EGUNA: 2019/01/04
IRTEERA: Cap de la Serre (727m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Teknikoki zailtasun handirik izan ez arren, zati batzuetan ertza arras estua da eta amildegia du bi aldeetara.
DENBORAK:
- Cap de la Serre - Pibeste : Ordu bat eta erdi
- Pibeste - Pene de Souquete : Ordu erdi
- Pene Souquete - Soum du Prat du Rey : Bi ordu
- Soum du Prat du Rey - Cap de la Serre : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik A64 autopista hartuta Pirinio aldera joko dugu. Soumoulouko irteeran atera eta Lourdeserantz abiatu gara. Herriaren sarreran Omex herrirako errepidea hartu behar da. Omex eskuinetara utzi eta ondoan dagoen Segusera joko dugu, hemendik aparkalekura eramanen gaituen errepidetxoa hartzeko.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Dauden elur baldintzak ikusita eskiak garajean utzi eta zapatilak jantzita antizikloi amaiezin honek eskaintzen dizkigun eguzki egun politak aprobetxatzera jo dugu Pirinioetara. Gailur erraldoietara jo gabe, lautadak mendi bihurtzen diren inguruan sorpresa politak aurki ditzakegu.
9:21 : Cap de la Serre (727m)
Goiza garbi baina fresko iratzarri zen. Aparkalkura igo, genuen arropa guzia jantzi eta goiti abiatu ginen.
Pibesteko bidea hartu genuen lehendabizi. Marka horiak izanen genituen lagun gailurreraino. Hasmentako zatia pista zabal batetik egiten da, altuera gutxi irabaziz, berotzen hasteko.
Pistatik kilometro pasatxo eginda, puntu honetan utzi eta bidexka batetik segituko genuen.
Soum de mont Agut mendia ikusgarri ikusten zen puntu honetatik.
Hortik gailurreraino, atsedenik gabeko igoera maldatsua gainditu behar da.
Omex eta Segus herriak bidetik, argazkiaren eskuinaldean berriz Lourdes.
Bide zati gehiena basotik egiten den arren, Mail d'Arreou mendi inguruan zuhaitzak desagertu eta larre maldatsutik egin genuen aitzinera.
10:12 : Col du Mailh d'Arreau (1128m)
Lepotxo honetara ailegatuta, izen bereko gailurtxoa ezkerretara utzi eta eskuinetara biratu ginen eguneko lehen kaskoaren bila.
Aitzinean, ezkerretara, begibistan genuen Pibesteko gailurra baina ailegatzeko baso arteko bertze malda tentea gainditu behar.
10:42 : Pibeste (1348m)
Pibesteko gailurra antena eta eraikin batek itsusten duen arren, ikuspegi ederra eskaintzen du.
Balaitous, Palas eta Gabizos inguruak gailurretik...
Hegoaldean Ardiden eta Vignemale, bertzeak bertze.
Eta iparraldean lautada zabalak Lourdes eta Tarbes hiriekin.
Tontorrean zerbait jan eta aitzinera segitu genuen gure ibilaldiarekin. Ondoko helmuga argazkiaren ezkerrean ikusten den Pene de Souquete mendia zen. Bidexka erosotik eginen genuen bertarainokoa.
Ibiltzeko leku zoragarria, egun ederraz gozatzeko...
11:19 : Pene de Souquete (1420m)
Ia konturatu gabe ailegatu ginen eguneko bigarren gailurrera. Baso artean ia ezberdintzen ez den gailurra da eta hemendik Soum du Prat du Rey mendira eramanen gintuen ertz luze eta ederraren ikuspegi osoa genuen. Ia gelditu gabe aitzinera segitu genuen. Ertza ez da zaila, baina kontuz ibili beharrekoa da eta amildegi handiak ditu bi aldeetara.
Lehen zatia erraza da. Zatirik korapilatsuenak ertzaren iparraldera dagoen baso artetik saihesten dira...
...baina biderik gehiena ertzetik bertatik egiten da.
Arrisku gutxi lehen zato honetan, erran bezala.
Baina gozatzeko lekua da, ikusgarria eta bi aldeetara ikuspegi bikainarekin.
12:11 : La Serre (1423m)
Ertzaren erdialdean dagoen kota honetan, bidea oraindik ikusgarriagoa bilakatzen da. Ertza estutu eta zatirik zirraragarrienean sartu ginen.
Momentu batzuetan eskuen laguntza behar da zati honetan. Erraza da, baina kasu eman beharrekoa.
Jadanik zatirik estuena eta ikusgarriena gibelean genuela.
Gozatzen...
12:31 : Breque du Prat du Rey (1333m)
Ertzaren akabaila parez pare genuen. Aitzinetik ordea, lepo honetara jaitsi eta berriz goiti malda handiko zatia gainditu beharko genuen.
Lepoa gibelean utzita azken zatiari ekin genion.
Maldatzar bat gainditu eta berriz ertzera atera ginen azken metroak bertatik egiteko.
Ikuspegia momentu oro ikaragarria da...
Soum du Prat du Rey ingurua tentsio handiko argindar posteek hondatzen dute. Lehen postea gibelean utzita...
...bigarren poste aldera. Bigarren hau gailurrean bertan dago.
13:09 : Soum du Prat du Rey (1526m)
Luze egin zitzaigun azken ertz zatia, baina azkenean zapaldu genuen eguneko hirugarren gailurra. bertan atsedenaldia inguruaz gozatu eta otordu ederra egiteko.
13:55 : Col du Prat du Rey (1185m)
Gailurrean egonaldi goxoa egin ondotik, iparralderantz jaitsi ginen larre maldatsutik biderik gabe Prat du Reyko lepora.
Hemendik GR101 bidea hartuko genuen autoraino.
15:06 : Cap de la Serre (727m)
Azken bi kilometroak pista batetik egin ondotik ibilbide ederra itxi genuen.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina