2021/03/25

Canal Roya (2347m), Peña Blanca (2365m)

EGUNA: 2021/03/24

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Canal Roya : 2 ordu
  • Canal Roya - Peña Blanca (gandorretik): Ordubete
  • Peña Blanca - Cabane de l'Araille : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Lepora ailegatu baino kilometro bat fiteago utziko dugu ibilgailua, bide bazterreko aparkalekuan.

Soques inguruak Portaleteko errepidetik


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc



KRONIKA:
Badira sektore batzuk mendi eskirako arras klasikoak direnak. Horietako bat da zalantzarik gabe Portalet ingurua. Mendi etzanak, abiapuntu altua, desnibel txikiak... Klasiko bilakatzeko osagai guziak elkartzen dira. Eta hori guzia Midi handiaren bertikaltasunak apaindurik. Klasiko izateak ordea bere ordaina du eta inguru honetan nekez harrapatuko ditugu mendian hainbertze eskertzen diren bakardadea eta lasasitasuna. Astetartez joaten ez bagara behintzat...

Ossau la nuit...


8:35 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eguraldi bikainarekin eman zigun ongi etorria asteazken buruzuriak Aneouko zirkuan. Inguru honetan ohikoa den bezala autotik beretik abiatuko ginen eskiak oinetan genituela.


Metro batzuk galdu, zubia zeharkatu eta zirkuan barneratu ginen lautada zabaletatik.


Lehen zato honetatik Peña Blancatik beheiti jaitsiko genituen malda politak ikusgai genituen. Argazkiaren eskuinean ikusten den Pene de la Glereko orratzaren azpiko maldek goizean goizetik hartzen dituzte eguzki izpiak eta bertako elur goxoa baliatuko genuen ordu batzuk geroxeago.


Igoera ordea Canal Royatik bertara luzatzen gandorretik eginen genuen eta horretarako lehenik Canal Roya igo behar genuen malda etzanetatik.


Plaa de la Gradillereko lautadak zeharkatuta azken metroetan malda tenteago jartzen bada ere, mendi eskirako gailur errazenetariko da Canal Roya.


Gure gainean ezkerretara utziko genuen pixka bat geroago zapalduko genuen Peña Blancako gailurra.


Altuera irabazi ahala gibelean ere ezagun zahar batzuk agertzen hasiak ziren: Palas, Arriel eta Balaitusek osatzen duten hiruki berezia.


10:05 : Col de Houer (2245m)
Malda errazetatik harrapatu genuen Houerreko lepo zabala. Bertatik eguneko lehen tontorra eskura genuen...


100 bat metroko malda etzana gainditu behar da Canal Royara Houerretik. Midi d'Ossau et Peyreget mendiek marko zoragarria osatzen dute iparraldera.


10:20 : Canal Roya (2347m)
Bi ordu azpitik egin genuen mendi ezagun honen gailurrerainokoa eta arraroa baldin bada ere ez genuen inor ikusi bide osoan.


Lecherin, Aspe, Llena de Garganta, Llena del Bozo, Bisaurin eta enparauak Canal Royatik...


Eskiak motxilan paratu eta kranpoi eta pioletaren laguntzarekin utzi genuen tontorra Peña Blancarako gandorra zeharkatzeko.


Argazkiab ikusten den bezala gandor erraza da, zabala eta gehiena eskiz zeharkatzen ahal da. Hala ere pausuren bat edo bertze estuagoak dira eta oinez erosoago eginen genuela erabaki genuen.


Metro gutxi batzuk galdu eta gandorreko kota batzuk gainditu behar dira.


Ibilbide ikusgarria da, ikuspegi zoragarria eskaintzen duena, arras gomendagarria!



Peña Blancaren sasigailurrera ailegatzeko igo behar den azken zatian ertza pixka bat estutzen da. Hori da ibilbideko punturik ikusgarriena.


Sasigailurretik oraindik lepotxo batera jaitsi behar da benetako kaskora ailegatzeko.


Sasigailurra gibelean utzi eta azken metroetan...


Azken metro hauetan ere pixka bat estutzen da ertza, baina arras erraza da.


11:21 : Peña Blanca (2365m)
Gailur estu samarra da Peña Blancakoa eta argazki gutxi batzuk aterata pixka bat jaitsi ginen jaitsierarako prestatzeko.


Eguzkitan tenperatura bikainarekin geldialditxoa egin genuen inguruaz gozatzeko.

Picos del Infierno, Garmo Negro, Algas eta Argualas inguruak gailurretik...


Hegoaldera Canal Royako bailara hetsiz Anayet inguruak...


Jaitsiko genituen maldak eta urrunean Balaitus, Palas, Arriel, Lurien...


Egonaldi luzearen ondotik jaitsieran jadanik transformatuta zegoen elurra harrapatu genuen malda eguzkitsuenak bilatuz. Espero baino elur hobea izan genuen egia erran eta motz samar gelditu zitzaigun beheitirakoa.


12:41 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eski gogoa pixka bat asetzeko balio izan zigun goiz-pasak. Trasteak bildu eta herrira ziztu bizian, arratsaldean lana tokatzen baitzen...

 

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina