2021/09/27

Astazu Oriental (3071m), Astazu Occidental (3012m)

EGUNA: 2021/09/23-24

ABIAPUNTUA: Lac des Gloriettes (1667m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Astazu mendietako gandorrean eskuak erabili behar dira momenturen batean, bai gailur handira igotzeko, bai txikira igotzeko. Zailtasuna apala da hala ere, kasik edozeinek egiteko modukoa.

DENBORAK:
  • Lac des Gloriettes - Cabane d'Estaube : Ordu bat
  • Cabane d'Estaube - Astazu Oriental : 4 ordu
  • Astazu Oriental - Astazu Occidental : Ordu erdi
  • Astazu Occidental - Lac des Gloriettes : 3 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista segitu behar da Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetatik Lourdes hirira joko dugu eta hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino. Hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gedrera. Herriaren irteeran ezkerretara Troumouseko zirkura eramanen gaituen errepideari segituko diogu. Bide horretatik kilometro batzuk eginda, eskuinetara Glorietteseko lakura igotzen den errepidea hartu behar da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Astazu mendietara Gloriettesetik (edo Gavarnietik) igotzen den bidea Pirinioetako 3000 metrotik goitiko gailurretara egiten ahal den ibilaldirik ederrenen artean sartuko nuke inolako zalantzarik gabe. Aniztasun handiko igoera honek hainbat leku ikusgarri ikusteko aukera ematen du: Estaubeko zirku berdea, Tucarroyako aterpea, Monte Perdidoren iparraldeko glaziarrak, Marboreko lakua, Swan korridorearen irteera eta Astazuen amildegiak, bertzeak bertze. Inguru honi egindako bisitaren hamargarren urteurrenean bigarren aldiz gozatu ahal izan dut bortz izarreko ateraldi honetaz.

2021/09/23
18:31 : Lac des Gloriettes (1667m)
Lana akitu, bazkaldu eta ziztu bizian Gedre aldera abiatu ginen. Biharamuneko ibilaldi luzeari zatitxo bat kentzeko asmoz gaua Estaubeko zirkuaren bihotzean dagoen etxolatxoan emanen genuen.


Aparkalekutik atera, urtegiaren gainetik pasatu eta lakua inguratzeari ekin genion.


Lehen egun honetarako ibilaldi gozoa genuen. Kasik desnibelik irabazi gabe Estaubeko zirkuan barneratzen den bide erosoari segituko genion.


Errekaren ondotik doan bide eztia larre berdez inguratutako zirku ikusgarrian barneratzen da. Hodeiek ez ziguten inguruaz behar bezala gozatzen utziko, baina merezi duen lekua da.


Bidegurutze honetan eskuinetara Tucarroya eta Espuguetteseko aterpeetara doan bidea utzi eta ezkerretara hartuko genuen gaua pasatzeko lekuaren bila.


Minutu gutxiren buruan etxolan izanen ginen.


Azken metroak alfonbra berdearen gainetik...


19:16 : Cabane d'Estaube (1765m)
Hiru ordu laurdenen buruan inguruan mimetizatutako etxola politera ailegatu ginen. Zirkuaren sakoneko larre berdeen erdian lasaitasuna isladatzen du etxolak. Bi zati nagusi ditu eta horietako bat mendizaleek erabiltzeko irekia dago. Barnean logela bat eta jantokia ditu, eta metro eskas batzuetara iturri bat.


Ilundu aitzin kanpoko aldean afaldu genuen tenperatura ez baitzen hotzegia eta gauarekin batera zerua estaltzen zuten hodeiak lekutzen hasi ziren. Izarrez betetako zeru zoragarriaz gozatu ahal izan genuen...


Pasatu gau on!


2021/09/24
7:51 : Cabane d'Estaube (1765m)
Eguna goxo erta garbi ernatu zen. Etxola barnean gosaldu eta goizeko zortziak eman gabe ekin genion bideari.


Zubiraino itzuli eta erreka gurutzatu ondotik Tucarroya eta Espuguetteseko aterpeetara igotzen den bidexka hartu genuen.


Bailararen mendebaldetik poliki-poliki igotzen da bidea gibelean ikusten den harresia zeharkatzeko puntu ahulenaren bila. Puntu horretan dago kokatua Tucarroyako aterpe ikusgarria.


Harresiaren alde batean zirkua hesten duten mendietatik handiena den Grand Astazu mendia dago, gure eguneko lehendabiziko helburua zena. Bi egun lehenago botatako lehen elurrek apaintzen zituzten bertako ipar-aurpegiak.


Udazkenean sartuta, argi politak zeuden mendietan eguneko lehen orduetan. Mantso-mantso hegoaldetik hodeiak agertzen hasiko ziren ordea.


2150 metro inguruan Espuguettesera doan bidea utzi eta ekialdera biratu ginen harresien azpitik zeharkaldia egiteko.


Altuera gutxi irabazten da zati horretan. Metro batzuk geroago irudian ezkerretara ikusten den Pinetako porturako bidexka utzi eta Tucarroyako korridorearen azpiko aldea markatzen duen orratza erreferentzia gisa hartuta eskuinetara biratuko ginen.


Bailara eta Glorietteseko lakua arras beheiti utziak genituen ordurako.


Ezkerretara ikusten den orratza, Borne de Tuquerouye izenekoa, da erreferentzia gisa erabiltzen dena. Gure bidea bere azpiko lepotxotik pasatuko da korridorean sartzeko.


Behin lepoa zeharkatuta korridore harritsu eta tentea gainditzea bakarrik falta zitzaigun Tucarroyara ailegatzeko.


Borne de Tuquerouye gibelean uzten... Lepo horretatik pasatu ginen.


Korridorea nahiko bertikala eta hautsia da. Harkaitzak, harri xehe eta lohi irristakorrez estalitako bidexka sigi-sagatsua, pazientziaz egin behar den zatia da. 


10:03 : Refuge de Tuquerouye (2666m)
Korridore malkartsuaren goitiko aldera ailegatzen denak sari handia izaten du zain: Tucarroyako arrakala eta aterpea. Pirinioetako lekurik liluragarrienetarikoa da nire ustez. Harresi bertikalen arteko arrakala estu honetan eraikitako aterpe hau Pirinioetako altuena da eta Monte Perdidora Pirinioen ipar isurialdetik igotzeko eraiki zuten bere garaian. Dozena bat lagunendako lekua du, literak, mahaiak, aulkiak, sua, egurra... Hori gutxi balitz, parean Monte Perdidoko ipar-aurpegiko glaziarra eta kolore urdin biziko Marboreko lakua ditu. Guk zoritxarrez Monte Perdido eta Cilindro laino artean gordeta izanen genituen egun guzian zehar.


Aterpean geldialdi laburra eginda gure bideari segitu genion. Marboreko laku alderako malda jaitsi genuen hasteko...


...eta bertara ailegatu baino lehen eskuinetara biratuko ginen puntu horretatik bistan genuen Astazu mendietako altuenera igotzeko.

Lakua gibelean utzi eta Astazuren hegoaldeko aurpegia inguratu genuen Swan lepoaren bila.


 
Ez ginen leporaino ailegatuko. Pixka bat lehenago zuzenean hasi ginen gailurrera eramanen gintuzten azken metroak igotzen.

Harri-mukuruei segituz ez du zailtasun handirik azken zati hau igotzeak. Terraza itxurako erlaitzez osatua dago eta batetik bertzera pasatzeko eskuak erabili beharreko puntuak badira ere, erraz egiten da.




Azken zatian gandorrera aterako ginen. Ikusgarria da, zatiren batean pixka bat estua, baina erraza. Gozatzekoa.



11:29 : Astazu Oriental (3071m)
Hego haize biziak astintzen gntuela ailegatu ginen gailurrera. Genuen arropa guzia jantzi eta babesean egon ginen. Ikuspegi handiegirik ez genuen zoritxarrez, nahiz eta tarteka lainoen artetik inguruari begiratzeko aukerak izan.

Gailurreko argazki beheiti abiatu aitzinetik...

Eta egindako ibilbidea desegin genuen Swan leporaino...

Gandorraren amildegirik handiena iparraldera erortzen dena da. Hein handi batean horrek egiten ditu ikusgarri mendi hauek. Gavarnie gure zangoen azpian genuen, 1700 metro beheitiago.

Parean Astazuren gailur txikiena, baina ez horregatik itsusiagoa.

Swan lepotik goiti igoko genuen ertz errazetik...


12:18 : Col de Swan (2966m)
Swan korridorearen gainean kokatu ginen. 400 metroko korridore ezagun hau neguan igotzen da, elurtuta dagoelarik. Pirinioetako klasiko bat!

Lepotik gailurrera erran bezala ertz erraz bat igo behar da. Irtengune pare bat ditu, normalean amildegiaren gainetik pasatzen diren terraza batzuetatik gainditzen direnak, baina elurrez beteta zeuden terraza horiek eta guk zuzenean igo genituen.



12:37 : Astazu Occidental (3012m)
Minutu gutxiren buruan eguneko bigarren tontorrean ginen. Punta honetatik Gavarnieko zirkura dagoen ikuspegia zoragarria da, baina guk lainotuta genituen inguru horiek.

Gavarnie herria bai ikusten ahal genuen tarteka, geroko garagardoa amets...

Gailurrean, Astazuren tontor handienaren itzala gibelean genuela.

Eginalditxoaren ondotik beheiti abiatu ginen. gailurraren hegoaldera oinez jaisten da, inolako zailtasunik gabe.

Eta Astazuko lepoaren inguruan ezkerretara biratuko ginen berriz Marboreko laku aldera joateko.

Mugarriei segituz, 2700 metrotara dagoen goi-lautada ikusgarri hau zeharkatu genuen.

Lakura hurbiltzen...

Irudikp orratz ikusgarriaren azpian dago Tucarroyako arrakala.


13:55 : Refuge de Tuquerouye (2666m)
Berriz aterpera bueltan bazkaltzeko geldialdi luzea egin genuen...

...eta gailurrak ikusi gabe agurtu behar izan genuen paraje zoragarri hau.

Igoerako bide beretik barneratu ginen Estaubeko haran berdean. Kontraste handia dago goitiko harri gorrixkatik inguru honetara.

Estaubeko errekaraino jaitsi ginen Tucarroya inguruak gibelean genituela.


16:03 : Cabane d'Estaube (1765m)
Etxolan bertan utzitako gauzak bildu eta beheiti...

...erreka bazterreko bidetik.


16:58 : Lac des Gloriettes (1667m)
Berriz ere lakua inguratuta ailegatu ginen aparkalekura, eguraldi onegia izan ez bagenuen ere, aurreikusitako ibilaldia egin izanaren sentsazio gozoarekin.

 BIDEOA: