Orriak

Tourelles de Camplong (2038m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Tourelles de Camplong (2038m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/12/17

Tourelles de Camplong (2038m)

EGUNA: 2024/12/15

ABIAPUNTUA: Col de Bouesou (1009m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA  AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu haranean barneratuz. Osse en Aspeko irteeran utziko dugu errepide nagusia eta herri hau gurutzatuta Athas herrira joko dugu. Hemen San Martingo Harriko eski estaziora igotzen den bidea hartuko dugu Col de Bouesoura ailegatu arte. Bertze bi aukera ere badaude puntu honetara ailegatzeko. Aipatutakoa baino motzagoa guretako, Issor herria baino lehen Lourdios Ichere herrira jo eta hemendik igotzea. Osse en Aspe herritik zuzenean ere igotzen da bertze errepide bat. Dena den, bide txikiak dira denak eta elurra apal dagoenean posible da goraino ez ailegatzea. Kasu hauetarako onena egin genuen bidea erabiltzea da, goraino ez igota eskiekin igotzeko biderik motzena eta zuzenena baita.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aretako eski estazioa eta Aspa (frantsesez Aspe) bailararen artean bada eremu bat Pirinioetako bertze bazterretan aurkituko ez duguna bezalakoa. Izeiz zipriztindutako magalek eta koloretako harresiek bertze kontinente bateko mendizerretan gaudela pentsarazten ahal digute, gehienbat elurrez estaliak daudelarik. Eskiz inguru honetako guziko ibilbiderik ezagunena Barlagnekoa da. Paraje polita izateaz gain, eskiatzeko ezin hobea baita. Hala ere, pixka bat ekialderago jende gutiago ibiltzen den Tourelles de Camplongeko ipar magalak inbidia guti dio paisaia aldetik. Bertan izan gara asteburu honetan.

10:25 : Col de Bouesou (1009m)
Presarik gabe ailegatu ginen abiapuntura eta halatsu ekin genion ibilbideari. Iragarpenek eguna argituz joanen zela zioten eta horri heldu gintzaizkion. Abiapuntutik Aspe bailaran argiago zegoela ikusten zen.



Aparkalekutik beretik eskiz abiatzeko adina elur zegoen, baina tenperatura ez zen hotzegia eta gauean euria egina zuen. Horrez azpiko zatian elurra arras heze egotea eragin zuen eta nahiago izan genuen zati bat eskiak bizkarrean eramanez igatea. Izan ere, eskien azpian kalotxak egiteko arriskua handia zen.


Lepotik hegoaldera ateratzen den pista zabaletik egin genuen lehen zatia, baina fite lasterbideetatik laburtzen hasiko ginen. Elur geruza lodia zela eta, eskiak zangoetan paratu behar izan genituen.


Bizkarrez bizkar iganen ginen Catazarreko lepo ingururaino, arbolapeko hezetasuna magal garbietatik saihestuz.


Catazarreko lepotik (1231m) goiti elur berria aurkitzen hasiko ginen eta beraz baldintzak aise hobeak ziren.


Lepoan pista zabaleta utzi eta basotik goiti igaten den bide estuagoa hartu genuen.


Pago eta izeiz osatutako oihana zoragarri zegoen.


Altuera irabazi ahala, pagoak gutituz joaten dira eta izeiek hartzen dute protagonismoa.


Ordura arteko maldarik tenteena zuen zati bat iganda, izeien arteko pasilo gisako batetik bizkar batera aterako ginen.


Bizkar honetan malda aunitz etzaten da.


Lekua ametsetakoa da, magikoa!


Bizkar etzan eta garbia Icheuseko etxola inguruan akitzen da. Hortik goiti baso trinkoago bat zeharkatu beharko genuen goitiko maldetara ailegatzeko.


12:02 : Cabane d'Icheus (1580m)
Etxolaren kanpoko aldean geldialdi motza egin genuen. Bidearen erditsua egina zegoen jadanik. Duela sei urte etxola honetan pasatutako gauaren oroitzapenak etorri zitzaizkidan. Aunitzetan oroitzen gara bertan pasatutako hotzak. Hala ere, erran behar da barnetik egoera onean dagoela eta luxu bat dela bertan gaua pasatzea.


Etxolaren ezkerreko aldetik (ekialdetik) basora sartzen den pasilo iduriko bat abiatzen da. Bertatik iganen ginen zati batean, basoa ez baita hain trinkoa.


Hortik soilgune bat zeharkatu eta berriz basoan barneratuko ginen. Elur aunitz zegoen eta zati batzuetan arrastoa irekitzeak lanak eman zizkigun.


Zatirik trinkoena gibelean utzita, malda berriz ere etzan egiten da momentu batez.


Hortik goiti eskiagarriagoak diren malda politak harrapatuko genituen goitiraino.


Pinuak eta harkaitz gorrixkak inguru honen ezaugarriak dira; sarreran erran bezala, bertze mendilerro batean gaudela ematen du.


Tourelles menditik iparraldera erortzen den ertzetik hurbil egin genuen igoera, lainoarekin ikusgarritasuna ez zen onegia eta erreferentziak bilatzen genituen izeietan.


Kaskotik 100 metro beheitiago dagoen bizkar batean geldialdia egin genuen eta goiti segitu edo ez zalantza izan genuen.


Azkenean pixka bat arindu eta azken metroak igan genituen.


14:06 : Tourelles de Camplong (2038m)
Eskien azpiko kalotxak eta ikusgarritasunagatik ez ginela ailegatuko pentsatu nuen momenturen batean, baina azkenean kaskoan ginen. Trantsizioa egin eta pixka bat arintzen ari zuela ikusita beheiti abiatu ginen. Pena izan zen gailur honek duen ikuspegi zoragarriaz ezin izan genuela disfrutatu.


Jaitsieran, ordea, bai disfrutatu genuen. Elurra goitiko zatian kalitate onekoa zen eta gainera zerua irekitzen hasia zen.


Mendiaren goitiko partean eskiatzeko malda politak daude.


Gabonetako postaletako parajeak...


Minutu gutitan zerua erabat garbitu zen. Bertze egun bat ematen zuen.


Igoerako bidetik egin genuen autorainokoa, tarteka inguruak eskaintzen zigun ikuskizunaz gozatzeko geldialdiak eginez. 

 
15:40 : Col de Bouesou (1009m)
Jaitsieraren azken partean elur eskasa harrapatu genuen eta nola edo hala ailegatu ginen autora. Hala ere, egunaren balorazioa bikaina izan zen eta aldez aldeko irribarrearekin egin genuen etxerako bidea.

2018/03/25

Tourelles de Camplong (2038m)

EGUNA: 2018/03/21-22

IRTEERA: Col de Bouesou (1009m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Col de Bouesou - Cabane d'Icheus : Ordu bat eta 45 minutu
  • Cabane d'Icheus - Tourelles de Camplong : Ordu bat eta erdi
NOLA  AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu haranean barneratuz. Osse en Aspeko irteeran utziko dugu errepide nagusia eta herri hau gurutzatuta Athas herrira joko dugu. Hemen San Martingo Harriko eski estaziora igotzen den bidea hartuko dugu Col de Bouesoura ailegatu arte. Bertze bi aukera ere badaude puntu honetara ailegatzeko. Aipatutakoa baino motzagoa guretako, Issor herria baino lehen Lourdios Ichere herrira jo eta hemendik igotzea. Osse en Aspe herritik zuzenean ere igotzen da bertze errepide bat. Dena den, bide txikiak dira denak eta elurra apal dagoenean posible da goraino ez ailegatzea. Kasu hauetarako onena egin genuen bidea erabiltzea da, goraino ez igota eskiekin igotzeko biderik motzena eta zuzenena baita.

KRONIKA:
Guretako eski denboraldi da ez da berdina Aspe bailara zapaldu gabe. Aurtengoan kostata baina azkenean egin diogu bisita gure haran kuttunari. Eta betiko martxan, bakardadea eta lasaitasuna aurkitu ditugu, mendia osoa guretako bakarrik.

2018/03/21
15:46 : Col de Bouesou (1009m)
Eguerdian lanetik atera eta trasteak hartuta martxan jarri ginen. Berez egun batean igotzeko modukoa den mendia bide erdian duen etxolan lo eginda igoko genuen, horrela biharamun arratsaldean berriz ere lanera joateko.



Bouesoutik goiti, Catazarreko lepora igotzen den pista mozten duen bidetik igo ginen bizkarrez bizkar.


Egunean berean ibilitako bi eskiatzaileren arrastoari segituko genion ibilbide osoan zehar. Momentu batzueta ez orientatzeko bide erraza, baso anitz baitu eta gainera, elur hautsean arrastoa irekitzearen lana eginda zegoen. Bi abantaila beraz.



Aspe bailara beheitian, bidetik ikusita.


16:26 : Col de Catazar (1231m)
Erritmo onean ailegatu ginen leporaino. Jaisterakoan, hemendik Bouesoura doan pista segituko genuen, laburbiden eskiatzeko elur gutiegi baitzegoen.


Hemendik aitzin, zuhaitzetako marka horiak segituko genituen Icheuseko etxolaraino.


Bigarren zatia hau lehendabizikoa baino aise maldatsuagoa da.


Baso polit batetik igotzen da...


...pinu arteko soilgune batetaraino.


Puntu honetan malda jaisten da eta zati lauagotik doa etxolara ailegatu arte.


Zoragarria iruditu zitzaigun zati hau, lainoek inguru guzia estalita ere. Biharamuneko eguzkiarekin zer erranik ez...


17:20 : Cabane d'Icheus (1550m)
Eta zati ederrean gozatuz genbintzala, bat-batean etxolatxoa agertu zitzaigun pinu artetik. Leku arras politean. Etxola ere itxura onekoa da, eta barnean lurreko sua, mahaia, bankuak eta lo egiteko tarima ditu. Aislamentua ez da sobera ona dena den. Teilatu eta paretaren artetik haize dexente sartzen da eta horrek gure kasuan, gauez tenperatura zeropetik jaistea eragin zuen. Orain arte egondako etxola guzien artean tenperatuta apalena hemen izan genuen. Neguan bertan gaua pasatu nahi baduzue beraz, mentalizatuta joan!


Iluntzean su ederraren ondoan denbora egin eta zakura, gau hotzaz disfrutatzera.


2018/03/22
8:47 : Cabane d'Icheus (1550m)
Biharamunak ez zuen aitzineko egunaren ezer ikustekorik. Haizerik ez eta zerua urdin-urdin...


Inguruaren edertasunaz oraindik gehiago gozatzeko aukera genuen...


Gosaldu ondotik, ttipi-ttapa martxan jarri ginen etxolaren goitiko aldeko oihan maldatsuan barneratuz.


Baso zatirik maldatsu eta dentsoena pasatuta, 1700 metrotik aitzin zonalde irekiagoa da.


Pinuak nonahi eta artetik eskiatzeko elur malda zoragarriak.


Egun hotza baina haizerik gabe, gustura egoteko modukoa.


Paradisua...


Midi d'Ossau ere agertu zen beti bezala...


Gailurra begibistan. Argazkian ikusten den bezala, pinuak ia gailurreraino ailegatzen dira, mendi aproposa da beraz bisibilitate gutxiko egunetarako ere.


10:20 : Tourelles de Camplong (2038m)
Etxolatik atera eta ordu eta erdian gailurrean ginen.


Mendi guzia guretako izan genuen, bakardadean. Lescun ingurua gailurretik...


Billare zoragarriak. A zer nolako oroitzapenak!


Auñamendi eta Soum Couy...


...eta gu...


Jaitsiera bikaina izan zen. Elur hauts goxoa eta dena guretako bakarrik...


11:31 : Cabane d'Icheus (1550m)
Etxolara bueltan, gauzak bildu eta beheiti oateko meomentua ailegatu zen.


Paraje ederra agurtuz...


Aitzineko egunean ez bezala, ikuspegi zabala genuen inguruaz disfrutatzeko.


Tourelleseko gailurra gure gibelean.


Accouseko zirkua Bergon, Marere eta Permayou ikusgarriekin.


12:54 : Col de Bouesou (1009m)
Eta hasitako lekuan akitu zen Aspe bailarari egindako bisitatxo polit hau. Autoa hartu eta etxera, arratsaldean lana bainuen.


Itzulera, Lourdios Icheretik egin genuen. Txoko ederra Baretous haranean...


BIDEOA: