EGUNA: 2023/07/
IRTEERA: Tuiza Riba (1200m)
ZAILTASUNA:
- Nahiko erraza (PD). Ekialdeko ertzean pilatzen dira zailtasun handieneko pausuak (II)
DENBORAK:
- Tuiza Riba - Peña Ubiña (ekialdeko ertzetik) : 3 ordu
- Peña Ubiña - Tuiza Riba (Ronzon lepotik) : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan joateko biderik hurbilena Burgos eta Leondik barrena pasatuz da. Leon inguruan Oviedorantz jotzen duen autobidea hartu behar da Campomanes herrian atera arte. Hemendik ongi seinaleztatua dagoen Ubiña-Mesa parke naturalerako bideari segituko diogu, Tuiza Riba herriraino.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Kantauriar mendikateko mendigune ezagunena zalantzarik gabe Picos de Europa da. Ez da bakarra ordea. Picosetik ekialdera Ubiñako mendigunea altxatzen da larre berde leunen gainetik. Ez da hain bertikala, ezta hain altua ere; baina edertasun aldetik inbidia gutxi dio.
8:22 : Tuiza Riba (1200m)
Gaua herriko sarrerako aparkalekuan pasatu genuen. Goizean gosaldu, motxila ttipiak bizkarrean jarri eta goiti abiatu ginen.
Luze gabe aterpearen atarira ailegatu ginen. Geldialdi handiegirik egin gabe goiti segituko genuen.
Aterpea gibelean utzi Terreoseko lepora doan bide arrunta hartu genuen hasmentan.
Inguruko mendiek osatzen duten zirku ikusgarriaren azpiko lautada zeharkatu eta malda hasi bezain fite bide nagusia utzi eta eskuineragoko larre leunetatik igan ginen puska batean.
Laster utziko genuen magal berdea eta nabarmenegia ez zen bidexka honetatik harrresiaren puntu ahularen bila abiatuko ginen.
Behin ekialdeko ertzetik beheiti erortzen den harresia azpitik inguratuta bideak goiti egiten du. Harri-mukuruek lagunduko ziguten norabide egokia segitzen.
Belardi malda bat igan eta goitiko partean harrizko plaka eztan batzuk gainditu behar izan genituen.
Hau izan zen ekialdeko leporaino ailegatu arte ikusiko genuen azken mugarria.
Igoera bakartia da Ubiñaren hau eta sarrioak lasai ederrean dabiltza.
Behin ekialdeko lepora aterata, kaskoa jantzi eta ertzari ekin genion.
Berriz ere mugarriak ikusten hasi ginen ekialdeko ertzean eta hauek bidearen zatirik errazenetik eramanen gintuzten. Halere, tarteka zerbait eskalatu beharreko pasabide errazak gainditu behar izanen genituen.
Etzana da ertza eta ibiltzeko zati aunitz ditu.
Fontan mendietara begiratua goiti segitu aitzinetik...
Altuera irabazi ahala gero eta harkaitz gehiago aurkitzen hasi ginen, baina zailtasunak ez ziren handiak. Ertz osoan ez da II. gradutik pasatzen.
Zati estuxeago bat gainditu genuen, baina esposizio handirik ere ez du ertzak.
Egunaz eta ibilbide bakartiaz gozatzen...
Azken eskaladatxoa, ezkerretik saihesten ahal zena.
Eta gailurra begien bistan...
11:06 : Peña Ubiña (2411m)
Behin plaka etzanak gaindituta ezkerretara egin genuen zertxobait eta maldak atseden hartzen duen puntu honetatik ekialdeko ertzera sartzeko lepoa bistaratu genuen. Itzalean dagoen zatitik iganen ginen bertara; bidexkarik gabe, baina zailtasunik gabeko belardi eta harkaitzetatik.
Bi ordu eta erdi pasatxotan kaskoan ginen. Niretzat bigarren aldia zen gailur honetan, baina honetakoan egindako bidea aitzinekoa baino gehiago gustatu zitzaidan. Hamaikak izan arren, bakarrik egon ginen goian tarte zabalean.
Leongo Torrestio aldea kaskotik...
Egonaldi luzearen ondotik, jendea gailurrera agertzen hasi zen eta guk beherakoari ekin genion. Jaisteko bide arrunta dena erabaliko genuen. Horretarako, hegoaldera tontorreko gandorrari segitu genion lehendabizi.
Terreros eta Ubiña Pequeña mendiak beheitian...
Gandorra akitzean bidea hego-ekialdeko aurpegitik jaisten da. Oinez egiteko zatiak eskuak erabili beharrekoekin tartekatzen dira.
Behin zatirik bertikalena gaindituta, hegoaldeko norabidea utzi eta ezkerretara biratu ginen Terreoseko lepo aldera zeharkaldia egiteko.
Argazkian ezkerretan ikusten dena da Terreoseko lepoa. Bertatik itzuliko ginen Meicin aldera. Ikusten den bezala lekua paregabea da, belardi leun amaigabeak alde guzietara.
12:32 : Alto Terreos (1886m)
Terreoseko lepotik berriz ere Asturiaseko lurretara itzuliko ginen.
Lepoko itxitura zeharkatu eta aterpea bistaratu genuen zirkuaren azpiko aldean. 300 metroko desnibela dago bertara ailegatzeko, baina bidea arras erosoa da eta minutu gutitan egin genuen.
Azpiko aldetik azken begiratu bat Ubiñari eta zeharkatu berria genuen lepoari...
Ordua ikusita aterpean bazkaltzea erabaki genuen. Tuizatik nahiko hurbil dagoenez, jende dezentek egiten du plan bera eta erran behar da ongi ematen dutela bazkaltzen.
Bapo jan eta edan ondotik, inguru eder hau utzi eta beheitirakoari ekin genion.
Azken zatian neguko bidea hartu genuen. Bailararen erdiko partetik pasatzen da eta sasiak pixka bat hartua bazegoen ere, polita iruditu zitzaigun.
15:12 : Tuiza Riba (1200m)
Hala akitu genuen eguneko ibilaldia. Bigarren aldia nuen mendigune honetan eta gailur berean izan nintzen aitzinekoan ere. Hala ere, behin eta berriz itzultzeko leku horietakoa iruditzen zait inguru hau. Erabat gomendagarria!