Orriak

Vertice de Anayet (2559m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Vertice de Anayet (2559m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/05/20

Vertice de Anayet (2559m), Arroyeras (2556m) eta Espelunciecha (2399m)

EGUNA: 2024/05/10

ABIAPUNTUA: Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Portalet - Espelunciecha : 2 ordu
  • Espelunciecha - Vertice de Anayet : Ordu eta erdi
  • Vertice de Anayet - Arroyeras : Ordu eta erdi
  • Arroyeras - Espelunciecha : Ordu bat
  • Espelunciecha - Portalet : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Portaleteko lepoaren artean, justu lepo hau zeharkatu baino metro batzuk lehenago Portalet deitzen den aparkalekua dago. Hor utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Negua ez zen elur aldetik oparoegia izan, baina udaberria berde doa eta elurra noiznahi botatzen du 2000 metrotik goiti. Horrek ahalbidetu digu honako itzuli hau maiatzean egitea. Formigal eski estazioko pista zapatuek elurra luzaroago mantendu dute eta Canal Royako lepora bertatik iganda, elurraren unibertsoan barneratu gara. Eguneko plana Anayeteko lakuetako eski trilogia; hau da, lakuaren inguruan dauden hiru mendi eskiagarrienak egunean egitea (Anayet da laku inguruko bertze mendia, baina hau ez da eskiagarria).

7:44 : Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
Gaua aparkalekuan pasatu eta lehen orduan abiatu ginen. Egun beroa genuen aitzinetik eta elurra ahalik eta baldintza hoberenetan harrapatu nahi genuen. Estaziotik Canal Roya aldera igaten den eski-pista hartuko genuen.


20 bat minutuz eraman genituen eskiak bizkarrean, baina argazkian bigarren ikusten den elur-lausoan jadanik paratzen ahal ziren. Guk badaezpada pixka bat gehiago egin genuen oinez.


Eta 1900 metrotik goiti elurrak terrenoa irabazten zion belarrari. Berriz ere altuera horretara jaitsi arte eskiak kasik ez genituen kendu ere eginen.


Eski pistak laburtuz egin genuen Canal Royarako azken zatia.


8:39 : Puerto de Canal Roya (2143m)
Berez lepoa baino hegoalderagoko puntu batean atera ginen bizkarrera. Parez pare genuen Vertice eta Anayet ingurua, eta gure zorionerako eskiatzeko elurra ausarki zegoela ziurtatu ahal izan genuen. Bertara ezinen ginen zuzenean joan ordea. Ezkerretara biratu eta eski pistetatik Espelunciecha mendiaren iparraldeko aurpegiaren oinera joanen ginen, gero bertatik Anayeteko lautadara pasatzeko.


Espelunciechara igateko argazkian ikusten den iparraldeko korridorea gainditu behar genuen. 40 gradutik goitiko malda izanen du punturen batean, baina ez du esposiziorik eta erraza da.


Gure kasuan eguzkiak elurra ederki guritua zuen pasatu ginenerako eta eskiak zangoetan genituela igan hala izan genuen malda.


9:22 : Espelunciecharen iparraldeko bizkarra (2335m)

Bizkar honetara aterata, eguneko lehen trantsizioa eginen genuen. Gailurra hurbil genuen, baina itzulerarako utzi genuen.


Hala eguneko lehen jaitsiera motza egin genuen Espelunciechatik Anayeteko laku hormatuetaraino. Argazkian ongi ikusten da segitu genuen bidea, gailurraren ezkerreko bizkarretik eskuinera diagonalean egiten duen elur lerrotik.


9:37 : Ibon de Anayet (2225m)
Behin laku ondoan, ura hartu, trantsizioa burutu eta goiti segitzeko prest ginen.


Bigarren igoera lakutik Vertice de Anayet mendi kaskora eginen genuen. Malda gutiko zatia zeharkatu eta gailurra eskuineko ertzetik harrapatuko genuen, bertara ailegatzeko ikusten den elur zati diagonala igan beharko genuelarik. Jaitsiera, aldiz, mendiaren ezkerreko aldeko malda zabaletik eginen genuen.


Gure eskuinetara Anayet inguru erregea utziko genuen. Mendi hau ez da eskiagarria, beraz ez zen gure agendan sartzen. Iaz bertako paretetan egindako eskalada ederra gogora ekarri genuen.


Poliki-poliki hartzen da altuera paraje honetan, malda handirik gabe.


Gure gibelean Balaitus, Palas eta enparauak elurrez lepo ageri ziren.


Anayeteko lepoa ere eskuinetara utzi genuen, arestian erran bezala ez baikinen bertatik iganen. Udako bidea bai, handik pasatzen da.


Behin mendiaren azpiko aldean kokatuta, malda tentetu egiten da eta kaskoaren iparraldeko ertzera elurrezko diagonal batetik atera ginen. Zati hau elurra gogor badago esposizio pixka batekoa da, baina gure kasuan guri-guri zegoen.


Ertzaren mendebaldeko aurpegitik metro batzuk gehiago eskiz egin eta azken metroetan eskiak bizkarrera eraman behar izan genituen. Berez mendebaldeko aurpegitik elurrik ez zuten zatian inguratzen ahal ziren, baina azkarragoa zen oinez zuzenean egitea.


Azken metroak ertz gorrixka errazetik...


10:55 : Vertice de Anayet (2559m)

Autotik abiatu eta hiru ordu pasatxoan eguneko lehen gailurrean ginen. Eguraldi bikaina eta inor ez zebilen inguruan, ezin gehiago eskatu!


Ez ginen luze egonen tontorrean. Ekialdeko ertzetik metro batzuk galdu eta iparraldeko aurpegitik beheiti eskiatu genuen. Eguzkiak sobera eman ez zuen maldetan elur ona harrapatu genuen. Zati bat jaitsita gure eskuinetara zeharkaldia egin genuen ondoko helburua zen Arroyeras mendira ahal bezain bertze hurbiltzeko.


2300 metro ingururaino jaitsi ginen. Bertatik parean eta nahiko hurbil genuen Arroyeraseko kaskoa. Berriz ere fokak paratu eta goiti abiatu ginen. Misterio handirik gabe, malda errazetatik gailurraren eskuineko lepora iganen ginen lehendabizi...


11:57 : Collado de Arroyetas (2440m)

Lepotik goiti elurrik ez zegoenez, eskiak utzi eta azken metroak oinez eginen nituen.


12:09 : Arroyeras (2556m)
Belar eta harrizko malda gainditu eta segidan plantatu nintzen gailurrean. Argazki batzuk eta lepora itzuliko nintzen, Lorean han bainuen zain.


Sabocos ingurua, oraindik eskiatzeko aukera anitzekin...


Ekialdean Balaitus eta Frondella mendiak 3000 metrotik goiti... Azpiko aldean Formigal estazioko Anayet aparkalekua ere ageri da.


Peña Telerako mendigunea...


Punta Escarra ikusgarria...


Lepora bueltan zerbait jan eta eguneko hirugarren jaitsiera egin genuen Arroyeraseko iparraldeko maldak bilatuz. Kasu honetan ere elur nahiko ona harrapatu genuen.


12:49 : Ibon de Anayet (2225m)
Berriz lakura bueltan laugarren eta azken igoerarako prestatu ginen.


Anayeteko zirkua gibelean utzi eta Espelunciecharako metro apurrak igateari ekin genion.


Hegoaldeko bizkarrean eskiak motxilan paratu eta gailurrerako azken metroak oinez eginen genituen.


13:29 : Espelunciecha (2399m)
Kasko honetan akitu genituen eguneko igoerak eta Portaleteko aparkalekura jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


Hegoaldeko bizkarretik metro batzuk gibelera egin eta iparraldeko aurpegira sarbidea harrapatu genuen. Bertatik zuzenean jaitsiko ginen eski pistetaraino malda ederretatik.


1900 metro arte elur jarraia harrapatu genuen, baina lausoz lauso kasik beheitiraino eskiatu ahal izan genuen.


14:15 : Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
Normalean denboraldi akabailan ohikoa ez den sektore honetan eskiatuta kontent ailegatu ginen autora. Ea bertzeren bat egiteko aukera dugun!

 

2010/07/31

Anayet (2574m), Vertice de Anayet (2559m)

EGUNA: 2010/07/31

IRTEERA: Corral de Mulas

ZAILTASUNA: Errexa (F). Anayetera igotzeko kate bat dago pausu batean laguntzeko eta azken metroak tximinia tente batetik egiten dira. Vertice de Anayetek ez dauka inolako zailtasunik.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK: 
- Corral de Mulas-Collado Anayet: 2h 18min
- Collado Anayet-Anayet: 0h 25min
- Collado Anayet-Vertice Anayet: 0h 20min

NOLA IRITSI: Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Pourtaleteko lepoaren artean Anayet aparkalekua dago. Hala ere, ateka batek ez digu uzten (Neguan izan ezik) bertaraino joaten. Atekaren ondoan dagoen aparkaleku txikian utziko dugu autoa.

DESKRIBAPENA: 
Lagun batekin plana eginda neukan astebururen batean mendira elkarrekin joateko eta hala, uztailako azken asteburuan, eguraldiaren iragarpena ona zela ikusita, Anayet aldera joatea erabaki genuen. Ostiral arratsaldean atera ginen eta gauerako Corral de Mulaseko aparkalekuan ginen furgonetarekin. Afaldu eta lotara iratzargailuak goiz joko baitzuen.


0h 00min: Corral de Mulas (1635m)
Seiak eta erdietan ernatu ginen. Goiz, baina egun oso beroa espero zen eta onena goiz ernatzea. Gosaldu eta prestatu ondoren, zazpiak eta laurdenean goruntz abiatu ginen. Hasieran, ateka zeharkatu eta bi km. inguruko errepide zatia ibili genuen Anayet aparkalekuraino. Lotsagarria da mendian errepide bat egitea urte erdia baino gehiagoan itxita edukitzeko. Diruaren hotsak.


Eguzkia Picos del Infierno mendien atzetik aterako zen.


0h 30min: Anayet aparkalekua (1720m)
Errepidea bukatzen den tokian, aparkalekua dago. Aparkalekua eta jatetxeak atzean utzi eta erremonteen azpitik abiatu ginen  Anayeteko lakuetara eramanen gintuen bidearen bila.


Metro gutxiren buruan, pisten ondoan, seinale honek markatzen du hartu beharreko bidea.


Metro batzuk galdu genituen, errekatxo bat zeharkatzeko.


Eta behin bidexkatik errekatxoa zeharkatuta, eskuinera biratu ginen Culibillaseko amildegian sartuz.


Amildegi hau osorik zeharkatu behar da.


Atzean ikusten den lepora iritsi arte.


Malda etzana zen momentuoro eta bistak paregabeak.


Behi tropak Culibillaseko amoldegian.


Azken metroetan, malda pixka bat tentetzen da eta horrela lepora ailegatu ginen.


1h 32min: Paso de Culibillas (2205m)
Lepora iritsita atzera begirada igotako zatiari.


Eta aurrera, Anayeteko zirkuan sartu ginen, gailurra lehen aldiz bistaratuz.


Zirkua ederra da oso. Lautada handi berdea, harri gorriz osatuta eta mendiz inguratuta. Urrunean Midi d'Ossau ikusten da, Anayeteko lakuen atzean.


Gure helmuga ordea, Anayeteko gailurra zen. Puntu horretatik itxura beldurgarria zuen oso. Ezin igoa zirudien. Hala ere, oinera hurbildu ahala,  gailurrera eramango gintuen tximinia ikusten hasiko ginen.


2h 18min: Collado de Anayet (2404m)
Lautada zeharkatu eta mala tente baina motz bat igo ondotik, Anayeteko lepora igo ginen. Hemendik, ezkerretara biratuz gero, Vertice de Anayetera joaten da eta eskuinetara biratuz gero Anayetera. Gu azken honetara abiatu ginen.


Lautadara begirada lepotik.


Hitoei segika metro batzuk egin eta gero, "Paso de la Cadena" pausu famatura ailegatu ginen. Pausu horizontal bat da, kate batekin lagundua. Hala ere, harkaitzak lehorrak badaude ez dauka inongo arriskurik. Bertze gauza bat izanen litzateke elurrarekin edo izotzarekin.


Pausua gaindituta ezkerretara biratu eta irudiko tximinia tentean gora igo ginen. Tarteka eskuak ipini behar dira, baina errexa da.


2h 43min: Anayet (2574m)
Tximiniatik atera eta eskuinetara metro batzuk eginda gailurrera iritsi ginen. Vertice de Anayet gailurretik.


Anayeteko lakuak gailurretik.


Midi d'Ossau gailurretik.


Collarada eta bertze mendi batzuk gailurretik.


Bista zoragarriez gozatu ondotik, zerbait jan eta behera abiatu ginen.


"Paso de la Cadena" pausutik jaisten.


Kolore gorrixkak bidean zehar.


3h 17min: Collado de Anayet (2404m)
Berriz ere lepora bueltan, Vertice de Anayetera igotzea eranaki genuen, oraindik goiz zen eta.


Verticeren tontor gorrixka, aldapa errex bat igo ostean harrapatzen da.


3h 37min: Vertice de Anayet (2559m)
Eguneko bigarren gailurra, hau ere bista ederrekin. Argazki batzuk atera eta gero, beheraka abiatu ginen.


Beherakoan Anayeteko lakuetara hurbildu ginen, zerbait jatera.


Anayeteko lakuetatik ere ikusmira ederra zegoen. Atzean Anayet.


Baina ona den guztia bukatzen da eta guk ere beherako bidea hartu genuen. Vertice eta Anayeti azken begirada.


Berriz ere Culibillaseko amildegian sartu ginen, Infernuen begiradapean.


Poliki-poliki inguruaz gozatuz kotxera buelta egin genuen.


Balaitous mendia bidetik.


Azkenean, kotxera iritsi eta etxera bueltan abiatu ginen. Egun ederra benetan!