EGUNA: 2026/07/29
ABIAPUNTUA: Pian del Lupo (1617m)
ZAILTASUNA: 315m, V
IRAUPENA:
KRONIKA:
Bezperan Berninarako bidean buelta hartuta, ez genuen bailara eder hau zapore gaziarekin utzi nahi eta joan aitzinetik eskalatzeko plan bila hasi ginen. Horrela harrapatu genuen Torrione Porro mendia. Monte Disgrazia ikusgarriaren iparraldean inguru zoragarrian eskalatzeko aukera dago mendebaldeko orientaziodun paretan. 3-4 lau bide daude bertan, baina elkartu egiten dira eta batzuetan zaila da zein eskalatzen ari zaren jakitea. Guk, Peppe Perego bidea eskalatzea genuen buruan, baina Via delle Guide egin genuen oharkabean.
7:57 : Pian del Lupo (1617m)
Gaua Lanzada herrian egin genuen eta goizean igan ginen Chiareggio aldera. Errepidea akitzen den Pian del Lupo izeneko zelai handian utzi genuen autoa eta berriz beheiti hasi ginen ibiltzen erreka bazterretik.
Lehen igoeraren ondotik aterpe polit honetara ailegatu ginen. Ventina aterpearekin batera, Monte Disgrazia mendiaren iparraldeko bidean kokatua dago, Ventina glaziarraren sarreratik hurbil.
Gu, ordea, ez ginen glaziar aldera iganen. Bide nagusia utzi eta ezkerretara marka zuri-gorriak segituz Torrione Porro mendirantz zuzendu ginen. Kartel bat dago bide hau adierazten duena.
Eskalada akituta, ensanble moduan egin genuen azken ertz zati erraza.
Gauzak bildu, kaskoko mugarriari argazki bat egin eta metro batzuk galtzen hasi ginen zerbait jateko bake pixka baten bila.
Mendiaen bide arruntak ekialdera egiten du bizkar batetik, eta bizkar horretan berean egin genuen geldialdia, Pirola lakua gure zangopean genuela.
Otorduaren ondotik, beheiti jaisteko momentua ailegatu zen. Ekialderantz bizkar beretik jaisten segituko genuen eskuinetara aterpe aldera biratu aitzin.
Eta behin eskuinetara biratuta igoeran egin genuen bide aldera jaitsiko ginen, Disgrazia mendia parez pare genuela.
Aterpera ailegatzean sagar-strudela eta kafea genituen esperoan eguna ongi akitzeko.
Eskalatutako bide polita agurtu...
Oro har, harrizko blokeen eta izeien artean egiten da igoera, Torrione Porroko lepo aldera eramaten gaituzten markei segituz.
Igoerako puntu batean bertze kartel bat aurkitu genuen: Torrione Porroko ferrata-bidera zuzentzen duena. Kartel honi kasu egindez ailegatuko ginen eskalada bidearen azpiko alderaino.
Ferrata bidearen hasmenta eskuinetara utzi eta aitzin segitu behar da pixka batean.
Mendiaren mendebaldeko ezproiaren azpiko aldean kokatu arte. Bertan hasten dira eskalada bideak.
Mugarri batzuk badaude bidea erakusteko, baina pixka bat kostatu zitzaigun hasmenta harrapatzea. halako batean argazkiko makila ikusi eta ondoko paretan kimiko bat zegoela ohartu ginen. Beraz, handik hasiko ginen eskalatzen.
- 1. luzea (35m, IV+): Ohartu gabe Peppe Peregon geundelakoan Via delle Guide bidea hasi ginen eskalatzen. Dena den, gordeta genituen azalpenak bide horri zegozkion, beraz ez genuen arazorik izanen. Lehen luzean zailena altu dagoen lehen asegurura ailegatzea eta handik ateratzea iruditu zitzaigun. Harkaitz nahiko irristakorra da eta hotzean harrapatzen zaitu. Behin pausu hori pasatuta etzan egiten da luzea eta bertze irtengune bat bakarrik gainditu behar da bilkuraraino. Luze osoan bi edo hiru aseguru bertzerik ez daude.
- 2. luzea (40m, IV-): Argazkiko diedroa gainditu behar da ezkerretara eginez. Gero zuzen goiti egiten du zailtasun txikiagoarekin.
- 3. luzea (40m, IV) : Luze hau bide osoko ederrenetarikoa da, ederrena ez bada. 4. graduko izan arren, nahiko bertikala da eta 40 metrotan bortz aseguru bertzerik ez ditu, beraz burua hotz izan beharrekoa da. Plaka bat eskalatzen da esku eta zango onak eskaintzen dituena. Borzgarren asegurua iltze zahar bat da eta handik ezkerretara eginez bilkura erosoa dago erlaitz batean.
- 4. luzea (40m, IV): Bilkuratik ateratzeko diedro bertikal bat dago. Hori eskalatzean datza luzearen zailtasuna. Segiden ezkerretarako joerarekin ailegatzen da ondoko bilkurara.
- 5. luzea (25m, V): Bideari zailtasuna ematen dion luzea da borzgarrena. Lehen metro errazetatik argazkiko ertzera ailegatzen da eta hori eskalatzea da zailena. Hala ere, pausoa aseguruz ongi hornitua dago, 3-4 paraboltekin.
- 6. luzea (50m, IV+): Luze hau ere erraz hasten da, oinez. Ondotik argazkiko paretan eskuinetarako zeharkaldia egiten da. Lehenik irtengune bat eskalatu, plan etzan baina leun batean eskuinetara egin eta bertze irtengune batetik bilkurara ateratzen da.
- 7. luzea (40m, IV+): Bi irtengune eskalatzean datza. Bi parabolt bakarrik daude luze guzian eta bilkura ere parabolt bakarraz osatua dago, bertzea falta baitu.
- 8. luzea (35m, V-): Irtengune leun bat eskalatzen da bilkuratik atera eta segidan. Hortik goiti arras erraza da.
12:47: Torrione Porro (2435m)
50 bat metro eginda kaskora ailegatu ginen. Gailurrak, bide osoak bezala, ikuspegi ederra eskaintzen du, baina inurri hegalarien izurrite bat zegoen eta fite joan beharko ginen handik.
15:42 : Pian del Lupo (1617m)
...eta aterpetik autorainoko bide erosoari ekinen genion. Azkenean arras egun polita pasatuta, Valmalenco bailara agurtzeko plan ederra borobildu genuen. Pena pixka batekin, bailaraz aldatzeko momentua ailegatua zen!





iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina