EGUNA: 2024/03/29
ABIAPUNTUA: Fagernes (83m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Igoera: Hiru ordu
- Jaitsiera: Ordu bat
ARRASTOA:
KRONIKA:
Lehendabiziko eguna Norvegian. Hegazkinetik atera, alokairuko autoa hartu eta traste guziak kargatuta ezinegonez abiatu ginen eskiatzeko mendi baten bila. Hasmentan gainean urik eta janaririk ez generamala konturatu ere ez eginen egin. Azkenean zerbait jan, ura erosi eta Lyngeneko Alpeetara eramanen gintuen bidean zerbait motza eginen genuela erabaki genuen.
13:29 : Fagernes (83m)
Pirinioetan ordu horretan autotik abiatzea bururatu ere ez litzaiguke eginen, baina Norvegian fite ikasi genuen goiz edo berandu joan elur-baldintzak berdintsu mantentzen direla. Hala bada etxetxo batzuen ondoko aparkalekuan eski paketeak desegin, prestatu eta goiti abiatu ginen.
Lehen maldatxo bat igan eta eskuinetara urkien arteko pasilo antzeko bat hartu genuen.
Igoeraren lehen zatia (gainerako mendi kasik guzietan bezala) arbola artetik eginen genuen. Berez buelta gehiago ematen dituen pista bat igaten den baso horretatik, baina goitirakoan pista moztu eginen genuen eta beheitirakoan pistatik jaitsiko ginen baso trinkoan eskiatzea erraztuko zigulako.
Metroak irabazi ahala, urkiak eta pinuak trinkotasuna galduz joaten dira. Puntu honetatik jadanik ikusgai genituen mendiaren goitiko parteko malda ederrak.
Zuhaitzak 350 metroko altueraraino ailegatzen dira. Hortik aitzin mendiaren iparraldeko malda zabal eta errazetan barneratuko ginen.
Metroak irabazi ahala eta arbolen "trabarik" gabe, gibelean genuen ikuspegia ikaragarria zen.
Ikusten den bezala, maldak nahik etzanak dira eta elur-jausi arriskuarekin ere aproposa izan daitekeen mendia da Fagerfjellet. Azken malda bat igan eta mendiaren iparraldeko puntara ailegatuko ginen.
Guk iparraldeko tontorra (871m) ezkerretara utzi eta pixka bat altuagoa den erdikoraino segotu genuen. Altuena berez hegoaldekoa da (957m), baina eskiatzeko zati lauegia du hasmentan, behintzat iparralderantz jaitsi nahi izanez gero.
15:03 : Fagerfjellet (907m)Hala bada, mendiaren tontor ertainean (eta erdikoan) igoera akitutzat eman genuen. Ekialdera Stortinden eta Hamperokken mendietara ikuspegi ikusgarria genuen.
Oraindik astia genuenez eta mendebaldeko maldetan arrastorik ikusten ez zenez, lehen jaitsiera alde hartara egitea erabaki genuen. 350 bat metro jaitsi genituen ametsetako elurrarekin. Hura zen hura elurraren kalitatea! Hasieratik listoia altuegi utziko zuela elur hark pentsatu genuen!
650 metro inguruan berriz ere foka-larruak paratu eta jaitsitako maldak igateari ekin genion.
Mendi honetan jende dezente ibiltzen dela ematen zuen, baina mendebaldeko maldak ukitu gabe zeuden.
Hala ere, halako kalitateko elurretan arrastoa irekitzea plazer hutsa zen.
16:19 : Fagerfjellet (871m)Bigarren igoera iparraldeko gailurrean akitu genuen, handik autorantz jaitsiera zuzenagoa baikenuen.
Hala bada, iparraldeko maldetatik beheiti egin genuen bigarren jaitsiera. Lehenaren gisa, elur arras ona harrapatu genuen, nahiz eta inguruan arrasto gehiago egon.
17:09 : Fagernes (83m)Hiru ordu eta erdi inguruko ateraldi azkarra eginda, kontent akitu genuen Norvegiako lehen eski saioa. Autoa hartu eta Lyngeneko penintsulara zuzenduko ginen segidan han pasatuko baikenituen ondoko egunak.