Orriak

Adi (1458m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Adi (1458m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/11/22

Adi (1458m) eta Iturrunburu (1338m)

EGUNA: 2025/11/22

ABIAPUNTUA: Sorogaingo aterpetxea (821m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA:
  • Sorogain - Adi : Bi ordu eta erdi
  • Adi - Iturrunburu : 45 minutu
  • Iturrunburu - Sorogain : 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Elurra dagoelarik Sorogainera hegoaldetik bakarrik ailegatuko gara. Iruñetik Zubirira joko dugu eta bertatik Erroko mendatean barrena Erroibarren barneratuko gara. Gerendiain herria pasatuta ezkerretara Sorogainera igaten den bidea hartuko dugu. Bide honetan elurra ez dute kentzen, beraz ailegatzeko kateak behar izatea posible da, edo baita ez ailegatzea ere.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lehen elurte handiak elurra etxe ondoraino ekarri zigun eta beraz eski denboraldia estreinatzeko ez genuen urrunegi joan beharrik izan. Sorogain ingurua bertatik bizikletaz pasatuta ezagutzen dut gehienbat eta banuen gogoa alde horretan eskiak paratzeko. Adiko mendira egindako zirkular polit hau bertaratzeko aitzakia bikaina izan zen. Eskiatzeko paraje arras aproposak eskaintzen dituen parajea da!

8:27 : Sorogaingo aterpetxea (821m)
Goiz abiatu ginen etxetik elurtearen ondoko lehen larunbata izaki jende aunitz egotea espero baikenuen. Lehenak izan ginen hetsia dagoen aterpetxearen ondoan aparkatzen, eta gure sorpresarako egun osoan zehar aski jende guti hurbilduko zen bertara. Errepide elurtuaren ondotik iparralderantz egin genuen lehen zatia.


500 bat metro eginda, errekatxoa gurutzatu eta ezkerretara ateratzen den pista bat hartuko genuen.


Pista hau Odiako basoan goiti igaten da. Iparrak diren magalak dira pistak igaten dituenak, beraz pentsatzeko da elurrak dezente iraunen duena zati honetan.


Galbiderik ez duen pista 1200 metro ingururaino igaten pago artetik. Puntu honetan ipar-mendebalderantz segituko genuen basotik atera arte.


Fite utziko genuen basoa eta elur sakonetik Adiko mendiaren hegoaldeko bizkarrera aterako ginen.


Behin bizkarrean, gainez gain kaskoraino joatea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Zati honetan lainoa eta haizea izan genituen bidelagun.


Kasik ohartu gabe gailur inguruan ginen. Eskindegia zeharkatu eta bertan ginen!


10:42 : Adi (1458m)
Kaskoan eski batekin arazo bat izan nuen eta denbora dezente egon ginen konpontzen. Ondotik argazkia eta beheiti abiatu ginen.


Iturrunburu aldera jaisteko bi aukera daude: eskindegia berriz zeharkatu gabe haren ezkerretik jaistea edo hura zeharkatu eta eskuinetik jaistea. Guk bigarren aukera hartu genuen malda zabalagoak baitaude bertatik. Hala ere, elurraren kalitatea ez zen ona eta ahal zen moduan jaitsi ginen.


11:38 : Adatungo lepoa (1200m)
250 metroko jaitsieraren ondotik Adatungo lepora ailegatu ginen. Bertan lainorik ez zen eta gure ondoko helburua zen Iturrunburu mendia ikusten ahal genuen ekialdean. 


Berriz foka-larruak paratu eta bertara zuzendu ginen bizkarrez bizkar.


Lepo honetatik bertatik pasatzen den GR11aren bidea hartuko genuen zati batean.


Aratungo gain harritsua iparraldetik inguratu genuen GR-ari segituz. Zati honetan elur guti baldin badago eskiak kentzea beharrezkoa izaten ahal da.


Behin Aratun inguratuta malda etzanetatik harrapatuko genuen Iturrunburuko gaina.


Paraje politak elurrak apaindurik...


Azken zatitxoa pixka bat tentetzen da, baina ez du zailtasun berezirik...


12:19 : Iturrunburu (1338m)
Kaskoan trantsizioa eta bigarren jaitsierari ekiteko prestatu ginen.


Eta bigarren hau lehendabizikoa baino aise hobea izanen zen. Sorogaingo lepo aldera jaitsi ginen elur hautsezko malda zabal eta politetatik.


Gozatu ederra hartu genuen!


Jaitsitako malda ongi sinatuta utzi genuen...


12:55 . Aztakarriko erreka (946m)
Elurraren kalitatea ikusita, berriz ere fokak paratu eta malda igatea erabaki genuen.


Malda leun eskiagarriak nonahi daude inguru honetan.


13:30 : Iturrunburuko iparraldeko bizkarra (1240m)
Eguneko hirugarren igoera kaskoa baino iparralderagoko bizkar honetan akitu genuen. Berriz ere Sorogaingo lepo alderako malda bikainak jaitsiko genituen.

 
14:28 : Sorogaingo aterpetxea (821m)
Azken zatia Sorogaingo lepotik aterpetxe aldera jaisten den errepidearen bazterretik eskiatuz egin genuen. Hala ere, ez genuen aterpetxeraino bertaraino ailegatzerik lortu eta eskiak bizkarrean akitu genuen eguna. Ibilbide eta egun zoragarria!


2012/12/01

Adi (1458 m)

EGUNA: 2012/12/01

IRTEERA: Urkiagako lepoa (928 m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Lainotua, oso haizetsua eta oso hotza.

DENBORA: 1 ordu eta 45 minutu (Igoera)

DESKRIBAPENA:
Hasi da negua eta bezperan Saioan egon ondoren, bigarren egunean Adira bisita bat egitea erabaki genuen. Niretzat mendi ezezaguna zen oraindik Adi nahiz eta etxetik hurbil eduki. Garbi gelditu zitzaidan Saioaz aparte inguruan baditugula aski mendi onak eskiatzeko. Agian Adi ez da Saioa bezain egokia izanen eskiatzeko, baina bai politagoa mendi bezala eta dudarik gabe, askoz jende gutxiagorekin.

Zortzietan Erratzutik atera eta bederatzi eta erdietarako Urkiagako lepoan geunden. Artesiagan 20 kotxe baldin bazeuden, Urkiagan 4 edo 5 bertzerik ez. Hori bai bueltan jadanik dexente gehiago topatu genituen. Eguna erabat lainotua zegoen nahiz eta eguraldi ona iragarrita egon, beraz igotzen hastea erabaki genuen pistan zehar behintzat. 

0h 00min: Urkiagako Lepoa (928 m).
Bederatzi eta erdiak pasatxotan lepoaren eskuinetik abiatzen den pistan gora igotzen hasi ginen. Elurra aski eta sobera lehen metroetatik.

Lainoak eta elurrak irudi politak utzi zizkiguten oihanean. 


Ipuinetako koloreak...


GR 11ren markak genituen bidelagun basoko pista zabalean.


Behin pista bukatuta seinale izoztudun bidegurutze batera iritsi ginen ateka bat zeharkatuta. Mendiaren ipar magala igotzea bertzerik ez zen gelditzen. Eskuinera biratu ginen seinalearen parean.


Hemendik gailurrera argazkirik ez. Laino itxia, haize bortitza (gehienbat azken metroetan) eta hotza. Itxitura gure eskuinean genuela maldan gora egin genuen. Malda erdia baino gehiago eginda genuela eskiak kendu genituen harriak bistan zeudelako eta azken metroak oinez igo genituen.


1h 45min: Adi (1458 m).
Gailurrean bi minutuz egon ginen asko jota. Argazkiak ateratzeak ere pereza ematen zuen egiten zuen hotza eta haizeagatik. Eta gainera bistarik ez genuen...
Eskietara itzuli eta maldaren azpiko zatia eskiatu genuen elur oso onarekin berriro oihanaren "epelera" bueltatuz.


Itxitura zeharkatzeko pasatu behar den ateka. Eguna garbitzen ari zuen ordurako. En fin...


Oihaneko pistan ere primerako elurra eta zuhaitz tartean zer erranik ez.


Zerua berriz gero eta garbiago. Kotxera ailegatu orduko eguzkiak goxatzen zituen bazterrak. Pixka bat beranduago jeiki izan bagina...


Iduri du aurtengo negua ere gainean dugula. Ea horrelako gehiago egiten ditugun...