Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igaten den errepidea hartu behar da.
Hasi dugu eski denboraldia. Bertze aunitzetan bezala oraindik hetsiak dauden eski estazioen arrimuan hasi gara. Sentsazioak berreskuratu, materiala probatu eta lehen elur hautsak dastatu ditugu. Badeteko zirku borobila hesten duen Soum d'Arriou Ne mendia izan da lehen honen aitzakia.
9:10 : Luz Ardiden (1712m)
Gaua Luz-Saint-Sauveurren pasatu eta gero lehen tenorean igan ginen eski estaziora. Harritu ginen han ginen bakarrak ginela ikusita. Bertze batzuek gure eski goserik ez dute izanen...
Gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen. Pistetatik kanpo elur guti zegoen oraindik, baina pistetan eskiatzeko adina bagenuen.
Bailararen bertze aldean Leviste eta inguruko mendiak elurrek lepo ageri ziren. Elur gehiago bota zuen inguru hartan.
Azpiko zatia zeharkatuta, Chateau Deau pista gorritik goiti egin genuen. Argazkiaren eskuineko aldean ikusten den Caperette mendi zorrotzaren azpitik pasatuko ginen.
Aitzineko egunean 10 zentimetroko elur geruza bota zuen haizerik gabe eta baldintzak ezin hobeak ziren.
Pique izeneko pista beltza doan kanaletik segitu genuen Maria bueltak oroitzeko...
Zati honetan pista eta teleaulkien presentziaz atzendu ginen...
Caperette mendiaren azpian malda zabalagoak gainditu genituen.
Gozatzen...
Hala zatirik tenteena gainditu eta Badeteko zirku hetsian barneratu ginen.
Haizearen eraginagatik edo, goitiko zati honetan elur gutiago ikusten zen pistatik kanpo.
Pistatik zintzo-zintzo segitu behar beraz. Cimes izeneko pistatik Clozeko lepora aterako ginen.
11:10 : Col de Cloze (2445m)
Clozeko lepoa zeharkatu eta mendiaren hego isurialdera pasatu ginen.
Pistak pixka bat goitiago akitzen dira eta puntu horretan utziko genituen eskiak. Goitiko zatian harri dezente ageri ziren eta ez genituen eskiak lehen egunean marratu nahi.
Azken 70 metroetan ederki sufritu genuen elur sakonean arrastoa irekiz.
Azken metroak...
11:43 : Soum d'Arriou Ne (2577m)
Granitozko bloke arteko elurretan bidea irekiz ailegatu ginen tontorrera. Azken metroetako lanak bere saria izan zuen. Ikuspegi bikaina genuen kaskotik. Iparraldean Lutourreko bailara eta Vignemaleko mendigunea.
Mendebaldera Pont d'Espagneko ipar-eski pistak eta Picos del Infierno, Gran Facha, Cambales, Balaitus eta enparauak...
Hurbilago Moun Neko malda ederrak...
Ekialdean Bareges inguruan... Segur aski jende gehiago ibiliko zen bertan.
Gailurrean...
Egonalditxoa eginda eskietara itzuli ginen, zerbait jan eta jaitsierarako prestatzeko.
Handik beheiti gozatu ederra hartu genuen elur hauts goxoan eskiatuz. Ez dago gaizki lehen izateko!
13:02 : Luz Ardiden (1712m)
Hala eman diogu hasmenta eski denboraldiari. Oraingo elurteek baldintzak hobetuko dituzte datozen egunetarako, beraz ea aprobetxatzen dugun.
Nahiko erraza (PD+). Zailtasun tekniko guziak bi gailurrak lotzen dituen gandorrean daude. Zailena Pourtet Ouvert mendirako bidean egin dugun III. graduko eskalada pausua da.
DENBORAK:
Pont de Masousa - Pourtet Barrat : 3 ordu
Pourtet Barrat - Pourtet Ouvert : Ordubete
Pourtet Ouvert - Cabanes de Bonaris : Ordubete
Cabanes de Bonaris - Col d'Escourets : Ordubete
Col d'Escourets - Pont de Masousa : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Masousako aparkalekua Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere ailega daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu.
Inguruko Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia edota Acheritoren izenik ez dute, baina Pourtet Barrat eta Pourtet Ouvert mendiek hauen inbidia handirik ez dute. Lescungo zirkuaren hegoaldean kokatuta, bi gailur zorrotz hauek dotore altxatzen dira Lazerqueko basoaren gainean. Bien arteko gandorra zeharkatzeaz gain, Lescungo kontrasteez gozatzeko ibilbide zirkular ederra egin genuen joan den igandean.
8:14 : Pont de Masousa (959m)
Aparkalekuan gaua pasatu eta egunsenti zoragarriaz gozatu ahal izan genuen abiatu aitzinetik. Egunaren hasmenta urrezko ordua izaten da Lescungo bazterretan...
Gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen. Pont lamaryra doan pistatik metro batzuk egin eta Foret Communale de Lescun paratzen duen kartelaren ondoan hau utzi eta basoan barneratzen den bidexka bat hartu genuen.
Antzinako pista zahar batetik egiten da bidea hasmentan eta hau bitan zatitzen delarik eskuinekoa hartu behar da. Ezkerrekotik jaitsieran itzuliko ginen.
Lazerqueko basoan barneratu ginen horrela, mendebalderantz eginez, izen bereko bailaratxoaren bila.
Tarteka arbola artetik tontor ezagunak agertzen zitzaizkigun...
...baina protagonista nagusia oihana zen. Jende guti ibiltzen da inguru hauetan eta txoko magikoak ditu basoak.
Horietako bat da Ourbietteko zingira, baso arteko soilgune batean kokatua dagoen hezegunea. Inguru lasaia, polita, misteriotsua da.
Ourbietteko lakutxotik aitzin segitu eta Lazerqueko bailararaino joaten da bidexka ahula. Mantso-mantso zuhaitzak gibelean utzi eta larre zabalagoetara atera ginen.
Eta misterioak historiari uzten dio lekua bailara honetan: artzainen antzinako babeslekuak, monumentu megalitikoak... Dena gibeleko gailur tenteen begiradapean...
Belardi eta baso zatitxoak tartekatzen dira bailara honen azpiko partean. Goitian iganen genituen bi mendiak ageri zitzaizkigun: Pourtet Ouvert eta Pourtet Barrat.
Pourtet Barrat eta Laraille mendien artean dagoen lepora zuzenduko ginen galbiderik ez duen bidetik.
Larailleren ipar paretan forma berezia duen haitzulo bat dago.
Basoak eta larreak utzi eta azken metroak harri tartetik eginen genituen. Parean lepoa.
10:56 : Col de Laraille (2011m)
Lepoan lehendabiziko aldiz atera ginen eguzkitara. Hego haize pixka bat zebilen eta eskertu genuen eguzkiaren goxotasuna. Zerbait jan, kaskoak eta arnesak jantzi eta ezkerretara biratu ginen Pourtet Barraten ertzari ekiteko.
Zailtasun handirik (II) ez duen ertza da Pourtet Barratekoa, baina momenturen batean esposizioa du eta arroka ez da sobera ona. Erne beraz!
Harkaitz zorrotzen gainetik...
Azken zati bertikalago bat eskalatu eta gailurrera aaterako ginen. Beheitiko lepotik heldu ginen...
11:19 : Pic Pourtet Barrat (2097m)
Gailurrean lepoan baino haize gutiago ibilki zen eta inguruaz gozatzeko tartetxo bat hartu genuen. Lariste eta Mallo de las Foyas genituen mendebaldean, eta horien gibelean Acheritoko lakua.
Urrunago Acherito, Sobarcal eta Petretxema... Azken urteko oroitzapen politak ditugu horietan...
Luzatu gabe gandorrean aitzinera egin genuen. Parean genuen Pourtet Ouvertera eramanen gintuen zatia...
Metro erraz batzuk jaitsi behar dira izenik ez duen leporaino.
Pourtet Ouvert ikusgarriaren oinean...
11:35 : Col IGN 2028 (2028m)
Izenik gabeko lepotik Pourtet Ouverterako bidean izanen genuen zailtasunik handiena hurbil genuen. Irudiko paretak mozten du gandorra. Guk ertzetik segituta gaindituko genuen pareta eta soka bagenuenez atera egin genuen. Ez da zaila (III), baina esposizio pixka bat du eta arroka ez da sobera ona.
Pausua gaindituta gandorretik segitu genuen, jadanik zailtasun handiegirik gabe.
12:18 : Pic Pourtet Ouvert (2131m)
Eta hala ailegatu ginen eguneko bigarren eta azken tontorrera. Geldialdi luzeagoa egin genuen bazkaltzeko.
Gandorrari segituz gero Lariste mendia ere igaten ahal da, baina guk nahikoa genuen egindakoarekin eta Lariste inguratu eginen genuen igan ordez.
Acherito eta urriaren 2ko oroitzapenak. Egun ederra izan zen!
Midi d'Ossau eta gailur altuagoak elurtuak zeuden...
Gailurra utzi eta Laristeren oinean dagoen izenik gabe lepora zuzendu ginen, bertatik pasatuko baikinen berriz Lescun aldera.
Laristek ere iazko neguko oroitzapenak ekartzenn zizkigun...
Gibelean utzi genuen Pourtet Ouvert ikusgarria...
13:08 : Col IGN 2019 (2019m)
...eta izenik gabeko bertze lepo honetan plantatu ginen.
Bertatik Bonariseko etxoletara jaisten da bidea.
Zelaitxo berde polit horretan dago kokatua Bonariseko etxola.
Bisitatxoa eginen genion beheiti segitu aitzin...
...eta bertara ailegatzen den pistatik jaisten hasi ginen.
Penoteko etxoletara ailegatu baino lehen, eskuinetara bihurgune hetsi batean, pista utzi eta zuzen segitu genuen bidexka finkorik gabeko eremutik Escouretseko lepora igaten den bidearen bila.
14:12 : Col d'Escourets (1759m)
200 metro eskas iganda harrapatu genuen eguneko enegarren lepoa. Bertatik Anneseko bailarara pasatuko ginen.
Lehen zatian Anneseko etxola aldera egiten du bidea sobera jaitsi gabe.
Anneseko zirkutxoan barneratzen da...
Baina etxolara ez da ailegatu behar. Eskuinetara biratu eta bailaratxoan beheiti eginen genuen...
Bide erosoa da eta nahiko fite sartu ginen bailaratxo polit eta bakarti honetan beheiti.
Harritu gintuen azpiko partean oraindik udazken koloreak mantentzen zirela ikusteak...
Zoragarri zegoen inguru hau, eguneko gainerakoak bezala. Zer parajeak!
Momentu batean bidexka nagusia utzi eta argazkian azpian ikusten den zelaitxora jaitsi ginen larre leunetan barrena.
Couyedeko etxola aldera zuzenduko ginen, gero handik berriz Masousa aldera eramanen gintuen pista hartzeko.
Anneseko bailara ederra gibelean utzita...
14:55 : Cabane de Couyede (1225m)
Erdi eroria dagoen etxolaren ondotik pasatu, zelaitxo polita zeharkatu eta ezkerretara ateratzen den pista bat hartuko genuen.
Pista aldera...
Pista horrek ezkerretara genuen bizkarra inguratzen du Bendeyacqeko basoan barneratuz...
Behin basoan pista ttipiago bat segituz ailegatu ginen goizean ordu batzuk lehenago utzita bidegurutzera. Zirkulua hetsia zegoen, autora itzultzea bertzerik ez zen gelditzen...
15:49 : Pont de Masousa (959m)
Bertze behin ere, aktibitate zoragarria burututa kontent akitu genuen egindakoarekin. Zer ederra den Lescun!