Orriak

Arre Sourins (2614m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Arre Sourins (2614m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/08/30

Arre Sourins (2614m): Artouste - Eaux Chaudes zeharkaldia

EGUNAK: 2026/08/29-30

ABIAPUNTUA: Lac d'Artouste - Tren geltokia (1911m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA:

  • Lac d'Artouste - Col d'Artouste : Bi ordu
  • Col d'Artouste - Refuge de Migouelou : 45 minutu
  • Refuge de Migouelou - Col d'Hospitalet :  45 minutu
  • Col d'Hospitalet - Crete des Monges : Ordu bat
  • Crete des Monges - Cabane de Bouleste : Ordu eta erdi
  • Cabane de Bouleste - Col d'Uzious : Ordu eta erdi
  • Col d'Uzious - Lac du Lavedan : 20 minutu
  • Lac du Lavedan - Arre Sourins : Ordu eta erdi
  • Arre Sourins - Col du Plaa Segoune : Ordu eta erdi
  • Col du Plaa Segoune - Plateau d'Anouilhas : Ordu eta erdi
  • Plateau d'Anouilhas - Pas de Breque : 45 minutu
  • Pas de Breque - Eaux Chaudes : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta hemendik segitu Fabregeseko lakuraino. Haren ertzean dago Artousteko trenera igateko erabiltzen den telekabina. Tren hau hartuta ailegatuko ginen gure abiapuntua izanen zen Artousteko lakura.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

 
KRONIKA:
Bi eguneko zeharkaldi ederra da honakoa, Ossau eta Arrens bailaren arteko mendietan barrena. Udako garraio publikoa eta Artousteko trena baliatuta, hegoaldetik iparraldera lepoz eta lakuz gaindi ibili ginen. Ordu aunitz mendiaz gozatzeko, hausnartzeko eta zibilizazio gero eta nahasiagotik eskapatzeko!

2026/08/29
10:31 : Lac d'Artouste - Tren geltokia (1911m)
Lehen trena galdu egin genuen, baina gaitzerdi bigarrena hartzea utzi baitziguten. Lakuko geltokira ailegatu gineneko nahiko mantso zen, baina egun guztia genuen ibiltzeko eta lasai abiatu ginen.

10:34 : Lac d'Artouste (1984m)
Geltokitik goiti metro batzuk irabazi eta segidan ailegatu ginen laku bazterrera. Arremoulit aldera doan bidea eskuinetara utzi eta urtegiaren gainetik pasatu ginen Artousteko lepora doan bidea hartzeko.


Arriel ingurua ikusten da laku bazterretik...


Urtegiaren bertze aldean seinale hau dago. Bide hori hartuko genuen, hain zuzen ere.


Laku inguruak utzi eta iparraldera egiten du bideak magaletan zeharkaldia eginez.


Gure ezkerretara eta metro andana bat beheitiago Monderes izeneko zelai polita utzi genuen bere meandroekin.


Guk, erran bezala, iparralderantz egin genuen lehen zati honetan. Altuera handirik ez du irabazten bideak hasmentan.


Bailararen bertze aldean Lurien mendiak deitzen du atentzio gehien. Oraindik igan gabea naiz mendi dotore horretara.


Poliki-poliki bidea ekialderantz biratzen eta altuera hartzen hasten da.


11:35 : Lacs de Carnau (2202m)
Hala eguneko bigarren lakura ailegatuko ginen. Lakuetara hobeki erranda, bi lakuk osatzen baitute Carnauko lakuen multzoa.


Leku xarmanta! Lakuak eskuinetara utzi eta harritzan ikusten den bidetik goiti eginen genuen.


Inguru malkartsuan, bidexkatik modu errazean egiten da goiti. Ekialdera altxatzen den ertza bere punturik ahulenetik zeharkatuko genuen.


12:06 : Col d' Artouste (2472m)
Ordu eta erdi pasatu genuen eguneko lehen lepora ailegatzeko.


Gure parean Migouelouko lakua agertu zen, eta haren bazterrean izen bereko aterpea.


Malda bat jaitsi eta lakuaren bazterretik doan bidexkatik ailegatuko ginen aterpera.


12:45 : Refuge de Migouelou (2277m)
Aterpe atseginean geldialdi bat egin genuen kafe eta tarta bana hartzeko.


Egonaldi gozoaren ondotik, metro batzuk jaitsi eta Hospitaleteko lepora doan bidea hartuko genuen.


Lakuaren urtegiko pareta itsusiaren azpitik pasatuko ginen...


...eta pareta gibelean utzi altuera hartzen hasi ginen berriz. 


Bide sigisagatsuan goiti...


Fite hartzen da altuera... Urrunean Vignemale hasi zen agertzen.


Grand Barbat inguruak bidetik...


13:51 : Col d'Hospitalet (2548m)
Hala eguneko bigarren lepoa "bota" genuen...


Lepoaren bertze aldean Pouey Laun izeneko lakua ikusten genuen eta haren gainean Mongeseko gandorra Hautafulhe mendia buru zuela. Mendi honen ezkerretara gandorreko puntu ahuletik pasatuko ginen bertze aldean dagoen Labaseko bailarara.


Horretarako lehenik laku aldera jaisten hasi ginen bidexka nagusitik.


Argazkian ikusten den kanaltxo berdean bidexka utzi eta ezkerretara altuera irabazten hasiko ginen.


Bide argirik gabe, baina igateko zailtasunik ez zuen belardi tenteak.


Ondotik terraza gisako batera atera eta eskuinetara egin genuen, Hautafulhe mendi aldera.


Zati honetan mugarri batzuk eta bidexka arrastoak harrapatu genituen.


Terrazatxoa akitzen den lekuan ezkerretara biratu eta bertze belarrezko malda tente batetik aterako ginen Mongeseko gandorrera.


14:32 : Crête de Monges (2531m)
Frantziako IGN mapetan 2531 metrotara ageri den izenik gabeko lepotxotik zeharkatu genuen gandorra. Hirugarren lepoa eta hirugarren jaitsiera begien bistan...


Eguneko jaitsierarik deserosoena izanen zen Mongeseko gandorretik beheiti iparralderantz egin genuena. Hasmentan lur trinkoa, zapatilei eustea kostatzen zitzaidan, eta beheitiago harri besta. Argazkia maldan jaitsita aterata dago eta lepoa eta jaitsiera osoa ikusten dira.


Lac d'Auseilla (2192m)
Mugarri bakan batzuk harrapatu genituen jaitsiera honetan eta laku bazterrera ailegatu ginen haiei segika.


Laku bazterrean, inguruan arimarik ere ez zebilela, eguneko bigarren geldialdi luzea egin genuen. Ogitartekoak ongi mereziak genituen.


Bazkalondoan eguneko ibilbidearen azken zatiari ekin genion. Oraindik dezente genuen jaisteko Boulesteko etxolaraino, handik goiti Uziouseko lepora igateko.


Auseillako lakuetatik beheiti behintzat bidexka erosoa genuen.


Zelaitxo honetan artzain etxola moderno hauen ondotik pasatu ginen.


Eta eskuinetara eginez bailaran beheiti segitu genuen.


Auseillako zirku ederra agurtuz...


Labaseko errekatxoaren ondotik Boulesteko etxolaraino jaitsiko ginen.


Cabane de Bouleste (1725m)
Etxolaraino ailegatu gabe, larretik pixka bat moztu eta GR bidea hartu genuen.


Eguneko azken igoerak genuen esperoan, argazkian ikusten den leporaino.


Paraje ederrean... 


Larre zabaletatik goiti egiten du bideak...


Arratsaldeko argi politek edertzen zuten ingurua...


Azken zatia 500 metroko igoerari bukaera emateko.


17:23  : Col d'Uzious (2236m)
Lepotik jaitsiera motz bat bertzerik ez genuen gaua pasatuko genuen Lavedaneko laku zoragarrira.


17:29 : Lac du Lavedan (2179m)
Lakua iparraldetik inguratu eta mendebaldeko ertzean ikusi genuen toki polit batean plantatuko genuen kanpin denda.


Eta hortik aitzin lekuak, egunaz eta momentuaz gozatzeko momentua ailegatu zen: lakuan bainua, afaria prestatu...


On egin!


Goiz afaldu genuen eta janaria jaisteko inguruan itzuli bat eman genuen. Argazkian ikusten den lepotik gentozen eta laku bazterrean denda ikusten da.


Beheitiago Uziouseko lakua ageri zen eta haren bazterrean ere hainbat denda gaua pasatzeko prest.


Eguzkia sartuz geroztik, tenperaturak beheiti egin zuen eta fite sartu ginen dendaren babesera. Pasatu gabon!


2026/08/30
Lac du Lavedan (2179m)
Ordu aunitz pasatu genituen dena barrenean, eta zorionez horietatik gehienak lotan. Ernatu, gosaldu eta dena bilduta abiatzeko prestatu ginen.


Marka horidun bidexka bat segituz mendebalderako norabidea hartu genuen.


Bailatxo honetan goiti egiten du bideak, eskuineko aldera ateratzeko goitiago. Ezkerrean ikusten den mendia Geougue d'Arre da.


Ezkerretara utzi genuen bizkar batetik artalde bat beheitiko erreka aldera jaisten ari zen, tartean gure presentziak grazia handirik egiten ez zien bi mastin. Zorionez kontrako norabidean gindoazen gu.


Erran bezala marka horidun bideak bailararen goitiko aldean eskuinetara egiten du.


GR10 bidea zeharkatu eta guk ipar-mendebaldera segitu genuen. Argazkian ikusten den harrizko kanaletik Arre Sourinsen gandorrera aterako ginen.


Kanal harritsutik igateko bidexka badago, marka gorriekin ongi seinaleztatua.


Hala atera ginen gandorrera. Gailurra ez genuen urrun.


Pixka bat iparraldera eginda, gainez gain segituko genuen kaskoraino.


Ondotik gandorrak mendebalderako norabidea hartzen du. Lepotxo batera jaitsi eta azken malda falta zitzaigun ailegatzeko.


Gure eskuinetara Anglaseko lakua ikusten genuen.


Hurbilago, berriz, Pene Medaa ikusgarria...


Eta ezkerretara Artousteko eski pistak eta Midi d'Ossau handia.


9:15 : Arre Sourins (2614m)
Goizeko lehen ordurako egunean igan beharreko gehienak akituak genituen. Ger mendia Gouretteko zirkuko ezagunena bada ere, mendi hau da altuena. Guk bertatik Eaux Chaudes herriraino gehiena malda beheiti izanen genuen.


Haize fina zebilen goitian eta ez ginen aunitz luzatu. Mendebalderantz egin genuen gandor politetik. Zailtasun handirik ez du elurrik gabe, baina zati esturen bat pasatzen da eta kasu eman beharrekoa da. Bi egunetako bidearen zatirik teknikoena hau izanen zen. Hala ere, eskuak ez dira kasik erabili ere egiten (I).


Gandorraren zatirik estunea pasatuta, honako tramankulu honetara ailegatu ginen. Egia erran ez dut ideiarik ere zer den.


Pixka bat aitzinerago segituko genuen guk, Pene Blanque mendiaren ondoan dagoen lepora.


Inguru honetatik bi egun lehenago eskalatu genuen Ger mendiko Chemins du Dharma bidearen ikuspegi bikaina genuen.


Pene Blanque ondoko lepotik eskuinetara biratu eta iparraldera jaisten hasi ginen kanal tente batetik. Gandorrean eta kanalean marka horiak genituen bidea erakusteko, baina fite utzi beharko genituen.


Kanala jaitsi bezain fite, zuzen Gouretteko pistetarantz segitzen duen bidexka utzi eta eskuinetara biratu ginen Pene Blanqueko lepora izen bereko mendiaren azpitik doan bidexka hartzeko.


Bide hau marka hori eta berdez markatua dago.


Harri xehezko maldetan zeharkaldia egiten du, justu Pene Blanqueko ipar-mendebaldeko paretaren azpitik.


Lepora joan gabe, eskuinetara pixka bat jaisten hasten den bertze bidexka bat segituko genuen gero. Bidexka horrek gure eskuinetara genuen harresia modu errazean zeharkatzen du eta Plaa Segoune lepora igaten den bidearekin elkartzen da. Argazkian ikusten den bezala, esposizio pixka bat badu zatitxo batean, baina erraza da.


Harresitik jaitsita, Amoulat mendiaren azpiko harri xehezko malda deserosoa zeharkatu beharko genuen. Paraje hauetan ibiltzean duela bizpahiru aste bisitatutako Dolomitak etorri zitzaizkigun burura. Ikusgarria da!


Zati deserosoena zeharkatuta gibelerat begiratu, eta Pene Blanque eta jaitsitako harresia ikusten ziren. Baita zeharkatutako harr xehezko malda ere.


Puntu honetatik Plaa Segouneko lepora ailegatzeko azken malda bat igatea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


Gibelean Amoulat ikusgarria utzita...


10:25 : Col du Plaa Segoune (2445m)
Haize finak hartu gintuen berriz lepoan. Parean genuen bi egune lehenago jaitsitako Ger mendiko bide arrunta. Oraingoan lepotik ezkerretara hasiko ginen jaisten.


Harri-xehezko malda tente bat jaitsi genuen lehendabizi Rognon de Ger mendiaren hegoaldean sortzen den zulo gisakora.


Gurutzi gorri eta zirkulu zuriz osatutako markak segituko genituen zati batean.


Zulotik ateratzeko hegoaldera dagoen lepotxo bat zeharkatuko genuen.


Rognon de Ger mendia eta Plaa Segoune lepoa gibelean utziz...


Lepotxoa zeharkatuta paisaia erabat aldatu zen. Harri xehezko maldetatik belardi zabaletara pasatu ginen. Argazkian ikusten den lautadara jaitsiko ginen hurrena.


Hala ere, zuzenean terreno karstikotik jaitsi ordez, eskuinetara zati hau saihesten duen bidexka bat hartu genuen.


Gero berriz ezkerretara egin eta bailararen sakoneraino jaisteko.


Azpitik itxura hau zuten Pyramide (ezkerrean), Amoulat (erdian) eta Grande Arcizette (eskuinean) mendiek.


Inguru honetan jende arras gutxi ibiltzen da artzainez aparte, eta benetan da ederra!


Bailararen azpiko aldea hartuta, bertatik segitu genuen Cordonas izeneko zelaia zeharkatu eta Anouilhasekoraino. Tarte honetan zenbait bidexka daude, baina denek leku berera eramaten dute.


11:30 : Plateau d'Anouilhas (1814m)
Lautada zabal honetara ailegatu ginen horrela eta haren ezkerreko aldetik segitu genuen. Parean ikusten den pistatik iganen genuen aitzineko malda.


Boucau izeneko etxolaren ondotik pasatu ginen mendebalderantz eginez. Gure ezkerretara Cezy mendia ere hasi zen agertzen.


Anouilhaseko bailara eta Amoulat mendia gibelean utzi genituen horrela.


Eta Ossauko bailararen itzulia egiten duen bidexkara atera ginen. Marka zuri eta horiak ditu bide honek. Berez hortik bi aukera genituen, baina onena ezkerretara bide hori segitu eta Cambeilh etxola aldetik jaistea zen. Gure GPS arrastoa ez zihoan hortik eta eskuinetara hartu genuen, Brequeko lepotik pasatzeko.


Gainera, laburbide bat hartzen saiatzeagatik pixka bat galdu eta Brequeko mendiaren ondotik pasatu ginen.


Gure hutsegitea zuzendu eta GRP eta GR bideak pasatzen diren bidexkara itzuli ginen berriz. Argazkian ikusten dena da. Goranzko zeharkaldia eginez Brequeko lepora ailegatuko ginen.


12:06 : Pas de Breque (1866m)
Zeharkaldi azken lepotik pasatuta, Eaux Chaudes herrirainoko jaitsiera luzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.                  


Hor onena zuzenean biderik gabeko larreetatik mendebalderantz jaisten hastea da. Guk GRP bidetik segitu genuen pixka batean eta gero zuzendu behar izan genuen ezkerretara jaitsiz.


Eaux Chaudesera jaisteko bidea hartzeko Cambeilh eta Lacarret etxolen artean dagoen bizkar batetik jaitsi beharko ginen. Bide garbirik ez dago inguru honetan, baina belardi leunak dira eta erraz jaisten da.


Eskuinerara Lacarret etxola utziko genuen... Erreferentzia gisa ongi dago bidea harrapatzeko.


Eta ezkerretara urrunago Cambeilh etxola eta Cezy mendia utzi genituen. Arestian erran bezala, inguru hartatik jaistea izanen zen praktikoena, baina ez genekien.


Bizkarraren azpiko partean bidexka bat harrapatu genuen eta beheitiago Ossauren itzulia egiten duen bidea.


Marka hori-gorriei segituz jaitsiko ginen Eaux Chaudeseraino.


Baso arteko bidexka tentetik...


Eaux Chaudes (657m)
Ossau bailarako herrixka honetan akitu genuen bi eguneko zeharkaldi ederra. Ordu aunitz mendian, inguru berri batzuk ezagutuz eta parajeez gozatuz. Fabregeseko lakuan genuen autoa errekuperatzeko autobusa hartuko genuen.