EGUNA: 2016/04/02
IRTEERA: Astun (1730m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
- Igoera: Ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu erdi
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara iritsita Candanchu eta Astungo eski estazioetara igotzen den bidea hartuko dugu. Somporteko lepoan Astunera eskuin hartuko dugu.
DESKRIBAPENA:
Eguzkia eta elur hautsa izan arren, haizea eta hotza izan ziren eguneko protagonistak... Alpeetan izotzean eskalatzen ere ez zuela halako hotzik pasa komentatzen zigun azpeitiar batek Ibon del Escalar inguruan. Hainbertzerainokoa zen ez dakit baina gu behintzat egun honetaz oroitzean haizeaz oroituko gara ezinbertzean...
8:40 : Astun (1730m).
Aurreikuspenak onak ziren Astuneko eraikinen gibeleko aldean aparkatu genuenean. Zerua urdin eta elur bota berria inguruan. Iragarpenek ez zuten haizerik ematen lehen orduetarako...
Hala ttipi-ttapa Astungo eraikinen eta pisten ingurua gibelean utzi eta Escalar amildegian barneratu ginen. Asmoa Belonseiche mendia egin eta Arnousseko etxoletara (Aspe bailara) jaitsi ondoren Mayouko lepotik Somportera joatea zen.
Escalar amildegiaren bukaeran eguzkia ematen zigun. Goxo zegoen, haize pixka bat baina ongi egoten zen. Gailurretan haize gogorragoa zebilela ikusten zen ordea.
9:37 : Ibon del Escalar (2078m).
Laster batean plantatu ginen laku izoztuaren inguruan. Gibelean Moines eta Midi d'Ossau mendiak genituela Belonseicheko azken malda igotzeari ekin genion.
Maldaren hasieran bilkura. Haize gogorra ikusten zen gailurrean, hortaz igo edo zuzenean Audaseko lepotik Arnousse aldera jaitsi erabakitzen aritu ginen.
Igotzea erabaki genuen azkenean.
10:05 : Pic de Belonseiche / Pico del Escalar (2293m).
Mendiaren ertz zabalera ateratzean haize bolada gogorrek astindu gintuzten. Hala ere, gora egin genuen gailurreraino. Bertan gailurreko argazkirik ere atera gabe, ahal genuen moduan transizioa egin eta beheiti. Aurreikusitako itzulia bertan behera utzi genuen, 11etatik aitzin oraindik haize gogorragoa iragarrita baitzegoen...
12:30 : Astun (1730m).
Jaitsiera gorabeheratsua izan genuen. Lehen maldan haizeak harrotzen zuen elur hautsa zela eta ia bisibilitaterik gabe, gero eski baten galera eta erreskatea... Azkenean Astungo estazioaren "goxotasunera" ailegatu ginen. Bertze batean beharko...
BIDEOA: