2008/07/29

Refugi Josep Maria Blanc (2320m) eta Estany Negre (2335m)

EGUNA: 2008/07/29

IRTEERA: Espot (1320m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Ostarte zabalak

DENBORA: 3 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI:
Val d'Aranetik hurrengo bailarara pasako gara Port de la Bonaigua mendatean zehar. Esterri d'Aneu herria atzean utzi eta gero, eskuinetara Sorteko norabidean Espot herrira igotzen den errepideaa hartuko dugu. Espotetik eski estaziora doan bidea hartuko dugu eta segidan eskuinetara ateratzen den pista bat ikusiko dugu. Bertan utziko dugu autoa.

DESKRIBAPENA:
Aigües Torteseko parke nazionala ezagutzeko Espoten emandako oporraldiaren bigarren egunean bertze ibilaldi bat egin genuen. Helburua Estany Negre lakuraino igotzen den bidea egitea zen.

Aipatu pistatik atera ginen, bidexka aldapatsuan Pont de Salvador zubia iraganda bailara gorantz zeharkatzen da. Bideak ez dauka galbiderik.


Espot herritik igotako bailara.


Bidea etzaten hasten denean, oihanetik ateratzen da eta lehen mendiak agertzen dira begien aurrean.


Estany de Lladreseko lakuak ezkerretan utzi genituen eta pista batera ailegatu ginen azken metroak bertatik egiteko.


Pistako aldapa azken metroetan.


Honela, maldak bukatu eta Estany Torteko urtegira ailegatu ginen. Bertako penintsulatxo batean kokatuta dago Josep Maria Blanc aterpe polita.


Estany Tort eta JM Blanc aterpea. Atzean berriz Tuc de Saburo mendia.


Bidetik aurrera segituta, segidan Estany Negre laku ederrera iritsi ginen.


Estany Negre.


Berriz ere aterpera bueltan, bazkaldu eta atseden hartu genuen itzulerako bideari ekin aintzinetik.


Espotera bueltan...


2008/07/28

Refugi de Amitges (2370m) eta Estany de Sant Maurici (1930m)

EGUNA: 2008/07/28

IRTEERA: Prat de Pierroko aparkalekua (Espot)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Ostarte zabalak

DENBORA: 3 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI:
Val d'Aranetik hurrengo bailarara pasako gara Port de la Bonaigua mendatean zehar. Esterri d'Aneu herria atzean utzi eta gero, eskuinetara Sorteko norabidean Espot herrira igotzen den errepideaa hartuko dugu. Espotera ailegatuta Aigües Tortes parke nazionalera doan bidea segituko dugu aparkalekura iritsi arte.

DESKRIBAPENA:
Espot herrian, Aigües Torteseko parke nazionala ezagutzeko helburuarekin pasatako oporraldiaren barne egindako lehenengo ibilaldia. Kanpinetik berandu altxatuta, herriko informazio bulegoan ibilaldiei buruzko informazioa eskatu eta Estany de Sant Maurici aldera jotzea erabaki genuen. Kotxez igo ginen herritik gora aparkalekuraino. Udan hemendik gora joateko taxi zerbitzua dago.

Kotxea utzi eta egurrezko egokitutako pasarela batean zehar egin genituen lehen pausuak. Segidan lehen oihan zatitik atera eta Els Encantats mendi ikusgarriak bistaratu genituen lautada polit batetik.


Lautadatxoaren ondoren berriz ere zuhaitz tartean ibili ostean, ermita baten ondotik pasa ginen.


Ermita atzean utzita pista zati batetik Estany de Sant Mauriciko lakura iritsi ginen, Ernest Malafreko aterpearen ondotik (1h 15min).


Lakuaren bazterrean atsedenalditxoa hartuta, goiz zela erabaki eta Amitgeseko aterperaino igotzea erabaki genuen. Horretarako pista nagusia atzean utzi eta seinalizatutako bidexka batetik ur-jauzi polit batera iritsi ginen.


Ur-jauzia atzean utzita, malda tente batetik berriz pistara atera ginen Estany de Ratera (2130m) lakura iristeko.


Laku honetatik gora pista nabarmenean barna, Amitgeseko aterpera igo ginen.


Aterpearen ondoan dauden Estany dels Barbs eta Estany de la Munyidera lakuen artean bazkaldu genuen.


Estany de la Munyidera eta Agulles d'Amitges mendiak atzean.


Amitgeseko orratz ikusgarriak.


Estany dels Barbs lakua eta Port de Raterako lepoa atzean, eskuinean Tuc de Saboredo mendia.


Beherakoan begiratokitik pasa ginen eta Estany de Sant Maurici bertze aldetik inguratu genuen, ibilaldi zirkular polita itxiz. Argazkian, Estany de Sant Maurici ezaguna eta Els Encants mendiak.


Azken zatia basotik...