Okoro (1259m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Okoro (1259m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/01/11

Okoro (1259m)

EGUNA: 2021/01/11

ABIAPUNTUA: Pitzamar (800m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Iruritatik Eugira doan NA-1740 errepidea hartu behar da eta 13. puntu kilometrikoaren ondoan utziko dugu autoa. Toki horretatik beretik ateratzen den pistari segituz hasiko da ibilaldia.

KRONIKA:
Neguaren gordinak ez du etenik eta hotzaldi luzeari elurteak gehitzen zaizkio behin eta berriz. Inguruko mendiak inoiz ez bezala ditugu eta eskirako hamaika leku aukeran. Gaurkoan Erdizen izan gara, bertako magnesita minerala ustiatzeko zulatu nai duten mendi ederrean. Haize eta lainopean, baina itzuli polita burutu dugu!

10:00 : Pitzamar (800m)
Erran bezala, errepidetik beretik abiatzen den pistatik goiti abiatu gara eskiak zangoetan genituela.


Lehen metroetan bisibilitatea bagenuen, baina lainoak 1000 metrotik goiti kokatuta zeuden eta laster sartu ginen beraien artean. Konfesionarioko lepoan (1047m) egin dugu lehendabiziko transizioa eta jaitsiera motz baterako prestatu gara.


Hego orientaziodun maldetatik jaitsi gara Erdizagako errekara (950m). Paraje honetan egin nahi dute harrobia, ingurua guziz deuseztatuko duena.


Berriz foka-larruak paratu eta goiti abiatu gara Okoro mendi aldera.


Mendiaren ipar eta ipar-ekialdeko orientazioak bilatuz egin dugu goitirakoa. Parte honetan zuhaitzen babesa dago kasik gailurreraino eta horrelako egunetan eskertzen da.


Egun grisa, baina gozatzen ari ginen!


Pagadi zoragarria!


Azken metroetan basoaren "goxotasunetik" haizeak  astintzen zituen magaletara pasatu gara. Eskerrak ez den zati luzea izan...


12:21 : Okoro (1259m)
Goitian afera ez zegoen broma aunitzetarako. Fokak kendu, kaskoak jantzi eta beheiti!


Mendiaren ipar-ekialdean basoen artean dauden malda zabaletatik egin dugu beheitirakoa. Eskiatzeko 300 metro inguruko malda polita dago eta bi aldeetatik nahiko babestua basoei esker. Paraje ederra!


Erdizagako erreka (950m) gurutzatu, berriz ere fokak jarri eta hirugarren igoera baterako prestatu gara.


Leku eder hau agurtuz... Erdiz Bizirik!


Hirugarren igoera hau Gurutxemeakako lepora igotzen den pistatik egin dugu, erdi lapinopean erdi eguzkitan.


Gurutxemeakako lepoan (1026m) azken transizioa eta beheiti iparraldeko magaletik Pitzamarrera eramanen gintuen pista harrapatu arte.


13:42 : Pitzamar (800m)
Autora bueltan, trasteak bildu eta etxera presaka arratsaldean lan egin behar genuen eta!


BIDEOA:

2013/06/12

Okoro (1259m), Artsal (1230m), Iparraldeko Kaskoa (1200m) eta Hargintzuko Harria (1210m)

EGUNA: 2013/06/12

IRTEERA: Negusaroi (740m)

IRAUPENA: 4 ordu itzuli osoa

NOLA IRITSI:
Baztan haranean Irurita herritik Eugira doan errepidea hartu eta bertatik igoko gara 12. puntu kilometrikoa arte.

SARRERA: 
Baztango bazkalekurik onena da Erdizko mendia. Bertan bazkatzen dira Baztango abeltzainen ehundaka behi, ardi eta zaldi urtero. Bazkaleku bikain eta mendi eder honek ordea bertze altxor preziatu bat ere ba omen du: magnesita. Mineral horren ustiapenak emanen zien diru freskoaren usainera bildu zen 2000ko hamarkadan MAGNA enpresa. Garaiko Udalaren oniritziarekin, inguruan zundaketa batzuk egiteko baimena lortu eta mendi hau aldez alde zulatzeko proiektua egituratu zuten. Udal ordezkariak ez bezala ordea, zorionez herria aurrez aurre topatu zuten. Proiektuaren kontrako ahotsa Baztango xoko guztietara hedatu zen. Horren erakusgarri izan ziren bertzeak bertze 2007an Elizondon izan ziren mobilizazioak. Herriaren presio eta mobilizazioen ondorioz, MAGNAk proiektua behin-behinean alde batera utzi zuen eta Zilbeti ingurua jo zuen begiz bertze proiektu bat egiteko asmoz. Bertan ere, babestutako oihanak moztu eta minerala ustiatzeko proiektua garatu nahiean dabil azken urteetan eta kalapita ederra sortu da.

Bertze alde batera mugitu arren, MAGNAk ez du Erdizeko eremua atzendu oraindik. Belardi berdeak eta erreka gardenak ez daude oraindik piztiaren hatzaparretatik salbu. Azken hilabeteetan ixilpeko hainbat mugimendu egin dituzte Baztango jendartean proiektuaren aldeko jarrera bulkatu nahiean. Udaleko zenbait ordezkari ukitu dituzte, garapena bulkatzearen aldekoa omen den elkarte bat sortu dute... Hori ikusita, proiektuaren garaian sortu zen Erdiz Bizirik proiektuaren kontrako plataformak bere lanari berrekitea erabaki du eta lanean hasi da berriz ere.

Lan horren parte da, larunbat honetarako, ekainak 15, Erdiz ingurutik antolatu den mendi martxa. Bi martxa eginen dira, bat luzea (4 bat ordukoa) eta bertzea motza (2 ordukoa). Jende mota guztiarendako prestatuta daude ibilbideak eta bertan aukera izanen da inguru eder hau ezagutzeko eta harrobiaren proiektuak ukituko lituzkeen lurrak ikusteko. Ibilbide luzea egiteko geldialdia goizeko 7 eta erdietan egin da Iruritako plazan, 8etan Negusaroitik abiatzeko. Motza berriz, 10etan abiatuko da Negusaroitik eta beraz geldialdia 9 eta erdietan da Iruritan bertan. Mendi martxa hau eginen den eremua ezagutzeko aukera duzue ondoko erreportaian. Ibilbide luzearen antzekoa den ibilbidea erakusten da. Hemendik bertan parte hartzera animatzen dut jende guztia. Erdiz Bizirik!! Zilbeti Bizirik!! Baztan ez dago salgai!!


DESKRIBAPENA:

8:53 : Negusaroi (740m).
Ibilbidea abiatuko den lekua etxola hauen ingurua da.


Lehen metroak oihan ederretik eginen dira. Inguru honetan behiak markatzeko erabiltzen diren itxiturak ere bisitatuko dira.


Erdizko parajerako sarrera Trepako Bizkarraren ondoan dagoen lepoko pistatik.


9:39 : Oialegiko lepoa (1050m).


Lepotik goiti gibelera begiratuta ikuspegi ederra ikusgai...


Ezkerrean Artsal, erdian Okoro eta eskuinean, urrunago Saioa.


Bustalmorroko lepoa, GRaren bidegurutzea.


Adi Bustalmorrotik.


10:05 : Artsalgo lepoa (1180m).
Lepotik Okoroko gailurrera azken malda bertzerik ez da gelditzen.


10:13 : Okoro (1259m).
Kaskotik etorritako bidera begirada.


Saioa Okoroko kaskotik.


10:48 : Artsal (1230m).
Okoroko kaskotik bueltan bidetik pixkat desbideratu eta bertze kasko honetara igo ahal gara.


Iparraldeko Kaskoa eta Hargintzuko Harria Artsaldik.


11:00 : Iparraldeko Kaskoa (1200m).


Inguruan dagoen bertze mendi bat: Hargintzuko Harria.


11:12 : Hargintzuko Harria (1210m).
Erdizko eremu ederra kaskotik ikusita. Tartean Iparraldeko Kaskoa, Artsal eta Okoro.


Auza mendia Hargintzutik.


Hargintzuko Harriko gutunontzia.


13:00 : Pitzamar (800m).
Artesiagako errepidearen ondoan frankismo garaian behartuta lan eginarazitako presoen oroimenean dagoen eskulturan akituko da ibilaldia.


Ez dezagun eremu hau galtzen utzi. Erdiz Bizirik!!!!