Iratira joateko Donibane Garazitik Donazaharrera joanen gara eta hemendik Iratiko ipar eskiko pistak dauden ingurura igotzen den errepidea hartu behar da. Burdinkurutzetako mendatea igo eta bertze aldera jaitsiko gara, pare bat kilometrora ezkerretara hartuz bidegurutzean. Bagargiko mendatea igotzen hasi eta berehala utziko dugu ibilgailua errepidearen ezkerretara korrale baten ondoan dagoen aparkaleku txikian.
Asteburuko elurteek elurra etxetik hurbil utzi digute eta horrek lanegunetako ordu libreetan jokatzeko aukera ematen du. Hurbilena Saioa ingurua da, baina pixka bat bide gehiago eginda arrastoz beteta ez dauden mendietan eskiatzeak ez du preziorik. Erabakia erraza izan zen beraz!
9:21 : Irati (1024m)
Eguraldi zoragarri eta hotzak eman zigun ongi etorria Iratiko gainetan. Autotik atera, elurra ukitu eta egun ederra izanen zela jakiteak ematen duen pozarekin abiatu ginen goiti.
Oraindik itzaletan zegoen lehen maldatxo hau iganten hasi ginen.
Bezperan mendi honen magaletan eskiatu zuten eskiatzaile pare batek eta haien arrastoari segituko genion kaskoraino.
Hego isurialdeko magal leuna segitzea bertzerik ez genuen egin behar.
Puntu honetatik gailurra begien bistan genuen. Elur malda zabaletatik ailegatuko ginen bertaraino eta oso-osorik guretako izanen genituen jaitsieran gure bidea egiteko.
Ekialderago Xardeka eta Arthanolatze mendiak daude. Hirurak lotu genituen duela hiru urte Xabik eta biok ibilbide eder eta bakartia osatuz. Ordutik inguru honi estimu berezia diot.
Zuria eta urdina, a zer eguna!
Kaskoaren azpiko partean malda pixka bat eztitzen da momentu batez. Tontorrera ailegatzeko ezkerreko bizkarrera iganen ginen.
Azken bizkarrean... Hemendik ere hego-mendebaldeko malda bikainetik jaitsiera ederra dago errepideraino. Ondoko aldirako ideiak hartuak gelditzen dira.
10:03 : Mendibeltz (1411m)
40 minutuko igoera azkarra eta kaskoan ginen. Haizerik ez, jenderik ez, aunitz gehiago ezin genion eskatu egunari...
Transizoa egin eta eguneko lehen jaitsierari ekin genion. Igoerako bidea baino ekialderago dagoen bizkar batetik jaitsiko ginen errepideraino. Argazkian jaitsiera zati handi bat ikusten ahal da.
10:41 : Irati (1024m)
Errepidean berriz foka-larruak paratu eta bigarren igoerari ekin genion.
Argazkian ikusten den Mendibeltz mendia baino ekialderago dagoen Xardeka aldera abiatu ginen.
Hego-mendebalderantz erortzen den bizkar zabal eta eztitik iganen ginen goitiraino. Galbiderik ez du...
Bizkarraren zati batean harkaitz erraldoiak daude. Elur aunitz zegoenez eskiak kendu gabe pasatu ahal izan ginen haien tartetik. Jaitsiera bizkar zati hau ekialdetik inguratuz eginen genuen eta elur guti dagoelarik hobe da igoera ere hala egitea.
Arroken zatia gaindituta alfonbra zuria kaskoraino...
Argazki honetan errepideraino eskiatuko genuen malda perfektua ikusten da gure azpian. Ez dago lautadarik, ez arbolik, ez ja... Elurra eta elurra!
11:31 : Xardeka (1440m)
Ertz zabal eta horizontaletik azken metroak egin eta eguneko bigarren kaskoan ginen.
Aitzineko mendian pare bat eskiatzaileren markak bazeuden, Xardekako maldak guretako bakarrik harrapatuko genituen. Elurraren kalitatea arras arras ona!
12:00 : Irati (1024m)
Hala akitu genuen eguna. Lanera joan behar nuelako, bertzela bertan geldituko ginen bizitzen!
Iratira joateko Donibane Garazitik Donazaharrera joanen gara eta hemendik Iratiko ipar eskiko pistak dauden ingurura igotzen den errepidea hartu behar da. Burdinkurutzetako mendatea igo eta bertze aldera jaitsiko gara, pare bat kilometrora ezkerretara hartuz bidegurutzean. Bagargiko mendatea igotzen hasi eta berehala utziko dugu ibilgailua errepidearen ezkerretara korrale baten ondoan dagoen aparkaleku txikian.
Urtarrilaren hasiera hormatuaren ondotik, tenperaturak igotzen hasi dira eta etxe ondoko mendietako elurra urtzen ari da, baina oraindik ez dugu sobera urrun joan beharrik malda ederretan eskiatu ahal izateko. Asteburu honetan Saioa eta Belaguako jende uholdeetatik ihesi Iratin izan gara, bakar-bakarrik elur malda zoragarrietan eskiatzen.
10:03 : Irati (1024m)
Presa handiegirik gabe jeiki etxeko ohe goxoan, motxila di-da batean prestatu kranpoi eta pioleten beharrik gabe eta bazkaltzeko etxera ailegatu. Azken aldian gaizki ohitzen ari gara. Hilabete honetan seigarren aldiz ibili gara gisa honetara eta etxetik atera eta ordu batera eskiak jantzita ginen Iratiko hego aurpegi goxoetan.
Eguneko lehen helburua Mendibeltz zen eta bere malda goxoetan barneratu ahala geroago igoko genituen Xardeka eta Arthanolatze parean ikusten hasi ginen.
400 bat metroko eski malda eguzkitsuak eskaintzen ditu Mendibeltzek. Mendi bikaina da ateraldi motz bat egiteko edo hasiberriendako.
Erritmo onean egin genuen lehendabiziko igoera, bezperan botatako 3-5 zentimetroko elur geruzak igoera errazten zigula.
Gure gibelean Okabe inguruak genituen, zonalde honetako bertze mendi eskiagarri bat.
Azken metroak...
10:41 : Mendibeltz (1411m)
40 minutu eskasean lehen tontorrean ginen.
Gandorretik metro batzuk egin genituen ekialdera lehen jaitsierarako prestatu aitzin. Haize hotza ibilki zen ordu horietan oraindik...
Foka-larruak kendu eta beheiti! Lehen zatian elur gutxi eta gogortua harrapatu genuen, baina beheitiago bira goxo batzuk egin ahal izan genituen.
Errekaraino jaitsi eta eguneko bigarren transizioa...
Zeharkaldi luze bat marraztu genuen Ataramatzeko hego aurpegi goxotik, Mendibeltz media gibelean utziz. Bertze baterako harresiaren erdian ikusten den hodia fitxatu genuen.
Basoaren mugatik egin genuen bigarren igoera, tarteka pagadi ederraren barnera sartuz.
Bigarren mendi honetan lehenean baino elur gehiago harrapatu genuen eta zoragarri zegoen paisaia.
Mendibeltz gailur ingurutik...
Bertze aldean, urrunean, Auñamendi ederra!
Menditxo hauek arras eztiak dira hegoaldera, baina ipar aurpegiak zakar eta bertikalak dira.
Azken metroak Xabirendako...
11:45 : Xardeka (1440m)
Garazi inguruak gailurretik...
Iparraldean Behorlegi eta Hauskoa mendiak, azken irla elurtuak...
Gailurra utzi eta sasigailurrera itzuli ginen haize gutxiagorekin transizioa bertan egiteko.
Gailurreko argazkia bigarren jaitsierari ekin aitzinetik...
Bigarren jaitsiera zoragarria izan zen. Elur hauts geruza fina goian eta udaberriko elur bikaina beheitiago. Eta hori guzia gutxi balitz, bakar-bakarrik ginen inguru horretan!
Berriz ere jaitsiera erreka bateraino egin genuen. Hirugarrenez fokak jarri eta goiti...
Malda tente samarrak gainditu behar izan genituen azken mendira igotzeko, baina elur goxoa zegoen eta erritmo onean igo ginen hara ere.
Azken gailurrerantz...
Xardeka mendiaren malda zoragarriak gibelean utziz...
Mendebaldeko ertzetik egin genituen azken metroak Orhiren begiradapean.
Paraje zoragarriak, urrunean Belaguako gailur altuagoak ikusten genituela.
13:34 : Arthanolatze (1531m)
Hala plantatu ginen eguneko hirugarren eta azken gailurrean, urrunean gure Auza maitea ikusten genuela. Harrigarria egin zitzaigun aitzineko mendia bezala, honetan ere eskiatzaile bakar bat bera ere ez harrapatzea. Baldintza horiekin eta dena guretako!
Eguneko enegarren transizioa marko liluragarrian...
Orhik du protagonismoa inguru honetan, baina bere ezkerretara Gaztarrigaina eta Otsogorrigaina mendiek ere gure atentzioa deitu zuten. Agendan hitzordua jarri dugu horiekin ere...
Arthanolatze mendia ere hegoaldera jaitsi genuen, malda zabal eta goxotik...
1250 bat metrora dagoen pista honetaraino jaitsi ginen eta behin pistan hau jarraitu genuen mendebaldeko norabidean.
Zihigolatzeko etxolaraino ahal genuen bezala ailegatu ginen pista horizontaletik, baina hemen berriz ere foka-larruak jartzea erabaki genuen gibelean ikusten den bizkarrera igotzeko eta handik eguneko azken jaitsiera egiteko auto aldera. Ibilbide hau eginez gero, onena pistara ailegatu bezain fite fokak jartzea da.
Behin bizkarrean Arthanolatzeko inguru polita agurtu eta azken jaitsierari ekin genion. Azken zati honetan elur pisua harrapatu genuen eta ahal genuen moduan jaitsi ginen errepideraino.
Azken begiratua Orhiri...
14:56 : Irati (1024m)
Errepidetik, eskiak bizkarrean genituela, hetsi genuen ibilbide polit hau elur bikain eta bakardade osoarekin.