EGUNA: 2013/04/14
IRTEERA: Parking de Cabane d'Araille (1750 m)
ZAILTASUNA: Igoera (PD) eta jaitsiera (S3)
DENBORAK: 2 ordu (Igoera)
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera joan behar da eta Jacatik Formigal eski estaziorako norabidea jarraitu. Eski estazioa atzean utzita Pourtaleteko lepora igoko gara eta iparraldera kilometro bat jaitsita autoa errepide bazterrean utziko dugu.
DESKRIBAPENA:
Eguraldi zoragarriko asteburuaz disfrutatzeko Pirinioetara hurbildu ginen bertze behin. Larunbatean Aspera igotzen saiatu ondotik (lepoan buelta hartu genuen lainoagatik), iganderakp zerbait motzagoa egitea erabaki genuen. Horretarako zonalde aproposa da Pourtalet ingurua. Kasu honetan Peyreget hautatu genuen baina goiz pasa egiteko mendi pila eskaintzen dizkigu.
7: 27 : Parking de Cabane d'Araille (1750m).
Pourtaleteko benten artean gaua pasa ondotik, aparkaleku ingurura jaitsi eta goiz abiatu ginen eguerditik aitzin iragartzen zuten elur-jauzi arriskua saihesteko. Asmoa Peyreget iparraldetik igotzea zen gero hegoaldeko maldetatik jaisteko. Midi d'Ossau eta Peyreget abiapuntutik.
Metro batzuk jautsi, erreka zeharkatu eta Soum de Pombieko lepora eramango gintuen malda gogorra igotzen hasi ginen.
Leporako bidean Aneouko zirkuko gailur politak genituen gibelean.
Aitzineko eguneko elur-jauzien tartetik pasa ginen. Ez ziren handiegiak baina susto bat emateko nahikoak...
8:31 : Col de Soum de Pombie (2129m).
Lepora ailegatuta Midi d'Ossauren iparraldeko paretak egiten zigun ongi etorria. Ikusgarria baita Petit Midi eta Midi tarteko korridorea. Batzuk hori eskiekin jaisten dutela ere...
Eskiatzaileak lepora ailegatzen...
8:38 : Soum de Pombie (2134m).
Tita batean lepotik ondoko gailurtxora doan kresta zabal eta errexa gainditu nuen. Bista gailurtxotik Pourtalet ingurura.
Midi d'Ossau eta Peyreget Soum de Pombietik.
Segidan Pombieko aterperantz jarraitu genuen malda bat zeharkatuz.
Pombiera iritsi aitzinetik ordea, mendebaldera biratu eta Peyregeteko lepo aldera jo genuen. Gailurra gero eta hurbilago ikusten zen.
9:35 : Col de Peyreget (2300m).
Lepoaren mendebaldean Ayouseko lakuen zonaldea.
Iparraldean berriz, Midi handia.
9:52 : Pic de Peyreget (2487m).
Lepotik hegoaldera biratu eta gailurrera falta zitzaigun malda igo genuen.
Ikuspegia Aspe (bezperan kasik bere gailurrean izan ginen, laino madarikatuagatik izan ez balitz...) eta Bisaurin aldera.
Hegoaldean Anayet eta Canal Roya ezagunak bertzeak bertze.
Mendebaldean berriz, Lescuneko mendiak: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Acherito...
Eta hau???
Argazki sesioa bukatu, zerbait jan eta beherakoari ekin genion. Elurra gogor xamar baina disfrutatzeko modukoa.
Hortik aparkalekurako bidea ziztu bizian egiten da elur gogor xamarra harrapatuz gero behintzat. Apirila izateko elur pila ederra dago.
Egunaren bukarean igotako mendiarekin. Bertze bat arte!!