2019/01/26

Mount Agut (2157m)

EGUNA: 2019/01/26

IRTEERA: Betpouey (1000m)

ZAILTASUNA: S1

DENBORAK:
  • Igoera: Hiru ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:

Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta kilometro gutxi btzuk igota, eskuinetara Betpouey herria ikusiko dugu. Herrian bertan utzi behar da autoa.

KRONIKA:
Negu hasiera tristearen ondotik, iduri du elurra ailegatu dela eta gelditzeko ailegatu ere. Denboraldia duela ia bi hilabete estreinatu genuen eski estazioen arrimuan baina ilusio hutsa izan zen. Eskiak nola jartzen ziren ere atzenduko genuela pentsatzen hasiak ginelarik, urtarrilak elurte ederra ekarri digu.

9:05 : Betpouey (1000m)
Elurtearen ondotik, euria altu egin eta ez genuen argi zer eginen genuen. Hala, ortziral arratsaldean Luz-Saint-Sauveur herrira joan eta bertan gaua pasata biharamunean erabakiko genuen zer egin. 

Goizean Tourmaleteko errepidetik goiti hasita, aukeretako batean elur dexente zegoela ikusi eta Betpoueyn gelditu ginen Mount Agut mendia igotzeko. Herriaren goiko aldean autoa utzi eta borda arteko magal elurtuetatik abiatu ginen.


Egun bikaina genuen, elurra gogor azpiko zatian bezperako euriagatik...


Goitiko zatian berriz bortz bat zentimetroko elur geruza goxoa...


Lepora atera aitzineko zeharkaldian...


11:07 : Hourquette du Mont Agut (1977m)
Lepora ailegatzean eguzki goxoaz gozatu ahal izan genuen...


Lepoaren bertzealdean Letious eta iaz egindako Bergons mendiak...


Ezkerretara biratu eta gailurrerantz jo genuen bizkar zabaletik...



Mendi egun bikaina, eguzkitsua, haizerik gabe eta tenperatura goxoa!


11:36 : Mount Agut (2157m)
1150 metro inguruko desnibela bi ordu eta erdian egin genuen, erritmo onean beraz. Gailur xumea da, baina ikuspegi bikaina du bertzeak bertze Neouvielle, Mont Arrouy eta Pic Long erraldoietara...


Iparraldean ezkerretik eskuinera Soum de Nere, Pene Taillade, Pene det Pouri, Soum de Moutarra, Barbe, Bedera, Midi de Bigorre...


Tontorrean egonaldi luze samarra egin genuen jaitsi aitzinetik...


Eta segidan jaitsiera luzea, hasieran elur hauts goxoarekin eta beheitiago elur gogor baina nahiko onarekin.


13:31 : Betpouey (1000m)
Horrela akitu genuen denboraldiko lehen irteera "serioa", desnibel politarekin eta eski estazioetatik urrun. Segi dezala!

BIDEOA: 




2019/01/05

Haboura (1628m), Casque du Lheris (1595m)

EGUNA: 2019/01/05

IRTEERA: Pont de Manau (753m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Pont de Manau - Haboura (Ordincedetik): 2 ordu
  • Haboura - Casque du Lheris : Ordu bat
  • Casque du Lheris - Pont de Manau (Teilhetetik): 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti igoko gara, errepide nagusia utzi gabe. Sainte Marie de Campan herrira ailegatu baino lehen, hainabt auzotxo gurutzatu behar dira. Hauetako batean, Cayres de By izenekoan (ez dago senaleztatuta), ezkerretara Ordincedeko seinalearekin markatuta dagoen pista bat hartzeko erne egon behar da. Pista horretan sartu eta zubira ailegatu baino lehen, bidearen ezkerraldean, aparkatzeko 3-4 leku daude.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bezperan Pibesteko ertzean malabareak egin ondotik, bailaraz aldatu eta Campan aldera hurbildu ginen. Itxaron zerrendan zegoen bertze mendi bat helburu, inguru arras polita ezagutu genuen bigarrenez. Ez dago 3000 metrora igo beharrik Pirinioez gozatzeko, ez horixe!

9:29 : Pont de Manau (753m)
Zubia eta errepidearen arteko bide bazterrean aparkatu genuen autoa. Egia erran leku gutxi dago, hiruzpalau autorendako gehienez ere. Baina ez du jende sobera ibiltzen denik ematen eta beraz nahikoa da. Gauzak prestatu eta zubia zeharkatuta dagoen bide bakarrari segika abiatu ginen.


Bezperan bezala egun eguzkitsua genuen aitzinetik, baina goiza ez zen hain hotza. Kristoren mendi eguna izanen genuen!


Lehen zatian bidegurutze batzuk pasatu genituen eta Ordincedeko etxoletara doan bidean segituko genuen momenturo. Gero, beheitirakoan, bidegurutze hauetako batean itxiko genuen gure ibilbide zirkularra.


Lehen metroak irabazita, Campango bailara bukolikoaz gozatzen hasi ginen. Bere herrixka txiki, zelai berde eta inguruko mendi zurituekin. Denen gainetik Midi de Bigorre.


