EGUNA: 2021/09/19
ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)
ZAILTASUNA:
Ertaina (AD-). Bideko zailtasunak bi puntu hauetan zentratzen dira:
- Chimenea de Estrato (III+): Ongi ekipatutako tximinia da III+-eko zailtasun konstantea duena. Plaka etzan batzutatik igotzen da.
- Bernerako hego-ekialdeko ertza (IV-): Erdian harkaitzezko bloke bat duen tximinia bertikal batek ematen dio zailtasun gradua ertzari. Ondotik igoera errazagoa da (III), baina arras espuestoa momenturen batean. Ez dago ekipatua).
DENBORAK:
- Refugio de Lizara - Chimenea del Estrato : Ordubete
- Chimenea del Estratoren eskalada : 2 ordu
- Chimenea del Estrato - Punta Alta de Napazal : 45 minutu
- Punta Alta de Napazal - Bernera : 30 minutu
- Bernera - Refugio de Lizara : Ordu eta hiru laurden
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jacako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Hecho aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Lizarako aterpea aipatzen badugu, segur aski denei Bisaurin mendia etorriko zaigu burura. Erranen nuke bertara hurbiltzen diren hamar lagunetatik bederatzik mendi hori izaten dutela jomuga. Aterpeko aparkalekutik beretik, ordea, Bisaurinez gain bertze mendi batek atentzioa deitzen du: Bernera da. Harresiz inguratutako gotorleku itxura hartzen du azpitik ikusita, nahiz eta bertaraino ailegatzeko bide arruntenetatik eskuak ez diren erabili ere egin behar. Guk mendiari itzulia eman dio hego aurpegian kokatuta dago Chimenea del Estrato bidea eginez. Harkaitzaren plaka kurbatu batek osaten duen tximinia ikusgarritik doa bide polit hau, erraza, jostatzeko modukoa.
9:08 : Refugio de Lizara (1540m)
Haizetsu eta hodei batzuekin ernatu zen eguna eta presa handirik gabe paratu ginen martxan goiz freskoan, eguzkiari bere lana egiten utzi nahian. Argazkian ikusten den Bernera mendiaren eskuineko lepoa genuen hasierako erreferentzia. Bozo deitzen da lepoa eta seinaleek ongi erakusten digute bertarainoko bidea.
Eskadala bidea erran bezala ez da III+ gradutik pasatzen, arras erraza da beraz. Hala ere, gradua nahiko konstantea da eta komeni da sokak erabiltzea. Guk arroka arras bustia harrapatuko genuen eta baldintza horietan zailtasuna aunitz igotzen da, itsaskortasuna bilatu behar den plaketatik igota zer erranik ez.
Honelakoa da egin genuena luzez luze:
- 1. luzea (III+, 30 metro): Helduleku aunitz dituen tximinia bertikala da, hasieran helduleku gehiagokoa (II) eta gero pixka bat teknikoagoa (III+). Azken metroak oinez egiten dira. Lehen bilera Chimenea del Estrato eta Placa del Estrato bideendako berdina da, erne beraz. Zuzen goiti ikusten diren txapal Placa bidekoak dira eta Chimenea bidea eskuinetara joaten da. Paretean margotuta dago bidearen izena.
Lehen luzea, helduleku aunitzeko tximinia |
- 2. luzea (II, 20 metro): Lehen metroak Placa del Estratoren bidetik egin genituen, baina bigarren txapa pasatuta eskuinetara jo genuen. Hemen tximiniaren kontra dagoen plaka altuago batera pasatu behar da eta zeharkaldia egin eskuinetara. Bigarren bilkura tximiniaren barruan dago.
Bigarren luzeko zeharkalditxoan |
- 3. luzea (III, 40 metro): Puntu honetatik aitzin, ondoko lau luzeak estilo bertsukoak dira. erran bezala bigarren luzean Placa del Estrato doan plaka zabala utzi eta tximiniaren kontra dagoen bertze plakatxora sartu behar da eta plaka horretatik doaz ondoko luze guziak. Estiloa iduritsua. Txapak eta zintak tximiaren paretan eta eskalada tximiniaren kontrako plakatik. Helduleku txikiak ditu, baina nahiko etzana da.
Hirugarren luzearen hasiera... |
Hirugarren bilkurara ailegatzen, argazkian garbi ikusten dira Placa bidean doan plaka eta Chimenea bidea doan plaka, helduleku gehiagorekin |
- 4. luzea (III+, 35 metro): Luze honetan tximinia ondoko plaka zertxobait bertikalago jartzen da eta helduleku txikiagoak ditu. Hala ere iduritsua da. Guk dena den hemendik aitzin gonbidatu desatsegin bat izan genuen: ura. Harkaitz zati handiak bustita zeuden eta horrek aunitz zaildu zuen eskalada. Batzuetan txapak zeuden bidetik urrundu behar izaten ginen zati idorrak segitzeko eta bertzetan derrigor zati busti eta irristakorrak pasatu behar izan genituen.
Laugarren luzea, hasi da hezetasun besta |
- 5. luzea (III, 25 metro): Aitzinekoaren iduriko luzea eta kasu honetan ere arras bustia harrapatu genuen. Hori dela eta, plakaren erdiko pitzadura batetik igo ginen, ia luze osoan txapetan asegururik sartu gabe, haiek ezkerretara baitzeuden, erabat bustitako zatian. Hortzak eta ipurdia ederki estututa azkenean harkaitzeko blokeko zinta batean txapatu ahal izan nuen. Bilkura plakaren erlaitz batean dago.
Bortzgarrena akitzen |
Bortzgarren bilkuran, estuasunak eta gero adrenalinaz gainezka |
- 6. luzea (III, 40 metro): Gorantz igotzen den azken luzea da, zazpigarrena ezkerretarako zeharkaldi bat baita. Berriz ere bustita harrapatu genuen eta gainera lohi irristakor batekin. Patinatzeko pista bat iduri zuen. Kontu handiz egin behar izan genituen azken metroak, kobazuloaren barnean dagoen bilkuraraino.
Seigarren bilkurara ailegatzen, koba barnean |
- 7. luzea (II, 30 metro): Goranzkoak akitu eta ezkerretara egiten den zeharkaldia da. Oinez egiten ahal da zatirik gehiena. Bilkura tximiniaren ondoko plakatik bertzera jaistean harrapatzen da.
Azken luzeko zeharkaldia |
Behin eskalada zatia akituta, trasteak bildu eta atsedenaldia hartu genuen. Ipar haize hotzaren ondotik, gustora hartu genituen eguneko lehen eguzki izpiak. Hortik goiti tximiniatik ateratzeko gezi gorriei segituko genien.
Gogor hartu gintuen ipar haizeak Napazalgo gailur zabalean. Gutxi egon ginen beraz han...
Ezkerretara biratu eta Bernera aldera abiatu ginen bizkarrez bizkar. Berez bide arrunta hemendik Bernerako lepora joanen litzateke eta gero gailurra igo, baina kasu horretan metro gehiago jaitsi beharko genituela ikusita zuzenean igotzea erabaki genuen.
Urrundik errazagoa iduri zuena aunitz aldatu zen mendiaren paretaren azpian kokatuta. Harresiaren eskuinetara ikusten genuen arrakala uste baino bertikalagoa zen eta eskuineragoko bertze bat arras espuestoa eta soka erabiltzeko zaila. Hortaz, argazkian geziarekin markatu dudan bidetik igo ginen, hego-ekialdeko ertzetik.
14:34 : Bernera (2432m)
Berriz soka atera behar izan genuen puntu honetan. Zatirik zailena hasmentan igo behar izan genuen tximinia tentean dago, erdian trabatuta duen harkaitzezko blokea gainditzeko (IV-). Zorionez tximinia horrek ez du esposizio handirik. Hortik goiti ezkerretara zeharkaldi bat egin genuen, hau bai esposizio handikooa eta gero zuzen igo zati bertikal batetik (III).
Bigarren gailurrean ere ez zen giro eta laster batean eskapatu ginen handik, tontorreko argazkia egiten ere ez baitzigun uzten haizeak.
Ipar magaleko belardietatik jaitsi ginen eta mendebaldeko norabidea hartu genuen Bisaurin eta Bernera artean irekitzen den arroila estura.
Metroak jaitsi ahala haizeak indarra galdu zuen eta eguzkiak sentsazio termikoa epeldu.
Bisaurin inguruko hodeiak ere lekutzen hasiak ziren ordurako...
Behin bi mendien arteko arroilara jaitsita, hegoaldera biratu eta Lizarara jaisten den bidexka zabala hartuko genuen.
Paraje ikusgarri honetatik egin genituen azken metroak, belardi, izei eta harresi bertikalen artean...
16:05 : Refugio de Lizara (1540m)
Zati bat jaitsita gerizan tarte bat hartu ahal izan genuen materiala behar bezala biltzeko beheiti segitu aitzinetik.
Zazpi orduko itzuliaren ondotik berriz ere aterpean ginen, bideko gorabeherak komentatzen bazkaldu bitartean.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina