2011/12/03

Pic Entre Les Ports (2476m)

EGUNA: 2011/12/03

IRTEERA: Les Especieres eski estazioa (Gavarnie)

ZAILTASUNA: Errexa (F/S1).

EGURALDIA: Lainotsua.

DENBORA: Igoera 2 ordu eta jaitsiera ordu bat.

NOLA IRITSI: Lourdes hiritik iparralderuntz Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara. Azken honetatik Gavarnie herrira igoko gara, herria atzean utzi eta eski estazioraino ailegatuz.


SARRERA:
 Pistetan eskiatzeko asmoz, Luz Saint Sauveur aldera hurbildu ginen lagun talde bat, baina aurtengo negu hasiera kaxkarrak ez du ia elurrik ekarri eta pistak itxita topatu genituen. Hala elur pixkat topatzeko asmoz Gavarnieko eski estaziora jo genuen. Bertatik abiatuta Entre Les Ports mendia igo nuen. Mendi nahiko ezezaguna da, eta misterio handiegirik gabea. Hala ere, egokia da mendi eskian hasten direnentzat eta elur jausi arriskua dagoenean. Bistak ere ederrak ditu.


DESKRIBAPENA:
Eski pistak itxita zeudela ikusita, Gavarnieko estaziora abiatu ginen eta 11ak aldera ailegatu ginen bertara. Hemen, lagunek autoz bide elurtutik Tenteseko lepora igotzea lortu zuten, errepidean behera eskiatzeko eta beste batzuk oinez buelta bat emateko aprobetxatu zuten. Nik, eskiak jantzi eta gorakoari ekin nion, aparkalekutik ikusita Entre Les Ports mendiko ekialdeko malda zuri ageri baitzen eta jende nahiko bertatik jaisten.

0h 00min: Les Especieres eski estazioa (1900m)
Errepidean gora igo nintzen, zentimetro gutxi batzutako elurra aprobetxatuz. Ezkerretara Taillon eta inguruen bista ederrak nituelarik.


Plateau de Saint Andre izeneko lautadara ailegatzean, errepide utzi eta Entre Les Portseko maldara abiatu nintzen zuzenean. Arrasto ugari zegoen eta horiei jarratituz malda tentea igo nuen sasigailurrera ailegatuz. Sasigailurra 2454 metroko altueran dago. Bertatik gailur nagusira ertz errez bat zeharkatu behar da eta minutu gutxitan ailegatu nintzen, eskirik gabe noski.


2h 00min: Pic Entre Les Ports (2476m)
Argazki kamararik ez neraman, beraz ateratako argazki gutxiak, gailurrean ezagututako bi frantziarrek eginak dira.


Nere atzean sasigailurra eta ertza ageri dira.


Jaitsieran elur ona harrapatu nuen sasigailurraren azpiko malda tentean, gero ordea oso elur gutxi eta harri asko. Azkenean berriz errepidean sartu nintzen eta bertatik jaitsi nintzen eski estazioraino.

2011/09/06

Robiñera (3003)

EGUNA: 2011/09/06

IRTEERA: Fuente de Petramula (Chisagües)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Eguzkitsua

DENBORAK (Geldialdiak barne): Igoera 2 ordu eta 37 minutu. Jaitsiera 1 ordu eta 23 minutu.

NOLA IRITSI:  Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea iusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.


SARRERA:
La Muniako mazizoaren barnean, inguruko mendi handien izalean, nahiko mendi ezezaguna da Robiñera. Niri ordea, atentzioa deitu zidan Barrosatik bere ekialdeko aurpegia ikusi nuenean. Egun hartan, La Munia zela pentsatu nuen, baina gerora jakin nuen mendi hura Robiñera zela. Mendilerro nagusiaren hegoaldean egonik ikuspegi ederra eskeintzen digu inguruko mendietara.
Rio Realeko haranetik gora igotzen den bideaz gain, ohikoa da Pinetatik hasi eta Lalarriko lautadan barrena pasatzen den bidea ere.
Robiñera Barrosako haranetik, 2010eko uztailean.



DESKRIBAPENA:
Opari bat zela medio, Bielsa ingurura joan ginen pare bat egun pasatzera iraila hasieran eta hango egonaldia aprobetxatzea erabaki genuen mendiren batera igotzeko. Aukera asko eskaintzen du zonalde honek. La Munia, Monte Perdido, Posets eta Bachimalako mazizoak ondoan daude eta Bielsao tunela zeharkatuta Neouviellekoa. Oporraldia pasatzeko beraz toki bikaina izan daiteke. Haranek eta herriek ere, xarma berezia dute beren iragan meatzaria oraindik ere bizirik baitago.
Guk igoera motzeko mendiren bat egin nahi genuen, ez baikinen mendia igotzera bakarrik joan hara. Hala, aukera laister egin genuen: Robiñera (motza eta bista ederrekoa).
Irailaren 5ean abiatu ginen alde hartara eta gaua Hospital de Tella herrian eman genuen, apartamentu oso merke batean. Biharamun goizean zazpietan ernatu ginen, gosaldu, prestatu eta Parzanetik gora Fuente de Petramulako pista amaiezina igoz autoarekin.

0h 00min: Fuente de Petramula (1940m)
Autoa aparkalekuan utzi eta pistatik metro gutxi batzuk igo genituen.



Segidan La Larriko lakuetara ateratzen den bidexka iragartzen duen seinalea ikusi genuen.


Bidexkan gora abiatu ginen Clot de los Gabachos amildegia parean genuela.


Erreka gurutzatu eta ezkerrera igo ginen belardietan gora.


1h 04min: Collado de las Puertaseko bidegurutzea (2400m)
Erritmo lasaiean gurekin batera gailurra egin zuen frantziar mendizale batekin igo ginen. Puntu honetan lakuetara eta La Munia mendira doan bidea utzi eta eskuinetara biratu ginen Robiñerako Hoegoaldeko maldaren bila.


Metro batzuk jaitsi eta maldan sartu ginen.


Hegoaldeko Maldatik, Las Tres Marias mendiak eta Clot de los Gabachos amildegia.


Malda oso pikoa da eta hito bakanei segika bidexketan barrena igo ginen, Monte Perdidoko Ipar Aurpegia bistan genuela.


Bidexkatik Robiñeraren Hego Ekialdeko aristara atera ginen. Irudian mendizale frantziarra aristan.


Bertze aldean Barrosako haran bakartia.


Malda bertze aldera zeharkatu eta goiko piramidearen ezkerretik, bidexka aereo bat hartu genuen La Larriko lakuen gainean.


Ondoren, trepada erraz batetik, aristara atera ginen. Jaitsieran bertze bide batetik pasa ginen trepada hau saihestuz.


Aristatik Robiñerako Hego Gailurrera atera ginen eta ertzaren gainetik segitu genuen gailur nagusiraino.


2h 37min: Robiñera (3003m)
Pausu batzuk gehiago eta gailurrera iritsi ginen.


Atzera begirada gainditutako ertz erraz eta politera.


La Munia gailurretik.


Monte Perdidorako ikuspegia zoragarria da.


Gailurreko argazkia.


Collado de la Munia lepoa zooma erabiliz.


Gailurrean bakarrik gelditu ginen frantziarra azkar jaitsi baitzen eta ia ordubetez gozatu genuen. Tenperatuta bikaina zegoen eta bistak ere halatsukoak. Ondoren, ertzetik bueltatu ginen.


Hala ere, ertza utzi baino lehen, Hego Gailurrean ikuspegiaz gozatzen egon ginen denbora batez.


Monte Perdidora azken begirada.


Baita Barrosako haranari ere.


La Larriko lakuak eta Monte Perdidoko mazizoa.


Arista utzi eta berriz malda behera abiatu ginen.


Malda pikoan belaunek ederki sufritu zuten.


Atzera begirada hegoaldeko Maldari belarditik.


Honela geldialdi gutxi eginda beheraino jaitsi ginen, uste baino zapore hobea utzi zigun mendia agurtuz.


Autora bueltatu eta Parzanera jaitsi ginen bazkaltzera. Argazkian Comodoto mendia eta Rio Real harana.

2011/08/10

Pico de los Monjes (2349m)

EGUNA: 2011/08/09-2011/08/10

IRTEERA: Bious-Oumetteko aparkalekua (Gabas)

ZAILTASUNA: Errexa (F). Gailurrerako azken trepadan eskuka erabili behar dira baina errexa da oso.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK (Geldialdiak barne):
  • Bious-Oumette - Ayous aterpea: 1 ordu eta 56 minutu
  • Ayous aterpea - Pico de los Monjes: 1 ordu eta 27 minutu
  • Pico de los Monjes - Bious-Oumette: 3 ordu eta 52 minutu
NOLA IRITSI: Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta hemendik jarraitu Gabas herriraino. Herri honen irteeran, eskuinetara, bidegurutze bat hartuko dugu Bious Artigueseko urtegira igotzen dena. Hemen utzi behar da autoa. Hala ere, udan, posible da goiko aparkalekua beteta egotea eta kasu horretan bertze aparkaleku bat jartzen dute kilometro bat beherago.

SARRERA:
Pico de los Monjes ez da mendi ezagunegia, Midi d'Ossauren itzalean, paraje paregabean kokatuta dagoen arren. Hala ere, ingurua, jendez beteta egon ohi da, batez ere udan. Ayouseko laku ezagunek milaka pertsona eramaten dituzte egunero bertara. Guk berez, laku horien itzulia egiten duen ibilbidea ezagutu nahi genuen eta bidez batez bertan zein mendi igo pentsatzen jarri eta gero, Pico de Los Monjes aukeratu genuen. Egun batean egin daitekeen ibilaldia da, baina Pirinioetako egunsenti ederrenetarikoa ikusi nahi izateak eraman gintuen Ayouseko aterpe inguruetan gaua pasatzera, bi eguneko aktibitatea burutuz.

DESKRIBAPENA:
Abuztuaren 9ko goizean atera ginen A64ean barrena, Pirinioetako bertze irteera batez gozatzera. Larunsen bazkaldu, erosketak egin eta gora abiatu ginen, Bious Artigueseko lakura. Bidea ordea, kilometro pasatxo beherago itxita zegoen. Arazoa? Gaineko aparkalekua gainezka zegoela eta inprobisatutakoa ere halatsu. Ez nuen inoiz hainbeste kotxe ikusi Pirinioetako ibilaldi baten aparkalekuan. Nafarroa Oinezeko aparkalekua zirudien. Ahal izan genuen tokian aparkatu, motxilak egin eta gora abiatu ginen hiruak eta laurdenean.

2011/08/09
0h 00min: Bious-Oumetteko aparkalekua (1302m)
Horrela zegoen aparkalekua.



Auto laberintoa atzean utzi eta laburbide bat hartu genuen errepidearen zig-zagak mozteko.


Ingurua polita zen jadanik. Argazkian Gazies mendia.


0h 16min: Lac de Bious Artigues (1422m)
Laburbidetik eta errepide zati batetik laku honetara heldu ginen. Berez hemen uzten da autoa.


Midi d'Ossauk lagunduko gintuen hurrengo bi egunetan.


Lakutik pista bat abiatzen da oihanean gora.


0h 43min: Lacs de Ayouseko bidegurutzea (1560m)
Pista oihanetik ateratzen denean, bidegurutze honekin egiten dugu topo. Hemen pista utzi genuen eskuinetara biratzeko, Ayouseko lakuetara.


Kasu honetan bidexkatik, berriz ere bertze oihan zati bat gurutzatu genuen.


1h 01min: Cabane du Col Long d'Ayous (1704m)
Oihana zelaitxo honetan bukatzen da.


Midiren ikuspegia gero eta hobea zen.


Ur trago bat edanda aurrera segitu genuen. Nahiz eta abuztua izan ez zuen bero gehiegirik egiten.


Bidexka markatuan gora igo ginen ikuspegiaz gozatuz.


1h 22min: Lac de Roumassot (1845m)
Horrela, lehen lakura ailegatu ginen. Laku ederrak dira Ayouseko guztiak. Egun pasa ederra egin daiteke hauetako edozeinen bazterrean.


Guk ordea, aurrera segitu behar genuen.


Erreka honen eskuinetik igo ginen hurrengo lakura.


Atzean honako ikuspegia utzita.


Bidea hitoz seinalatuta dago, baina egia erran ez da hauen behar handirik.


Roumassot lakua eta Midi.


Bigarren lakura iritsi ginen, hau ere gure ezkerrean utziz: Lac de Miey.


Pixka bat gorago hirugarrena dago eta bertzeak bezain ederra hau ere: Lac de Gentau. Atzekaldean aterpea ikus daiteke.


Lakuaren bertze aldera joan eta asto hau zegoen lotuta. Jendeak behean astoak alokatzen ditu gauzak igotzeko.



1h 56min: Ayous aterpea (1982m)
Lakuaren ondoko zelaitxotik malada bat igo eta aterpera ailegatu ginen. Bertan gure erreserba baieztatu genuen. Afaria eta gosaria genituen erreserbatuta, lo berriz lakuaren ondoan eginen genuen, dendan.


Aterpeko terrazatik ikuspegia.


Aterpeko jantokia. Aterpea oso ongi dago, baina ez dauka deskonturik federatuentzat, ez baita CAFekoa. Parc National des Pyrenees-ena da. Berez, aterpea baino mendiko hotela da.  Izan ere, inguruan mendi handirik ez izateak eta bidearen erreztasunak jende asko eramaten du bertara egun pasa edo gaua pasatzera. Harrigarria zenbat haur zegoen bertan afaltzen. Guzti horrek aterpeen enkantoa kentzen dio.


Guk ordea, gure hotela geneukan. Argitsua eta zabala!


Denda montatuta afaltzeko ordura arte lasai egon ginen. Lakuaren bazterrean denda mordoa zegoen. Izan ere, bertatik aurrera ezin daiteke akanpatu Parke Nazionala baita.


Lainoak agertzen hasi ziren.


Eta ilunabarrik gabe gelditu ginen. Beraz, zazpietan afaltzera.


Hoteltxoan ederki afalduta, karta partida jokatu eta dendara itzuli ginen. Eta horrelakoetan ezer gehiago egin ezin denez, ba ohera. Goiz ernatu beharra zegoen Pirinioetako espektakulu handietako bat ikusteko.


2011/08/10
0h 00min: Ayous aterpea (1982m)
Seietan jarri nuen iratzargailua eta segidan dendatik kanpora begirati nuen. Eguna primerakoa zegoen! Azkar jantzi eta kanpora.


Egunsentia ikaragarria da hemen, Pirinioetako postal tipikoa. Harritzeko ni bakarrik nengoela kanpoan inguruan egongo ginen 100 pertsona ingurutik.


Beraientzat kalte... Hau ez da diruz ordaintzen.


Espektakulua bukatuta, denda bildu eta gosaltzera igo ginen aterpera.


Eguzkia jadanik lan eta lan.


Bapo gosaldu ondoren, zortziak eta laurden inguruan abiatu ginen aterpetik.


Lehenengo malda hau igo genuen.


Eta ondoren zona lauagoan aurrera segitu.


0h 15min: Lac de Bersau (2103m)
Laku honetara iritsi ginen, Ayouseko lakuetatik altuena eta handiena.


Goizeko ordu hauetan ispilua bezala zegoen.


Lakua eskuinetan utzi genuen, Casterauko leporako bidean.


Casterauko lepotik metro batzuk galdu genituen. Gure aurrean Casterau mendia.


Seinale honetara iritsi ginenean, Casterau lakuko bidea ezkerretara utzi (jaitsieran hortik pasako ginen zirkuitoa itxiz) eta Collado de los Monjes aldera abiatu ginen, lautada zabaletan barrena.


Hemendik lehenengo aldiz gure eguneko helburua ikusi genuen: Pico de los Monjes. Bere ezkerretan Collado de los Monjes.


Eguna beroa zetorren...


0h 38min: Collado de los Monjes (2168m)
Lepora iritsita, eskuinetara bidexka bat hartu genuen.


Bertze aldean Aspe eta konpainia...


1h 17min: Col de Benou (2250m)
Segidan bertze lepo batera ailegatu ginen. Tontorra hurbil zegoen jadanik. Motxilak behean utzi eta trepadatxoari ekin genion.


Arista errezean gora, tontorretik hurbil.


1h 27min: Pico de los Monjes (2349m)
Eta gailurra! Ikuspegia ederra Midi eta Casterau mendiekin. Baita Casterau lakua ere, mendiaren oinean. Hortik pasako ginen bueltan.


Gailurreko argazkiak.



Argazki batzuk aterata Benou lepora bueltatu ginen, motxilak han baikenituen. Zerbait jan eta edan eta beherakoari ekin genion, Benou lepotik zuzenean Collado de los Monjesera itzuli gabe.


Belardi goxoetan behera gozatuz.


Harririk ez bidean.


Lautada handian behera Casterau lakura hurbiltzen joan ginen.


Atzean gelditu zen eguneko gailurra.


Eta aurrean etorkizunekoa. Hori espero dut behintzat!


2h 56min: Lac de Casterau (1943m)
Zirkuitoa ixten duen azken lakura ailegatu ginen.


Zaldi eta behor artean.


Lakuaren bazterreko belardian hamaiketakoa egiteko geldialdi luzea egin genuen, Pico de los Monjes parean genuela.


Tripa bete ondotik, beherakoari segitu genion. Beheko lautadara eramango gintuen bideak.


Casterau lakutik behera bidexka zig-zagean jaisten da.


3h 52min: Cabane de Cap de Pount (1643m)
Txabola onetara iristean, bidexka pista zabal bihurtzen da. Pista horretatik jaitsiko ginen autoraino.


Inguruaren ikuspegiak pistan behera gindoazela.



Lautada gero eta hurbilago.


Lautada zabalean behor, ardi, ahuntz eta behi artean ibili ginen.


Atzera begirada lautadatik...


Aker honek atzetik segitu zigun zati eder batean...


Azkenean, lautada atzea utzi eta berriz igoerako bidea hartu genuen aparkalekuraino, ibilaldi zirkular ederra burutuz. Kotxea hartu eta ospatzeko Sallent de Gallegora joan ginen bazkaltzera, etxera itzuli aurretik.