Malda handiko bidea da hasmentan honetan...


Ordincedeko etxolak begi bistan...


10:33 : Courtaou d'Ordincede (1324m)
Ordubetean 600 metroko desnibela eginda, etxoletan geldialditxoa egin genuen parajeaz gozatzeko.


Magalaren bizkar batean eraikitako etxola multzoa bertze garai baten lekuko isila da. Batzuk lurrean daude jadanik, onenak pasatuta dituztela bistan dago.


Etxoletatik gailur zabala bistan genuen. Ipar-mendebalderantz biratu eta baso eta larreenb arteko mugatik egiten da bertarainokoa.


Gibelean Campan eta Gripp bailara elkartzen diren puntua ikusten da, eta ikuskizuna itxiz Arbizon handia bertze mendien artetik nabarmenduz.


11:20 : Haboura (1628m)
Hala, eguneko lehen gailurrean ginen. Zerbait jan eta eguzki goxoaren berokian, egonalditxoa egin genuen.


Gailurretik, ondoko helburua zen Casque du Lheris mendia hurbil ikusten da.


Aitzinera segitu baino lehen, tontorreko argazkia...


...eta leku lasai honi adio erran genion.


Larre maldatsutik zuzenean jaitsi ginen Lheriseko lepora.


11:50 : Col du Lheris (1387m)
Behin lepoan, bide arruntetik igo ordez, argazkian ikusten den hego-mendebaldeko kanaletik zapalduko genuen bigarren mendia.


Bertara ailegatzeko lepotik gailur aldera zuzen igo behar da paretak duen arrakala nabarmenerantz.


Kanala erraza da, edonork igotzeko modukoa. Hori bai, malda ederra dauka!


Kanalaren zatirik pikoena gaindituta, gailurrak hurbil egon behar zuen. Urrunean, Midi de Bigorre eta Montaigu handiak zelatari genituen.


12:50 : Casque du Lheris (1595m)
Horrela zapaldu genuen Piemont inguruko gailur apal baina ezagun hau. Erran beharrik ez da, bere kokapena dela eta izugarrizko ikuspegia duela lautada zabaletara.


Bazkaldu ondotik, sobera entretenitu gabeko beheitirakoari ekin genion. Jaitsiera luzea genuen aitzinetik, igotako bidetik jaitsi ordez, itzulia ematea pentsatua baikenuen.



13:16 : Cabane du Lheris (1300m)
Bide arruntetik jaitsi genuen Lheris mendia, baina bide hori utzi eta larreetatik zuzen segituz izen bereko etxolara ailegatu ginen. Hemendik, Pla d'Espeteko parajera eramanen gintuen bidexka hartu genuen Lheris eta Haboura mendiek inguratzeko duten leku polita utziz.


Pagadi zati eder bat zeharkatu genuen. Egun ederra izanda ere, itzalean hotz egiten zuen.


Pla d'Espet zeharkatu genuen Teilheteko etxoletarantz.


Txoko liluragarria iruditu zitzaigun honako hau. Lasaia, gibelean mendi elurtuek apaindua.


Iparraldean Bagneres de Bigorre herria ageri zen.


Teilheteko etxolek ere onenak emanak dituzte eta bakarrak irauten du zutik.


13:54 : Courtaou du Teilhet (1245m)
Inguru honetan Campanera jaisten den bidexka hartu behar da. Seinalen bat dago justu etxolaren azpian eta handik jaitsi behar da.


Bide zaharra, garai bateko mugimendurik gabea. Harriak solastatuko balira...


Hortik jaitsi ginen Campan herria bistan genuela Montaigu mendiaren azpian.


Zati bat jaitsita, ipar-ekialdeko norabidean, haboura mendiaren magal luzea zeharkatu genuen autora itzultzeko.


15:10 : Pont de Manau (753m)
Ia sei orduko itzuliaren ondotik, ibilbide eta txoko politak deskubritu izanaren sentsazio onarekin akitu genuen eguna.


BIDEOA:

2019/01/04

Pibeste (1348m), Pene de Souquete (1420m), Soum du Prat du Rey (1526m)

EGUNA: 2019/01/04

IRTEERA: Cap de la Serre (727m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (F+). Teknikoki zailtasun handirik izan ez arren, zati batzuetan ertza arras estua da eta amildegia du bi aldeetara.

DENBORAK:
  • Cap de la Serre - Pibeste : Ordu bat eta erdi
  • Pibeste - Pene de Souquete : Ordu erdi
  • Pene Souquete - Soum du Prat du Rey : Bi ordu
  • Soum du Prat du Rey - Cap de la Serre : Bi ordu

NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik A64 autopista hartuta Pirinio aldera joko dugu. Soumoulouko irteeran atera eta Lourdeserantz abiatu gara. Herriaren sarreran Omex herrirako errepidea hartu behar da. Omex eskuinetara utzi eta ondoan dagoen Segusera joko dugu, hemendik aparkalekura eramanen gaituen errepidetxoa hartzeko.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Dauden elur baldintzak ikusita eskiak garajean utzi eta zapatilak jantzita antizikloi amaiezin honek eskaintzen dizkigun eguzki egun politak aprobetxatzera jo dugu Pirinioetara. Gailur erraldoietara jo gabe, lautadak mendi bihurtzen diren inguruan sorpresa politak aurki ditzakegu.

9:21 : Cap de la Serre (727m)
Goiza garbi baina fresko iratzarri zen. Aparkalkura igo, genuen arropa guzia jantzi eta goiti abiatu ginen.




Pibesteko bidea hartu genuen lehendabizi. Marka horiak izanen genituen lagun gailurreraino. Hasmentako zatia pista zabal batetik egiten da, altuera gutxi irabaziz, berotzen hasteko.


Pistatik kilometro pasatxo eginda, puntu honetan utzi eta bidexka batetik segituko genuen.


Soum de mont Agut mendia ikusgarri ikusten zen puntu honetatik.


Hortik gailurreraino, atsedenik gabeko igoera maldatsua gainditu behar da.


Omex eta Segus herriak bidetik, argazkiaren eskuinaldean berriz Lourdes.


Bide zati gehiena basotik egiten den arren, Mail d'Arreou mendi inguruan zuhaitzak desagertu eta larre maldatsutik egin genuen aitzinera.


10:12 : Col du Mailh d'Arreau (1128m)
Lepotxo honetara ailegatuta, izen bereko gailurtxoa ezkerretara utzi eta eskuinetara biratu ginen eguneko lehen kaskoaren bila.


Aitzinean, ezkerretara, begibistan genuen Pibesteko gailurra baina ailegatzeko baso arteko bertze malda tentea gainditu behar.


10:42 : Pibeste (1348m)
Pibesteko gailurra antena eta eraikin batek itsusten duen arren, ikuspegi ederra eskaintzen du.


Balaitous, Palas eta Gabizos inguruak gailurretik...


Hegoaldean Ardiden eta Vignemale, bertzeak bertze.


Eta iparraldean lautada zabalak Lourdes eta Tarbes hiriekin.


Tontorrean zerbait jan eta aitzinera segitu genuen gure ibilaldiarekin. Ondoko helmuga argazkiaren ezkerrean ikusten den Pene de Souquete mendia zen. Bidexka erosotik eginen genuen bertarainokoa.


Ibiltzeko leku zoragarria, egun ederraz gozatzeko...


11:19 : Pene de Souquete (1420m)
Ia konturatu gabe ailegatu ginen eguneko bigarren gailurrera. Baso artean ia ezberdintzen ez den gailurra da eta hemendik Soum du Prat du Rey mendira eramanen gintuen ertz luze eta ederraren ikuspegi osoa genuen. Ia gelditu gabe aitzinera segitu genuen. Ertza ez da zaila, baina kontuz ibili beharrekoa da eta amildegi handiak ditu bi aldeetara.


Lehen zatia erraza da. Zatirik korapilatsuenak ertzaren iparraldera dagoen baso artetik saihesten dira...


...baina biderik gehiena ertzetik bertatik egiten da.


Arrisku gutxi lehen zato honetan, erran bezala.


Baina gozatzeko lekua da, ikusgarria eta bi aldeetara ikuspegi bikainarekin.


12:11 : La Serre (1423m)
Ertzaren erdialdean dagoen kota honetan, bidea oraindik ikusgarriagoa bilakatzen da. Ertza estutu eta zatirik zirraragarrienean sartu ginen.


Momentu batzuetan eskuen laguntza behar da zati honetan. Erraza da, baina kasu eman beharrekoa.


Jadanik zatirik estuena eta ikusgarriena gibelean genuela.


Gozatzen...


12:31 : Breque du Prat du Rey (1333m)
Ertzaren akabaila parez pare genuen. Aitzinetik ordea, lepo honetara jaitsi eta berriz goiti malda handiko zatia gainditu beharko genuen.


Lepoa gibelean utzita azken zatiari ekin genion.


Maldatzar bat gainditu eta berriz ertzera atera ginen azken metroak bertatik egiteko.


Ikuspegia momentu oro ikaragarria da...


Soum du Prat du Rey ingurua tentsio handiko argindar posteek hondatzen dute. Lehen postea gibelean utzita...


...bigarren poste aldera. Bigarren hau gailurrean bertan dago.


13:09 : Soum du Prat du Rey (1526m)
Luze egin zitzaigun azken ertz zatia, baina azkenean zapaldu genuen eguneko hirugarren gailurra. bertan atsedenaldia inguruaz gozatu eta otordu ederra egiteko.


13:55 : Col du Prat du Rey (1185m)
Gailurrean egonaldi goxoa egin ondotik, iparralderantz jaitsi ginen larre maldatsutik biderik gabe Prat du Reyko lepora.


Hemendik GR101 bidea hartuko genuen autoraino.


15:06 : Cap de la Serre (727m)
Azken bi kilometroak pista batetik egin ondotik ibilbide ederra itxi genuen.


BIDEOA: