EGUNA: 2026/10/10
ABIAPUNTUA: Tourmaleteko errepidea - Virage du Garet (1423m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA:
- Igoera (Greziolles lakutik): Hiru ordu eta erdi
- Jaitsiera (Montarrouye lakutik): Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
A64 Pirinioetako autopistan zehar joango gara Tarbes hiriraino. Hemen
utziko dugu autopista eta Bagneres-de-Bigorre herrira eramaten gaituzten
seinaleak jarraituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik
pasa eta Sainte-Marie-De-Campan herrian eskuinetara biratuko gara
Tourmalet mendate ezaguneko errepidean gora. La Mongieko eski estaziora
ailegatu baino lehen, eskuinetara dagoen bihurgune hetsi batean utzi behar da autoa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Pirinioetako bailara aunitzetan, gero eta zailagoa egiten zait paraje berriak ezagutzea. Ez gogo faltagatik, aunitz jadanik ezagutzen ditudalako baizik. Ibilaldi-lasterkaldi honetan helburuetako bat hori izan zen, oraindik ezagutu gabeetan ibiltzea. Cettiou mendia lehen aldiz igan genuen, Greziolleseko lakutik barrena iganez eta erabat ezezaguna zitzaigun Montarrouyeko bailaratik jaitsiz.
9:10 : Virage du Garet (1423m)
Errepide bazterrako aparkalekuan autoa utzi eta Gareteko zubira metro batzuk galduz hasi genuen eguna. Segidan bideak gorantz egiten du Pla de Garet izeneko zelaitxora ateratzeko.
Altuera pixka bat irabazi bezan fite, gure aparkalekua eta Midi de Bigorre mendia ikusten hasi ginen. Haren inguruan ibili ginen asteburuko bi egunetan.
Pla de Garet zelaitxoan bideak atseden pixka bat eskaintzen du.
GR-arekin elkartzen da puntu horretan eta hegoaldera biratuta Gareteko bailaran goiti egiten du.
Segidan izen bereko errekatxoa zeharkatu eta berriz malda tentetzen hasiko zen.
Gibelean utzi genuen Gareteko zelaia eta bailararen azpiko alde polita.
Igoera jarraia izanen genuen eguneko lehendabiziko lakura ailegatu arte.
Larre leunen artetik...
Reservoir des Laquets izeneko urtegira ailegatu bezala, paisaia aldatzen da: larre berdeetatik izeiz zipriztindutako paraje harritsura pasatuko ginen. Eguraldia ere pixka bat aldatu zitzaigun eta zerua erabat lainotu zen. Zorionez beranduago berriz argituko zuen.
10:25 : Lac de Greziolles (2103m)
Lehen lakua gure ezkerretara utzi eta bertze malda bat iganda Greziolles lakura ailegatu ginen. Lakura baino haren gaineko bizkar batera. Bertatik jaitsiera labur bat egin beharko genuen lakuaren bazterrera.
Lakuaren bazterretik metro batzuk eginda, lakua akitzean marka zuri-gorriak eskuinetara biratu eta Campana de Cloutou aterpe aldera igaten dira. Guk bide nagusi hau utzi eta mendebalderantz segituko genuen bidexka estuago batetik.
Aterpea gure eskuinetara utzi genuen.
Bailara gisako batetik iganen ginen argazkian ikusten den leporaino, malda leunak eta harritzaren bat zeharkatuz tartean.
Leporako azken malda igan aitzinetik
11:11 : Col de Couradette (2403m)
Lepora ailegatzean Montarraouyeko bailara bistaratu genuen parez pare. Haren gainean Aulon mendia altxatzen da. Inguru horretatik jaitsiko ginen geroago, baina lehendabizi eskuinetara genuen Cettiou mendira joan-etorria eginen genuen.
Mendiaren iparraldeko ertza igan genuen. Zailtasun handirik gabe, ertzaren ezker eta eskuinean ibiliz gainditzen dira zatirik teknikoenak.
11:37 : Pic de Cettiou (2588m)
Azken metroetan granitozko bloke handiak gainditzeko eskuak erabili behar dira (I). Hala ailegatu ginen Aulon eta Payolle artean altxatzen den mendiguneko gailur ezezagun honetara.
Goian zerbait jateko egonaldi motza egin eta beherakoari ekin genion. Igandako ertzetik beretik hasi ginen jaisten, baina fite utzi genuen hau eskuinetara belardietatik jaisten segitzeko.
Isurialde honetan ipar-aurpegietan elur gehiago zegoen bertzean baino.
Behin Couradetteko lepotik bailara honetara jaisten den bidexka hartuta Cul des Gourgs lakuaren ondotik pasatu ginen.
Hortik beheiti harkaitz gutiago dago eta belardiak leunagoak dira.
Lasterka egiteko inguru aproposa!
Montarrouye lakua gure eskuinetara utzi eta fite bailaran beheiti segitzen duen bide nagusia utziko genuen.
Puntu honetan izan zen hori, ezkerretara ateratzen den bidexka batean. Orduan arte lagun izan genituen marka horiak utzi eta Tuhou Gran aldera igaten hasiko ginen.

Lehen igoeratxo baten ondotik, zeharkaldi batek Tuhou Gran izeneko bizkarrera eramanen gintuen. Bizkar horren bertze aldera jaitsita berriz Garet aldera itzuliko ginen.

12:58 : Tuhou Gran (1903m)
Bizkar polit honetan behi talde batek eman zigun ongi etorria.
Puntu honetatik lehen bailararantz jaisten hasi ordez, parean genuen Cot Dessus izeneko bizkarrera joan eta bertatik jaitsiko ginen auto aldera
Cot Dessus-etik Gareteko lautadatxorako jaitsiera bidexenda garbirik gabekoa da. Hala ere, belardi leunetatik edozein tokitatik jaisteko modua dago. 300 metro galduko genituen metro gutitan.
13:20: Virage du Garet (1423m)
Behin goizean ibilitako bidera jaitsita ibilbide zirkularra hetsi eta denbora gutian aparkalekura itzuli ginen. Paraje berri batzuk ezagutuz, goiz ederra pasatu genuen.

























