Orriak

2026/08/04

Sass Rigais (3025m)

EGUNA: 2026/08/03-04

ABIAPUNTUA: Zannes (1680m)

ZAITASUNA:
Nahiko erraza (PD-). Bi eguneko ibilbide honen zailtasunik handienak gailurrera igateko pasatu behar den ferrata bidean daude.  

DENBORAK:
  • Zannes - Medalges Alm : Bi ordu
  • Medalges Alm - Sass Rigais : 4 ordu eta erdi
  • Sass Rigais - Zannes : 3 ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Dolomitetan duela sei urte izan nintzen lehen aldiz, eta bigarren aldi honetan orduko ibilbide bat errepikatu dugu. Odle-Geisler mendigunea Dolomitetako postaletako bat da, ezaguna Santa Maddalena herritik ermitatxoa aitzinean eta mendigunea gibelean dituen argazkiagatik, bereziki. Belardi leunen gainean altxatzen diren kasko ikusgarri hauetan erregeak bi dira: Furchetta eta Sass Rigais. Bigarren mendi honetara egindako ibilbide hau Dolomitetan egiten ahal den ederrenetarikoa da, dudarik gabe.

2026/08/03
14:23 : Zannes (1680m)
Autoz lepo betea zegoen aparkalekua arratsaldean libratu zen. Ordura arte ezin izan ginen bertara igan, beraz beheitiko herri batean trankil bazkaldu eta goitirako bidea hartu genuen. 


Aparkalekutik beretik kartel batzuk Genova aterperako bidea erakusten dute. Bi bide daude, bat bertze baino motzagoa seinalearen arabera. Guk motzena hartu genuen, ezkerreko aldetik igaten hasten dena.


Zoritxarrez aukera honek lehen zatia pista batetik egiten du. Duela sei urte eskuineko bidea hartu genuela oroitu nintzen goiti gindoazela eta azpitik bidexenda politagoetatik ibiltzeko aukera izan genuen orduan.


Ahal izan genuelarik, Genova aterperako pista utzi eta argazkiko bidexka hartu genuen Gampen Alm baserri-aterpe aldera. 


Bidea arras ongi zaindutako belardi eta etxolen artetik igaten da.


Eta nahiko fite Gampen Alm baserri-aterpera ailegatzen da. Mota honetako aterpeak ugariak dira inguru honetan, antzina baserriak zirenak eta ostatu bilakatu direnak. Guk ere halako batean pasatuko genuen gaua.


Baserria gibelean utzi eta Bronsoi lepora zuzenean igaten den bidea utzi genuen Genova aterpe aldera egiteko. Erran behar da gaua pasatuko genuen Medalges Alm baserrira ailegatzeko Zannesetik Kreuzjoch/Furcia edo Bronsoi lepoetatik bide zuzenagoak doazela, baina inolako presarik ez genuenez itzuli handixeagoa egitea erabaki genuen.


15:27 : Schlüterhütte / Rifugio Genova (2301m)
Gampen Alm baserritik zati tenteago bat gainditu eta aterpe eder honetara ailegatu ginen. Duela sei urte bertan pasatu genuen gaua.


Oraingoan atarian ura hartu eta goiti segitu genuen.


15:36 : Kreuzkofeljoch / Passo Poma (2340m)
Aterpetik minutu gutira lepo honetara ailegatu ginen. Ezkerretara duela sei urte Sass de Putia mendira igateko bidea utziko genuen.


Eta eskuinetara gaua pasatuko genuen bidexka hartuko genuen, ertzaren ondotik zehar-zehar joaten dena.


Arestian aipatu dudan Bronsoi lepotik pasatuko ginen.


Eta bizkar batera iganen ginen segidan. Puntu horretatik Sass de Putia aldera ikuspegi ederra genuen.


Bertze aldera, berriz, biharamunean iganen genuen Sass Rigais...


Bizkarretik zeharkaldi bat eginez Furcia lepo aldera segituko genuen.


Eta bertara ailegatu baino fitexeago Medalges Alm baserri.aterpea harrapatuko genuen.


16:06 : Medalges Alm (2295m)
Duela sei urteko ibilaldia Genova aterpean gaua pasatuta, biharamun goizean pasatu ginen baserri honetatik eta liluratuta utzi gintuen. Liluratuta eta penaz bertan gaua pasatu ez genuelako. Oraingoan hasmentatik nire intentzioa orduko arantzattoa kentzea zen eta horregatik erreserbatu genuen honetan. Egurrezko bi etxolaz osatua dago; batean jantokia dago eta bertzean logela, azken hau ikuilu baten gainean. 2020ko hartan azienda ere bazen ikuiluan, baina oraingoan ez. Hala ere, leku ederra iruditu zitzaigun. Afari goxoa, karta partidua ingelera praktikatuz eta lotara!


2026/08/04
7:47 : Medalges Alm (2295m)
Goizago abiatu nahi genuen, baina gosariak ez zituzten sei eta erdiak arte ematen, eta egokitzea tokatu zitzaigun. 


Egun ederra genuen aitzinetik bezperako ilunabarreko ekaitzaren ondotik...


Aterpetik hegoalderantz beheranzko joera duen zeharkaldia eginez hasiko ginen. Abiatu eta berehala Furciako lepotik pasatuko ginen.


Inguruko larre berdeetan behiak gustura zebiltzan...


Zeharkaldiak argazkian antzematen den Furcela de la Roa lepoaren azpiraino eramamen gintuen.


Paisaia dolomitiko bete-betean...


Argazki honetan hobeki ikusten da pasatuko genuen lepoa: Forcella della Roa. Azken zatian harri xehezko malda tenteagoa gaindituko genuen.


Gure gibelean berriz Medalges Alm urrun gelditzen hasia zen ordurako... Lehen zati hau erdi lasterka fite egin genuen.


Zeharkaldia akitzen... Momentu batean gure eskuinetara Ega lepora igaten den bidea utziko genuen. Lepo honetatik pasatzeko aukera ere badago, baina erosoagoa  da Roako pasabidea.


Azken metroak tentetu egiten dira, baina bidexka erosotik aise igaten da harri soltezko malda.


Eguneko lehen lepora ailegatzen...


8:42 : Forcela della Roa (2617m)
Lepoan berean seinale batek Firenzeko aterpera joateko bidea erakusten du. Guk hartuko genuena horixe bera zen.

Terreno erosotik lasterka hasi ginen bertze aldera jaisten.


Bertze aldean irekitzen ari zitzaigun paisaia ere ikusgarria zen. Odle-Geisler mendigunearen bertze perspektiba bat!


2150 metro ingurura arte jaitsi eta Firenzeko aterpera segitzen zuen bidea utziko genuen, eskuinetara biratu eta argazkiko erreka idortua gurutzatuta berriz altuera irabazten hasteko. Erreka bertze aldetik igaten hasten den xenda hori hartuko genuen Pian Ciautier deitzen den zelaira joateko.


Gure eskuinetara lehen bailara bat irekitzen zen, baina hori ez da Sass Rigaisera igateko hartu beharrekoa, Ega lepotik pasatuta jaitsiko genukeena baizik.


Mendebalderantz eginen genuen pixka batean eta eskuinetara irekitzen den bigarren bailaratik sartuko ginen mendigunera.


Argazkiko horixe da hartuko genuena, hain zuzen ere. Bailara hori Furchetta eta Rigais mendien artean barneratzen da.


Pian Ciautier zelaia gibelean utzi eta bailaran ospelean sartzen hasi ginen.


Salieries deitzen da barneratzen ari ginen bailara. Pareta bertikalen artean atmosfera berezia sortzen da halako lekuetan. Benetan ttipi sentiarazten zaitu!


Bailaran goiti egin ahala, malda tentetuz joaten zen Salierieseko lepora ailegatu arte.


10:04 : Forcella Salieries (2673m)
Furchetta eta Sass Rigais mendien artean irekitzen den lepo honek iparraldera pasarik ez du. Amildegi ikaragarri batek lotzen gintuen Funeseko bailararekin.


Ezkerretara egin ferrata-bidearen hasmentara zuzenduko ginen xenda nabarmenetik. Sass Rigais mendi ezaguna da eta beraz bideak ongi markatuak daude. Gu, ordea, orduagatik-edo kasik bakarrik gindoazen egun horretan.


Laster harrapatuko genuen 2800 metro ingurura hasten den ferrata-bidea. Plakatxo batek bidearen hasmenta eta zailtasuna adierazten ditu puntu honetan.


Plaka hurbiletik ikusita...


Kaskoa paratu genuen puntu horretan, baina oraindik erraz eta erdi oinez egiten den zati bat igan beharko genuen zatirik zailenera ailegatzeko.


Ertzera atera ginen pixka bat ibilita, eta hortik goiti hasiko zen zatirik zailena.


Lehen kableak hasten dira, beraz arnesa paratu eta zailtasun handirik gabe ekiapatutako zatiak gainditzen hasi ginen gibelean Furchetta ikusgarria uzten ari ginen bitartean.


Zati errazak gaindituta, bertikalena den partera ailegatu ginen. Gure aitzinetik zihoan mendizalea ikusten da zatirik bertikalenean sartuta.


Paretan iltzatutako grapen laguntzaz zailtasun handirik gabe gainditu genuen zati bertikala.


Hortik aitzin pareta berriz etzan egiten da eta ekipatutako zatia kanal baten bazterretik joaten da. Guk jenderik ez zegoenez kanala zuzenean eskalatzea erabaki genuen. Ekipamendurik ez bazuen ere, nekez pasatzen zen II. gradutik. Erran behar da, zati bertikalena kenduta gainerakoa ekipamendurik gabe ere aise igateko modukoa dela, Pirinioetan aunitzetan gainditzen ditugun eskaladatxo errazen gisakoa.


Gailurrerako azken metroak oraindik gehiago etzaten dira, eta kablerik ere ez dago tarte honetan.


Ertzera aterata haren ondotik egin genituen azken metroak guk. Iparraldera duen amildegiak alimaleko zirrara sortzen du, beraz ez ginen ertzaren gaineti ibili.


Azken metroak...


11:07 : Sass Rigais (3025m)
...eta hiru ordu eta erdiko bidearen ondotik zapatu genuen kasko eder hau.


Mendebaldean Sella inguruko Sassolungo mendia ageri zen, baita Catinaccio d'Artemoia ingurua ere urrunean.


Hegoalderago Marmolada eta Piz Boe aldea. Dolomitatetako azken glaziarrek jaistsiera handia izan dute sei urte hauetan.


Ez ginen sobera luzatu kaskoan. Ordura arte bezala, puntu gorriei segituz mendebaldeko ferrata-bidetik jaisten hasiko ginen Forcella di Mesdiko lepoaren bila. Lehen pausoak hegoaldera gelditzen den bizkar horretara joanez egin genituen.


Eta segidan hasi zen bertikaltasuna agertzen, ekipatutako pasabideekin batera.


Lehen zati bertikala ezkerretara ibili beharreko erlaitz batek mozten du.


Berriz ere kanal eta irtengune tenteagoetatik jaisten segitzeko... Inguru honetan alderdi horretatik igaten ari zen jende dezente gurutzatu genuen.


Laster bidea bitan zatituko zen. Hegoaldera Pian Ciautier aldera jaisten segitzen du bide batek...


...eta guk eskuinetara zeharkaldia egiten duen bertze bide bat hartuko genuen, erran bezala Mesdiko lepo aldera doana.


Ekipatutako tarteak eta oinez ibiltzekoak tartekatzen dira bide honetan ere, baina zailtasuna apala da.


Sassolungo alderako ikuspegia gero eta ederragoa zen bidetik. Ezkerretara biharamunean eskalatuko genituen Sellako dorreak ere ikusten ziren.


Poliki-poliki altuera galtzen hasiko ginen deseskaladatxo errazak eginez.


Ekipatutako azken zatiak gaindituz...


Ugariak diren puntu gorriei segituz...


12:31 : Forcella di Mesdi / Mittagscharte (2597m)
Mendebaldeko ferrata-bide luzea gaindituta, azkenean zangoak "lurrean" pausatu ahal izan genituen. 


Lepoan atsedenaldi motza, materiala bildu eta iparraldera biratuko ginen Zanneseko aparkalekura jaisteko. Pareten arteko harro soltezko malda tentea gainditu beharko genuen lehendabizi.


Baina bidexka nahiko erosoa da eta ziztu bizian jaisteko aukera izan genuen.


Hala fite atera ginen harritzatik eta belardi berdeetan mila Z marraztuz jaisten den bidetik segitu genuen.


Zuzen iparraldera San Giovanni aldera jaisten den bidea utziko genuen beheitiago eskuinetara Odleko aterpera doana hartzeko.


Laburbide bat hartu genuen tarte honetan, eta idortutako erreka bat zeharkatzera eraman gintuen.


Orratzak gibelean utziz...


100 metro eskaseko malda bat gainditu beharko genuen Odleko aterpea eta Casnago baserri-jatetxea kokatuak dauden zelai ederrera ateratzeko.


Eta hara ailegatzean eguneko lasaitasunak akitu ziren bat-batean. Hura zen hura jendeketa zelai berde haietan zegoena...


Lekua hori bai, ikusgarria da, igan berri genuen gailurraren azpian postaletako irudiak eskaintzen dituena.


13:27 : Geisleralm / Rifugio delle Odle (1989m)
Baina jendeketa hark ez zuen bertan atsedenaldi bat hartzeko gogorik ematen. Bi aterpeetan jateko alimaleko lerroak zeuden, jendea kanpoko belardietan nonahi...


Hortaz handik aire joatea erabaki genuen Zanneseko aparkalekura joaten den bidea erakusten duten seinaleei kasu eginez...


Beheitiago gelditzen den Dusler Alm baserri-aterpe politetik pasatu...


13:56 : Zannes (1680m)
Eta baso arteko azken lasterkaldi batek ibilbide zoragarri honen amaierara eraman gintuen. Dolomiten esentzia ezagutzeko paraje ederrak dira honakoak, bertze inguru batzuetako telekabina eta abarrik gabe, baina azpiko partean jendez lepo egoten segitzen dutenak.


































 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina