2023/07/28

Llambrion (2647m)

EGUNA: 2023/07/26

ABIAPUNTUA: El Cable (1823m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD)

DENBORAK:
  • Igoera (El Cable-tik) : 3 ordu
  • Jaitsiera (Fuente De-ra) : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Picos de Europako mendigunea Kantabria, Leon eta Asturias artean dago, beraz sarrera anitz ditu. Gure kasuan, Fuente De (Kantabria) estaziora heltzeko A8 autobidetik Euskal Herria eta Kantabria zeharkatu eta Asturias eta Kantabria artean dagoen Unquera herrian aterako gara. Hemendik Panes herrira joko dugu eta gero Potes herrira. Herri honetatik ateratzen da estaziora igaten den errepidea. Estaziotik 750 metro inguruko desnibela irabazteko teleferikoa hartzen ahal da (guk hala egin genuen).

Fuente De

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ez dugu etxetik hain urrun Picos de Europako mendigunea. Ez behintzat Pirinioekin konparatzen badugu. Baina batean eta bertzean zenbat aldiz egon garen kontatzen hasten bagara, distantzia aise handiagoa dela pentsatzen ahal da. Udako oporretan inguru haietara ateralditxoa egin dugu aspaldiko partez. Lehen egunerako Fuente De estaziotik Llambrion mendia ezagutzeko aukera iza dugu.

8:35 : El Cable (1823m)
Teleferikoaren aparkalekuan debekuari kasurik egin gabe gaua pasatuta, zortzietarako prest ginen. Ordu horretan hasten da funtzionatzen 750 metro irabazten lagunduko zigun igogailu mekanikoa.


Oinez ordu eta erdi inguruz eginen genukeen bidea minutu gutitan egina genuen. Bailararen berdetik Picoseko kareharriaren grisera pasatu ginen segidan.


Teleferikoaren goitiko estaziotik atera eta pista zabaletik goiti hasi ginen ibiltzen.


Lanbroak tarteka tapatzen bazizkigun ere, eskuineko aldean Peña Vieja, Horcados Rojos eta enparauak ikusten hasiak ginen. Bertikaltasuna darie inguru honetako mendiei.


Pista ezkerretara biratzen denean bidexka zabal batetik segitu genuen ipar-mendebaldeko norantzan.


Picoseko bertze ezaugarrietako bat maldaren goiti eta beheitiak dira. Altuera irabaztea kosta egiten da jaitsiera eta igoerak tartekatzen baitira.


Bidegurutze honetan jadanik hurbil genuen Cabaña Veronica aldera joko genuen. Eskuinetara Horcados Rojos lepora eramanen gintuzke bideak.


Tesorero mendia...


9:58: Refugio Cabaña Veronica (2325m)
Malda motz bat igan eta aterpe berezi honetara ailegatu ginen. Hegazkin baten fuselajetik birziklatutako kupula gisako eraikina da Cabaña Veronica, zinez bisitatu beharreko lekua. Barnean 6 lagunendako lekua du eta zaindariak alimaleko harrikada du buruan. Han bakarrik pasatzen dituen tarte luzeek eragina izanen dute horretan.


Aterpe berezian geldialdi laburra egin ondotik, metro batzuk gibelera egin eta mugarriei segittzeari ekin genion. Hortik goiti bidexkak akituak ziren.


Torre Blanca begien bistan genuen parean eta haren azpian kokatzen den Collada Blanca izeneko lepora zuzenduko ginen. Ez dago urrun, baina bidea nahiko deserosoa da.


Tiro Llago eta Madejuno mendiak ezkerretara utzi genituen eta Hoyos Sengros izeneko zuloa (edo joua) inguratu genuen.


10:28 : Collada Blanca (2373m)
Aterpetik ordu erdi eginda kasik ez genuen altuerarik irabazi ere egin. Lepoa bertze aldera zeharkatu eta parean ireki zitzaigun zirkua igateari ekinen genion.


Aipatu zirkua Torre Blanca, Tiro Tirso eta Llambrion mendiek hesten dute. Azken hau ez da ikusi ere egiten bertara hurbildu arte. Dena den, galtze handirik ez du bideak eta harri-mukuruz ongi markatua dago.


Eskuinetara Torrecerredo eta Cabrones mendiak ikusi genituen puntu honetatik. Haiek lotzen dituen gandor ezaguna aspalditik dut buruan.


Harrizko zirkuan goiti egin genuen poliki-poliki. Iduri duena baino erosoagoa da igateko.


Hala Tiro Tirso eta Llambrion mendien artean dagoen arrakala sakon batera atera ginen. Hemen akatsa egin genuen. Eskuinetara ikusten genuen lehen orratzean zintaz osatutako bilkura bat ikusi genuen eta bertara zuzendu ginen sobera pentsatu gabe. Horretara III. graduko tximinia ikusgarri bat eskalatu nuen sokaren laguntzaz. Orratzaren gailurrera ailegatuta, egin genuen akatsaz ohartu nintzen. Parean altuagoa zen bertze tontor bat ikusi nuen, hura zen Llambrion. Igandako orratza, aldiz, mapetan izenik gabe agero den 2616 metroko altuera duena zen. Tximinia ahala bezala berriz jaitsi eta orratzaren azpiko arrakalara bueltatu ginen.


Behin beheitian, Llambrioneko pareten azpitik zeharkaldia egin genuen benetako tximiniaren bila.


Eta bigarren saiakeran topatu egin genuen. Beno, topatu edo... Bi edo hiru tximinia daude ertzera ateratzeko eta guk haietatik ezkerrekoa hautatu genuen.


Bertikala da zati batzueta, eta harri solte asko du, baina ez du aparteko zailtasunik. Lehen zatia gaindituta, tarte batean estutu egiten da tximinia eta II+ graduko pausu bat eskalatuta ertzera ateratzen da.


12:16 : Torre del Llambrion (2647m)
Ertzetik metro erraz batzuk egin eta Picos de Europa mendiguneko bigarren punturik altuena zapaldu genuen.


Tiro Tirso mendia eta haren azpian tronpatuta eskalatu nuen orratza.


Urriellu, Picoseko erregea...


Tontorreko argazkia...


Gailurrean ez ginen luze egon, bide luzea baikenuen Fuente De-ra jaisteko. Mendiaren  mendebaldeko aurpegitik eginen genuen jaitsiera. Hasmentan hego-mendebaldeko sasigailurrera jo genuen eta bertatik mugarriak segituz jaisten segitu genuen. Beheitiago, orban belzdun arroka batzuen ondoan marka horiak ikusten hasiko ginen. Haiei segituz jaisten da mendebaldeko aurpegi bertikala.


Eskuekin lagundu beharreko zatiak eta harri soltearen gainetik ibiltzekoak tartekatzen dira jaitsieran. Ez du zailtasun handiegirik, baina kasu eman beharrekoa da.


Gure oinetan Collado Jermoso aterpea genuen...


Behin mendebaldeko pareta jaitsita, bidexka batetik beheiti egiten segitu genuen eta Collado Jermoso aterperako bidegurutzean ezker biratu ginen hau gibelean uzteko.


Collado Jermoso aterpea eta gibelean Peña Santa ezaguna...


Collado Jermoso utzita, hegoalderantz eginen genuen ongi markatutako bidexka batetik. Hemendik aitzin bidegurutze guzietan seinaleak daude Fuente De-ra doan bidea adierazteko.


Galbiderik gabe...


Gure ezkerretara Llambrion, Casiano de Prado eta Tiro Tirsoko pareta bertikalak utziko genituen. Han goitian izanak ginen...


Erran bezala, bidea ongi markatua dago...


Vega de Liordes deitzen den bazkalekuaren ondotik pasatuko ginen.


Unibertso grisaren erdian kokatutako paradisu berdea da Liordesekoa...


Liordes gibelean utzi eta izenik gabeko lepo honetatik Fuente De bistaratu genuen. 800 metroko jaitsiera genuen gure zain...


Orratz eta paretak gibelean utzi eta bidexka sigisagatsutik beheiti egin genuen. Harri xehezko bidea tarteka nahiko deseroso suertatu zitzaigun...


15:55 : Fuente De (1094m)
Nahiko fite ailegatu ginen lepotik estaziora. Goizeko lehen orduan ez bezala autoz gainezka zegoen aparkalekua, beraz luze gabe lekutu ginen handik.


Aho zapore ona utzi zigun mendigunearen ekialdeko eta hegoaldeko partea ezagutzeko egindako ibilbide ikusgarri honek. Bertze bat arte Fuente De!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina