu behar da. Eski estazioa atzean utzi eta gero Pourtaleteko mendatera ailegatuko gara. Mendatetik kilometro bat iparralderago dago irteerako aparkalekua.

SARRERA: 
Mendi eskia edo erraketekin, Pirinioetako klasiko bat da Canal Roya. Zailtasunik gabea, ideala da elur-jausi arriskua dagoen egunetan igotzeko edo aipatutako kiroletan hasten direnendako.

DESKRIBAPENA:
Eguraldi ederra aprobetxatu asmoz, Pourtalet aldera joan ginen zerbait errexa eta motza egiteko asmoz. Bertara iritsita, aukera ezberdinak genituen, baina elur gehiago zegoela eta Canal Roya aldera joatea erabaki genuen, Cuyalaret aldean elur guxti ageri baitzen. Gauzak lasai-lasai prestatuta, goizeko bederatziak pasatxotan atera ginen aparkalekutik.

0h 00min: Cabane de l'Arailleko aparkalekua (1733m)
Goiz eder eta freskoa lagun aparkalekutik atera eta errekatxo bat zeharkatzen duen zubira jautsi ginen. 


Segidan jantzi nituen eskiak. Nahiz eta elur asko ez izan, eskiatzeko nahikoa eta soberan zegoen. Eskuinetara Pombieko aterpera doan bidea utzi genuen.


Aneuko artzain txabolak dauden lautadatxoa zeharkatuta Canal Royara eramanen gintuen bailaratxoan sartu ginen.


Urrunean gure eguneko helburua ageri zen elur nahikorekin.


Poliki-poliki gorantz egiten du bideak.


Pene de la Glere mendia. Denborarik ez genuelako, bertzela Canal Roya jaitsi eta gero igoera eta jaitsiera ederra zuen irudiko maldak.


Autopista gailurrerantz.


Pene de la Glere eta Canal Roya.



Iparraldean Peyreguet eta Midi d'Ossau bidelagun.


Atzera begiradak..


Itzaletan elur ona zegoen..


1h 10min: Pla de la Gradillere (2100m)
Tontorraren azpian dagoen lautada zabal honetara ailegatuta, Midi d'Ossauren ikuspegia gero eta hobea zen.


Pic de la Gradillere mendia hurbil.


Lautada zabalean goiti.


Igotak bailaratxoa atzean eta Pene de la Glere polita eskuinean.


Lautada atzean utzi eta hego-mendebaldean dagoen Col de Houer lepora abiatu ginen.


Lepora igotzen den maldan gora..


1h 54min: Col de Houer (2243m)
Lepora iritsita bertzaldean ikuspegi ederra ireki zitzaigun. Pico de los Monjes mendia ageri zen, joan den udan igotakoa.


Lepotik arista zabal eta errezean gora gailurrera gelditzen zena. Nahiz eta gailurra hurbil egon, denbora dexente pasatu genuen, izotz plakak zirela eta kranpoiak jartzen gelditu baikinen.


2h 30min. Canal Roya (2347m)
Gailurretik igotako bailaratxora begirada. Jende pila zetorran Pla de la Gradillere zabalean gora.


Midi d'Ossau eta Peyreguet iparraldean.


 Hego-mendebaldean Aspe eta Bisaurin bertzeen gainetik nabarmentzen ziren.


Mendebaldean Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi eta abar urrunean. Hurbilago berriz Pico de los Monjes eta Hourquette de Larry.


Gailurreko argazkia atzean Anayet genuela.


Panoramiko bat ezkerretik eskuineraMidi d'Ossau, Peyreguet, Lurien, Palas, Balaitous, Frondella, Picos del Infierno, Gramo Negro, Algas...


Haize freskoa zebilen gailurrean baina ongi egoten zen.


Anayet, Vertice, Arroyeras eta inguruko bertze mendiak.



Beherakoari ekiteko ordu zen. Iparraldeko magala nahiko elur gogorrarekin ageri zen eta eskiatzaileak kontu haundiz jaisten ziren bertatik. Hori ikusita eta nire eski maila kontuan hartuz, berriz ere igoerako bidetik jaistea  erabaki genuen, Col de Houer aldera. Leporainoko arista izotz plaka batzuk zeuden, baina elur hauts zatiak ere bai, beraz nahiko ongi jaitsi nintzen.



Eta lepotik behera gozatzera...



Eguzkiarekin elurra ongi zegoen eskiatzeko, gehienbat eguzkiak zuzenegi ukitzen ez zituen maldetan; hau da, iparraldean gelditzen ziren Pene de la Glere eta ondoko mendien azpiko maldetan. Beherago ordea nahiko elur pisua zegoen jadanik. Hori ikusita zerbait jateko geldialdi luze xamarra egin genuen eguzkitan.




Bertze argazki panoramiko bat. Zonaldea ederra da benetan.



Eta geldialdia eta gero, autora itzuli ginen. Bertze begirada bat Pene de la Glere aldera. Bertako malda jaisteko gogoz gelditu nintzen.



4h 30min: Cabane d l'Arailleko aparkalekua (1733m)
Berriz ere autora bueltan, paraje ederra gibelean genuela..



Midi eta Peyregueti azken begirada bat. Ea itzultzen garen!